Poesía

Zoperna jenerala (1987). Luis Berrizbeitia

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Luis Berrizbeitiaren (Abadiño 1963) lehenengo poema-liburuak tradizioaren eta modernotasunaren arteko oreka berria bilatzeko ahalegin sakona ekarri zuen euskal poesiara, eta horrexetan datza, batik bat, lan horren orijinaltasuna.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Lizardi sariaren 1986ko edizioaren irabazle, Zoperna jeneralak, poesia modernoak ohi duenez, tradizio poetiko propioa eraikitzen du, hautatu beharrean aurkitzen da egilea, eta bere tradizioa eratzerakoan, euskal poesian bertan aurkitzen ditu, atzerrikoekin batera, ereduak eta aitzindariak.

Bide horretan, prosan ez bezala, poesiaren eremuan Arnaut Oihenartez geroztik garatzen joan zen poesia tradizioa bere egiten du Berrizbeitiak, bai eta berritu ere, Ipar Euskal Herriko tradizioa batik bat.

Poesia kultuaren tradizio horrekin batera, nolanahi, herri poesia eta lirika ere bere literaturaren eredu dira, izan ere, Zoperna jenerala liburuan, bertsokera askea duten poemekin batera, herri tradizioko moldeak bereganatzen dituzten poemak ere aurkitzen dira: baladak, kopla zaharrak, lirika herrikoia... Baliabide eta teknika zenbaitek ere herri literaturan dute jatorria: paralelismoetarako joera edo azken bertsoari ematen zaion indarra. Ahozko literaturan euskal literatur tradizioak izan ez duen corpusa sortzeko saiotzat har daitezke, ildo horretan, Berrizbeitiaren tankera horretako poemak, tradizio apokrifoa sortzeko ahalegintzat, izan ere, egileak indartu egiten du apokrifo-izaera hori ekialdeko euskalkietarako joerak. Zubererazko edo baxenafarrerazko balada apokifotzat har daitezke liburuko poema batzuk, baina, Koldo Izagirrek azpimarratu duen bezala, ikuspuntu modernotik heltzen dio poesiari Berrizbeitiak, eta bertsokera tradiziozkoan ari denean ere gainditu egiten du apokrifo izaera soila, tradizioaren berrirakurtze proposamen bilakatuz bere poesia. Agian euskal poesiaren tradizioa Ipar Euskal Herrian sortu eta garatu zelako, ekialdeko euskalkietarako joera nabari da Berrizbeitiaren poesian, beste hainbat poeta bizkaitar garaikiderengan bezala (J. R. Madariaga, J. Sarrionandia...).

Tradizioaren eta modernotasunaren arteko oreka bilatzen duen bezala, kontrajarriak diruditen bi elementuren arteko beste paradoxa bat ere nabarmena da bizkaitarraren poesian: poesia kultua, ekialdeko euskalkiei keinuak egiten dizkiena darabil, baina, aldi berean, sinpletasuna bilatzen du, gauza arruntez jardun gura du. Hots, formaz kultua, jasoa, delarik ere, edukiz hurbila, sinplea, izatera entseatzen da.

Eremu karroinduak (Elkar 1992) liburuari eginiko hitzaurrean, "gauza konplikatu eta bihurriez engoitik badugu asea" zioen egileak, azpimarratuz garrantzitsua denaz jarduteko ez dagoela konplexutasun formal eta intelektuala bilatu beharrik. Hala, hainbat kritikarik aztarna "anti-intelektualistaren" bat ere ikusi dute Berrizbeitiaren poesian, eta baita esperientzia-poesiara egindako hurbilpenik ere. Molde neurtuan emanak ez diren bertsoetan, batez ere, narratibarantz lerratzen den poesia landu du Berrizbeitiak, bizitzaren eta literaturaren gai nagusietara esperientzia pertsonaletik hurbilduz, maiz istorio itxura hartzen duten poesiatik.

Nolanahi ere, Zoperna jenerala poema-liburuan, poesia narratiboagoak lekua duen arren, etengabeak dira idazkuntzaz, literaturaren ahalaz eta hizkuntzaren gaitasunaz egindako gogoetak eta plazaratutako kezkak. Errealitatea hitzez bildu ezinaren testigu da liburua, baina, era berean, hitza eta poesia bizitzari estu-estu lotuta ageri dira abadinarraren poemategian: heriotza hitzaren ezabaketa da, hitzak eman dezake halako hilezkortasun modu bat, eta espresio poetiko perfektuaren bilaketa obsesio bihurtzen da poemaz poema.

Gainerakoan, maitasuna eta heriotza ditu gai nagusi Berrizbeitiaren poesiak. Maitasun ezinezko eta trabatuak, hautsiak, dituzte poema zenbaitek mintzagai, eta, bestalde, heriotza, itzuri ezinezko patu bezala behin eta berriro ageri da. Haurtzarotik hasita, heriotza ekidinezin delako sentipenarekin bizi beharraren angustia eta minaren berri jasotzen dute liburuko bertsoek. Heriotza patua da, kondena, aurrez erabakitako derrota, eta horregatik bizitzaren aurrean ikuspegi etsitua, eszeptikoa eta ezkorra agertzen du poetak, eredutzat hartzen duen Sarrionandiarena baino ezkorragoa, kritikak aipatu duenez. Titulutik hasita, apokalipsiari egindako erreferentziak ere ez dira falta Berrizbeitiaren mundu-ikuskera etsituan. Bestalde, euskalduntasunak ekarritako minaz ere gogoetarik aurki daiteke liburuaren orrietan.

Berrizbeitiak, bere tradizioa hautatutzean eta osatzean, euskal literaturan bertan du abiapuntua poesiak, esan bezala, Oihenart eta poesia kultua nahiz herri tradizioko poesia; baina, baita euskal poesia garaikidea ere. Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena poema-liburuak Berrizbeitiari eragin zion zirrarak badu eraginik Zoperna jenerala bilduman: hizkuntza nahiz lexiko hautapenari dagokionez, gaiei nahiz erreferentzia literarioei dagokienez, Sarrionandia erreferente utziezina da Berrizbeitiarenean, baina baita Jon Mirande edo Gabriel Aresti eta haren kobletarako jaidura ere.

Alabaina, euskal tradizioan oin hartuta ere, unibertsaltasuna du xede Berrizbeitiaren poesiak, eta, bide horretan, Borges eta Kavafis ditu bidaide nagusi, beste anitzekin batera (Shakespeare, François Villon, Pessoa, T.S. Elliot...). Borgesen doitasunaren eta eszeptizismoaren jarraitzaile da poeta bizkaitarra, eta Kavafis ere eredutzat du bizi-esperientzia unibertsala iruditeria klasiko antzinakoaren bidez irudikatzean.

Literatura garaikidean orijinaltasuna egileak egiten duen tradizio hautapenean datza; eta hemengo nahiz kanpoko tradizioa, kultua nahiz herri mailakoa bateratzen dituen heinean da orijinala eta bestelakoa Luis Berrizbeitiaren poesia.

  • KORTAZAR, Jon. Luma eta lurra: euskal poesia 80ko hamakadan. Bilbo: Labayru Ikastegia, 1997.
  • IZAGIRRE, Koldo. "Sarrera", in XX. mendeko poesia kaierak: Luis Berrizbeitia. Zarautz: Susa, 2000.
  • MENDIGUREN, Xabier. "Zoperna jenerala". Argia. 1988-02-07.