Novela

Kcappo. Tempo di tremolo (1985). Pako Aristi

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

1985. urtean eta trilogia izango zen lehen parte gisa, Pako Aristik (Urresilla, 1963) Kcappo. Tempo di tremolo nobela argitaratu zuen. Garai hartan, eta 1986. urtean bere idazkera nagusia ezagutuko zuen Obabakoak lanaren bidetik, baserri bizitzako alde gogorrak eta beltzak aztertzera jo zuen euskal kontagintzak.

Heziketaz eta lanbidez kazetaria izanik, bere lanaren poetika gisa hiru-lau alderdi nagusi hartu beharko lirateke kontuan.

1. Lehenik, badago Estatu Batuetako kazetaritza berriaren oihartzunik. Badago erreportaia eta nobela lotzeko asmo nabarmenik. Bada errealitatea tratatzeko gogo berezi bat, idealizazioa ahaztu eta trataturiko gaiaren alderik ilunetara jotzeko gogoa. Egia da, zenbait kasutan, gerora agertuko duen bidea ere badela, bere ipuinez osaturiko liburuetan: Auto-stopeko ipuinak (1994).

2. Bigarrenik, nobela poliziakoaren eragina nabarmena da Aristiren lanean. Nobela poliziako beltza, eta eragiletzat Estatu Batuetako Chandler aipatu behar litzateke, edo garai hartan euskara itzuli zen Jim Thompsonen 1.280 arima. Beraz, Estatu Batuetan barrenean agertzen zen miseria moralaren idazleek bazuten eraginik euskal literatura ulertzeko moduan, eta bide horretatik beste eragile bat, Faulkner, aipatzea ez litzateke arraroa.

3. Ez da dudarik Gabriel García Márquezen mundua ere azaldu nahi izan duela Pako Aristiren lehen aldiko nobelagintza (agian, aipatu beharko litzateke ez garela bilakaera bat aztertzen ari, baizik eta nobela baten inguruko irakurraldia).

4. Bere irakurketak aipatzen dituenean, Pako Aristik hauek azaltzen ditu: "Gabriel García Márquezen epitoetaz maitemindu nintzen. Delibesekin negar egin nuen, Alvaro Cunqueiroren bidez Galizia ezagutu nuen, Bukowskirekin galtzaileen dignitatea hartu nuen [...] Chandler eta Henry Milleren biografiak irakurtzen ditugu" (Aristi 1987: 6).

Poetika narratibo honen aztarna azken batean hiru baieztapenek marratzen dute:

1. Kostunbrismoaren ukazioa: "Istorio errural eta (oraingoz) zaharrak kontatu arren ni ez naiz kostunbrista. Ez zaizkit ekanduak, ohiturak interesatzen, pertsonak baizik, eta pertsona horien portaera nolakoa den, zen edo izan zitekeen ohitura sistema baten barruan. Agureen kontuak gustura entzuten ditut, baina pikardiak, apustuak eta horrelakoak, Azkueren Euskal Herri haren alderdi humanoa (ez kostunbrista) imajinatzeko". (Aristi 1987:7).

2. Zehaztasunaren eta estilo zinematografikoaren aldeko joera: "Gure estiloa zinematografiko hutsa da. Hotzak gara baino zehatzak, ez ditugu parrafoak kakari buelta emanaz antolatzen". (Aristi, 1987: 6)

3. Indibidualismoaren eta Eszeptizismoaren aztarnak: "Nire belaunaldia [...] indibidualista da, eszeptikoa da [...] Gure posea, militantziatik urrun, euskara salbatzeko eginahal hantustetsutik urrun, pose eszeptiko bat da. Eta mende amaiera muturraren aurrean dugularik, mende erdira jotzen dugu gure isladen bila"(Aristi 1987: 6).

Kcappo. Tempo di tremolo nobelak, izenburuaren bigarren zatiak adierazten duenez, istorio beldurgarri bat, kontatzen du, heriotzaz beteriko istorio bat. Berez, adiskide biren istorioa da kontatzen dena, eta baita haien familiakoena. Folletoi literaturatik hurbil, Pako Aristik Ernesto Guardiola eta Santos Aldabalde adiskideen bizitza kontatzen du, Ernesto jaio eta urkamendian hiltzen duten arte. Ernestoren aitak bere emaztea hiltzerakoan emaztearen ahizparekin du harreman sexuala eta haurdun geratzen delarik, Ernestoren izeba den honek lekaime sartzea erabakitzen du. Umea izaterakoan kendu egiten diote eta haurra famili bati saldu. Koskortzerakoan, adiskide biak, Ernesto eta Santos, ahizpa diren Laura eta Teresarekin maitemintzen dira, Ernesto Lauraz eta Santos Teresaz, alegia, eta denborarekin, harreman sexualak dituzte, baina momentu batean Teresa Ernestoz gustatu, eta honekin etzaten da, adiskidearekiko eta bere maitearekiko traizioa eginaz. Azken harreman sexuala dutenean, Santosek harrapatzen ditu. Adiskideen arteko lotura etenda geratzen da bien arteko haserrez. Ernestok dena aitortzen dio Laurari. Ernestok haurdun uzten du Teresa. Santos Teresarekin ezkontzen da eta Ernesto Laurarekin -hau ere haurdun baitago. Teresak ume bikiak ditu, bata sanoa eta ederra, eta bestea gaixorik jaiotzen dena. Eta orduan jakiten da, Lauraren aitonak hilzorian egiten duen aitorpen baten bidez, Ernestoren aitak haren izebarekin izandako umea Teresa dela, beraz intzestu bat gertatu dela. Bat-batean Teresaren ama agertzen da, eta pozoitu egiten du. Ernesto bere aitarekin (artean hau prostituzio etxe baten jabe izatera heldu da) haserretu eta tiro bi ematen dizkio. Heriotzagatik duen epaiketan heriotza zigorra ezartzen diote, eta, ihesaldi batek huts egiten duelarik, urkatu egiten dute. Santosek bere bizitzako bertsoak jarriko ditu.

Argumentuaren kontaketak berak garbi adierazten du zein joera tremendistaz (eta noizbehinka Valle Inclán idazlearen esperpentoa) idatzi den nobelan. Ez gaude tragedia errural baten aurrean, baizik eta, nahita egin den, ekintza odoltsuen akumulazio eta ugalketa baten aurrean. Hau da, errealitatearen deformazio baten aurrean gaude, giro tremendista horien bidez, kontagintzaren herri generoetara dei egite duen (nobela erotikoa, folletina) eta guztiak itsuek kantatzen duten (bertsolaritza ez dago ahaztuta testuan zehar) historia baten antza hartzen du nobelak, edo bestela, txotxongiloen teatroaren antza.

Nobelak duen ezaugarririk garbiena irakurterraza izatea da. Irakurleari ez dio oztoporik jarri idazleak, ez hizkuntzaren aldetik (zuzentasuna adierazten zuen), ez kontagintza tekniken aldetik (ikusi dugu zein neurritan da idazlea joera tradizionalen jarraitzailea), ezta ere zeinu klabe aldetik (mundu modernoaren zenbait zertzeladen agerpena).

Narratiboki tradizionala da kontaketa. Kontagintzak pertsonaiak direla eta plano narratibo nagusi bi ditu: alde batetik, herria dago, hobe herriko jendea (zaharrak, gazteak) eta beste alde batetik pertsonaia nagusiak. Pako Aristiren nobelaren egiturak teknika nagusi bi erabiltzen ditu istorioaren bilakaerari aurre egiteko orduan.

1. Ernestoren eta Santosen arteko kontrajarpena, eta lehendabiziko kapituluetan batez ere, txandakatu egiten du pertsonaia bakoitzari emandako tokia eta atentzioa.

2. Bigarren teknika. Familiakoen arteko loturak eta haserreak argumentuaren jarraitzeko bide dira.

Denbora zehaztugabea da, eta agian, izadiaren zikloak aipatu beharrean, denbora lotuago dago gizarteko erritoei: herri biren arteko apustuak egiten direnean adiskidetzen dira Ernesto eta Santos, jaietan egiten dute Lauraren eta Teresaren ezagutza, edo denbora pertsonaien adinaren arabera doa aurrera: haur, gazte, gizon ezkondu...

Baina denboraren joera horrek berriro jartzen gaitu teknika tradizionalen esparruan. Narratzailea ere orojakilea da, eta oraindik gertatu ez diren ekintzen berri ematen du, flashbackak ugari erabiliz eta forward teknika erabiliz (García Márquezen joera oso ezaguna da ordurako).

Azken atal bat zabalduko dugu nobelaren barnean diren estilo espresabideekin. Lehen-lehenik kontuan hartu beharko genuke modernitate ondorengoak irakurlearenganako proposatzen duen hurbilketa, irakurterraztasunera egindako hurbilketa hain zuzen ere. Abangoardia jokoak alde batera utzi dira, eta molde narratibo tradizionalak agintzen du, kontatzen den historia eta kontatzeko erabiltzen den diskurtsoa besotik doaz, hurbil daude, irakurleari oztoporik ez jartzeko asmotan. Kontatzeko era sinple horren kariaz agertzen dira prosa honetan, noiz edo noiz historiaren laburpenak egiten direlarik (medikuaren historia (63. or.), fraideen historia (93. or).

Modernitate ondorengoa aipatzen delarik, oso kontuan hartu beharko litzateke maila literarioen arteko nahasketa, kultura jasoa herri kulturarekin batzen da, literatura mass-medien eta komunikabideen bidetik datozen istorioekin. Har dezagun, adibidez, irakurketari buruz idazleak nobelan zehar utzi dituen aztarnak, egon baitaude eta. Horiek dira hausnarketa sakon baterako joerak.

  • ARISTI, Pako. Kcappo. Tempo di tremolo. Donostia: Erein, 1985.
  • ARISTI, Pako. "Chandler, Lucanor nire belaunaldian", Literatur Gazeta, 5 zb, 1987., 6-8 or.