Novela

Ur uherrak (1993). Aingeru Epaltza

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Aingeru Epaltzaren (Iruñea 1960) narratibak, berrogeita lau pertsonaia zehatzen istorioetatik abiatuz, kolektibitatearen historia nagusiagoak kontatzen ditu, Sasiak ere begiak baditik (Elkar, 1986) nobelatik hasita. Ur uherrak (Pamiela, 1993) nobela ere dimentsio pertsonal eta soziologikoaren artean jauzika dabilen narrazioa da; pertsonaien istorio partikularrak kontatzen dituen eta kolektiboaren historia komuna azaleratzen duen eleberria da.

Bi pertsonaia nagusi ditu ardatz Epaltzaren eleberriak: Jazinto batetik, bertsolari edadekoa, porrota gainera etorri zaiona plazetan bezala bizitzan; eta Billie bestetik, Vietnamgo gerrako beterano baten alaba, azalaren kolore beltzak eta herritarren desberdinarekiko mesfidantzak zokora eraman duena. Izenik aipatu ez arren, Nafarroa Garaiko iparraldeko herri txiki bat du eszenatoki nagusi nobelak, eta hasieran bereiz dabiltzan Billie eta Jazintoren bizitzek eta istorioek bide komuna hartuko dute eleberriak aurrera egin ahala.

Billie eta Jazintoren bizitza partikular, xumeetatik abiatuz, kolektiboaren bilakaeraren, eta, zehatzago, kolektibo horren gainbeheraren lekukotasuna ematen digu nobelak. Xabier Mendigurenek liburuari eginiko kritikan zioen bezala: "Porrot pertsonal horrekin nahasian porrot kolektibo baten kontaketa ere bada eleberri hau" (Mendiguren, 1993).

Marginalitatea, bazterketa, zokoratzea... zer den ondo ezagutzen duten pertsonaiak dira Billie bezala Jazinto. Gizarte-egituren erdigunetik egotzitako pertsonaiak, periferiara kondenatuak: desberdina izateagatik Billie, garai berrietara ez egokitzeagatik Jazinto. Pertsonaia horiek aukeratu izanak, baina, Epaltzak egoera soziologiko (eta soziolinguistiko) zehatz batetik idazten duela islatzen digu. Areago, gizartearen barruan hizkuntza minorizatu eta baztertuan idazteak ematen dion egoera periferikoaren kontzientziatik egiten du literatura nafarrak. Nafartasuna, edo nafar eta euskaldun izatea, "datu soila baino gehixeago da" bere literaturan, Epaltzaren beraren hitzetan. Alde horretatik, Isaac B. Singer-ek (Epaltzak erreferentetzat duen idazlea) yiddishez mintzo zen kulturaren gainbeheraren lekukotasuna jaso eta unibertsalizatu zuen ber gisan, iruindarrak euskarazko kulturaren, desagertzeko bidean den kolektiboaren, lekukotasuna eman nahi du: "garbi dago denok hilko garela eta beharbada, herri gisa ere, hilko gara" (Epaltza, 1993)

Nafarroan euskalduna izateak dakarren izaera bazterrekotik idazten du Epaltzak, beraz, baina baita euskal literaturan nafarra izateak dakarren periferiatik ere. Gainera, idazleak horren kontzientzia garbia du, dialektalismorako, batzuetan txoko-hizkerarako duen joerak erakusten duenez. Oro har, euskara batuaren arauak eta legeak beteagatik, Nafarroako euskalkiaren kolorez janzten du egileak bere literatur hizkuntza. Uko egiten dio autoreak nagusi den euskara batu gipuzkera-kutsudunari, eta, horren ordez, nafartasuna, bazterreko izaera, onartzen eta aldarrikatzen du euskalkiaren bitartez. Garaiko irakurleek eta kritiko zenbaitek ez zuten begi onez ikusi Epaltzaren hautua, irakurleari gehiegi eskatzen ziolakoan (ik. Zubizarreta, 1993).

Nolanahi ere, hautu horren zergatiak jarrera etiko orokorrago baten baitan du lekua; hots, Epaltzak hitza ukatu zaien, ikustezin diren, gizaki eta gizataldeei eman nahi die hitza: Nafarroako mendialdeko euskaldunei, eta beren hizkeran egin dezaten utzi die, beren txokokeria guztiak (doaie, espetu...) nobelan jasoz. Hitza ukatu zaienei beren hizkeran egin dezaten utzi die egileak. Zehatz azaltzen du Olaziregik: "izaki ikusezin baztertuen mundu baten historia kontatu nahi izan digu Epaltzak. Eta egin zezakeen era bakarrean egin du, hau da, eleberrian haien hizkuntza eta estilo ahaztua, isildua transkribatzen saiatuz." (Olaziregi, 2002, 170)

Hizkeraren hautuak heldulekuetako bat idazlearen jarrera estetiko (eta etiko) zabal baten baitan badu ere, ez da arbuiagarria hizkuntz erregistro desberdinen erabilerak Ur uherrak nobelaren baitan jokatzen duen funtzio estilistikoa, izan ere, pertsonaia bakoitzari bere hizkera propiala egokitzean datza pertsonaien eraikuntzan Epaltzak lortzen duen sinesgarritasunaren eta maisutasunaren gakoetako bat.

Epaltzaren eleberriak dikotomia zahar aspaldiko bat berrirakurtzen du, hiriaren eta herriaren artekoa, berak bestela definitu nahiago duena: "Mendia eta ziutatea. Hiria eta landa. Mila literaturak jadaneko esploratu duten dikotomia. Badakit ez naizela bat ere orijinala. Beharbada, ñabardura soila baizik ez dut erasten erreserba eta ghettoa erraten diedanean. Ghettoa eta erreserba." (Epaltza, op. cit.) Hizkuntzak eta kultura bereziak eragindako zokoratzeak ghettora eta erreserbara kondenatu ditu, egilearen iritzian, euskaldunak Nafarroan. Bada, bi eszenatoki horiexek dira nagusi Ur uherraken.

Herri txikia da nobelako kokaleku nagusia, baina gatazka sozial eta politiko ugariren eszenatoki ere bada: herriko zinegotzi baten hilketak areagotuko eta larrituko duen gatazka politiko indarkeriazkoaren agerpenak ez dira-eta gutxi. Herrian eraikitako mikrokosmosak, bestalde, Euskal Herriko egoera sozial eta politikoaren isla jasotzen du, eta eskala txikian gatazka horren deskribapena egiten. Epaltzak ez du, beraz, gizarte estatikoa, idilikoa, tradizionala, irudikatu nahi izan: giza talde konplexu eta dinamikoa baizik. Herriari kontrajarririk, izenik gabeko Ziutatea izanen dute bizileku, Bille, Jazinto eta beste hainbat pertsonaiak bigarren atalean. Baina, hirian ere Herriko mikrokosmosaren erreplika bat izango du bizileku Jazintok, mendialdetik hirira bizitzera etorritako euskaldunez inguraturik biziko baita.

Tradizioa eta modernotasuna. Herria eta ziutatea. Billie eta Jazinto. Rocka eta bertsolaritza. Arrotza eta bertakoa. Liburua ardazten duten dikotomia nagusiak Billie eta Jazinto pertsonaiengan oinarritzen ditu egileak. Herriko giza talde tradizionala hiriari kontrajartzen zaio, baina kontrajartzeaz harago, bien arteko sintesiaren bilaketaren lekuko da nobela; alegia, isiltasunera kondenatutako kolektiboari irtenbide bat ematen dio Epaltzak liburuan: uztartzea, bateratzea, ezkontzea, Billieren rock taldean Jazintoren bertsoak txertatzeak sinbolizatzen duen gisan.

Lau atal nagusi eta epilogo labur batez osatua dagoelarik, Ur uherrak egitura paraleloez eta kontrapuntuez baliatuz osatutako eleberria da. Ispiluaren teknika baliatuz eraikiriko eleberria da Epaltzarena, izan ere, liburuaren bigarren erdian lehen erdiko egitura bera islatzen eta errepikatzen da; ez, baina, modu identikoan. Nobelaren erdiguneraino, 166. orrialderaino, bereiz doaz Billieren eta Jazintoren bizitzak; une horretan, baina, bat egiten dute bien patuek, ziutateranzko autobusa hartzean, eta une berean iragaten da bi atal nagusien arteko muga. 166. orrialdeko ispilua iraganda, lehen erdiko egituraren errepika aurkitzen du irakurleak: hirugarren atalak lehenaren egitura errepikatzen du, baina lehengoan bakarka zen bluesa hirugarrenean binaka da, Billieren eta Jazintoren bideek bat egin baitute. Antzera, laugarren atalak bigarrena ekartzen du gogora, baina ofizioka zen atalak puntuka du bere isla ispiluaz bestalde.

Egiturari eta fokuari dagokionez ez ezik, tonuaren aldetik ere izango lukete loturarik lehen eta hirugarren atalek, bai eta bigarren eta laugarrenek ere. Izan ere, lehen eta hirugarren kapituluetan, Billieren eta Jazintoren bizitzen gazi-gozoetan barneratzen gaitu idazleak, haien marginalizazioaren zergatien, haien iraganeko argilunen eta barneko ezinegonen berri emanez. Gainerako bi ataletan, baina, karikaturizaziora joz, ironiari zirrikitua zabaltzen dio Epaltzak, eta Herriko pertsonaien sartu-irtenek fartsa politikoaren traza ematen diote nobelari.

Nobelaren eraikuntza bikainak, pertsonaien karakterizazio apartekoak, mintzairaren maisutasun erabatekoak, edo dimentsio soziala eta indibiduala bateratzen asmatu izanak, euskal nobela garaikidearen gailurrean egiten diote lekua, ezbairik gabe, Ur uherraki.

  • EGAÑA, Ibon. "Ur uherrak" in KORTAZAR; Jon (zuz.) eta RETOLAZA, Iratxe (koord.) . Egungo euskal eleberriaren historia. Bilbo: EHU, 2007. 127-133 or.
  • EPALTZA, Aingeru. "Nola idatzi ghettotik?". Galeuzca. 1993. 22-25 or.
  • MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier. "Ur uherrak". Euskaldunon Egunkaria. 1993-07-11.
  • OLAZIREGI, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia. Bilbo: Labayru Ikastegia- Amorebieta-Etxanoko Udala, 2002.
  • ZUBIZARRETA, Patxi. "Noragabeturiko ibaiak". Egin. 1993-08-15.