Ipuia

Alberdi Estibaritz, Uxue

Idazlea, bertsolaria eta kazetaria. Itzultzaile lanetan ere aritua da. 1984ko martxoaren 18an jaio zen Elgoibarren (Gipuzkoa).

Kazetaritzan lizentziaduna eta literaturgilea. Behatzailea eta sortzailea da, bizitzak erakusten diona kontatu nahi duen pertsona. Bere proiektuen artean ama izatea ere egon da eta honela kontatu zigun abentura honen hasiera:

I

Goizeko ordubatean
le(he)nbiziko uzkurdura,
ta izterretatik be(he)ra
tantaka hasi zait ura.
Unea iritsi al da?,
biok egin dugu duda,
barealdiak ez dira
heltzen bost-sei minutura.
Mutila dantzan hasi da,
behar da hau eta hura!
Ni logelan biluztu naiz,
has dadila abentura:
nire gorputza bi zati
egiteko prestatu da.

II

Etxe hontan jaio ziren
gure aita ta amona,
amonaren ama eta
birramonaren aitona.
Zilborresteen kateak
biltzen dituzten lau horma,
familiako emeen
memoriak duen forma.
Horren sentitzen naiz ziur,
hain da sentsazio ona
erdiminaren erdian
dudan sentipen sakona:
denak niri laguntzera
etorri direla hona.

III

Ordubietan puntuan
jo du Elisak txirrina.
Mutilak abixatu dit,
iritsi da emagina.
Kafea eskaini dio
-beltza, zerua adina-;
esan diot gehixeago
prestatu izan bagina...
Guk uste baino le(he)nago
dator etxeko sorgina!

Erantzun dit egin (e)zazu
lasaitzeko ahalegina:
bizia basatia da
eta kontrolaezina
.

IV

Izara za(ha)rrak zabaldu
ditu besaulki gainera,
haizez puztu eta urez
goraino bete bainera.
Esan dit zelan, laztana,
badator mina ostera?

Lepotik heldu diot ta
intziri bat zait atera.
Haurrari hitz egiteko
sartu naiz nire barnera:
abandonatu gaitezen
zu hutsera, ni minera,
erditu eta osatu
gaitezen biok batera
.

V

Barreneko pasabide,
barreneko zirrikitu,
ireki zaitez pixkana,
handitu zaitez, handitu.
Arnasa dut epidural,
kontzientzia mediku,
minak esaten dit nola
eta norantza mugitu.
Buruari joaten utzi
ta gorputzari aditu,
barealdiak gozatu,
oinazean, errenditu...
Nire buruaz hain ziur
ez naiz sekula sentitu.

VI

Nola txalupa txikiak
itsas-enbaten menpeko
minaren olatuetan
galdu naiz dagoeneko.
Ez diot kontra egiten,
eta horrela hobeto:
oinazearekin bals bat
dantzatzearen pareko.
Lau ordutan zabaldu naiz
jada hamar zentimetro,
orroak erraietatik
datoz niri esateko
gutxi falta dela zure
aurpegia ikusteko.

VII

Baineratik nekez noa
sofa trapuz tapatura,
lau-hankatan ipini naiz,
sentitutako modura.
Erditik hautsi behar naiz!,
etorri arren burura,
indarrez egin dut bultza,
presioa, erredura...
Ta bat-batean entzun dut
burutxoa agertu da!
Aitatxok atera zaitu
ta pasa nire eskura.
Zer moduz zaude, txikitxo?
Ongi etorri mundura!

VIII

Orain besoetan zaitut
-eguna sortzen ari da-
izerdia ta odola
biziaren usain dira.
Nire bularra eraman
dizut zure belarrira:
bizi-gose, azal-gose
zatoz amaren titira.
Begiak zabal-zabalik
al zatoz mundu berrira?
Zazpiak hogei gutxitan
heldu zara Getarira:
lehen arnasa emanez
itsasoari begira.

Melodía: ETAren su etenean / Argia 2316, 2012/03/25

2003an Eibar hiriko XVIII ipuin lehiaketaren irabazlea izan zen 18-25 urtekoen kategorian. 2005ean "Amadeus" narrazioarekin Errenteriako XXIV ipuin lehiaketa irabazi zuen, euskarazko sailean. Igartza bekari esker Aulki bat elurretan narrazio bilduma idatzi zuen 2007an. Urte horretan Joseba Jaka beka eman zioten eleberri bat idazteko eta hortik Aulki jokoa eleberria sortu zen 2009an. EIEren Testuketan literatura irratsaioko esatari izan zen eta Hitzen Uberan EIEko literatur atariko sortzaile eta erredaktore izan da Oier Guillanekin batera. Getaria eta Zumaiako irakurle taldeak gidatzen ditu. Hona hemen bere helduentzako literaturan idatzitako bi lanen lagin bana:

"Jendea harriturik geratzen duk hire hilobiaren aurrean aulki huts bati hitz egiten diodalako. Aulkiagatik harritzen dituk batez ere, ze bestela ez duk hain arraroa hildakoei hitz egitea. Hasieran azalpenak ematen nizkiean, esaten niean hik aulki txikian eserita bakarrik hekiela entzuten, eta nik ez niala hitz egiten hik ez entzuteko; eta ezetz, aulkia ez nuela neu esertzeko ekartzen, nik tente edo belauniko ere berdin-berdin entzuten nuela eta abar. Baina aspertu nauk. Erosoagoa duk besterik gabe erotuta nagoela pentsatzen badute. Erotuta egotea baina gauza arruntagorik, azken finean!"

2007

"Umetako aulki jokoarekin oroitu da. Zumezko eta egurrezko aulki zaharrak biribil handi bat osatuz jartzen zituzten frontoian, eta norbaiten anaia nagusiak soinua jotzen zuen, beraiek aulkien bueltan-bueltan pasakallea dantzatzen zuten bitartean. Jolas hartan elkarrekin aritzen ziren neska-mutilak, eta tira eta bultza, aurrera eta atzera, bikote bat baino gehiago sortu zen gorputzen gertutasunetik. Musika gelditzen zenean, bakoitzak aulki bat topatu behar izaten zuen ipurdia bertan jartzeko, baina horra gakoa eta jokoaren grazia: beti zegoen haurrak baino aulki bat gutxiago. (...) Teresak ez dio erantzun, baina orain badaki Heriok aulki-jokoan jolastu nahi duela beraiekin, eta Ixabelek lagunduko diola jolasa txukun-txukun prestatzen."

2009

Literatur kritikariek esan izan dute, besteak beste, bere estiloa hotza eta zorrotza dela bere narrazio bildumari dagokionez, eta ondo harilkatzen dituela denbora eta pasadizoak bere eleberriari begira. Irakurleei gustatu zaizkie bere liburuak, oro har, bere lanek harrera ona izan dute.

Santutxuko bertso eskolan hasi zen bertsotan, bertan, kazetaritza ikasketak hasi zituenean. 2006an lizentziatu eta ordutik aurrera plazaz plaza dabil bertsotan. Gai-emaile eta antolatzaile gisa hasi zen bertsolaritzaren plazan, Elgoibarren, 2004an, Gabonetako bertso jaialdian. Bertsolari gisa lehenengoz Plazatik Gaztetxera txapelketan hartu zuen parte, lehenago esan bezala, 2006an. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ibili zen 2007an, finalaurrekoetara helduz. 2007tik "Hamaika bertute" proiektuan ibili da (bertso-saioak antolatzeko baliabide urriak dituzten antolatzaile potentzialei bertso-saioak antolatzeko aukera eskaini nahi dion bertsolari taldea), 2012an desagertu zen arte. "Sortzailea da Uxue. Bertsotan denbora oso gutxian egin du gora. Estilo poetikoa eta zuzena darabil, baina ziri sartzean ere bikain moldatzen da". (bertsozaleen elkarteko web orritik) 2007an Gipuzkoako txapelketako final aurrekoetara heldu zen. "Bertsolaritza. Begirada feminista bat" hitzaldia hainbat herritan eman izan du.

Kazetaritza ikasketak Leioan egin zituen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat hedabidetan kolaboratzaile aritu da, irrati nahiz prentsa idatzian. Barren astekarian egin du lan eta Deja vu saioan tertuliakide izan da. Horrez gain, Elgoibarren astekarian, Berria egunkarirako eta Argia aldizkarirako ere idatzi izan du (azken agerkarian 2007tik 2011ra elkarrizketatzaile lanetan).

  • "Narrazio bat" Ametsen baratza. Sorgintxulo gaztetxean ereindako berbak. Elea, 2005
  • Aulki bat elurretan.Elkar, 2007.
  • Aulki-jokoa. Elkar, 2009.
  • Ezin dut eta zer?. Ttartalo, 2011.
  • Txikitzen zaretenean. Pamiela-Kalandraka, 2011.
  • Marizikina naiz eta zer?. Ttartalo, 2012.
  • Itsasargia. Ttartalo, 2007.
  • Ipuinaren haria. Ttartalo, 2008.
  • Haritzaren azalera zehatza. Artez, 2008.
  • Kensukeren mundua. Elkar, 2008.
  • Baltaxar. Ttartalo, 2009.
  • Maitasuna da geratzen den bakarra. Elkar, 2009.
  • Aitaren pitokeriak. Alberdania, 2011.

Sariketak (bat-bateko bertso eta bertso paperetan 1. saria):

  • Etxegina bertso paper lehiaketa 1998
  • Xabier Munibe 2000
  • Gipuzkoako eskolartekoan 2001, 2002
  • Soraluzeko Matxintxu bertsopaper lehiaketa 2002
  • Erralla bertsopaper lehiaketa 2003
  • Julene Azpeitia 2003
  • Beasaingo bertsopaper lehiaketa 2004, 2005, 2006
  • Lazkao Txiki 2005
  • Xenpelar saria 2006
  • Osinalde saria 2008
  • ALBERDI, Uxue. "Erditze baten kronika". Argia.com [Kontsulta data: 2012ko uztailak 12].
  • ALBERDI, Uxue. Argia aldizkarian argiratutako artikuluak. [Kontsulta data: 2012ko uztailak 12].
  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Uxue Alberdi" [Kontsulta data: 2012ko uztailak 12].
  • Bertsozale Elkartea. "Uxue Alberdi" [Kontsulta data: 2012ko uztailak 12]
  • Euskal Idazleen Elkartea. "Uxue Alberdi Estibaritz" [Kontsulta data: 2012ko uztailak 12]
  • GALARRGA, Aritz. Elkarrizketa Uxue Alberdiri. [Kontsulta data: 2012ko uztailak 12].
  • Wikipedia. "Uxue Alberdi" [Kontsulta data: 2012ko uztailak 12].