Revistas

Idatz & Mintz

Bilbo, 1981-...

Labayru Ikastegiaren ekimen modura kaleratu zen Idatz & Mintz. 1977an sortutako Ikastegian alor asko lantzen zituzten (ikerketa, irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabileraren normalizazio planak, etnografia,...) eta sorkuntzari lekua egin behar zitzaiola argi ikusi zuten. Hizkuntza eta literatura ikasi ez ezik erabili eta sortzea ezinbestekoa zela iritzita, betiere harrobia landuz, Labayruren zeregin nagusia jendea prestatzea eta gertatzea zen, "dakigunetik ez dakigunera" goiburuari jarraituz.

Idatz & Mintz literatur aldizkariaren 1. zenbakia 1981eko abenduaren 3an aurkeztu zuten Bilbon, Xabierreko Frantziskoren egunean hain zuzen ere, euskararen zaindariaren egunean.

Leopoldo Zugazari zor zaio diseinua eta grafismoa eta bera arduratu zen hasiera-hasieratik aldizkariaren maketazioaz, irudiez eta atontze guztiaz (azken aldean Ikeder taldearen bitartez). 36 orrialdeko 1. zenbakiaren formatua berritzailea izan zen (22,2x21'3), laukidun itxurakoa. 1500 ale inguruko tirada Bizkaia aldean banatu zen batik bat. Maiztasunari dagokionez, urtean bitan kaleratzen ahalegindu ziren, nahiz eta etenaldi batzuk izan zituzten, 1990tik 1996ra bitartean bereziki. Salmentaz eta harpidetzaz gain, Caja de Ahorros Vizcaína lehenengo, eta gero BBKren diru-laguntza izan zuten. 2001etik aurrera, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuten.

Hasiera batean, bizkaieraz idazten zuen jendeari eta Ikastegiaren gertukoei luzatu zien parte hartzeko gonbitea. Euskara eta euskal kultura zabaltzeko beharra eta kezka nabarmena zen eta giro hori areagotu egin zen Derioko Udako Ikastaroen inguruan; ondorioz, Bizkaian ez ezik Euskal Herri guztian izan du presentzia Idatz & Mintzek, nahiz eta kolaboratzaile gehienak bizkaitarrak izan.

1. zenbakiaren eragile nagusien artean Adolfo Arejita (aldizkariaren lehenengo zuzendaria), Jesus Antonio Etxezarraga, Jon Kortazar, Jesus Mari Agirre eta Leopoldo Zugaza aipatu beharko genituzke. Ondorengo zenbakietako erredakzioan, aipatutako eragileez gain, Miren Agur Meabe, Andres Urrutia, Lourdes Unzueta, Jabier Kaltzakorta, Asier Astigarraga eta Igone Etxeberria (1990tik aurrera berak hartu zuen gidaritza) aritu ziren sasoi ezberdinetan. Kolaboratzaile finkoak dituzte eta horrek eman izan dio kohesioa aldizkariari hainbeste urteetan zehar, halako lotura edo egituraketa bat: Iñaki Sarriugarte, Ritxi Lizartza, Arantza Etxebarria,... Eta gero noizbehinkako kolaboratzaile andana bat.

Tinko eutsi diote hasierako asmoari, hau da idazle berriei euren lanak argitaratzeko eta irakurleei, berriz, batez ere Bizkaiko irakurleei, gaur egun egindako lanak irakurtzeko aukera ematea, bereziki bizkaieraz, bide batez Ikastegiko ikasleei ereduak eskainiz. Dena dela, euskara batuan edo beste euskalkiren batean idatzi duenak lekua izan du betidanik Idatz & Mintzen.

1. zenbakiak ez zekarren editorialik baina bai atariko bat, Mikel Zarateren Ipuin antzeko (Gero, 1975) liburuko "Idatz eta Mintz" alegia hain zuzen ere. Alegi horretako izenburutik hartu zuen aldizkariak berea (juntagailu anglosaxoia erabiliz) eta alegian bertan topa genezake aldizkariaren xedea. Narrazio hartako pertsonaiak, Idatz eta Mintz anaia siamesak, banandu ostean ezinean hil egin ziren, bata momia bihurtuz eta bestea ustelduz eta deseginez. Mikel Zarateren euskararekiko beldur hura eta abisua berreskuratuz, euskal literatura indartzeko asmoarekin abiatu zuten aldizkaria, idazle zaharrak ahaztu gabe idazle gazteei plaza bat eskainiz eta Euskal Herritik kanpo egindako literatura kontutan harturik. Ahozkoa eta idatzia eta lehengoa eta oraingoa uztartzen saiatu izan da beti Idatz & Mintz.

Aldizkariaren azpizenburua ere esanguratsua da, "Literatur atalen sorta", eta aldizkariaren definizioa osatzeko balio du, literatur mota asko batzen dituen aldizkaria baita Idatz & Mintz.

Lehenengo zenbakietan literatura ez ezik beste arlo batzuk ere kontutan izan zituzten, hala nola artea (Maya Agiriano), musika (Juan A. Zubikarai), argazkia (Pedro Zarrabeitia), hitzaldiak,... Kultura zentzu zabalago batean eskaini nahi izan zuten. Laugarren zenbakitik (1982) aurrera, literaturara mugatu zen aldizkaria.

Literaturaren alorrean aldizkari eklektikoa izan da Idatz & Mintz. Gaur egungo aldizkaria da baina lehengo garaiei lekua utziz. Aldizkarian beti berreskuratu izan dute garai bateko idazleren baten testua (Zamarripa, Larramendi, Mateo Zabala, Otxolua, Aurre-Apraiz, Azkue,...). Atal finkoa izan du, hasierako testua aspaldian idatzitakoa izan ohi da. Herri-literaturari zuzendutako "Ahorik Aho" atalak ere bere tartea dauka. Bertan ahotik belarrira emandako bertso, kanta, errefrau eta baladak herri ondaretik batu dituzte, horietako asko ezezagunak. Hasiera baten Adolfo Arejita arduratu zen nagusiki atal horretaz, baina gero Jabier Kaltzakortak eman zion jarraipena. Dena dela, sorkuntza da aldizkarian lekurik gehien hartzen duena. Aldizkarian narrazioa da nagusi, nahiz eta poemak eta bertsoak ere ageri diren eta tarteka baita antzerki-lanen bat ere. Saioek eta literatur kritikek ere badute presentziarik.

Aldizkariak zenbaki jakin batzuetan gehigarriak atera zituen. Aldizkarian argitaratzeko luzeegiak eta autonomia eta osotasun nabarmena izanik, aldizkariarekin batera gehigarri moduan banatu zituzten. Dagoeneko hamabost argitaratu dituzte, azkena 2010ean. 1982an kaleratu zuten lehenengoa, 3/4. zenbakiarekin batera; Li Po VIII. mendeko poeta txinatarraren hainbat poemen itzulpenak plazaratu zituzten, Joseba Sarrionandiak euskaratuak.

Atal finkoa izan ez arren, itzulpenek bazuten garrantzia aldizkarian, Ikastegian itzulpen mintegi bat eta itzulpen zerbitzua baitzeukaten eta itzulpen ikastaroak ere ematen baitzituzten. Horrek eragina izan zuen aldizkarian.

1. zenbakitik, "Idatz & Mintz Literatur lehiaketa" ere osagai nagusi bat izan zen; idazle berrientzat amu moduko bat. Bizkaiko idazle askoren plaza eta plataforma bihurtu zen: Jon Arretxe, Miren Agur Meabe, Unai Elorriaga, Laura Uruburu, Roberto Mielgo, Lourdes Unzueta, Andres Urrutia, Edurne Urkiola, Xabier Artiagoitia, Jabier Kaltzakorta,... Hamalau deialdi egin ondoren, bide hori emankorra ez zela erabaki zuten eta bertan behera utzi zuten lehiaketa 1999an. Lehiaketa akuilu bat izan zen idazle berriak idaztera bultzatzeko eta idazten jarraitzeko.

Labayruren argitalpenen artean "Galburua" liburu-bilduma (1986-2006) ere aldizkariari lotutako emaitza bezala ulertu beharko genuke. Behin aldizkarian hiruzpalau narrazio argitaratu ostean edota lehiaketan sariren bat lortuta, horiekin eta egilearen beste batzuekin liburua argitaratzeari ekin zioten. Sorta horretan hamasei liburu argitaratu dituzte. Egileen artean, lehen aipatutakoez gain, Julen Arriolabengoa, Jesus Eguzkitza, Yolanda Elorriaga, Javier Gorostiza, Jon Arego eta Alvaro Rabelli aipatu beharko genituzke, besteak beste.

Idatz & Mintz irakurri ez ezik entzun ere egin ahal izan zen. Bizkaia Irratiarekin batera, Labayru Ikastegiak ikasturte bitan egin zuen astero-astero "Idatz eta Mintz" irrati-saioa. Literaturarekin zerikusia zuten gaiak zabaldu zituzten 1997-98 eta 1998-99 urteetan: testu irakurketak, literaturari buruzko berriak, elkarrizketak,...

Oraingoz, Idatz & Mintzen hogeita hamaika urteko ibilbide oparoan berrogeita hamahiru ale kaleratu dituzte eta ia berrehun idazleen lanak plazaratu.