Kontzeptua

Adarra

Bere izenak adierazten duen bezala, abereen adarrez egindako hots-tresna bat da. Euskal Herrian ezagutzen dena nagusiki idi-adarrez egindakoa da. Adarraren muturra moztu eta luzexka zulo bat egiten zaio adarrak duen barruko tuturaino eta honi kanporaino irteera emanez. Ezpainak bibratzeko, muturrean kanpoaldetik kono-enbor formako hustuketa bat egiten zaio tronpeta arrunten ahoko gisan. Adarraren neurriaren arabera izango dira honek ematen duen hotsaren bolumena eta tonua. Jotzeko, adarraren ahokoaren muturra ezpainetan jarririk, haizea botatzen da ezpainak bibratzen.

Antzinako musikan, haizezko soinu-tresna batzuen corneta, corneto, corno, cornetin... izenek adierazten duten bezala, adarrezkoak izan ziren tronpeta motako soinu-tresna asko. Dena dela, musika orkestra edo bandako eta antzeko musika taldeetako "metal" multzoko tronpetak eta mota horretako soinu-tresnetatik aparte, ez dira halako soinu-tresnak funtzio musikalarekin oso erabiliak izan azken garaietan euskal musikan.

Adar arruntek ez dute tonu aldaketarako zulorik izaten eta ikusten dugunez, Euskal Herrian hainbat funtzioetarako erabili izan dira, horien artean deiak egiteko eta abisuak pasatzeko funtzio nagusiak izan direlarik.

Donostiako San Telmo Museoko tresnetako fitxa zaharren artean aurkitu dugu adarraren erabilerari buruzko informazio bitxia ematen duen 1917ko fitxa bat: "Cuerno. Del que se sirven los pastores para llamar al ganado y reunirlo en la plaza del pueblo diariamente. Está adornado de algunos trabajos estilo pastoril. Alto 0'21 x diametro boca 0'02, base 0'06. Adquirido en Santa Cruz de Campezo (Alava). Fecha de ingreso.- 30-Enero-1917". Ezin izan dugu adar hau ikusi aspaldidanik desagertua dagoelako (Beltran, 1998).

Guk ere bildu dugu halako funtzioetarako erabilpenaren informazioa. Nafarroan, herri batzuetan (informazioa Nafarroako Val de Mañerun jasoa), egunero biltzen zituzten etxeetako idi, behi, mando, ahuntz,... ordaindutako abeltzainak larreetara eraman zitzan. Jarduera honi "Dula" (garastalur) deitzen zioten. Egunero, abiatzeko orduan, abeltzainak adarra jotzen zuen, atera behar zituen abere guztiak, etxeetatik biltoki jakin horretara joan zitezen.

A. Donostiak zera esaten du adarra eta turutari buruz (Donostia, 1952): Adar hauei batzuetan hezur eta metalezko ahokoa jartzen omen zaie "Como su nombre lo indica, este aerófono está formado por un cuerno de animal, a cuyo extremo se adapta una embocadura de hueso o de metal.

Además del nombre "adar", recibe el de "tuta" o "tutu", derivado de la onomatopeya del sonido".

Gauez basurdeak eta azeriak uxatzeko jotzen diren adarrak Gauadar eta kabillesadar izenekin ezagutzen dira.

Toki batzuetan, alarma jotzen duen kanpaiari deiadar, deadar, deihadarra deitzen zaio. "también se le llama "eltzegor" (hemos dicho que esta palabra significa también zambomba). Orain ere, Iparraldeko toki batzuetan adarrari Eltzegor izena ematen diote.

Idazlan honetako VARIA izeneko atalean honakoa dio: "En la provincia de Alava se llama "gueria" a la señal o toke para sacar los bueyes al campo o a la dula".

TURUTA-KORNETA. Izen hauekin, A. Donostiak tronpeta motako soinu-tresnak biltzen ditu: "Este aerófono también recibe el nombre de "tuta" y "tutu", porque es no solamente el cuerno, sino también la corneta o clarín con que se anuncia la presencia de la pesca /.... / Para la trompeta o corneta de caza se usa "arrain-beharri", y es de concha. La trompa de caza (cor de chasse) recibe los nombres de "adarturanta", "deiadar".../. ../ En la región vascofrancesa se llama "mairu-adar" a la trompeta mora".

Klarin edo korneta motako tresnak erabili izan dira gure hirietako erakunde ofizialen protokoloetan, batzuetan tinbal eta txistuarekin batera.

Urolaldean, fabrika eta lantegietan lanera deitzeko erabiltzen den "sirena" edo alarmari, fabrikako adarra deitzen diote.

Txalapartari batzuek txalaparta jotzerakoan adarra erabiltzen zuten. Bi izan dira ohitura hori kontserbatu duten txalapartari familiak: Saustako Zuaznabartarrak eta Bilandegiko Zabalegitarrak. Ez dakigu zenbateraino zabaldurik izango zen ohitura hori, baina egia da oso egokia dela bi hots horien nahasketa, ederra benetan. Adar hotsak giro berezia, sakona eta barnekoia ezartzen du entzuten den tokian. Antzina, txalapartaldi haietan, adar jole bat baino gehiago inguratzen omen zen. Lasarteko Zuaznabartarrek oraindik ere, betidanik ezagutu duten bezala, txalaparta joaldi bakoitzaren aurretik, adar handi batekin dei gisako joaldia ematen dute.

Oiartzun aldean eta Euskal Herriko beste toki askotan inauterietako eta eguberritako "puska biltzen" ari diren talde asko, adarra erabiltzen dute beren ibilaldian, taldearen kokapena emateko eta iristear daudela abisatzeko.

R. M. Azkuek beste funtzio bateko informazioa bildu zuen. Ezkilaren atalean ikus dezakegun bazala, adarrak ere erabiltzen ziren Nafarroan, Zuberoan eta Gipuzkoan eztei "berezietan", gauez ezkonberriei egiten zitzaien saio zaratatsu haietan (Azkue, 1959).