Arkitektoak

Aburto Renobales, Rafael

Arkitektoa. Getxon jaio zen 1913ko azaroaren 2an eta Madrilen hil zen 2014ko martxoaren 9an.

1935ean Madrilera alde egin zuen Arkitektura Eskolan sartzeko asmoz. Gerra Zibilaren ondorioz, ikasketak bertan behera utzi zituen, eta 1943an graduatu zen. Urte horietan barrena, garai hartako arkitekto esanguratsuenekin harremanetan jarri zen, besteak beste, Francisco Asis Cabrero, Miguel Fisac eta Jose Antonio Coderch.

Hiru hamarkadetan zehar, Obra Sindical del Hogar ekimenean aritu zen lanean eta, esaterako, Madrileko kanpoaldean hainbat etxebizitza multzo eraiki zituen: Marcelo Usera etxebizitza multzoa, Gran San Blas edota Villaverdeko etxebizitza esperimentalak.

Aldi berean, hainbat lehiaketetan parte hartu zuen oso proiektu berritzaile eta bereziak aurkeztuz. Beste proposamenen artea, aipa ditzagun honako hauek: Arantzazuko basilika (1950), Bruselako nazioarteko erakusketarako Espainiaren pabiloia (1958), Kanadako Torontoko Udaletxea (1958) edota Madrileko Opera Jauregia (1963).

Gauzatu zituen lanen artean, honako hauek dira aipagarrienak: Sindicatos eraikina (1949-1955), egun Osasun Ministerioa dena, eta Pueblo egunkariaren egoitza (1959-1965). Bi proiektu horiek Francisco de Asis Cabrerorekin batera burutu zituen. Era berean, aintzat hartzeko da bere azken lan arkitektonikoa, Neguriko Ergoyen Taldearen etxebizitzak (1966-1969), Kolorezko Etxeak esaten baitiete.

Urte horietatik aurrera, Rafael Aburto buru belarri aritu zen pintura jorratzen.

60 eta 70eko hamarkadetan zehar ere, Madrileko Arkitektura Eskolan irakasle lanetan aritu zen eta Madrileko Gaston y Daniela enpresaren dendetan interiorismoa landu zuen (1952-1954). Berez, azken proiektu hori Domus aldizkarian jaso zuten.

  • Bergera, Iñaki. "Rafael Aburto, arquitecto y creador enigmático". El País, 2014ko martxoak 19. [Kontsulta data: 2014 martxoak 25].
  • Fundación Arquia. "Exposiciones: Rafael Aburto". Dossier. [Kontsulta data: 2014ko martxoak 25].
  • Gorriti, I. "Rafael Aburto Renobales, un getxotarra precursor del modernismo". Deia, 2014ko martxoak 12. [Kontsulta data: 2014ko martxoak 25]
  • Zabalbeascoa, Anatxu. "Rafael Aburto, arquitecto entre dos mundos". El País, 2014ko martxoak 14. [Kontsulta data: 2014ko martxoak 25].