Políticos y Cargos Públicos

Esnaola Etxeberria, Iñaki

Iñaki Esnaola Herri Batasunako mahai nazionaleko kide ohia eta ofizioz abokatu da. 1970 eta 1980. hamarkadetan Juan Maria Bandresekin batera euskal presoen inguruan egindako lanagatik eta 1989ean Madrilgo Alcala Hotelean jasandako atentatuagatik egin zen ezagun. Legebiltzarkide eta parlamentaria izan zen, harik eta 1990.hamarkadan politikagintza erabat utzi zuen arte.

Iñaki Esnaola Etxebarria 1948an jaio zen Deban (Gipuzkoa). Lanbidez abokatua, Frankismo garaiko azken urteetatik 1990. hamarkadara arte euskal naiz Estatu mailako politikagintzan izandako ibilbidearengatik da ezaguna. Denbora tarte hartan Herri Batasunako mahai nazionaleko kide eta koalizioaren bozeramaileetako bat izan zen. Koaliziotik hainbat alditan aurkeztu zen hauteskundeetara; hiru bider Espainiar parlamentuko diputatu aukeratu zuten (1982, 1986 eta 1989an) eta beste bitan Eusko Legebiltzarkidea izan zen (1980 eta 1990). Euskal Legebiltzarrerako lehendabiziko hauteskundeetan, Herri Batasunaren zerrendetan aurkeztu eta lortutako legebiltzarkide kargua 1982ra arte mantendu zuen, hauteskunde orokorretara aurkezteko dimititu zuelarik. Hauteskunde haietan ere, aukeratua izan zen, baina orduan Herri Batasunak espainiar sistema politikoan parte hartzeari uko egin ostean, ez zuen legealdian parterik hartu.

Esnaola, bere abokatu lanari esker, Frankoren gobernuaren azken urteetatik eta politikagintza utzi arte, euskal presoen defentsan aritu zen, hasieran Bandres abokatuaren bulegoko kide bezala eta 1974tik aurrera bere bulegoarekin. Bandresekin batera, Trantsizioko lehen urteetako amnistiaren aldeko mugimenduko figura garrantzitsua izan zen, ETAko zenbait kideren amnistiak negoziatu eta haiek birgizarteratzen lagundu zuelarik. Gobernuaren eta presoen arteko "bitartekari"1 lan hori burutzeko, Suarez presidentearekin eta Manuel Fragarekin batzartzera iritsi zen. Batzar haien helburua, Burgoseko prozesutik kartzelan geratzen ziren azken presoak kartzelatik ateratzeko, Gobernu espainiarrak asmatu berri zuen erbesteratze figura juridiko berriaren inguruan negoziatzea izan zen.

Politika munduan 1974an sartu zen eta 1978an Herri Batasuna sortzeko prozesuan parte hartu zuen. Behin Herri Batasuna sortuta, 1980.hamarkadan, Esnaola koalizioaren bozeramailea eta aurpegirik ezagunenetako bat izan zen. 1883an esaterako, Carlos Garaikoetxea lehendakariak alderdi politiko ezberdinekin (PSOE, EAJ eta HB) egindako errondan Itziar Aizpuruarekin batera HBren bozeramaile lez joan zen Ajuria Eneara.

1970 eta 1980ko hamarkadetan ezkerreko euskal abertzaletasunak jasan zuen errepresioa Esnaolak berak ere zuzenean bizi izan zuen. Hiru aldiz atxilotu zuten: 1975ean, 1978an eta azkena 1981eko urrian, ETAko kide izatea leporatuta, baina kargurik gabe aske utzi zuten berehala.

1989an, hauteskunde orokorrak ospatu eta Esnaolak hirugarren aldiz Kongresurako hautagaitza lortu zuen. Azaroaren 21ean ospatu behar zen parlamentuaren irekiera saiorako azken prestaketak egiteko, Herri Batasunako ordezkariak Madrilgo Alcala hotelean bildu ziren aurreko egunean. Hoteleko gune erreserbatuan zeudela, burua estalita zeramaten espainiar eskuin muturrarekin erlazionatutako bi kide sartu ziren euskal ordezkarien aurka tiro eginez. Tiroek Esnaola bera, Jon Idigoras eta Josu Muguruza jo zuten, azken honen heriotza eraginez. Esnaola larri zauritu zuten eta hilzorian eraman zuten Gregorio Marañon ospitalera. Ez da gertatutakoaz ongi gogoratzen, afaltzen ari zirela "bat-batean" bere aurrean gizonezko bat ikusi zuela bakarrik, baina dena "oso azkar" pasa zela dio2. Hamar egun inguru egin zituen ospitalean eta bere osasun egoerak onera egin zuenean Euskal Herrira itzuli zen.

Atentatuak eragin zizkion ondorio fisikoetatik sendatu eta gero, 1990eko urrian Kongresuan zuen karguari uko egitea erabaki zuen Esnaolak, eta bere lekua Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusi ohiak hartu zuen. Urte hartan, legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu eta berriro aukeratua izan zen.

Talde armatuaren eta Gobernu Zentralaren arteko elkarrizketen aldekoa izan zen beti Esnaola, euskal gatazkari irtenbide bat emateko soluziorik egokiena hura zela ikusten baitzuen. Madrilgo atentatuak bere politikagintzan eraginik ez zuen izan, baina bai Herri Batasunaren barnean ETAren sueten baten aldeko jarrera defendatzeak. Jarrera honek, ez zuen mahai nazionaleko kideen artean adostasunik lortu eta kritika handiak jaso zituen. 2008ko elkarrizketa batean aipatu zuenez, kritika haiek "momentu txarrak" igaroarazi zizkioten, orduan ez baitzegoen HBren barruan egiten ari ziren aldaketekin ados, baina "gainditu beharra izan zuen, eta gainditu zuen"3. Hori zela eta 1991ko apirilean legebiltzarkide karguari uko egin eta politikagintza ofizialetik erretiratu zen.

Egun Donostian bizi da eta abokatu lanetan jarraitzen du bere Donostiako bulegoan.

1Iñaki Esnaolari egindako elkarrizketa, 2012ko azaroaren 14an, Donostian.

2Iñaki Esnaolari egindako elkarrizketa, 2012ko azaroaren 14an, Donostian.

3Argia, 2008ko iraila.