Politikariak eta Kargu publikoak

Agirre Eskisabel, Jose Mari

Txato

Aizkorrondo baserrian jaio zen, Ataunen, 1943an. Jaio zen ingurumariak, Aralarreko magal horrek, erabat baldintzatu zion geroztiko ibilbidea, herri ikuspegia, euskaraganako eta bertsolaritzarako grina eta mendirako zaletasuna; oso gogoko zituen baserri giroa eta baserriaren ingurukoak.

Hamaika urterekin Donostiako apaizgaitegian hasi zen Giza Zientziak, Filosofia eta Teologia ikasten. Politika ibilbideari 1965ean ekin zion, beste apaizgai batzuekin batera seminariotik kanporatu zutenean. Aipatutako kanporatzeak teologia kurtsoak berekin zituen exijentzia akademiko bidegabeen aurkako protestek ekarri zituzten. Garai hartantxe hasi ziren apaizgai asko eta asko apaizte-asmoei uko egiten. ETAn sartu eta 1967an atxilotu eta torturatu egin zuten, baita Martutenen espetxeratu ere. Epaile militar batek aske utzi zuen baina espetxetik irten eta bi egunera atxiloketa-agindua eman zuen berriz Orden Publikorako Auzitegiak. Iparraldera ihes egina zen ordurako.

Belgikan hartu zuen aterpe, 1968 aldera mundu guztiko estudiante eta iheslari politiko askoren elkargune zen Lovainan. Hango gazteen kontzientzia sozial indartsuaren eta Europaren inguruko ikuspegi berriaren ildotik, askatasuna arnastu, euskaldun gisa bere europartasuna barneratu eta Euskal Herriak herrien Europan lekua zuela pentsatzen hasi zen. Pentsamolde hori izan zuen harrezkoroko ibilbide politiko guztiaren abiapuntu. Lovainako unibertsitatean Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen eta ETA utzi zuen 1970ean. Ezkondu egin zen eta bi seme izan zituen.

1977ko amnistia zela-eta Euskadira itzuli zen Euskal Herri aurrerazale, berritu eta europazale baten alde lan egiteko ilusioz. Asmo hori ipar, zenbait ardura-postu izan zituen euskal erakundeetan. Lau urte zail igaro ondoren, lanpostu baten jabe egin zen EUSTATen oposizio bitartez.

1987tik 1991ra Ekonomia diputatu izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian, EA-EE koalizioaren izenean eta Imanol Murua ahaldun nagusi zela. Gipuzkoaren modernizazioan eragin zuen I+G+i programa egitasmoekin eta dirulaguntzekin bultzatuz, bai enpresen alorrean bai ikastetxeetan; batik bat, lanbide heziketaren alorrean. Diputazioko jardunak agerian jarri zituen Jose Mariren izaera atsegina eta elkarrizketarako prestutasuna; etengabeko hartu-emanak izan zituen ikastetxe, ikerketa zentro eta enpresekin. Diputatu zela koordinatu zuen, hain zuzen ere, "Gipuzkoa 2000 Plan Estrategikoa". Egitasmo itxaropengarria izan zen, hala sektore publikoko nola pribatuko berrehundik gora pertsonen partehartzeari esker lortutakoa. Hamar urtean Gipuzkoaren ongizate-maila nabarmen hobetzea zen egitasmoaren helburua.

1991tik 1994ra, jada EAJren alderdikide zela, EUSTATen zuzendari izendatu zuten. Hartu-emanak bultzatu zituen Nafarroako eta Akitaniako estatistika zentroekin eta baita ISIrekin (International Statistical Institute) ere. Hartu-eman horien ondorio izan zen euroerregioaren datuekin osaturiko argitalpen bateratua.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde aritu zen 1997tik aurrera Eusko Jaurlaritzan, eta proiektuok bultzatu zituen: Guggenheim museoa, Euskalduna jauregia, Kurtsal jauregia, Gazteriarentzako Euskal Plana edo Euskal Kirolerako Legea. Bereziki begikoa zuen euskal selekzioaren proiektua.

EHUrekin lankidetzan aritu zen demografiaren, ekonomiaren edo immigrazioaren inguruko ikastaroak antolatzeko.

Ibilbide politikoa Ibarretxe Lehendakariaren ekonomia aholkulari (2006-2009) jardun ondoren bukatu zuen. Adierazle ekonomiko eta sozialen taula bat osatu eta eguneratu zuen Euskadik Giza Garapenaren indizean, munduko gainerako herrien aldean, zein maila zuen jakiteko. Kutxaren presidenteorde kargua bete zuen aldi berean, eta euskal kutxen fusioaren alde egin zuen lan.

Tokiko politikan ere hartu zuen parte, Tolosako Udalean. Zortzi urte eman zituen zinegotzi EAJ alderdiaren ordezkari. Laskorain ikastolaren presidente ere izan zen Tolosan bertan, alegia, erbestetik bueltakoan bizitzen jarri zen herrian. Udalbiltzaren batzar iraunkorreko kide izan zen.

Lan-ibilbideari utzi eta denbora gutxira zendu zen, 66 urterekin, Panticosan (Huesca) izan zuen mendi istripuan, 2009ko abuztuaren 10ean, hain gogoko zuen eta hainbeste gozarazi zion alpinismoa praktikatzen ari zela.

Gertutik ezagutzen zutenek pertsona idealista baina pragmatikotzat zeukaten, aldi berean. Zubiak eraikitzen zituen pertsona zen, lan-taldeak dinamizatzen zekiena, gertukoa eta hurbilerraza, eztabaidetan zentzua jartzen eta adostasuna bilatzen zuena. Ongi uztartu zituen barnean zeramatzan Ataungo baserritarra eta Lovainako unibertsitateko europarra. Beti jokatu zuen konpromisoz eta saiatuki bere herriaren mesedetan.

Oso berea zuen gizarte, politika eta demografia arloetan Euskal Herriaren ikuspegi globala eskaintzeko trebetasuna. Europan eta munduan bere lekua izango zituen Euskal Herri batean sinesten zuen. Beti borrokatu zen Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzearen alde.