Aitzin Aroan ez zen irakaskuntzarekin lotura zuzena zuen eraikinik gauzatzen. Irakaskuntza jasotzeko eskubidea zutenek jauregitan garatzen zuten jarduera, edo garai klasikoaren kasuan bezala zuzenean kalean, agoran greziarren kasuan edo foroan erromatarren garaian. Kristau elizak jarduera horien erantzukizuna hartu eta bereganatu zuen heinean -eta mende luzetan zehar monopolizatu-, irakaskuntza zuzenean bere eraikinekin lotuko du eta horrela elizetako areto osagarriak irakaskuntza eskaintzeko gelak bihurtuko ditu. Berez, tipologia horren arabera eginiko lehen eraikinak ez ditugu Erdi Aroaren amaiera arte aurkituko.
Erdi Aroan hezkuntza elizaren eskuetan jarraitzen zuen, monopolio baten antzera. Hezkuntza sistema horretan, monasterio-eskolek oinarrizko prestakuntza transmititzen zituzten eta katedral-eskolek, berriz, elitea hazten zuten. Gero, Erdi Aroaren amaieran eskola libreak eta ikasle korporazioak bateratzearen ondorioz, lehendabiziko unibertsitateak sortuko dira. Hiri elkarteen ereduari jarraituz korporazio autonomo gisa antolatuko dira, estamentuen araberako zatiketarik gabe, estatutu eta pribilegio propioekin. Hiriek, bestalde, unibertsitate horiek babestuko dituzte, hainbat onura lortzen baitzituzten horiei esker, eta bereziki diru sarrerak ikasleengandik jasotzen zituztelako.
Arkitekturari dagokionez, lehen ikastetxeak eraikin multzotan eratu ziren, lau hegaletan banatuta eta barnealdean patioa zeukaten erdi-erdian. Eredu horri jarraituz altxatuko dira ere lehen eraikin unibertsitarioak eraikin, erlijiosoetatik bereiziz. Lehen ereduak Europan Italian -Bolonia- eta Ingalaterran -Oxford eta Cambridge- aurkituko ditugu. Eraikin multzo horren hegal batean kapera zegoen, bere kaperaurrearekin, eta ospakizun akademikoetarako erabiltzen zen; bertan ere areto nagusia zegoen, bilera eta otorduetarako. Eraikin multzoari itxiera ematen zion hegaletako batek eta horrek atezaintza, erretorearen eta dekanoaren bizitokiak, artxiboa eta altxorraren ganbera hartzen zituen. Horien ezaugarria ate gaineko dorrea zen, menderatzaile gisa eraikia. Hirugarren hegalean, berriz, sukaldea, administrazioa eta liburutegia zeuden, baita bekadunen gelak ere. Bukatzeko, bertako langileentzako eta mandio, ukuilu eta komunetako eraikinek osatzen zuten antolakuntza zentralaren azken multzoa. Azkenik, aipatu behar da horma batek inguratzen zuela eraikin multzo guztia, hilerria barne. Orokorrean multzoak agerian artikulazio konplexua bazuen ere, argi eta garbi esan daiteke funtzionala zela, baina izaera esklusibo eta elitistarekin egina.
Garai honetan, beste tipologietan ere gertatu zen bezala, ikastetxeak eraikin kopuru txikiagotan kontzentratuko dira baina eraikin handiagotan. Tendentzia horrekin batera gizarteko talde gehiagotara ikasketak zabalduz eta espezializazio maila handituz joango dira. Ikasketa mota bakoitzarentzat -maila edo espezializazioaren arabera, adibidez- eraikin bakarra eta bereizia gauzatzeko joera nagusituko da. Horrela, unibertsitatetan, adibidez, ikasketa mota bakoitzak bere eraikin propioa izaten hasiko da, fakultatea izena hartuko dutelarik. Eraikin horietan eredu arkitektoniko desberdinak aurkituko baditugu ere, bi nabarmenduko dira: bloke bakarreko eraikinak eta patio baten inguruan antolatutako eraikinak.
Garai honen amaieran, XVIII. mendearen lehenengo hamarkadekin batera, eta aurrena ilustrazioa eta gero iraultza liberalaren arrakastaren ondorioz, maila guztietako ikasketak -haurrak, gazteak, unibertsitarioak- gizartean zabaltzen eta kopuruz handitzen hasten diren neurrian eraikin horien beharra ere hein berdinean ugarituko da.
XIX. mendetik aurrera ikastetxeen kopurua handitzen den heinean, tipologia hau eraikin bakanetan antolatzeko eta eraikitzeko usadioa ere aldatzen joango da eta proposamen berriak sortuko dira. Horrela, Europan sortutako eredu horren aurrean, Ameriketan, eta bereziki Estatu Batuetan, ikastetxeak antolatzeko beste eredua sortuko da. Fakultate bakanetan eta erraldoietan antolatu beharrean, ikastetxe eremua eraikin txikiagotan antolatzen da, espezializazioaren arabera. Horren ondorioz, bi eraikin gordetzen dira funtzio orokorrak bideratzeko: ikasgelak eta liburutegia. Gainera, XX. mendetik aurrera ikastetxeak hirien erdialdetik aterako dira eta hirien planoen alboetan ipiniko dira paisaiarekin bat eginez. Horrela eraikin multzo zabal horietan lorategien garrantzia azpimarratzen zen.
Hala ere, antolamendu mota berri hori ez da beti aplikatuko eta gaur egun oraindik unibertsitate asko dira fakultateen eskemaren arabera antolatzen direnak. Gainera, irakaskuntzak berak, adinaren eta biztanleriaren arabera, oso eraikin desberdinak behar ditu -handiak, ertainak, txikiak- eta forma eta funtzioaren arabera aldatzen dira. Gaur egun tipologia guztiz anitza da eta mota askotako eraikinak aurkitu ditzakegu. Hala ere, orokorrean, aipatu beharra dago, tipologia honekin lotuta azken bi mende hauetan askotan aurkitu ahal izan ditugula eraikin moderno eta aurrerakoiak. Bete behar dituen funtzio zehatzak baldintzatuta tipologia hau oso aproposa da proposamen garaikideak burutzeko arkitekturaren esparruan.
Euskal Herrian ere lehen ikastetxeak elizarekin lotu behar ditugu eta honen eraikinekin. Salbuespen gisa, baina bere garrantzia azpimarratuz, irakaskuntzari eskainitako lehen eraikina Oñatin aurkitzen dugu eta bertako Unibertsitatea da, XVI. mendean eraikia, Aro Berrian alegia, errenazimenduaren garaian.
Beraz, XIX. mendearen hasiera arte ez dugu eraikin gehiagorik aurkituko irakaskuntzari eskainia. Berez, aipatu dugun bezala, pentsamendu ilustratua eta iraultza liberalaren eraginez ikastetxeen beharra areagotu egiten da eta elizaren monopoliotik kanpo geratzen da, Estatuak bere gain hartuz. Udal eraikinak izango dira -bereziki udaletxeak- zerbitzu hau hartuko dutenak. Hala ere, egoera hori aldatu egingo da lehen unibertsitateak azaltzen direnean eta biztanleriaren kopuruak gora egiten duenean. Garai horretan, irakaskuntzarako eraikin berriak eta bereziak burutuko dira estilo eklektikoan eta jauregi baten oina eta antolamenduarekin. Lehenengo multzo unibertsitarioak sortuko dira, Bilbon Deustuko Unibertsitatea nabarmenduz. Bertan, gehienbat forma klasikoak erabili zituzten, hezkuntzaren eta Aitzin Aroaren artean nolabaiteko lotura sortuz.
Arkitektura garaikidea heltzen denean, kontzeptu klasikoekiko lotura hausten hasiko da formalki eta funtzionalki gure artean. Euskal Herrian etorrera horren bi eredu interesgarriak ditugu, eta biak Bilbon daude: Estanislao Segurolaren Kindergarten ikastetxea Deustun eta Pedro Ispizuaren Briñas ikastetxea. Hala ere, bi apustu horiek arkitektura modernoaren alde salbuespenak besterik ez dira izango. Gehienetan eklektizismoan oinarrituta eta bloketan antolatutako ikastetxeak gauzatu ziren hiri eta herri nagusi guztietan, neurri higienistak edota funtzio zehatzak kontutan hartu gabe. Ikastetxe multzo handi horren artean Victor Eusak Iruñeako hainbat ikastetxetan eginiko lana, bere lengoaia arkitektonikoaren originaltasunagatik.
XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera egoera asko aldatuko da, batez ere hirurogeigarren hamarkadatik aurrera gauzatuko diren eraikin berriek ikastetxeen benetako funtzioak aintzat hartuko dituzte, arkitektura garaikidearen hizkuntza berriei so eginez. Ondorioz, azken lau hamarkada hauetan asko badira ere altxatu diren eraikuntza interesgarriak honako hauek nabarmenduko ditugu: Deustuko Unibertsitateak Donostian eraikitako kanpusa Miguel Oriolen eskutik, Juan Daniel Fullaondo eta Alvaro Libanok Bizkaiko hainbat herritan Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxe, Hondarribiko ikastola Juan Ignacio Linazasoro eta Juan Garayren lana, Euskal Herriko unibertsitate publikoak eraikitako kanpusak, Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan Bilbon, Gasteizen eta Donostian -azken hiri honek eraikuntza interesgarrienak ditu- eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa Iruñean -Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto nafarraren lana, Estatu Batuetako eredua jarraiki egina-. Euskal Herriko beste bi unibertsitate pribatuek ere -Nafarroako Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea- eraikin interesgarriak dituzte. Lehenengoa Iruñean dago, paisaiarekin bat egiten duen antolamenduaren alde apustua eginez. Bigarren kasuan, multzo bakarraren kontzeptuari muzin egin eta hainbat fakultate eraiki ziren Gipuzkoako probintziako herrietan zehar -Arrasate, Oñati, Ordizia, Irun, Donostia, eta abar-. Deigarriak diren hainbat eraikin berritzaileen alde apustua egin zuten, Donostiako Miramonen dagoen Basque Culinary Center eraikinaren kasuan bezala, Vaumm estudioak egina.
Hala ere, eraikin multzo handi horiez gain eskala txikiago batean beste hainbat eraikin interesgarri aurkitu daitezke Euskal Herrian barrena. Xumeagoak dira baina ikuspegi arkitektonikotik esanguratsuak eta adierazgarriak ere badira. Ikastetxeen tipologia oraindik garatu eta aldatu litekeela erakusten digute, elementu eta kontzeptu berriak txertatuz. Azken adierazpen horren adibide gisa Eduardo Arroyok Sondikan burututako haurtzaindegia har dezakegu.
- CENICACELAYA, Javier; SALOÑA, Iñigo. Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Bilbo: Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Turismo Saila, 1990.
- FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbo: Ibaizabal, 2004.
- MAS SERRA, Elias. 50 años de arquitectura en Euskadi. Bilbo: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1990.
- MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 1: Gai orokorrak. Mesopotamiatik Bizantziora. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2005.
- MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 2: Erromanikotik Gaur egunera. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.