Ipuia

Alberdi Estibaritz, Uxue

2003an Eibar hiriko XVIII ipuin lehiaketaren irabazlea izan zen 18-25 urtekoen kategorian. 2005ean "Amadeus" narrazioarekin Errenteriako XXIV ipuin lehiaketa irabazi zuen, euskarazko sailean. Igartza bekari esker Aulki bat elurretan narrazio bilduma idatzi zuen 2007an. Urte horretan Joseba Jaka beka eman zioten eleberri bat idazteko eta hortik Aulki jokoa eleberria sortu zen 2009an. EIEren Testuketan literatura irratsaioko esatari izan zen eta Hitzen Uberan EIEko literatur atariko sortzaile eta erredaktore izan da Oier Guillanekin batera. Getaria eta Zumaiako irakurle taldeak gidatzen ditu. Hona hemen bere helduentzako literaturan idatzitako bi lanen lagin bana:

"Jendea harriturik geratzen duk hire hilobiaren aurrean aulki huts bati hitz egiten diodalako. Aulkiagatik harritzen dituk batez ere, ze bestela ez duk hain arraroa hildakoei hitz egitea. Hasieran azalpenak ematen nizkiean, esaten niean hik aulki txikian eserita bakarrik hekiela entzuten, eta nik ez niala hitz egiten hik ez entzuteko; eta ezetz, aulkia ez nuela neu esertzeko ekartzen, nik tente edo belauniko ere berdin-berdin entzuten nuela eta abar. Baina aspertu nauk. Erosoagoa duk besterik gabe erotuta nagoela pentsatzen badute. Erotuta egotea baina gauza arruntagorik, azken finean!"

2007

"Umetako aulki jokoarekin oroitu da. Zumezko eta egurrezko aulki zaharrak biribil handi bat osatuz jartzen zituzten frontoian, eta norbaiten anaia nagusiak soinua jotzen zuen, beraiek aulkien bueltan-bueltan pasakallea dantzatzen zuten bitartean. Jolas hartan elkarrekin aritzen ziren neska-mutilak, eta tira eta bultza, aurrera eta atzera, bikote bat baino gehiago sortu zen gorputzen gertutasunetik. Musika gelditzen zenean, bakoitzak aulki bat topatu behar izaten zuen ipurdia bertan jartzeko, baina horra gakoa eta jokoaren grazia: beti zegoen haurrak baino aulki bat gutxiago. (...) Teresak ez dio erantzun, baina orain badaki Heriok aulki-jokoan jolastu nahi duela beraiekin, eta Ixabelek lagunduko diola jolasa txukun-txukun prestatzen."

2009

Literatur kritikariek esan izan dute, besteak beste, bere estiloa hotza eta zorrotza dela bere narrazio bildumari dagokionez, eta ondo harilkatzen dituela denbora eta pasadizoak bere eleberriari begira. Irakurleei gustatu zaizkie bere liburuak, oro har, bere lanek harrera ona izan dute.