Kontzeptua

Agote: etnologia eta historia

Agot hitza (edo horren aldaerak:agot, agota, cagot, cagote, capot, gahet, gaffet...) XV. mendeaz geroztik agertzen da dokumentuetan, Mendebaldeko Pirinioetan -Aragoi eta Bigorratik Gipuzkoa eta Girondaraino- bazterkeria sozial eta ekonomiko latza jasaten zuten giza taldeak izendatzeko. Termino hori gero eta gehiagotan agertzen da dokumentuetan XV. mendean zehar, apurka-apurka ordezkatuko dituen beste hitz hauen sinonimo gisa: chrestiaa, cretino, chistron, gafo, lladre, gezitain. Agote hitzarekin batera, fenomeno hori Iruñearen iparraldeko Nafarroa Garaian zehar eta Nafarroa Beherean hedatu zen batez ere, Lapurdin eta Zuberoan gutxiago; Gipuzkoan lekuan lekuko agerraldia du, izan ere, agotek debekatuta zuten bertan bizitzea, eta horren ondorioz, susmagarriak zirenak kanporatzeko agindua zegoen. Biarnon ere oso hedatuta zeuden, eta Bigorran gutxiago -cagot hitza erabilita-. Capot hitza Gaskonian zehar zabalduta zegoen. Gahet eta gaffet Girondan dira ohikoagoak.

Hurbil zeuden eskualdeetan antzeko fenomenoak agertu ziren, esate baterako, Poiteauko collibertak, morins eta cailluadak, Auverniako maranak, edo Borgoinako cacous eta sarrasinak. Frantziako iparraldean ere bazterkeriarik izan zen, baina leku jakinetan zeuden talde txikietan baino ez zen gertatu, adibidez, oiseliers, hautponnais eta lyzelards-en taldeetan. Bretainian, kakous edo caqueux izena eman zitzaion Antzinako Errejimenean zehar gertatutako fenomeno bati, agoten oso antzekoa baitzen, batez ere bazterkeria adierazpenei eta jatorriari dagokienean. Batzuetan talde etniko berezitutzat hartu badute ere, agotek ez dute inoiz horrelakorik erakutsi, moriskoek, ijitoek edo juduek bezala. Mallorcako xueta, Asturiasko vaqueiros de alzada edo Leongo maragatos deritzenekin ere lotu nahi izan dira baina ez dago hori frogatzen duen dokumenturik.

Egotzitako jatorria edo sorburua alde batera utzita, agotek ez zuten hazpegi berezirik, euren borondatearen kontra ezartzen zitzaien bazterkeria ez bada. Horrela izendatuta agertzen direnetik, kristau katoliko gisa agertzen dira, Eliza Santuaren dogma eta erritoak zalantzan jartzen ez dutenak, lekuan lekuko hizkuntzak eta aldaerak zekizkitenak eta bertako ohituren arabera bizi zirenak. Auzokideak ziren eskubideak kentzen zizkiotenak eta erritoetan -erlijiozkoetan nahiz profanoetan- normaltasunez parte hartzea edo ohiko harremanak izatea debekatzen zietenak, eta azken postuetan baztertu egiten zituztenak. Agot hitza bera iraina zen eta eurek sekula ez zioten izen horri erantzuten.

Asko idatzi da agotez, batez ere sufritu zuten bazterkerian ikusi nahi izan baitute euren jatorria. Goian aipatu ditugun Erdi Aroko izenak bat etortzeak eta baztertuta izateak legenarekin lotzen dituzte agotak, nolabait: herrietatik kanpo bizitzera, soinean bereizgarriak eramatera, iturri ezberdinetan edatera, ura hartzen edo ogia erretzen azkenengoak izatera, euren tresnak baino ez erabiltzera, eurek jan behar ez zuten jakirik ez ukitzera eta abarretara behartzen baitzituzten. Labur esanda, kutsadura alde batera uzteko neurriak hartzen zituzten. Hala ere, ez datoz guztiz bat agotekiko harremana eta legendunekikoa, eta agoten aurkako bazterkeria arauak bigunduz joan ziren harreman fisikoei dagokienez, baina ez eskubide ekonomiko eta politikoei dagokienez, eta are gutxiago komunitatearen ordezkatze sinbolikoari dagokionez. Historiako dokumentuetan agertzen ez den legen mitifikatu baten ekarletzat hartzen zituzten herritarrek agotak: Jainkoak gaixotasun horrekin zigortutako pertsonaia bibliko baten ondorengoak omen ziren, eta beraiena aurkako bazterkeria arrazoituta zegoen herentziazko gaixotasuna izateagatik, baina ez gaixotasun fisikoa, baizik eta gaixotasun hori eragindako gaiztakeria morala. Beste batzuetan legendun faltsuen ondorengotzat hartu dituzte, eta horren arabera, gaixoarenak eginez karitatetik bizi nahi omen zutenez, hipokresiagatik zigortuak zirelako ustea zegoen. Besteetan heretikoen ondoregotzat hartu zituzten, batez ere kataro edo albitarrenak, eta agotek eurek onartzen dute jatorri hori dutela, Aita Santuari egindako tratu-berdintasun eskabide batean. Beste bertsio kultuago batzuetan mendian isolatutako ariotar edo antzinako kristauen ondorengotzat hartzen dituzte. Beste jatorri batzuk ere ezarri dizkiete, hala nola, godoa, sarrazenoa, zelta, bozioak jotako jendea, kretinismoak jotakoak etab.

Jatorri horien ikerketak XVI. mendeaz geroztik argitaratu egiten ziren, eta batez ere etimologian nahiz agoten ezaugarri fisikoetan oinarritzen dira. Ikerketa horiek, funtsean, herritarren aurreiritziak balioetsi zituzten, adituen oharrak lagun. Horrela, got terminoak balio izan du bai agoten jatorria godoa zela (cagot=txakur godoa), eta bai sarrazenoa zela erakusteko ere (cagot= cazagodos). Kristauekin lotutako hitzek balio izan dute bai agoten antzinako kristautasuna, bai euren kristautasunaren faltsukeria, bai euren kretinismoa -egozten zizkieten gaixotasunetako bat - erakusteko. Argi dago egotzitako bereizgarri fisiko hauek gezur borobilak zirela: kiratsa, belarri gingilik edo muki jariakinik eza, odol eta hazi jario etengabea, oinatz biluziek lurra erretzeraino hel zitekeen gorputz berotasun handia etab. Adituek ez ohi dute horrelakorik onartu, baina aipatu egiten dituzte euren gorpuzkera edo gorputzaren, buruaren nahiz aurpegiaren ezaugarri bereziak. Ezaugarriok ere agoten jatorrien araberakoak dira: godoak izanez gero, gorrailak; mairuak izanez gero, beltzaran eta lirainak; arraza borrokalari batekoak izanez gero, ahulak eta gaixoberak, eta akats fisiko eratorriak zituztenak etab. Bitxia bada ere, herri kontuek alde batetik ezaugarri fisiko txundigarriak nabarmentzen zituzten, baina bestetik oso ederrak zirela zioten. Ustez psikologikoak diren analisietan ere kontraesan berberak agertzen dira, egileak zuen iritziaren arabera: baldarrak, adimenik gabeak, doilorrak, gaixoberak, lizunak, alde batetik, edo adimentsuak, otzanak, langileak, harroak eta ausartak, bestetik. Askok nabarmentzen dute euren apaltasuna, batzuen arabera, euren bizi-baldintza sozial eta ekonomiko latzengatik, edo beste batzuen iritziz, agoten kristautasun edo legen faltsuaren ondoriozko izaera hipokritagatik. Botere magikoak, aberastasun izugarriak, indar eta sendotasun paregabea, adorea, lizunkeria... Antolinik aipatu zuenez, gizarteak gaitzesten zuen guztia alderantzizko ordenan agertzen zen agotengan.

XIX. mendeaz geroztik bazterkeria fenomenoa bera aztertu egin zen, zerk eragin zuen, baita zerk iraunarazi zuen ere, eta horretarako agotak eurak aztertu beharrean, kanpo uzten zituen gizartearekiko kontraste bezala ikertu zuten. Jatorriaren eta bazterkeriaren iraupenaren arrazoi gisa, jauntxo batzuek ezartzen zieten morrontza-erregimenetik askatzeko gaitasun eza aipatu izan da, adibidez, Ursua etxekoek Bozatekoekiko, eta Jaurolakoek Elbeteakoekiko (Baztan), Etxauzekoek Baigorrikoekiko, Lograsekoek Garaziko (Donibane Garazi) hainbat guneekiko etab. Izaera feudaleko mendekotasun hori ez zegokion etxeen eta lurren errentak ordaintzeari bakarrik, eta horrek agotak maila baxuagoan uzten zituen egoera juridikoan, zergen zamarik ez zuten euren auzokoen aldean. Baina azalpen hori eskas geratzen da, izan ere, agot guztiek ez zuten morrontza-harremana, eta bestetik harreman mota hori beste talde batzuekin ere sortzen ziren, izan ere agotak eta agot ez zirenak, biak agertzen dira auzietan batera, jauntxoen aurka.

Beste muturreko planteamendua ere egin izan da bazterkeriaren arrazoia azaltzeko: hierarkizazio feudal klasikoa. Agotak eskematik kanpo daude: nobleen itzalpean bizi baziren ere (agotek eraikitzen zituzten gazteluak eta horrek eragiten zuen menperatutako nekazarien gorrotoa), ez ziren nobleak eta ezin zuten armarik eraman; ez zuten zergarik ordaintzen eta ez zeukaten errekrutatzeko beharrik; ez ziren eta ezin ziren eliza-gizonak izan, nahiz eta agoten gune batzuk, bertako biztanleak barne, monasterioetako jurisdikziopean egon, eta horrek dakartzan immunitateak izan; ez zuten hirugarren estatuan parterik hartzen, ez hiribilduetan ezta herri guneetan ere, ezin baitzuten izan kargu publikorik edo auzokidetzari zegozkion eskubiderik. Artisauak ziren baina ez zuten gremioetan parterik hartzen. Batzuetan ematen zitzaien tratua juduei emandakoaren antzekoa zen; baztertuta bizitzera behartuta zeuden, ez urrun, baina bai muga argi bat -zubia, erreka, basoa, bidea- zuen lekuetan.

Jatorria alde batera utzita, Antzinako erregimeneko gizarte batean herentziaz hartzen ziren bai odol garbitasuna baita lohikeria ere, beraz, jatorri iluna izatearen susmo hutsa nahikoa zen bazterkeria ezartzeko. Edozein kasutan ere, beti hartu izan dituzte kanpotartzat: Aragoan, nafartzat; Erronkarin, biarnotar eta aragoitartzat; orokorrean Pirinioetako hegoaldean ipar isurialdetarrak zirelakoan zeuden, eta ipar isurialdean, hego isurialdetarrak. Jatorri berekoak zirenik ere ez dago argi, jakina dena da erakundeek eta herriak agotetzat hartu zituztela, lurralde zabal samar batean hainbat arrazoirengatik baztertutako taldeak. Baina beste talde etnikoekiko nahasketarik (hala nola ijito edo moriskoekiko) izatekotan, puntuala baino ez zen izan. Lapurdiko kostaldeko kaskarotak ijito eta agoten ondorengoak direlako ustea egiaztatzen duen datu sinesgarririk ez dago.

Aita Santuaren 1515eko bulda izan zen talde horien historiako gertaera funtsezkoa. Bertan, Leon X.ak Baionako, Iruñeko, Jakako, Daxeko, Oskako, Lescarreko eta Oloroneko elizbarrutietan zeuden agoten eskaera hau onartu zuen: elizetako erlijio errito guztietan gainerako eliztar guztiei emandako tratu bera jasotzeko. Horren alde zioten, jatorri heretiko albitarra izan arren, mendeetan zehar Elizaren esana zintzo bete zutela, eta horrek kristau on bihurtzen zituela. Aita Santuak argudio hori ontzat jo zuen, eta elizako funtzioetan berdintasun-tratua eman ziezaietela agindu. Karlos enperadoreak Aita Santuaren bulda berretsi egin zuen, eta horrez geroztik bi egoera juridiko hauek sortu ziren: Gaztelako Koroan sartu berria zen Nafarroan, Iruñeko Gorteetan, Apezpikutzan eta Epaitegian, agoten alde egin zuten. Errege frantziarraren menpeko lurraldeetan Aita santuaren buldak ez zuen eraginik izan, eta legeek bazterkeriaren alde egiten jarraitu zuten. Errealitatean, ordea, ez zen alde handirik egon, izan ere, Pirinioetako alde bietako ibarretan tokiko erakundeek, sekularrek nahiz elizakoek, agoten aurka ezarritakoei eutsi ez ezik, larriagotu ere egin zituzten, eta horren ondorioz, Iruñean hartutako erabakiak ez ziren betearazi, agotek behin eta berriro betetzeko eskatu zuten arren. Nafarroa Ertainean, ordea, ezarpen berriek eragin izan omen zuten, izan ere, Pirinioetako ibarretan ez bezala, ordura arte agotak zeudela jakina zeneko lekuetako dokumentuetan ez da gatazken berri gehiagorik ematen.

Eskulanak egiten zituzten: olagizonak eta errementariak, musikariak, ehungileak eta jostunak, josle, tapakigileak, harginak, saskigileak, eltzegileak, teilaginak, larruginak, ardogileak, sarrasgileak, asko errotariak ziren, eta batez, egurrari lotutako ogibideak, egurketariak, zurginak, etxegileak, ontzigileak, arotzak, upelgileak, besteak beste. Kostaldean portuko lan gogor eta arriskutsuenak egiten zituzten, adibidez, dragatze-lanak eta kaietako konpontze-lanak, eta gainera arrantzaleak, itsasgizon merkatari edo militarrak ziren, inoiz kortsarioak ere. Azken lan horietan jarduteagatik egotzi diete jatorri legenduna, egurrak edo burdinak gaixotasun hori ez zekartelakoan baitzeuden, eta horrek azal lezake zergatik debekatzen zieten agotei Zuberoan errotari izatea XVII. Mendearen hasieran; dena dela, horixe izan zen eurek egin ohi zuten lanetako bat, beraz, argi dago ukituz kutsatzea ez zela jendea euren beldur izateko arrazoia. Produktuak saldu eta erosteko debekuari ere ez zitzaion zorrotz eusten.

Pirinioetako ibarretan, batez ere kapare-eskubide kolektiboa zutenetan Erronkari, Salazar edo Baztan, adibidez- agotek ez zuten auzotasun-eskubiderik, beraz ezin zuten kargu publikorik izan, eta oztopo itzelak zituzten herri-ondasunen probetxurik izateko, hala nola bazkalekuak, garoak, luberritzea, urak, egurra eta zura etab. Horrek ez zien nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizitzen uzten, ia gehienek ez baitzuten ereiteko edo artzain izateko behar beste lur. Auzotasun eskubidea eta horrek zekartzan eskubide guztiak etxeari lotuta zeuden. Bazegoen eskubide hori lortzeko formula bat eta agotek behin eta berriro saiatu ziren: auzokide batekin ezkontzea, horren bidez etxeari zegozkion eskubideen erabilera eskura zezaketen-eta. Frantziako erregearen agindupean zeuden lurraldeetan agotek debekatuta zeukaten agotak ez zirenekin ezkontzea; Nafarroa Garaian horren ondorioa antzekoa izan zen, berriro ere: tokiko erakundeen erantzuna izan zen agotekin ezkontzen ziren emakumeei auzokidetza-eskubiderik ez ematea. Ukatzen zitzaizkien auzokidetza-eskubideen arteko batzuen helburua zen komunitatetik sinbolikoki kanpo geratzea, adibidez, etxearen izena eramatea, edota, Erronkarin, longainari azpildura gorrixka jostea, agotena horia izan behar baitzen, beste auzokideengandik ondo bereiz zitezen, eta agoten emakume erronkariarrei ere azpildura gorrixka jostea edo elizan beste auzokideekin batera jesartzea debekatzen zieten. Pirinioetako alde bietan, agotei emandako tratu bortitza sinbolikoa zen, ez fisikoa, eta gehienetan denen aurrean lotsaraztea zen helburua: irainak (txarrena agot hitza bera zen), oihuak, espantuak, iletik tiratzea, makilakadak, arrastaka kanporatzea, arropak urratzea, belarritik tiratzea, atximurkadak etab. Erail, hezurrak apurtu edo armaz zauritzea oso gutxitan gertatzen ziren, eta liskar horiek gehienetan emakume, ume, morroi edo mutil gazte ezkongabeek egiten zituzten, gutxitan familiaburuek edo kargu publikoek.

Desberdintasunengatiko liskar horiek garrantzi handikoak izateraino heldu ziren, eragin zituzten epaiketa luze eta garestiak kontuan hartuta. Agoten benetako egoeraz ideia orokorrak ematea zaila da, ibarrez ibar aldatzen baitzen xehetasunetan, batzuetan baita erakunde marko baten barruan ere: bazterkeria orokorra izan arren, eliza guztiek ez zuten beraientzako ate, ponte edo ur bedeinkaturako harri espezifiko bat; agot batzuk gainerako auzokideekin batera jesartzen ziren eserleku berean, azkenengoan bazen ere, eta beste batzuk bazter batean geratzen ziren, koropeko, kanpandorrepeko edo eskailerapeko zulo batean. Ehorzketetan baztertzen bazituzten ere, hobia hilerri barruko txoko bat izan zitekeen, bedeinkatua nahiz bedeinkatu gabea; hilerri inguruko txoko batean ere, edota hilerritik kanpo, baseliza edo monasterio batean. Arropetako bereizgarria ere ez zuten leku guztietan eraman behar.

Egoera hau herri baten barruan ere alda zitekeen, eta garaiaren arabera, permisibitate edo zorroztasun handiagoz nahiz gutxiagoz jokatzen zuten. Esate baterako, Izabako agot bat korotik eskailerara bota zuten -"zegokion lekura"-, hamar bat urtez bere auzokideekin batera leku berean egon ondoren; Arizkunen, auzokideek Bozateko agotei igitaiak gorde zizkieten ohi zuten lekuan garorik ez mozteko, herri-lurrak omen zirelakoan; edo arbolak botatzen zituzten, ez landatu berri, hazita zeudela baizik. Bazterkeriari dagokionez, epaiketek kontraesan handiak uzten dituzte agerian: agotek ziurtatzen zuten gainerako auzokideek bezala, zergak ordaindu eta hainbanaketetan parte hartzen zutela, edo muga babestera joaten zirela, eta herri-ondasunak baliatzen zituztela; auzokideek, ordea, horrela ez zela, edo neurri batean baino ez zela egiaztatzen zuten. Legeak, ordenantzak eta epaiak ere ezin dira orokortu, ez baitziren homogeneoak, eta aldatu egiten ziren udalerriz udalerri. Gainera ez omen ziren zorroztasunez ezartzen, agoten aldeko zein kontrako izanda ere. Badirudi zorroztasuna edo arduragabekeria gorabeheren araberakoak zirela, ez beti agot fenomenoari lotutako jokaera. XVI. mendean eta XVII.aren lehenengo erdian liskar asko egon ziren Pirinioen hegoaldeko ibarretan (kapare-eskubidearen eta odol garbitasunaren handinahikeria, sorginkeriagatik egindako epaiketak, mugan zegoen protestanteen "kutsatze" arriskua etab.) eta epaiketa ugari egin ziren arrazoi erabat sinbolikoengatik, liskarrok komunitatean bakoitzak zuen maila zalantzatan jartzen baitzuten.

Ipar-isurialdean ez zegoen Leon X.aren eta Karlos enperadorearen instituzio-laguntzarik eta epaiketak nahiz protestak auzokideek eragin zituzten, legeak eta epaiak zorrotzago bete zitzatela eskatzen baitzituzten: ortozik ibiltzen ziren, ez zuten soinean bereizgarririk eramaten, plaza eta merkatuetan saldu eta erosi egiten zuten, jendartean etab. Agot batzuei nobleen pribilegio batzuk hartzeko salaketa ere egin zieten, hala nola, kapa, ezproiak, arma zuri eta su-armak eramatea, txakurrekin irtetea ehizan edo usategiak egitea. Hainbat ekinaldi egin ondoren, 1683an agotei lege-berdintasuna eman zien Luis XIV.ak errege-ogasunean diru-ekarpen bat egitearen truke, eta geroztik, epaiak eta goi-mailako instantziak (Baionako apezpikua, adibidez) agoten aldekoak izan ziren gehienetan. Baina auzokideek eta toki erakundeek betearazteko oztopo guztiak jartzen zituzten, adibidez, Biarritzen, urtetan eta urtetan epaiketak eta errekurtsoak egin ondoren, herri matxinada batek -emakumeek eginda baina toki agintariek bultzatuta- oztopatu egin zituen, agotak toki sakratuan ehorztearen edo elizan leku berbera erabiltzearen aldeko sententziak. Gaskoian eta Bretainian ere antzeko gertaerak izan ziren arrazoi horrengatik berberagatik. Sinbolikoak ziren eskubidean errealitatean ezin lortzeak ez zituen agotak atzera botatzen eta 1765ean Baigorriko agotek elizan tratu berdintasuna izateko aldarrikapena egiten jarraitzen zuten.

Gizarte-bazterkeria etengabea eta erakundeek euren epaiak eta irizpenak betearazteko borondate eskasa ez datoz bat baztertuek mendetan zehar erakutsi zuten kontzientziazio, irmotasun eta antolatzeko gaitasunarekin. Elizbarruti ezberdinetako agotak euren ordezkariak Aulki Santuraino edo enperadorearen gorteraino bidaltzeko gai ziren, eta, esan gabe doa, Iruñean eta Bordelen euren errekurtsoei urtetan eta urtetan eusteko. Horrexegatik ondorioztatu da euren arteko asko aberatsak zirela, edo behintzat euren auzokoen aurrean gutxiago ziren konplexurik ez izateko hainbatekoak.

Agotak egondako denbora eta lekua ez ziren homogeneoak izan, herri batzuetatik desagertu eta beste batzuetan lekutu egin ziren mendeetan zehar. Iruñearen iparraldean agot gune gutxi egon ziren eta XVll. mendean ere ez zegoen euren aztarna handirik, Bidasoa eskualdean izan ezik, batez ere Baztanen, bertako herri askotan aipatzen baitira. Bozate auzoan XVI. mendean agot asko zegoen, eta ondorengo mendeetan hirurehun eta bostehun biztanle artean ibili zen. Baigorri eskualde behenafartarretan ere nahikotxo egon ziren, eta XVIII. mendean biztanleen %10 izateraino heldu omen zitezkeen, baina hainbat parrokiatan ezberdin banatuta. Batzuetan ez dago euren arrastorik, beste batzuetan tartekakoa aipamenik agertzen dira edo etxe gutxi batzuk baino ez dira aipatzen, eta auzo batzuetan, Izpurako La Magdalenan edo Anhauzeko Zubitoan, adibidez, ehun bat baino gehiago zeuden.

Paronnaudek Nafarroa Beherean egindako ikerketa genealogikoek erakusten dute agotek bere auzokoak bezala bizi zirela. Euren familia eredua Euskal Herri Atlantikoan zegoen bera da, etxearen inguruan antolatzen zen eta bertatik hartzen zuten izena. Eliza batean jesarlekurik edo hobirik bazuten, etxearekin batera saldu edo herentzian hartzen zituzten. Berandu ezkontzen ziren, hiru belaunaldi bizi ziren elkarrekin, eta herentziaren eskualdaketa hil aurretik egiten zitzaien senar-emazte gazteei; ezkontzak eta hiletak tokiko ohituren arabera egiten ziren, parrokiari eskaintza eta opariak egiten zizkioten testamentu legatuetan etab. Legeak behartutako edo ohiturak bultzatutako endogamia konpentsatzeko, agot komunitateen arteko exogamia ere bazegoen; horrela, agotak inguruko edo beste eskualdeetako herrietara ezkontzen ziren eta batzuetan Biarno eta Landetaraino heldu ere.

XVIII. mendearen bigarren erdialdez geroztik, auzokoekiko harremanak hobetzen hasi ziren apurka-apurka, eta herrien arabera modu ezberdinean. Agot ez zirenekin ezkontzen zirela agertzen hasten da dokumentuetan, izan ere, horren aurretik beste auzokoen ezkontza-lekuko edo testamentu-berme edo euren seme-alaben bataio-ponteko gisa agertzen dira. Elkarri maileguak eman eta eskatu egiten zizkioten elkarri. Agot batzuek arotza ogibidea utzi zuten, etxeak, bordak, nekazaritzarako lurrak, basoak eta belardiak, behiak eta ardiak eskuratu ahala, eta auzoko gehienen bizimoduarekin bat egiten hasi ziren. Etxe berriak egin zituzten, agot guneetatik gero eta urrunago, eta azkenean beste auzokoen etxeen artean nahastu ziren. Beste agot batzuk euren aztarnarik ia gelditzen ez zen herrietan zehar hedatu ziren.

Frantziako iraultza integrazioaren aldeko hainbat gertaera ekarri zituen XIX. mendean zehar. Iraultzaren beraren ondorioz, agotek desegin ahal izan zituzten agot zirela aipatzen zuten dokumentuak. Gainerako auzokoekin batera multzo handitan sartu ziren armadan, eta horrek tratu-berdintasuna ekarri zuen, ordura arte izan ez zituzten aukerak, eta batzuek goi kargu militar nahiz administratiboak ere izan zituzten. Eskolara -laikoa eta bereizketarik egiten ez duena- derrigorrean ezarri zen, migrazio jarioak gertatu ziren Ameriketara zein hirietara, eta bertan lanbide berriak egiten hasi ziren: mediku, irakasle, mugazain etab. Labur esanda, antzinako erregimeneko oinarri ekonomiko, sozial eta politikoak desegiten ziren neurrian, agot fenomenoa murriztuz joan zen, eta azkenean nekazaritza esparruko auzo edo familia jakinekiko susmoa baino ez zen geratu.

Pirinioetako hegoaldean estatu liberala berandu eta modu eskasean ezarri zen, eta horrek mende bateko atzerapena ekarri zuen Baztaneko agoten berdintasuna lortzeko. 1842an ere Iruñeko Epaitegiak epaia eman zuen, Bozatekoek Arizkuneko parrokian tratu-bereizkeriarik pairatu ez zezaten, baina XX. Mendearen hasiera arte elizaren atzeko aldean baztertuta uzten zituzten, eta mende horren erdialdera arte, aipatu den auzokoek ez zuten jaietan behar bezala parte hartu, nahiz eta ordurako ibarrean zehar agot hitza aspaldiko kontua baino izan ez. Baserriaren gainbehera sozial eta ekonomikoa oso azkarra izan zen eta horrek lan mekaniko eta ordainsaridunak hobetzat hartzea ekarri zuen, eta tradizioz agotek egin ohi zituztenez, euren integrazioa erabateko izatea bultzatu zuen.

Pirinioetako ibarretan zeuden baliabide urriak edota odol-garbiketaren gaineko oinarri ideologikoa aztertzeko egin diren lan ekonomiko edo politikoak ez dira nahikoak bazterkeriak zergatik iraun zuen azaltzeko, batez ere, Antzinako Erregimenaren amaiera gertatu ondoren; izan ere Antzinako Erregimena orduko errepresentazio sinbolikoetan babesten da, komunitate baten isla baitira, oso desitxuratuak ematen badute ere.

Sarritan aurkeztu dute fenomeno hau "misterio" gisa, baita hainbat ikerlarik ere, sakon-sakonean printzipio batek kutsatutako pertzepzio bat baitago, mendetan zehar bazterkeria iraunarazi zuena, hain zuzen: ezberdina denarekiko bazterkeria zein modu naturalean onartzen den, eta beraz, zein harrigarria den baztertuen artean ezaugarri bereizgarririk aurkitzea, fenomeno hori eragiten dutenen ikuspuntutik (hau da, talde baztertzaileenetik) ez aztertzeagatik. Agotei ustezko ezaugarri fisiko eta psikiko ugari egotzi diete, edo arauak asko ezarri dizkiete, beraiekin batera sortu ez eta desagertu ez zirenak. Eta horrez gain, eskubide politiko eta ekonomikoak izatea, espazioetan egon ahal izatea (kanporatuak izateraino), jantzietan bereizgarriak eramatea ukatu diete mendetan zehar eskualde askotan, juduek, ijitoek eta beste talde etniko, sozial edo erlijioso batzuei bezala. Horietako talde askok jasan behar izaten dituzte oraindik ere oso errotuta dauden topikoak euren ezaugarri fisikoei buruz (sudurra, sexu gaitasuna, usaina etab), edo psikikoak (zekenkeria, hipokresia, lapurreta, asmatzeko ahalmena...), agotek bezala. Jaietako espazioa bereiztea hainbat euskal figura koreografikotan ikus daiteke, adibidez, zubian. Iragazki moduko bat da, gizaki zitalek (zitalak, hainbat arrazoirengatik, ez bakarrik agot izateagatik) dantza egin ez dezaten.

Gaur egungoa bezalako gizarte laikoago batean ere, Bidasoako Alardeetan emakumeek gizonen ondoan parte hartzeari uko egiteak horren aldekoak ospakizunetik kanpo utzi ditu, eta mendeurreneko botoa betetzeko mezan baztertuta geratu dira bai koroaren atzeko aldean bai zelaiaren bideaz beste aldean, eta erromeria egiteko mendian sartzea debekatzeraino ere heldu dira. Horrez gain, lore eskaintza egitea edo meza egiten ari direla, ohore salbak botatzea debekatu zaie. Berdintasunaren alde dauden emakumeei ere (ideologia karga eskerga duen bereizgarri fisikoa erantsita: "bibotedun" emakumeak) sexu joera heterodoxoak ezarri zaizkie, eta kanpotarrak izatea, harmonia eta auzokoen lasaitasuna haustea leporatu. Emakumeok berdintasuna eske agertze hutsa indarkeriatzat hartu dute. Laburbilduz: "sin diferencia. mezclados como van los demas vezinos. igualados. no puede ser" (bereiztu gabe agertzea, nahasturik denak, gainerako auzoekin batera, ez da posible), horrela jasotzen da dokumentuetan, agotek festetan eta erlijioaren erritoetan parte hartzeko eskaera egindakoan, "tradizioa" eta asaben borondatean oinarrituta. Aurretik aipatutako emakumeen jokaera ez dator bat gainerako emakumeen "zuzena"rekin, bigarren horrek ordena naturala bere gain hartzen baitu, eta horrelaxe ere dokumentazioan aurreko belaunaldietako agoten otzantasuna eta mendekotasuna aipatzen du, alde batetik, eta salaketa jartzen zituzten hantuste eta harrokeriarekin alderatzen du, bestetik.

Alardeen fenomenoak beste batzuek baino hobeto -ez baita bakarra izan- utzi du agerian, defentsarako mekanismoak nola hasten diren, kolektibo bat bermatzeko erritoak ("ordena natural"tzat hartzen den hierarkizazio kultural batean oinarrituak) zalantzan jartzen direnean, eta adierazpen hori bera da agoten epaiketetan agertu ohi dena (onar dezagun nor garen jaietan eta bizitzan, laburbiltzen zuen "tradizioaren" aldeko sutsu batek). Erritoek, batez ere ohikoak direnak, komunitate bat babesteko eta iraunarazteko funtzioa egiten dute. Horretarako, komunitatearen irudi bat erakusten dute, baina irudi hori ez da erreala, asmatutako iragan perfektu batekoa baizik. Identitate kolektibo aldaezin batek iraun dezakeelako usteak nekez onar ditzake horri buruzko iritzi kritikorik. Beraz, irudi perfektu hori islatu eta sendotu egiten duten erritoetan egiten diren aldaketa kontzienteek momentuko ordena arriskuan jartzen badituzte, orden horretatik onura dutenekin egingo dute topo, batez ere, baina baita aldaketaren aurrean ziurtasunik sentitzen ez dutenekin, euren erreferentzia guztiak ezagutzen dutenari lotuta baitago: oroimenak identitatea sorrarazten du, eta iraganaren pertzepzioa aldatzeak oraina birplanteatzea dakar. Horregatik, errito horien funtsa identifikazio kolektiboko objektuaren bidezko onarpena eta hierarkia direnez, baztertuta sentitzen direnek erritoa moldatzeari eusten diote, errito horrek eurek zuzentzat hartzen dutena islatu arte.

Aipatu diren bi fenomenoen arteko alde kronologiko eta kultural nabarmenak (Diaz Mintegi antropologoak "azaleratze etnografiko" iritzi dio Alardeenari) agerian uzten du "arazoa" ez direla emakumeak, batean, ez agotak, bestean, eta arazoa kanpotik bizi dutenek "misterio"tzat hartzea -formen laztasunagatik areago, bazterkeriaren arrazoi sakonengatik baino- hartzea ez da zuzena, eta errore horren oinarria da arrazoiak baztertuen artean bilatzea, eta ez baztertzaileen artean.

Analisi asko egin dituzte agotei buruz, baina gehienak deskripzioak eta pilatutako datuak besterik ez dira, zorroztasun zientifiko eskasa eskaintzen dituztenak. Literaturari dagokionez, idazle askoren inspirazio iturri izan dira, ahozko literaturan euskaraz nahiz gaskoiez, idatzian gazteleraz nahiz frantsesez. Michelen eta Rochasen azterlanak XIX. mendekoak dira eta bertan lehenengo aldiz aztertu ziren modu kritikoan bai agoten jatorria, benetako egoera, agotak ez zirenek izan zuten garrantzia, bizi-baldintzak, hedapen geografikoa, fenomenoaren eboluzioa etab. Horretarako, artxiboetara jo zuten ikertzera, eta gainera zuzenean aztertu zuten fenomenoa, Michelek ahozko literaturan zeuden testigantzak jaso baitzituen. Rochasek agoten eta euren auzokoen arteko ezaugarri fisikoak alderatu zituen, eta ezberdintasun fisikorik ez dagoelako ondorioa atera. XX. Mendean, Idoatek Nafarroari buruzko dokumentu ugari transkribatu zituen. Aguirre Delclauxek Bozateri buruzko azterlan etnografiko bat eta Arizkuneko eskola-umeei egindako azterketa medikuak gaineratu zituen, eta euren arteko ezaugarri fisiko eta kulturak ezberdinik ez zegoela ikusi zuen. Antoliniren lana berritzailea izan zen benetan, bertan bazterkeria fenomeno gisa aztertzen baitu, eta ez baitabil baztertuen bereizgarrien bila, baizik eta baztertzaileen asmoak aztertu nahian. Bozatarrek eta arizkundarrek fenomeno hau nola ulertzen zuten argitzeko tokian tokiko lan bat ere badakar. Paronnauden lana berriena eta datuetan aberatsena da: batez ere, XVII. Mendeko Nafarroa Beherean oinarritzen da, ez du jatorrian edo gatazketan gehiegirik sakontzen, baizik eta agoten patronimikoak, etxeak, bizilekuak, euren arteko, auzokoekiko, nobleekiko, apaizekiko auzokoekiko harremanak, euren ogibideak, harreman ekonomikoak aztertuta, hainbat familiaren jarraipena egin zuen denboran eta espazioan zehar, euren zuhaitz genealogikoen bidez.

  • AGUIRRE DELCLAUX, Mª Carmen. Los agotes, Iruña, Príncipe de Viana Erakundea, 1978.
  • ANTOLINI, Paola. Los agotes: historia de una exclusión. Madril: Istmo, 1986.
  • ANTOLINI, Paola. Au-delà de la rivière. Les Cagots: histoire d'une exclusion. Paris, Nathan, 1992.
  • IDOATE, Florencio. Documentos sobre agotes y grupos afines en Navarra. Iruña, Príncipe de Viana Erakundea, 1973.
  • MICHEL, Francisque. Histoire des races maudites de la France et de l'Espagne. Donostia: Elkar, 1983, 1847an lehenengo argitalpena.
  • PARONNAUD, Jean Claude. Les Cagots, Pau, Centre Généalogique des Pyrénées Atlantiques, 2001.
  • RICAU, Osmin. Histoire des cagots. Pau, Princi Néguer, 1999, 1963an lehenengo argitalpena.
  • ROCHAS, Vicent. Les parias de la France et de l'Espagne. Paris, 1876.
  • STÜRTZE, Alizia. Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian. Bilbo: Txalaparta, 1988.