Politikariak eta Kargu publikoak

Prieto Tuero, Indalecio

PSOE alderdiko politikari bizkaitarra.

1883an jaio zen Oviedon eta oso gazte zela Bilbora joan zen bizitzera. Autodidakta zen, familia apalekoa, artean La Voz de Vizcaya egunkariko takigrafoa zela, 18 urterekin, El Liberal egunkari errepublikanoko erredakzio-taldean sartu zen. Orduan egunkaria Echevarrieta familiarena zen baina 1920. urtearen amaieran Prieto zen bertako jaun eta jabe.

Bilbon egin zuen aurrera politikagintzan Prietok. Hala, lehenik eta behin Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari izan zen (1911) eta, beranduago, Gortetako ordezkari. Prietoren hitzetan Jose Madinabeitia doktoreari zor dio politikagintzan sartu izana:

"hark atera ninduen itzaleko militante sozialista egoera lasai hartatik eta bizitza-publikoaren zurrunbiloan murgindu ninduen 1911n, probintziako diputatu izateko nire ezkortasuna astindu zuenean..." (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Prieto: "Los éxodos infantiles. Evocaciones", El Socialista, 1956-11-1).

1917ko abuztuan, greba orokorreko gertakarietan parte hartzeagatik, ezkutatu egin behar izan zuen. Frantziara jo zuen eta handik gerra-kronikak idatzi zituen El Liberal egunkarian argitaratzeko. Une horretatik aurrera, iruzkingile isekarien arabera, gizon trebea bihurtu zen egoera zailetatik ihes egiten. 1918ko hauteskunde orokorretan, Prietoren alderdiak eta alderdi errepublikanoak bat egin eta Prietok lehen eserleku sozialista eskuratu zuen, Bilboko distrituaren ordezkari gisa. Bere berezitasunaren jabe izanik, hurrengo esaldia ahoskatu zuen Gortetan bere burua aurkeztu zuenean (apirilak 17):

"Bizkaiko probintziako Gortetako ordezkari ez nazionalista bakarra naiz; Euskal Herrietako probintzietan herriko seme ez den ordezkari bakarra".(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Ondoren, Mauraren Gobernuaren aurkako hitzak esan ostean, Prieto euskal nazionalisten antiliberalismoa eta papismoa agerian uztera mugatu zen; bere iritziz demokratikoa zen eta auzi erlijioso eta zibilak banatzen zituen herrialde bateko tradizioaren aurka egiten baitzuen jarrera horrek. Gutxiengo sozialistaren kide izan zen Eliza eta Greba Batzordeko kide ohiekin batera: Besteiro, Anguiano, Caballero eta Saborit. Gobernuaren jarrera zapaltzailea salatu zuen, eta bere oratoriaren erraztasunak eta garrak nahiz bere idazluma finak ospea eman zioten. 1918tik aurrera Bilboko ordezkari gisa hautatu zuten urtez urte 1919, 1920 eta 1923an, azken horretan Hauteskude Legeko 29. artikuluaren babesarekin.

Bere izaera gogorra, bere bilbozaletasun errepikatua eta Julian Zugazagoitia eta bi Paulino Gomezen (Beltran eta Saez) babesa erabakigarriak izan ziren probintzia horretan sozialismoa komunismoari gailentzeko. Largo Caballeroren aurka azaldu zen etengabe eta Primo de Riveraren diktaduran aurkakotasun hori areagotu egin zen. Hala, Largo diktadurako kolaboratzaile izan zen bitartean Prieto diktaduraren aurka azaldu zen eta, horren ondorioz, Alderdiko Zuzendaritza utzi egin zuen. Prietoren aurkakotasun eta errepublikaren aldeko jarrera horri esker, gerora, alderdia, duda-mudazko iragana atzean utzi ondoren, 1930ean berragertu zen diktaduraren aurkako oldearen barruan. Baina hori ez zen berehalakoan gertatu. Primo de Riverak dimisioa eman zuenean (1930eko urtarrila) Prietok, ia bakarka, Monarkiaren aurkako kanpaina errepublikanoa abiarazi zuen Irungo "Ramuntxo" pilotalekuan, Unamunoren aberriratzea ospatzeko egindako ekitaldiaren barruan (otsailak 12):

"Unamunoren katilinario gogor baten ostean, jendetzak eskatuta presidentearen tronura igo zenean, Prietok espainiarrek ordura arte sekula entzun zuten hitzaldi eder, kementsu eta zorrotzena eman zuen. Sekula ez zen halako mintzaira erabili Espainia monarkikoan" (...).(Itzulpen moldatua gazteleretik)

Miguel de Unamuno jaunak, diktaduraren jatorria aztertu eta karlismoa aipatu zuen. I. Prietok kontzeptu hori argitu nahi izan zuen hitzaldi labur eta zehatz batean: "Jadanik ez dago gailendu beharreko karlismorik -esan zuen-. Alfontsismoa da gure etsai bakarra". Eta amaitzeko, ordutik aurrera, espainiarrak bereiziko zituen mugarria finkatu zuen: "Erregearekin edo Erregearen aurka". (1931ko apirilaren 23ko "La Voz de Guipúzcoa"). Unamunok pentsamendu hori baitaratu eta bere ondorengo mintzaldiaren ritornello gisa baliatu zuen.

1930eko abuztuaren 17an, oraindik bakarka, Donostiako itun ospetsuan parte hartu zuen. Bertan, ezker katalanismoak eta errepublikanismoak Monarkiaren aurkako borrokan bat egingo zutela adostu zen. Iraultzaren aldeko Batzordearekin konpromisoa hartzeaz gain, euskal nazionalismoaren elementu laiko eta modernoenen alde egin zuen, oposizioaren ituna sendotzeko xedez. 1930eko abenduko altxamendu saiakerak porrot egin ostean (Jaca, etab.), Frantziara jo zuen ihesi. 1931ko apirilaren 15ean itzuli zen, Errepublika aldarrikatu zenean, eta Haziendako Ministro izendatu zuten. Maiatzaren 2an, Mallonako hilerrian jendaurrean emandako hitzaldian, Errepublikak Euskal Autonomia-estatutuaren alde egingo zuela zin egin zuen. Baina nazionalisten arteko barne lehiaren (EAE eta EAJ alderdien arteko borroka antzua) eta euskal alderdi eta taldeen artean lurraldetasunari buruzko akordioak ezin lortzearen ondorioz (esaterako, lau probintziako autonomia eraikitzea), lehenenik eta behin jarrera horretatik aldendu zen eta, ondoren, Lizarrako Estatutu karlo-nazionalistaren aurka egin zuen, "Vatikanoko Gibraltarra" zela egotzita.

Hori izan zen 1931ko ekainaren 28ko hauteskundeen aurretik egin ziren mitinetan gehien errepikatu zen ideia. Hauteskunde horietan Prieto Bilbo hiriko Gorteetarako Diputatu izendatu zuten eta 1933 eta 1936 urtetan berriz hautatu zuten kargu hori betetzeko. Beranduago, Herri-lanetako ardura hartu zuen gaitasun eta ahalegin handia erakutsiz.

"Nire arerio handiena -idatzi zuen Jose Maria Gil Roblesek- Indalecio Prieto izan zen, inolako zalantzarik gabe. Espiritu burgesa eta gogoak astintzeko gaitasuna zuen, berez autodidakta zen eta oso ondo zekien esandakoa argumentatzen; horregatik guztiatik, arerio gogorra zen oso, eta edozein akats erabakigarria izan zitekeen. Ezkerrari dagokionez, ez zegoen hari itzal egingo zionik". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Maisutasun politiko handiz, Gobernuari (bertako kide zen Herri-lanetako ministro modura) Errepublikako Presidenteak Kataluniako Estatutua Donostian sinatzearen komenigarritasuna adierazio zion. Modu horretan, Euskal Herrian itxaropena areagotu egingo zen eta indarrak batuko ziren Kataluniakoaren antzeko autonomia-erregimen bat lortzeko bidean. Sinadura ekitaldia 1932ko irailaren 15ean gauzatu zen. Egun horretan bertan, Euskal Gutxiengoko diputatuak elkartu eta Prietok hitzaldi esanguratsua eman zuen. Euskal Estatutuaren alde azaldu zen eta beharrezkoa ikusten zuen.

"Herrialdean batasun espirituala erdiestea, eta herrialdean gehiengoa izanagatik Nafarroak Estatuto bakarrera atxikitzerik nahi ez balu hura barneratzea akatsa izango litzateke, halaber, gainerako hiru eskualdeetarako autonomiarik ez eskuratzeko jarrera hartuz gero abagune paregabea galduko litzateke. Ezinezkoa da behar bezala gobernatzea iritziaren alde bat aurka badago edo ados ez badago, hori dela eta, ahal den neurrian, klase guztietan dauden interesak ez urratzeko ahalegina egin behar da, interes ekonomikoak ere aintzat hartuz, herrialdearen aurka eta, bereziki, Nafarroaren aurka jo gabe".(Itzulpen moldatua gazteleratik)

1933ko ekainaren 12an ministroak antolatu ziren eta Herri-lanetako ministro izendatu zuten berriz ere. "Biurteko beltza" delakoan, Prieto eta EAJ alderdiaren arteko desadostasunak baretu egin ziren, neurri batean, sozialistek eta nazionalistek bat egin zutelako gobernuaren aurkako jarreran. 1933ko azaroaren 19an ospatutako hauteskundeetan, EAJ alderdiak baterako bloke bat osatzeko proposamena egin zion, eskuineko zein ezkerreko alderdiak batuz, Euskal Estatutuaren alde egiteko xedez. Prietok ez zuen proposamena onartu, baina gogotik saiatu zen urte horretako azaroaren 5ean egin zen plebiszituan alderdi politikoek parte har zezaten. 1934ko udan euskal udaletxetan azaleratu zen asaldatzean parte hartu zuen. Zumarragan, irailaren 2an egindako "sediziozko" asanbladara bertaratzeko baimena eman zitzaien parlamentarietako bat izan zen Jose Horn eta Telesforo Monzonekin batera. Gainera Prieto asanbladako presidente modura aritu zen. Udaletxeetako asaldurak bat egin zuen urriko iraultzarekin. Prieto iraultzan leporaino sartuta zegoen eta Frantziara joan zen ihesi.

"Erruduntzat hartzen dut nire burua nire kontzientziaren aurrean, Alderdi Sozialistaren eta Espainia osoaren aurrean, iraultzaren mugimenduan parte hartu izanaren errudun jotzen dut nire burua. Errutzat hartzen dut, pekatutzat; ez loriatzat. Ez dut inolako ardurarik mugimenduaren sorrerari dagozkionez; baina ardura osoa dut mugimendua prestatu eta garatzeari dagokionez".(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Discursos en América. Con el pensamiento puesto en España, (México, D.F., 1944)

PSOE alderdiko zatiketa zentristan harrapatuta (ziur aski halaxe egongo ziren Fernando de los Rios, Luis Jimenez de Asua, Julian Zugazagoitia, etab.), agian iraultzak kitzikatu egingo zuen, Largo Caballero eta haren jarraitzaileek aldarrikatzen zituzten metodoek, nahiz eta Besteiro bezalaxe -halaxe dio Salvador de Madariagak España liburuan (Espasa Calpe, S.A. argitaletxea, Madril, 1979)- Prieto "aurrerapen soziala desio zuten errepublikanoen lankidetza adeitsuarekin (Azaña, besteak beste), politika aurrerakoi baten aldekoa izan". 1935ko urriaren 23an Espainiara itzuli zen isilpean eta 1936ko hauteskunde orokorretan Bilbon hautatu zuten berriz ere. Ziur aski Manuel Azañarekin adostasun batera iritsita, Niceto Alcala Zamora Errepublikako presidente modura kargugabetzea eskatu zuen Konstituzioa urratu zuela leporatuta, izan ere, parlamentua hirutan desegin zuen eta funtsezko legeak soilik bitan desegiteko baimena ematen zuen. Asmo horrekin Gorteetan proposamena aurkeztu eta onartu egin zen.

Urte horretako apirilean Estatutuetako Parlamentu-batzordeko presidente izendatu zuten. Batzorde hark Euskadiko Estatutua balioetsi zuen Araba ere barneratuta, horri esker, arauzko izapidearekin jarraitu ahal izan zuen. Azañak gobernuburu izatea proposatu zion Prietori, baina azken horrek alderdiaren baimena behar zuen.

"Prietok bere alderdiaren jarrera eta nolako babesa izango zuen jakin asmoz, kide parlamentari sozialistei Azañak egin berri zion eskaintza jakinarazi zienean Espainiaren patuak odolaren kolore gorria hartu zuen".(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Alfonso Carlos Saiz Valdivielso Prieto. Crónica de un corazón (Ed. Planeta, Barcelona, 1984)

Sei urte beranduago, hitz hauek erabili zituen proposamena zergatik ukatu zuen azaltzeko:

"1936ko maiatzean Azaña jaunak Errepublikako presidentzian gobernuburu kargua hartzeko egin zidan eskaintza onartu izan banu, altxamendu militarra eten egingo zatekeen. Modu horretan jarduten duten haiek nire izaera eta gauzak egiteko modua ez ezagutzeaz gain, ezjakinak dira are garrantzitsua den arlo bati dagokionez, Alderdi Sozialistaren jarrera tradizionalari dagokionez, hain zuzen, azkenik barne-demokraziazko sistema batek gidatzen duena. Boterea ez hartzeko nire erabakia onartzen ez duten haiek, zera gogoratu beharko lukete: eskaintza jaso baino ordu batzuk lehenago, talde parlamentari sozialistak errepublikanoen boterean ez parte hartzea erabaki zuela gehinegoz, nahiz eta gero hainbestetan gaitzetsi den lankidetza onartu zen, irailean, dagoeneko egoerak atzerabiderik ez zuenean. Halako baldintzetan nik gobernua hartu eta nire alderdiaren ordezkaritza duen parlamentuaren aurka egingo nuela uste izatea, nireganako eta Alderdi Sozialistarenganako erabateko ezezagutza izatearen adierazgarri litzateke. Nolakoak entzun beharko nituen une haietan, sozialisten talde parlamentariaren erabakiari muzin eginez, Azaña jaunak eskaini zidan boterea onartu izan banu?. Orduan ni izango nintzateke, eta ageriko arrazoiak direla medio, Alderdi Sozialista suntsitzearen arduradun bakarra; baina, horrez gain, Parlamentuan Alderdi Sozialistako ordezkari gehienen aurkako botoa jaso izan banu, jarrera horren aurrean, parlamentuaren arabera gobernatzekotan, eskuinaren babesa bilatu beharko nuke, ondorioz, desohorez mukuru nengokeen, eta modu saihestezinean, gaur egun, alderdikide guztien begietara eta, agian iritzi publiko gehiengoaren begietara gizon ziztrina izango nintzateke. Garai hartan, dagoeneko traidoretzat ninduten. Akatsa, beraz -aukera hau aprobetxatzen dut nire burua berresteko- ez zen nirea izan, akatsa konponketa ekiditu zuten haiena izan zen, nahiz eta gero gauza berbera onartu egoerak atzerabiderik ez zuenean" (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Alfonso Carlos Saiz Valdivielso Prieto. Crónica de un corazón (Ed. Planeta, Barcelona, 1984)

Sozialisten abstentzioa 1936ko irailaren 4ra arte luzatu zen. Egun horretan, Giralek dimisioa eman ostean, Largo Caballerok Prietorekin batera gobernua osatu zuen, Itsaso eta Aireko Ministerioko buru gisa. Egoera lazgarri horietan urriaren 1eko Gorte zeken batzutan onartu zen Euskal Estatutuaren azken testua idatzi zuela uste da. 1937ko maiatzaren erdialdean, kargua utzi eta Francisco Largo Caballerok hartu zuen haren lekua. Komunismoaren eragin nabarmena zuen Juan Negrin sozialista izendatu zuten kabinete berriko Defentsa Nazionaleko ministro.

Prietok Negrin nahieran menderatuko zuela uste izan zuen, baina oker zegoen, izan ere, Negrin Alderdi Komunistako presoa zen. Honek Prieto Negrin bezala menderatuko zuela uste izan zuen, hari esker baitzen Defentsa Nazionaleko ministro. Baina Prieto ez du inork menderatzen; aitzitik, guztiak menderatzea zuen berak helburu. Bere itzalak enbarazu egiten dio. Ez zuten elkar ulertzen. 37ko maiatzeko traizioa ez zuen baliatu; elkarri harrika aritzen ziren eta, bitartean, milizianoek bizitza ematen zuten askatasunaren eta independentziaren izenean". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Largo Caballero Mis recuerdos (México, D.F., 1945)

1938ko martxoaren amaieran, dimisioa eman zuen Teruel hartzeko ahaleginean izandako porrotaren ondorioak argudiatuz. Idatzi zuen Prietok:

"Presidenteak pesimista izatea eta jarrera horrekin ingurukoengan etsia sortzea leporatzen dit, gainera, nire arinkeriaren eraginez, mundu guztiak gerra galdutzat ematen duela dio ziurtasun osoz. Nik ez dut inorekin hitz egiten. Azkeneko Ministro Kontseiluan, presidentea eta Zugazagoitia bertan zirela Zuzendaritza Batzordean aipatu nuena errepikatu nuen; egoera okertzen eta larritzen ari zela, alegia. Bilkura hartan ni Defentsa Ministerioan egotearen aurkako kanpaina indartsu bat abiarazi zela jakinarazi nuen, eta idatziz adierazi nuenari jarraiki zera gaineratu nuen, inorentzat eragozpen izaterik ez nuela nahi eta hiru minutu aski zitzaizkidala nire kontuak konpondu eta kargua beste baten eskutan uzteko. Gogoan dut Negrinek pesimista ia goibela nintzela aipatu zuela, baina oker hori lan egiteko gaitasunarekin orekatzen nuela, eta horregatik, nik Gobernuan jarraitzea nahi zuela. Komunistei dagokienez, haien lankidetza beharrezkoa zela adierazi zuen, indar politikoa direlako, kanpora begira gehien laguntzen gaituztenak direlako, eta lankidetza horri uko eginez gero Errusiak luzatzen digun laguntza arriskuan jarriko litzatekeelako. Horrela jarraitu zuen: Prieto ezin dut Defentsako Ministeriotik kendu, esan dudan bezala, bere oker ikaragarriekin langile nekaezina delako, eta psikologikoki ere haren beharra dut. Hori esan zuen Negrinek orduan, eta laupabost eguneko epea nahikoa izan da Defentsan beharrezkoa naizenaz ohartzeko. Zer gertatu da? Negrinek argitu gabe uzten duen puntu iluna da. Baina, horrez gain, gure desadostasunak errotik abiatzen dira. Nik ez dut ministro apaingarri izateko balio, eta arrazoia agerikoa da, pentsatzen dudana gordetzen ez dakidala, alegia. Ez jakitea, ez hitz egitea, nire iritziekin erabakiak zalantzan ez ipintzea, Gobernuko kide izanik, horiek guztiak ezin zaizkit eskatu. Eta hala eskatzen didanak ezezko borobila jasoko du". (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Gerraren amaiera gertu zegoela, 1938ko amaieran berriro "ihes" egin zuen. Txinara bidaiatu zuen Espainiako Gobernuko enbaxadore ibiltari gisa, herrialde horretako presidentearen botere harrera ekitaldira. Bidaia hori Hispanoamerikako beste herrialde batzuetara joanez luzatu zuen, han-hemenka errepublika defendatuz. Gerra amaitu zenean, Alderdi Sozialistako Zuzendaritzaren jarraibideak jaso zituen, Mexikora joateko eskatuz. Vitako altxorraz jabetu zen eta Frantziara jo zuen sarritan, erbesteratutako errepublikanoekin harremanetan jarri eta Alemaniaren inbasioaren aurrean espainiarren ihesaldia kudeatzeko. Gehienetan Frantziatik Mexikora prestatzen ziren ihesaldi horiek, izan ere, han Lazaro Cardenasek eskuzabaltasunez hartzen zituen. II mundu gerra amaitu zenean itzuleraren itxaropena piztu zen. Baina frankismoak erbesteratuek nahi baino indar gehiago hartu zuen ordurako. 1945ko irailean lehenengo Gobernu Errepublikanoa eratu zen erbestean, Mexikon. 1946. urteko amaiera aldera, Nazio Batuen Erakundeak enbaxadoreak Madriletik urruntzeko aholkua eman zuen. Haien jarrera, ordea, pragmatikoa da: "Gure alderdia ez dago hemen, Espainian baizik".

1947ko irailean hainbat elkarrizketa izan zituen Londresen Gil-Roblesekin. D. Juanen aldeko monarkioekin ituna egiteko prest azaltzen da frankismoari aurre egingo zion bloke bat eratzeko asmoz, baina ez zuen akordiorik lortu CEDAko buruzagi ohiarekin (Gil-Robles). 1948ko abuztuan Donibane Lohitzunen (Lapurdi) finkatu zen. Han zegoela hainbat aberkideren bisita jaso zuen (Romanoneseko kondea, Marañon, etab.) frankismoa menderatzeko ahaleginean. Dena den, Mexikora itzuli zen bihotz arazoak zirela eta. Jarduera politiko eta sozial oro alboratu zituen; hala eta guztiz ere, PSOEko ordezkariek Tolosan (Frantzia) egin zuten bilkurara joateko adorea atera zuen. Era berean, Estatu Batuetako presidenteari, Kennedyri gutun gogorra idatzi zion Francoren erregimenari emandako laguntzaren aurrean bere kexa adieraziz. 1961eko abuztuan itzuli zen Frantziara azkenekoz, Alderdi Sozialistak erbestean ospatzen zuen kongresu batera. Mexikon hil zen 1962ko otsailaren 12an.