Revistas

Oh! Euzkadi

Donostia, 1978-1983

Ustela aldizkariaren azken bi aleak (1976ko Zorion Ustela eta Mermelada Ustela) gidatu zituzten Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak "Baietz astea gaizki bukatu" saila abiatu zuten Zeruko Argian 1977ko irailaren 4an. Literatur kazetaritza egin zuten 1978ko maiatzaren 14ra arte 29 artikulu eta 5 elkarrizketa plazaratuz. Oh! Euzkadi izango zenaren hazia erein ostean, bikote horrek bultzatuta, 1978ko azaroan manifestu-tankerako izenburu bereko orri handi bat kaleratu zuten Donostian (aldizkaria beraren 0. zenbakia). Forma aldetik, plegatutako triptiko bat zen (42x60), erdian orrialde solte batekin (19x41). Juanba Berasategik diseinatutako eta marraztutako orriari Oh Euzkadi deitu zioten (harridura-markarik gabe). Izenburutik hasita, ironia, umorea eta probokazioa nagusi ziren. Euren esanetan, izenburuko "z" hizkiak "euskaldunon izpiritu desnegoziatzaile boluntariosoa" besterik ezin zezakeen sinboliza.

24 lagunek sinatu zuten orria, "beren armak estreinatzen dituzten firma gazteek zenbait abenturero zaharren artean": Jokin Ansorena, Josetxo Lizartza, Maripi Solbes, Ramon Etxezarreta, Lurdes Oñederra, Ramon Saizarbitoria, Pello Lizarralde, Izaskun Egia, Jon Casenave, Juan Martin Alegria, Gotzon Egia, Bernardo Atxaga, Joxe Austin Arrieta, Joxean Muñoz, Koldo Izagirre, Joxan Elosegi, Periko Balerdi, Iñaki Bidegain, Juan Jose Lasa, Joseba Sarrionandia, Pitu, Jesus Maria Lasagabaster, Koldo Zufiria eta Juanba Berasategi (maketa).

Bi arrazoirengatik argitaratu zuten: batetik, orriaren atzealdean aurrezki kutxaren iragarkirik azaldu gabe argitaratzea posible ote zen ikustearren eta, bestetik, idazle berrientzat plataforma bat lortzeko, betiko izenak betiko argitalpenetan agertzen baitziren. Eta argi utzi zuten aldizkaria ez zela inoiz herriarena izango.

Ia bi urte pasatu behar izan ziren aldizkaria kaleratu zutenera arte. Aurrez, 1979ko ekainaren 03an Zeruko Argiara bueltatu ziren Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria "Oh! Euzkadi" izeneko sail berriarekin. Oraingoan eszeptikoagoak zirela zioten eta hala iragarri lehenengo artikulu hartan: "Saiatuko gara noizbait idatzi genuen leihoaren metafora ahalbait zabaltzen, maketaz gainera, aire, haize, zurrunbilo, terrala eta zirimola guztiek geure mahai zaharretako paper zaharrak berri ditzaten." Hiru hilabetez iraun zuten, urte bereko azaroaren 11ra arte hain zuzen ere. Euren testuekin batera, gero aldizkarian arituko ziren hainbat gonbidaturen kolaborazioak bildu zituzten, hala nola Ramon Etxezarreta, Gotzon Egia, Mikel Hiribarren, Gabino Arsuaga, Pello Lizarralde, Juan Martin Alegria, Jon Casenave, Ladix Arrosagarai, Ermi Madariaga, Maripi Solbes eta Juan Jose Lasarenak.

Diktaduraren garaitik ustezko askatasun egoera batera pasatzeak zapuztuta utzi zituen orduko idazleak, eskaini zitzaiena ez baitzen benetako askatasuna izan, inongo hausturarik gabeko jarraipen epel bat baizik. Oh! Euzkadi taldeak, erreakzio modura, aldizkari literatur-politiko-kulturala jarri zuen martxan. Ikonoklasta izatetik kontestatario izatera pasatzea eta errealitatea politiko bati erantzutea izan zen euren helburua. Borroka ideologikoa egin beharra zegoela iruditzen zitzaien baina estetika jakin bat bermatuz.

Testuinguru horretan, "Gu gara alternatiba, alternatiba posible eta inposible bakarra, frente kulturala, kultur bekokia, frontea. Konplejorik gabeko kultur lotsagabe serio baino ez aspergarri, koherente baina ez monolitiko baten aukera" editorialeko mezuarekin abiatu zuten Oh! Euzkadiren 1. zenbakia 1980ko maiatzean. 1978ko manifestuko zortzi sinatzailez gain (Jokin Ansorena, Gotzon Egia, Ramon Etxezarreta, Koldo Izagirre, Josetxo Lizartza, Joxan Muñoz, Lurdes Oñederra, Ramon Saizarbitoria eta Juanba Berasategi) beste hiru fitxaje berri ere (Anjel Lertxundi, Ibon Sarasola eta Arantxa Urretabizkaia) arduratu ziren aldizkariaren 1. zenbakia plazaratzeaz.

Lur argitaletxea babesle zutela (bere gain hartzen zituen gastu guztiak), Inguru S.A.k argitaratu zuen 32 orrialdeko (21x28,5) aldizkaria. 75 pezetatan saldu zuten. Juanba Berasategirenak ziren maketa eta marrazkiak eta idazlanek ez zeramaten sinadurarik kolektiboaren izpiritua gordetzearren. Horrela izan zen 6. alera arte (1980ko abendua). Erredakzio taldean ez zen gorabehera handirik egon 16 zenbakietan zehar: Jokin Ansorena, Gotzon Egia, Ramon Etxezarreta Koldo Izagirre, Josetxo Lizartza, Joxan Muñoz eta Ramon Saizarbitoria ia ale guztietan aritu ziren; Lurdes Oñederra, 1. zenbakian soilik, Arantxa Urretabizkaia hiru aletan eta Ibon Sarasola eta Anjel Lertxundi, berriz, bost aletan. 8. zenbakian (1981eko apirila) egin zuen kolaborazioaren ostean, 9. zenbakitik (1981eko maiatza) aurrera, Mikel Hernandezek ale guztietan parte hartu zuen; bestalde, partaidetza berezia izan zuten Josu Zabaletak eta Joxan Elosegik 10. (1981eko ekaina) eta 13. zenbakietan (1981eko abendua), hurrenez hurren. Joxe Azurmendiren presentzia aldizkarian ohikoa izan zen, sei aletan kolaboratu baitzuen. Kolaboratzaile andana izan zuen aldizkariak: Iñaki Zabaleta, Jon Casenave, Iñaki Zubizarreta, Jesus Diaz, Joseba Sarrionandia, Josu Landa, Txillardegi, Mikel Atxaga, J.M. Otermin, Joxe Mari Urteaga, Iñaki Uria, Garikoitz Zabala, Karlos Santisteban, Xabier Montoia, Amatiño, Pablo Sastre eta Jon Lariz, besteak beste.

Poemak edo ipuin laburrak argitaratu zituzten, baina kritika-lanek eta saioek osatzen zuten gehienbat aldizkariaren edukia. Itzulpenak ere tartekatu zituzten, hala nola Pete Sinfield, Miguel Sánchez Ostiz, Leonard Cohen, T.S. Eliot eta Baudelaireren poemak edota Rafael Sender, James Joyce, Albert Camus eta Peter Weissen narrazioak. Dena dela, aldizkariak bazuen altxor bat bere baitan, "Solasean" saila alegia. Euskal kulturako pertsonaia bereziekin elkarrizketa luze eta sakonak egin zituzten testigantza historikoak eskuratuz. Elkarrizketatuen artean zeuden Nemesio Etxaniz, Pedro Berrondo, Nikolas Alzola "Bitaño", Juan Ignazio Goikoetxea "Gaztelu", Anizeto Zugasti, Patxi Ondarra, Jorge Riezu, Plazido Mujika, Salbador Zapirain "Ataño", Manuel Lekuona, Santi Onaindia eta Jose Manuel Estonba.

Edukiaz gain, formak berebiziko garrantzia izan zuen Oh! Euzkadin. Diseinua asko zaindu zuten eta argazkiek eta marrazkiek protagonismo handia izan zuten. Xabier Agirresarobe izan zen argazkilari ofiziala azkenaurreko alera arte; azkenekoan Txema Ormazabalek hartu zion lekukoa. Marrazkilariei dagokionez, asko izan ziren aldizkaria ilustratu zutenak: Juanba Berasategi, Joxean Muñoz, Pedro M. Aiestaran, Antton Olariaga, Xabier Laka, Jesus Lukas, Ion Etxebeste, Iñaki Aiestaran, Ramon Sanchez eta Ana Ugarte.

Intelektualegitzat jotzen zuen zenbaitek aldizkaria eta serioegia eta ulergaitza beste batzuk. Aldekoak eta kontrakoak izan zituzten. Oh! Euzkadiren asmoa gertatzen ari zenari lotuta zegoen eta gertatzen ari zenari buruz kritika eta gogoeta egitea zen bere xedea. Kritika eta debate kulturalerako aldizkaria zen. Gertaerak kalibratzeko bazuten ideologia konkretu bat, ezkerreko ideologia politiko bat. Heterodoxoak ziren baina ortodoxia baten barruan. Gizartean sektarismo handia zegoen garai hartan eta gai batzuk ukiezinak ziren. Taldekoen artean tirabirak izan ziren gai batzuen tratamendua zela eta, biolentziaren aurreko posizionamendua adibidez, eta horrek eragin zuen aldizkariaren amaiera. Urtebeteko etenaren ostean, alearen ardura Gotzon Egiak bere gain hartu ostean, atera zuten 1983ko martxoan 16. zenbakia eta azkena.