Literatos

Olaizola Borda, Alaitz

Azpeitia, 1975.

Irakasle ikasketak eginda antzerki arloan aritu da, Antxieta antzerki taldean hasieran eta gero Azpeitiko Ikasberri ikastolan Lakrikun antzerki taldean.

Azken talde horretarako idatzi zuen bere lehen antzerki lana: Ez dira berdinak, antzekoak baizik. Ondoren ere, talde horrek taularatutako hainbat lan berak idatziak izan dira (Zereko zera..., Garalderem réquiem-a, Agoragofobiatuta, Maritxu nora zoaz..., Zintzilik...).

2001ean BBK kutxak eta Euskaltzaindiak antolaturiko Toribio Altzaga antzerki saria eskuratu zuen Zereko zerarekin... lanarekin (Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin, BBK, 2002). Igor Estankonak Deian (2002-10-29) eginiko kritikan obraren balioaz aparte idazlearen esperientzia eta abilezia azpimarratzen du:

"Genero batzuk bereziki egokiak izan ohi dira bizitzaren alderdi konkretu batzuk azaltzerako unean. Euskaltzaindia-BBK saridun honetan, dudarik gabe, genero eta mezuaren arteko ezkontza ideial bat dago. Euskal Herriaren jakintza teatroaren bidez eskaintzea da "Zereko zera_"ren arrakasta nagusia. Horretarako, noski, antzerkia menperatu behar da. Eta menperatu baino gehiago bizi egiten duela frogatu du idazleak. Talde desberdinetan antzezle gisa egindako beharra baliagarri izan zaio azpeitiarrari, duda barik."

Hiru urte beranduago, 2004ean, beste sari bat lortu zuen Olaizolak, Donostia Hiria saria Clitemnestraren itzulera antzerki lanarekin (Clitemnestraren itzulera, Kutxa, 2004); eta 2006an berriro irabazi zuen Toribio Altzaga saria Joanes. Itxaropenaren semea lanarekin: Joanes (itxaropenaren semea), BBK, 2007. Azken obra honen inguruan Javier Rojok honako hau zioen El Correo (2007-09-12) egunkarian:

"Bederatzi eszenatan banatuta dagoen lan honetan Joanesen bizitzaren bederatzi momentu desberdin azaldu nahi dizkie irakurle-ikusleei. Joanes pertsonaia berezia da, eta idazleak pertsonaia irakurle-ikusleen begietan maitagarria izatea nahi luke. Izan ere, idazleak irakurle-ikusleak pertsonaia horrek erakarrita senti daitezen nahi du. Bere mundu berezian bizi da pertsonaia, eta besteek nekez lortzen dute mundu horretara heltzea. Behin baino gehiagotan Forrest Gump euskaldun bihurtua begitandu zait pertsonaia hori."

Helduentzat idatziriko lan horiez gain, Alaitz Olaizolak haur eta gazteentzako hainbat liburu idatzi ditu, guztiak antzerki lanak eta Erein argitaletxeko "Antzoki txikia" bilduman: Non biziko gara? (2005), Txiukue (2005), Autobusaren zain (2005), Denboraren makina (2006), Torrepeko zaldunak (2009), Sekretuen lapurrak (2011).

Haurrentzako obrak izanik ere, oso ezberdinak dira arestian komentaturiko bildumako lanak, horrela Denboraren makina lanean "historian zehar egon diren pertsonaia ezagunenetako batzuk ezagutuko ditugu. Beraien azalean sartuko gara, beraietaz zerbait gehiago ikasiz" eta horren ondorioz Kleopatra, Galileo, Xabierko S. Frantzisko, Pokahontas, Mozart, Mary Shelley eta Charlie Chaplinekin egingo dugu topo. Autobusaren zain lanean, aldiz, arratsalde euritsu batean autobus geltokian elkartzen diren hainbat pertsonaiaren arteko harremanak erakusten zaizkigu. Txikue, berriz, Txina zaharrean dago girotuta eta alkate batek bere alaba (Txikue) senargai batekin ezkondu nahi duen arren, honek bestelako asmoa izango du. Torrepeko zaldunak lanean, azkenik, atzerritik etorritako bi zaldunen istorioa kontatzen zaigu, bata Galiziatik etorri eta Torrepeko inguruetan geratzen dena bizitzen; bestea Kataluniatik dator eta mendi horren beste aldean geratuko da. Bi zaldunak harrituta daude euskal mendi eta basoen edertasunarekin eta bakoitza bere aldetik herri banakako biztanleekin jartzen da harremanetan.

Ikusten den bezala tematika aldetik oso ezberdinak eta aberatsak dira proposamenak, antzezteko egokiak, baina baita irakurtzeko ere X. Etxanizek Torrepeko zaldunak obrari buruz Mugalari gehigarrian eginiko kritikan zioen bezala:

"Testua di-da batean irakurtzen da, elkarrizketek -ohikoa dena bestalde antzerki lanetan- ia testu guztia betetzen baitute; oso deskribapen gutxi daude eta egoerak pertsonaien adierazpenen bidez azaltzen dira. Gertaerak, gainera, badu interesa, irakurleak jakin nahi du zer gertatuko den bi zaldunen, bi herrien, artean; baina era berean, irakurleak istorioaren bi aldeak batera ezagutzean amaiera aurreikus dezake. Hala eta guztiz ere, testuak ez du interesik galtzen eta erraz eta gustura irakurtzen da."

Antzerki lan horiez gain, Alaitz Olaizolak baditu beste bi liburu gehiago, Azpeitiko kontuak eta komeriak (Azpeitiko udala, 2010) eta Mikel eta Mikela (Erein, 2010), azken hau "Ereineskatilak" bilduma barruan eta euskal haur literaturan ia-ia tabua den gai bati buruzko lana dugu: neska sentitzen den mutila batena.

Aipaturiko idazlan horiek guztiez gain, Azpitiko Uztarria aldizkariko kolaboratzailea ere bada Olaizola eta herri horretan bertan emakumeentzako antzerki lantegi batean animatzaile ere aritzen da.

  • ESTANKONA, I. "Aurpegien dantza". Deia, 2002-10-29.
  • ETXANIZ, Xabier. "Irakurtzeko eta jolasteko", Behinola 20, 2009, 53 orr.
  • ROJO, Javier. "Esaerak antzerkian". El Correo, 2002-10-16.