Arquitectura

Santa Grazi Eliza

Santa Grazi eliza, Santa Grazi edo Urdatx (Zuberoa) herrian kokatua dagoen eraikin erromanikoa da (42° 59' 43" I, 0° 48' 35" M), eta Santiago bidea bertatik pasatzen da. X. mendean eraikitako kapera baten tokian, 1085 urtean Leireko abadetxearen aginduta eraikitakoa da. 1841eko urriaren 1ean Frantziako monumento historiko izendatu zuten.

Urdatx herrian Carlomagnoren garaian bazen Santa Madalena eliza bat, Santiago biderako erromesen ospital ere bazena. Geroago aldatu zitzaion izena, Santa Madalenatik, Santa Graziren izenera ondorengo kondairaren ondorioz. Izen hau, 300 urte inguruan Zaragozan martirizatutako birjinari dagokio. Konstantino handiak elizak eraikitzeko baimena eman zuenean, Zaragozan Santa Graizire omenez bat eraiki zuten, katedralean jaso zuten hildakoaren gorpua santutasunaren ohorearekin.

Kontakizunak dioenez, mendeetan zehar santuaren estatuak, era guztietako erlikiak jaso zituen, eta lapur batzuek, behatzetan zituen bitxiak ikusita, besoa lapurtu zioten. Frantziarako bidean Zuberoan, Urdaix basoan, ezkutatu zuten besoa, artzain batzuk bertan zezen bati belaunikatu ondoren, adarrak argitu egiten zitzaizkiola ikusita besoa aurkitu zuten arte. Eliza Santa Madalenari eskeinia egotetik Santa Grazi izena hartzera pasateaz gain, herria ere Urdatx izenetik Santa Grazi izatera pasa zen.

Aurretik zegoen kapera, 1085urtean Leireko abatetxearen aginduz, handitu egin zen, egun dagoen eliza eraikiz. Komendua ere eraiki zen XVI. mendeko erlijio gerrateetan su emanda, dokumentu zahar batzuekin batera kiskali zen arte. XIX. mendean zaharberritu zuten eliza.

Eraikina bere osotasunean erromaniko estilokoa da, eta gutxi gora behera 25 metroko luzera eta 19 metroko zabalera du. Simetrikoa den oin hau, hiru nabe paralelotan dago banatua, eta bakoitzak bere absidea du, hiruetan zabalena erdiko nabea da. Hiru absideak semizirkularrak dira oinean, eta hiruak labe ganga (esfera laurdena) banaz daude estalita, erdiko nabekoa da sakonena.

Hiru nabe hauek banatzen dituzten zutabeak gurutze greko sekziokoak dira, eta oinarri zirkularrak dituzte. Zutabe buruek arte erromanikoaren eta garaiko euskal estiloaren islada dira, eta irudi ugari dituzte, zaldi bat irensten duen monstruo bat, Errege Magoen gurtza eta Salome eta Sabako erregina besteak beste. Zutabe hauen gaineko arkuak puntu erdikoak dira.

Oin erregularrari kontrajarriz altxaera guztiz irregular eta berezia du. Bolumen honen arrazoia ingurune malkartxuan dago. Eliza muino txiki baten gainean dago, hegoaldera, nahiko aldapatxua da eta alde hontako hormak ez du ez kontrahormarik ez eta lehiorik ere. Iparraldean berriz malda nahiko xumea da eta bertan lau kontrahorma eraiki ziren; tamaina desberdinetakoak dira, handiena ipar-mendebaldekoa, sarrera albokoa da.

Hegoaldera eta iparraldera inklinatutako teilatua du elizak, aurrekaldean izan ezik. Bertan, iparraldeko hormatik hasika hegoaldean dagoen kanpandorrerarte teilatua igoz doa. Kanpandorre hori ez da hasiera batekoa, ez dago orduko kanpandorre erromanikoaren arrastorik, beraz ez dakigu nolakoa zen. Gaur egun dagoena, elizaren hego-mendebaldean dago kokatua eta atzekaldeak bezala bi aldeetarako teilatua du, 1600 urtearen inguruan eraiki zela uste da.

Sarrera inguruan, eta ipar Euskal Herrian askotan gertatzen den bezala, bi zatitan banatutako hilerria dago. Hilobi batzuk, elizarengandik gertuen daudenak pareta batzuen barruan daude kokatuta. Harrizko banku bat eta hegoaldera ematen duen lehiotxo bat dago bertan.

Absidearen pare eraikin errektangular bat dago, bertan dago sakristia 1864. urtetik, hasiera batetan aldare zentralaren atzean zegoen.

Elizako kapitelak arte erromanikoaren puntu gorenekoak dira, teknikari eta estiloari erreparatuz, 1150ean eginak direla diote adituek. Errege magoak eta Ama Birjina bezalako eliza-gaiekin batera, fantasiako irudiak ere agertzen dira, hala nola, zaldiak irensten dituzten monstruoak edo emakume kontorsionistak. Euskal kultura ere ageri da, horrela iparraldeko absidean, txirula bat ikus daiteke. Uste denez, gaur egun duten zentzu gabeko banaketari begiratuz, hasiera batetan beste nolabait jarrita zeudela, eta egindako eraberritze batetan tokiz aldatu zituztela.

Elizak, behin hilerria igaro ondoren, ipar nabetik du sarrera. Sarrera honek ere bi hormak eutsitako teilatu inklinatua du, elizaren teilatuari perpendikular, eta eliza osoan zehar bezala, sarreran ere arte erromanikoko aztarnak ditugu.

Aipatu dugun bezala, hainbat aldaketa eduki ditu eraikinak bere sorreratik egun arte, hala nola, kanpandorrea eta sakristia berria. Zaharberritze lan hutsa garrantzitsuena, Santa Grazi elizan bertan bataiatutako, eta garai hartan bertako apaiz zen Barthélemy Etchecoparrek bultzatuta, XIX. mendean egin zen. P. Meriméereren gidaritzapean eta estatuak eta fededunak emandako diru-laguntzekin eraman ziren aurrera lanak.

  • AGUIRRESAROBE, Iñaki [et.al.]. Lur entziklopedia tematikoa. Artea Gallarta: Lur argitaletxea 1997. 92 orr.
  • CUZACQ, René. Sainte-Engrace en Soule :étude historique et archéologique. Baiona: Imprimerie Paul Ducrot, 1966.
  • HARISTOY, Pierre. Antiquités du Pays Basque. Monographie de l'Abbaye de Sainte-Engrace. 1893.