Marinelak

Agote y Bonechea, Manuel

Itsasgizona. Getarian jaio zen 1755ean, eta bertan hil 1803ko otsailaren 15ean.

Gipuzkoako Getaria herrian jaio zen 1755eko azaroan, Joseph Agote eta Ana Antonia Bonechea guraso zituela. Haren bataio-agiriak, urte eta hilabete horren 7koak, ez du adierazten zer egunetan eta ordutan jaio zen, baina, ziurrenik, bataiatu aurreko 24 orduetan jaioko zen.

Ez Manuel Agotek utzitako dokumentu pertsonal guzietan, ez eta ofizialetan, ez da adierazten zer erakundetan eskuratu zuen haren "egunkarietan" erakusten duen prestakuntza zabal eta sakona. 1779 eta 1797 artean idatzi zituen "egunkari" horiek, Atlantikoan eta Pazifikoan zehar egindako nabigazioen kontakizunak jasotzen zituztenak. Horietan, Filipinetako Errege Konpainiaren agente gisa Guangzhouko faktorian gauzatutako lanak kontatzen zituen; garai hartan, hura zen mendebaldekoen eta Txinatar Inperioaren arteko harremanaren oinarri bakar eta murriztua.

"Egunkarietan" agerian geratzen da prestakuntza hori guztiz bat zetorrela Europa ilustratuko ohiko ereduekin; haren jakintzan bat egiten zuten kultura klasikoan oinarritutako erudizio osoak -Manuel Agotek latina menderatzen zuen beste hizkuntza batzuen artean-, eta enpirismoan eta esperimentazioan oinarritutako prestakuntza zientifiko sendoak. Manuel Agotek askotan erakutsiko zituen trebetasun horiek haren "egunkarietan".

Datuen arabera, badirudi administrazio-karrera gauzatzera zihoala, Gipuzkoako nobleen artean ohikoa zen eran. Hau da, udal-administrazioan hasi lehendabizi, gero probintziako gobernu-ardurak hartzeko. Postu horietatik, ohikoa izaten zen maila igotzea, batzuetan monarkia inperial espainiar handiaren administraziora heldu arte, Madrilgo Gorteetako kontseiluetan eta idazkaritzetan postu bat lortzeko.

Alabaina, Manuel Agotek administrazio-eskalako gorakada hori eten zuen, haren amaren familian ohitura zena XVI. mendeaz geroztik, eta 1779. urtean alturako itsas merkataritzan sartzea erabaki zuen, Bonecheatarren artean ohikoa zen karrera aukeratuz. Hortaz, udal-hauteskundeetan parte hartzeari uko egin zion. Aurrez parte hartuta zegoen, adibidez, Getariako udal-kabildoko errejidore postua lortu zuen 1776ko hauteskundeetan. Manuel Agoteren lehenengo biografia idatzi zuen Angel Gorostidi Guelbenzu abokatuaren esanetan, lehia handia egon zen hauteskunde haietan. Manuel Agotek urte asko beranduago ekin zien berriz tokiko gobernuko lan horiei, Filipinetako Errege Konpainiak Guangzhouko gerente-lanetatik kendu zuenean 1979an haren osasuna zela eta. Getariara itzuli zen orduan, eta udalerri horretako alkate izan zen 1800ean, haren heriotza goiztiarra baino gutxi lehenago.

1779 eta 1780 artean idatzi zuen lehenengo "egunkaria", Uztariz, San Ginés y compañía konpainiaren agente gisa konpainia horrek berak pleitatutako Hercules ontzian nabigatzen zuela. "Egunkari" horretatik ondorioztatzen denez, haren emazte Dominga de Gorosarrik (seguruenik Hercules ontziaren lehenengo kapitain eta pilotu Domingo Gorosarriren alaba zenak) eragina izan zuen ziurrenik lurreko administrazio-karrera utzi eta maila handiko itsas merkataritzari ekiteko erabaki horretan. Angel Gorostidi Guelbenzuk, aldiz, beste arrazoi bat ematen dio neurri batean ustekabekoa izan zen erabaki horri: data horietan Manuel Agoteren eta haren lehengusu Domingo de Bonechearen artean igorritako balizko gutunak. Domingo de Bonechea espainiar armadako ofiziala zen, eta esplorazio-espedizio batzuetan parte hartu zuen Pazifikoan Tahiti uharteak kartografiatzeko. Hain zuzen ere, espedizio horietako batean hil zen 1775eko urtarrilaren 26an.

Edonola ere, Manuel Agotek idatzitako guztien artetik gugana heldu diren 20 "egunkariek" agerian uzten dute ez zela inola ere behartutako erabakia izan. Izan ere, egileak mota askotako ezustez betetako bizitza horrekiko interes handia -nahiko suizida batzuetan- erakusten du 2.000 orri inguru horietan, aparteko informazio nautikoa, geografikoa, historikoa eta antropologikoa biltzen dutenetan. Bereziki, zenbait alditan Europatik Afrikara, Amerikara eta Asiara eraman zuten ozeanoz haraindiko nabigazio-aldi luze horietan zehar.

"Egunkari" horiek agerian uzten dute, baita ere, Manuel Agotek ordainsari izugarriak jasotzen zituela nazioarteko merkataritzako konpainia handietan lan egiteagatik -Uztariz, San Ginés y compañía konpainian lehenbizi, eta Filipinetako Errege Konpainian ondoren-. Hori horrela, 1779az geroztik, ez zuen pentsatu ere egin lurreko administrazio-karrerara itzul zitekeenik.

Hortaz, erabaki horrek eragin zuen haren lana, aparta bada ere, gutxi ezagutzen dena. Gaur egun arte heldu diren "egunkari" horiek -Gipuzkoako Foru Aldundiaren Artxiboan gorde direnak R 622tik R 641 zifrara bitarte- bi alditan bana daitezke argi eta garbi.

Batetik, 1779 eta 1789 artekoa; nabigatzaile eta merkataritza-agente izateko prestakuntza jaso zuen garai hartan Manuel Agotek Uztariz, San Ginés konpainian eta Filipinetako Errege Konpainian.

Bigarren aldia 1789. urtean hasten da, eta 1797ra arte luzatzen; lehenengo aldian eskuratutako jakintza guztia praktikan aplikatu zuen egileak. Manuel Agotek bikaintasunez aplikatu zituen trebetasun horiek ordezkaritza-eginkizunak betetzen zituela Txinatar Inperioak ekoiztutako edo manufakturatutako luxuzko salgaiekin trafikatzeko baimena zuen merkataritza-enpresa bakarretako batean.

Manuel Agotek xehetasun handiz jaso zituen "egunkarietan" ikusitako edo bizi izandako gertakari guztiak, bai Europa-Asia ibilbidea egiten zuten ontzietan nabigatzen zuenekoak -Hornos lurmuturretik bueltan zein Esperantza Onaren lurmuturretik-, bai eta Guangzhouko portu frankoan Filipinetako Errege Konpainiaren fabrikan igarotako garaikoak ere.

Lan zehatza da, xehetasunez betetakoa, eta balio ikaragarriko ondarea osatzen du hainbat arlotan: ozeanoz haraindiko bela-ontzi handiekin nabigatzeko artea azaltzen du, artean ezezagunak ziren Pazifikoko eta Indiako Ozeanoko lurraldeen kartografia egiten, eta, bereziki, Txinatar Inperioaren gainbehera, geldoa baina saihestezina, jasotzen du. Munduko zibilizazio zaharrenetako hura munduko ekonomiaren funtsezko elementuetako bat zen orduan ere.

"Egunkari" horiek, 1779 eta 1789 arteko lana jasotzen dutenek bereziki, espedizio handien nabigazio-bitakoren antzeko egitura dute. Almirantego britainiarraren baimenarekin, James Cook kapitainak Pazifikoko esplorazioen gainean argitaratutakoak aipa ditzakegu adibidez. Manuel Agotek ongi ezagutzen zituen lan horiek, eta gustuko zituen, haren "egunkarietan" bidaia horien inguruan egin zituen oharrek adierazten zuten eran. Alabaina, Manuel Agote y Bonechearen prestakuntza -James Cook kapitainarena baino askoz ere sakonagoa- eta haren zerbitzu-aldien luzera zirela eta -hori ere kapitain britainiarrarena baino handiagoa-, nabigatzaile getariarraren "egunkariek" maila altuagoa dute Cook kapitainak hil aurretik argitaratutakoek baino.

Agoteren lehenengo "egunkariak" Hercules ontzian egindako lehenengo bidaia jasotzen du, Cadiz eta Manila artekoa. Indiako Ozeanora eta Pazifikora joateko ibilbide afrikarra jarraitu zuten, Esperantza Onaren lurmuturretik bueltan. Kontakizun horrek estereotipo dezente ditu, eta mende bat lehenago bidaia bera egin zuten beste ontzi batzuenekin aldera daiteke. Esaterako, Luis XIV.a erregearen ontziteriako Le Breton albo altuko ontzia La Rochelletik abiatu zen 1672an Indiarako bidean, eta Herculesek 1779an egindako ibilbide bera egin zuen.

Hau da, alturako bela-nabigazioan gertatu ohi diren gertakari arruntak jasotzen ditu, ia egunez egun, eta xehetasun handiko kontakizunak egiten, literatura-balio handikoak batzuetan, itsas bidaian zehar bistaratzen zituzten portuen, eraikuntzen, gotorlekuen, itsasontzien edo toki bakoitzeko populazioen gainean.

Hala eta guztiz ere, 1779ko lehenengo "egunkari" horretan dagoeneko agerian geratzen dira Manuel Agoteren zehaztasuna eta jakintzak, mota horietako lanetan inoiz ikusitakoak baino askoz ere sakonagoak.

Hasteko, Manuel Agotek kontu handiz hartzen zituen Hercules ontziak egiten zuen ibilbideko gutxi gorabeherako longitudeari eta latitudeari buruzko oharrak, eta datu meteorologiko zehatzak gehitzen zizkien. Beste egunkari batzuetan ez da horrelakorik jasotzen, esaterako, Le Bretonen egunkarian. Halaber, Agote kartografo eta marrazkilari trebea zela ikus daiteke modu sistematikoan ia "egunkari" guztietan, 1779ko lehenengo horretatik hasita.

Ezaugarri horiek guztiek balio erantsia ematen diote haren lanari, beste lan batzuek ez dutena. Kontakizun jarraitu horren bidez, zehaztasun handiz jasotzen dira ia bi hamarkadetan zehar esplorazio geografikoaren arloan eta nabigazioan egindako aurrerapenak, bai eta Asia-Pazifiko eskualdearen egoera ere, XVIII. mendearen azken hereneko Txinan arreta berezia jarrita.

1786ko eta 1787ko "egunkariak" Astrea fragatan egindako bidaietan zehar idatzi zituen. Manuel Agotek bere bizitzako hamar urtetan zehar egingo zituen espedizioek hasiera batean merkataritza-helburua bazuten ere, egunkari horiek agerian uzten dute esplorazio-alderdi bat ere bazutela.

Alejandro Malaspina ezagunak zuzentzen zuen Astrea ontzia, eta honako hau zen haren xedea: Filipinetako Errege Konpainiari salgaiak eta Manilara gerra-tresnak eramateaz gainera, neurketa astronomikoak eta mediku-esperimentuak egitea -eskorbutua ugaritzearen gainean batez ere-, Pazifikoko kostaldera eta Asiara Hornos lurmuturretik bueltan edo Magallanes itsasartetik igorritako espedizioek arrakasta-aukera handiagoak izan zitzaten.

Adibidez, 1786ko udazkenari dagokion "egunkariko" zatian, Agotek xehetasunez jasotzen du zer eragin dituen Astreako tripulazioarengan batez ere kontserbako brokoli eta beste barazki batzuez osatutako dieta batek. Bertan jasotzen ditu, baita ere, Alejandro Malaspinak eta haren ofizialek Agoteren hitzetan "relox marino" delakoarekin egiten zituzten neurketak.

Liman eskala egin ondoren, Manilan amaitu zen itsas bidaia luze hura, Filipinetarako bidaiarekin jarraitu aurretik. Manuel Agoteren 1787ko "egunkariari" jarraiki, bidaiaren bigarren fasearen xedea zen ibilbide motzak, errentagarriak eta arrisku gutxikoak aurkitzea kosta amerikarraren eta Filipinetako artxipelagoaren artean.

Guztiz bete zuten xede hori, eta horrela gelditu zen jasota 1786ko eta 1787ko "egunkarietan", bai Manuel Agoteren idatzizko oharretan, bai eta horiekin batera jasotako mapa batzuetan ere. Artean kartografiatu gabe zeuden mapa horiek funtsezkoak izan ziren Asia-Pazifiko merkataritza-bidea irekita mantentzeko. Errendimendu handienetako bide bat izan zen hori garai hartan.

1789ko "egunkariak", bere aldetik, ongi azaltzen du Manuel Agotek Filipinetako Errege Konpainiako agente gisa Guangzhoun egindako lan baliotsua, 1797an osasun-arrazoiengatik Europara itzuli zen arte.

Ohar baliotsuak jasotzen ditu Txinatar Inperioak bizi zuen egoera penagarriaren inguruan. Ez zen gai mendebaldeko potentziei aurre egiteko, ordurako haiek prest baitzeuden hilzorian zegoen erraldoia makurtu eta merkatu izugarri horren eta mendebaldearentzat ezinbesteko ziren luxuzko lehengaien eta salgaien kontrola hartzeko. Manuel Agotek Guangzhouko fabrikatik ikusitako Txinaren errealitate gordina jasotzen da 1789ko "egunkarian": zaharkituta zegoen, ez zuen benetako indar militarrik, eta bertako ohitura antzuak ahulegi bihurtzen zuten dinamismo europarraren eta iparramerikarraren aurrean -azken hori iritsi berri zen merkataritza-lehiara-. Gainera, eragile britainiarrek zuzendutako opio-trafiko hasiberriaren mende erortzen ari zen. Azken horiek Manuel Agoteri eman zioten jarduera horretan parte hartzeko aukera, Filipinetako Errege Konpainiak botere handia zuelako Txinako merkataritan zilar amerikarrari esker.

1797 bitarteko gainerako "egunkarietan" gero eta azterketa zorrotzagoak egiten ditu garai hartarako munduko ekonomiarako funtsezko ziren lurralde horien gainean.

Manuel Agotek ez zuen lortu "egunkariak" argitaratzea. Alabaina, Asiatik itzuli zenean, bere bizitzako azken urte apurretan lortu zuen Getarian Juan Sebastian Elkanoren estatua bat jartzea haren omenez, bere bizitza osoan gauzatutako alturako nabigazioaren aitzindari zenari ohore egiteko.

Hiru urte geroago hil zen Manuel Agote y Bonechea. Beranduagora arte bizi izan ziren haren emazte Dominga eta haren seme-alabak, Jose Francisco eta Manuela, emaztea haurdun utzi baitzuen horrenbeste denboraren ostean etxera itzuli eta berehala.