Ikastolak

Aitor ikastola. Donostia

Donostiako Egia auzoan sortu zen Aitor ikastola 1967an, bertako euskaltzale talde baten ekimenez. Ikastola sortu zuen taldean honako hauek azpimarratu daitezke: Antxon Agirrezabal, J. Angel Ordozgoiti, J. Antonio Eizmendi, Francisco Arbaizagoitia, Mari Carmen Otaegi, Alejandro Oiartzabal, Itziar Mugika, Martin Sansinenea, Ramon Urkola, Joakin Gillenea, Juantxo Garmendia, Juanjo Alkorta eta Jabier Irazola. Horrela, 1967ko otsailaren 15ean lehen batzordea osatu eta handik pixka batera hasi zen ikastola lanean, La Paz ikastetxea izandakoan.

Ane Tere Urriza eta Miren Bitoria izan ziren lehendabiziko andereñoak. Ane Urriza hasi zen 10-15 ikasleko talde batekin, lan-kontraturik gabe, klandestinitatean. Gerrikabeitia izeneko lekaime euskaldun baten bitartez lortu zen lehendabiziko gela. Handik urte pare batera, beste leku batera aldatu zen, Karmengo Ama 60. era, gela horrek bi ate zituen, eta inspektorea ate joka ikusi orduko, gurasoek dei egin eta Miren Bitoriak eta Ane Tere Urrizak beste atetik ihes egiten zuten eta hirugarren andereñoa, tituluduna bera, gelditzen zen bakarrik, besteak gaixorik zeudela esanda. Ikastolako andereñoen irakaskuntza ereduak iraultzaileak ziren garai hartarako: ez mahai ez aulki gela barruan, jolasa eta psikomotrizitatea besterik ez zuten lantzen hasieran.

Oinarrizko Heziketa Orokorra sortu zenean, ikasle gehienak Santo Tomas Lizeora joaten hasi ziren eta geroxeago baita Barandiaran Lizeora. 1971 Elkarte Anonimoa sortu zuten, buruhauste izugarriak pasa ondoren, lortu zuten azkenean estatutuak Gobernu Zibilean onartzea, Kultur Elkarte gisara 1983an. Horrela hasi ahal izan zuten, baita ere, irakasleagoaren gizarte segurantza ordaintzen.

Lizeoa egiten saiatu ziren baina ez zen posible izan, hainbat eragozpen sortu baitziren. Lizeoa egiteko proiektua aurrera ezin eramanak auzoko ikasle asko galduarazi zizkion ikastolari. 1.989-1.990 ikasturtean ikastolako 23 gelak, lau gunetan zeuden banatuta (Konkorreneako Andres Manjon ikastetxe ohian eta eskolaurre ohian; La Paz ikastetxe ohian, Ametzagainan; eta Karmengo Aman).

1993an, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeak horrela aginduta erabaki behar izan zuten sare publikora pasa ala pribatuan jarraitu. 1993an ikastetxe berri bat egitekoan zeuden eta diruz urri, egoera honetan sare publikora pasatzeko apustua egin zuten eta Aitor Ikastola ikastetxe publiko bihurtu zen.

  • Aitor Ikastola. Aitor Ikastola. 25.urteurrena, Donostia, Ikastolen elkartea, 1993.