Kontzeptua

Alardeak

Alarde hitza arabierazko al-ard hitzetik dator, eta "erakustea" hitzez itzul liteke. Euskal Herrian bi eginkizun aipatzeko erabili izan da: batetik, Antzinako Erregimeneko foru garaian armadunen desfile militarrak; bestetik, armadunen desfile folklorikoak, formalki erakustaldi militarren antza zutenak, eta dutenak. Hain zuzen, izenak eta antz formalek nominalismo arazoa ekarri dute, eta maiz nahasten dira kontzeptuak, batez ere gaurko desfile folklorikoen jatorriaren bila ibilita. Ziur aski, alarde deitutako jai folklorikoen jatorrian garaipen militarrak aurkitzeak areagotu egin du nahasketa.

Zentzu militarrean, alardea horrela defini liteke: udal bakoitzak urtero herriko 18 eta 60 urte bitarteko gizonek osaturiko erakustaldi militarra, arma zuriak edota suzkoak erabiltzen bazekitela frogatzeko. Herriko banderaren eta agintarien menean joaten ziren, eta musikariek (atabalak eta ziztu eta danbolin-joleak) markatu ohi zuten erritmoa.

Alardes

Gipuzkoan dokumentaturiko alardeak egiteko agindu zaharrena 1494ko errege-agiri bat da. XVI. mendean aurrera egin ahala Gipuzkoako Batzar Nagusiek arautu eta finkatu zituzten, herri bakoitzak urtero berea egin zezan. Alardeak Probintziaren foru-sistema militarraren baitan kokatzen ziren; baina ez ziren elementu bakarra, eta batzuetan ez ziren argi bereizten urteroko udal alardeak antzeko erakustaldi militarretatik, ez izenez ez eginkizunez.

Bestetik, izaera folklorikoko erritoetan armadunen presentzia oso arrunta izan da Erdi Aroaz geroztik XIX. mendera bitarte, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo: Korpus egunean, errogatibetan, eskaera egiteko zein esker oneko prozesio erlijiosoetan, bai eta ezkontzetan, etxez etxeko eske-ibilaldi erritualetan eta halakoetan ere. Mendeen poderioz, su-armadunen presentzia desagertu zen gehienetan, eta gehienez ezpata-dantzariak geratu ziren: Oñatiko Korpusean (Gipuzkoa), adibidez; Iparraldeko Besta Berri batzuetan ere erabat desagertu dira suzko armadunak, eta gainerakoetan, arrunt murriztu. XIX. mendean, ordea, garaipen militarra ospatzen zuten desfileek, armagabetu beharrean, kontrako joera ezagutu zuten, eta garaiko armadetan arruntak ziren osagaiak gehitu zitzaizkien: kantinerak, musika-bandak, makilariak, zaldieria, artilleria, uniformeak... Halakoak alarde hitzez ezagunak ziren, eta dira, Gipuzkoako Irun, Tolosa, Hondarribia, Antzuolan herrietan.