Museos

Nafarroako Museoa. Iruña

Museoa sortu zen 1910an, Nafarroako Monumentuen Batzordearen lanaren ondorioz, eta bere lehengo egoitza Nafarroako Comptos Ganberan egon zen, bilduma oraingo egoitza honetara ekarri zuten arte.

Historiaurreko aretoak beheko solairuan daude, bertan Paleolitotik Burdin Arora arteko objektuak aurkitu daitezkeelarik. Nafarroako kobazuloetan (Berroberria, Abauntz, Zatoia...), estazio megalitikoetan (Aralar, Urbasa, Artaxoa...) eta Burdin Aroko herrixketan (Alto de la Cruz, Castejón, El Castillar...) izandako indusketa arkeologikoetan aurkitutako piezak gordetzen dira hemen, besteak beste.

Garai erromatarra ordezkatzeko, Iruñeko Pompaelo, Arellano, Santacarako Civita Cara, Tuterako Soto de Ramalete edota Mendigorriako Andelos bezalako aztarnategietako piezak bildu dira, hala nola mosaikoak, arkitektura-zatiak, harri miliarioak, hilarriak, lanabesak, zeramikako tresnak, txanponak eta erabilera pertsonaleko osagaiak.

Erdi Aroari dagokionez, garai bateko Tuterako meskitaren materialak aurki daitezke, baita desagertutako Iruñeko katedral erromanikoarenak ere. Nabarmendu ditzakegu Esteban maisuak burututako kapitelak. Ikusgarria ere da Leireko bolizko kutxatila arabiarra, Cordobako eskolakoa. Pintura ere ongi irudikatua dago museoan, obra gotikoei esker batez ere. Aipatuko ditugu Iruñeko katedraleko klaustrotik ekarritako freskoak, Juan Oliver margolariak katedralerako egindakoak, Artaxoako Maisuarenak, Pedro Diaz de Oviedo San Andresen Martirioa, Artaxoako Roque maisuaren San Saturninoren Bizitza, Galipentzu Lehen eta Bigarren maisuen lanak, Olletako Lehen eta Bigarren maisuenak etab. Zilargintza lanetan, aipatu behar dugu Karlos III.aren Kaliza.

Errenazimenduko pintura ordezkatua dago Ramón Oscárizen tailerretik sortutako Setuaingo erretaularekin, Gaspar Becerra margolari espainiarraren Iragarkundearekin edota Luis de Moralesen Ecce Homo delakoarekin, besteak beste. Bereziki interesgarriak izan daitezke, hala ere, Orizeko jauregiko horma-pintura anonimoak. Eskulturgintzan, Juan de Anchieta gipuzkoarrak egindako San Jeronimo aipa daiteke. Barrokoari dagozkio Jacob Bouttats maisu flamendarrak egindako kobre-gaineko pinturak, baita Claudio Coello, Mateo Cerezo, Vicente Berdusan, Juan de Valdes Leal edota Luca Giordanoren obra batzuk ere.

Aro Garaikideari dagokionez, bilduma interesgarria ere gordetzen da hemen. Garrantzitusena, seguru asko, izan daiteke Francisco de Goyak margotutako San Adriango Markesaren erretratu bikaina. Honetaz aparte, bertako maisuen lanak daude, hala nola Salustiano Asenjo, Inocencio Garcia Asarta, Andres Larraga, Nicolas Esparza, Javier Ciga, Miguel Perez, Gustavo de Maeztu, Jesus Basiano, Ignacio Echandi, Julio Briñol edota Julio Martin Caro. Eskulturgintzan Moises de Huertaren lanaren bat ikus daiteke, baita Jorge Oteiza eskultore gipuzkoarraren lan batzuk ere.

  • A.A.B.B.: Museo de Navarra. Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1989.
  • A.A.B.B.: Pamplona. Guía de Arquitectura. Iruñea, Colegio de Arquitectos Vasco-Navarro. Delegación de Navarra, 1994, 38-39 orr.
  • ARAZURI, J.J.: Pamplona, calles y barrios, III. tomoa. Iruñea, autorearen edizioa, 1979, 174-179 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V tomoa, Merindad de Pamplona, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1997, 415-423 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 246 y 251 orr.