Ikastolas

Iñigo Aritza Ikastola

Altsasu

Iñigo Aritza ikastola Altsasun kokatua dagoen arren bere barnean zonaldeko haurrak jasotzen ditu, Olatzagutia, Urdiain eta Ziordiako ikasleak batik bat. Herri hauetan ikastolak jaio baziren ere aipamen berezi bat merezi du Olatzagutiako Ikastolak, berau izan baitzen Nafarroan ireki zen lehenetariko Ikastola. 1969ko irailean hasi zen ikasturtea, Mikele Aierdi andereño zelarik. Beste bi emakumek merezi dute baita aipamen berezi bat, Josefina Agirrek, maistra bertan, eta Milagros López de Goikoetxeak. Etxez etxe joan ondoren hogeita hamar bat haur bildu ahal izan zuten. Aukeratutako tokia, erabiltzen ez zen "Eskola Nazionaletakoa" izan zen.

Bi urte pasa ondoren Altsasun bertan hirukote batek, Antonino Urtasun, Pablo San Roman eta Ramón Mendia, J.M. Satrustegi apaiza euskaltzaleari ikastola irekitzeko proposamena mahairatu zioten. Honen aholkua talde handiago bat bildu behar zela izan zen. Altsasuko Elkarte guztiekin harremanetan jarri eta "Ikastolaren adiskideen" zerrenda osatu zen.

Horrela, 1971ko uztailaren 11n egin zen Udaletxeko musika aretoan bilera bat, zenbait guraso eta ikastolaren aldeko lagunen artean. Bertan erabaki zen ikastola martxan jartzea, baimena "Principe de Viana" erakundeari eskatuko zitzaion, Enrique Ochoa de Aribe (zinegotzia) izan zen eramailetzat hautatua.

Udara horretan bertan anitz izanen dira eginen diren bilerak, bai udaletxearekin gela bat bilatu asmoz bai bestelako antolakuntza gaiak zehazteko helburuarekin. Hasiera horretan "Altsasuko Ikastola" izenaz ezagutu zen eta lehen gelak San Juan kalean 56an zegoen etxe-azpian egokitu ziren, Mikele Aierdi, Altsasuko Ikastola ireki bezain laster, hara aldatu zen bertako lehendabiziko andereño izan zelarik.

Urte hartan, banketxe, denda, ostatu eta lantegiei diru-laguntza eskatu zitzaien eta Altsasuko Ikastola izenpean, 7.000 pezetako diru-kontu bat ireki zen Nafarroako Aurrezki Kutxan, ikastolaren alde "Lagun Onak" Elkarteak emanak.

Adin desberdinetako hamabost edo hogei haur izan ziren Ikastolari hasiera eman ziotenak. Zenbait jendek, nahiz eta haurrik Ikastolan ez izan, beren hileko kuotak ordaintzen zituzten eta bileretako partaide ziren. Hezkuntza eredua, euskara batua, erlijioa eman behar zenentz izan ziren garai hartako eztabaida luzeak partaideen artean.

1974ko azaroaren 15ean idatziko da lehendabizikoz Sakana bailararako ikastola bakar bat eraikitzearen aipamena eta "San Miguel de Aralar" gurasoen kooperatiba osatu zuten. Lehendabiziko eraikina Altsasun, Udalak eman zien "Basomutur" izeneko landan egin zuten. Lehen Nafarroa Oinez bertan ospatu zen 1981ean. Irakaskuntzako derrigorrezko mailak, hots, sei urtetik gorakoak legeztatzea izan zen handik aurrera gurasoen erronka. Foru Aldundiak berak ere, ikastola edo euskarazko irakaskuntzari legezko irtenbideren bat emateko Madrilen gestioren batzuk burutu arren ere, behartu egiten zituen Ikastolak, Hezkuntza Lege Orokorrera egokitzen. Halaxe jarraitu zuten ikastola askok Nafarroako Foru Aldundiak ikastoletako derrigorrezko ikasketei bere onarpena 1990an eman zien arte. Gaur egun hortxe darrai Iñigo Aritza ikastolak, 0-16 urteko hezkuntza mailak eskainiz sakanako irakaskuntzan erreferente delarik.

Ver versión en euskara.