Revistas

Garziarena Berria

Iruñea, 1997-1998

1992tik 1994ra Gasteizen kaleratu zen Garziarena orrian du oinarria Pamiela argitaletxearen eskutik Iruñean sortutako Garziarena Berriak, "Euskal Herriko Aldizkari Kritikoa" azpititulua zuen hilabetekariak.

Garziarena argitaratzeari utzi eta hiru urtetara, 1997ko abenduaren 2an aurkeztu zuten Iruñean Garziarena Berria aldizkariaren 1. zenbakia. Aurkezpenean azaldu zutenez, lanak eta esperientziak elkar trukatzeko klub bat eratzeko ideiarekin segitzen zuten. Bakoitzak bere esperientziak askatasunez kontatzea zuten helburu, elkarri informazioa pasaz errealitateari buruzko hurbilketa sakonago bat lortzeko.

Txema Aranaz, Bernardo Atxaga, Lourdes Auzmendi, Koldo Biguri, Joxemi Goiena, Joxemari Iturralde eta Luis Mendoza izan ziren hasierako bultzatzaile nagusiak.

Hiru urte lehenagoko Garziarenarekin alderatuz gero, Garziarena Berriak orrialde kopuru bikoitza zuen, zortzi (29,5x41); orri sendoagoak zituen eta zaharra baino egituratuagoa ageri zen, dagoeneko ez baitzegoen "poloniar" erara antolatua (idatzitako testuekin orria ahalik eta gehien aprobetxatuz eta ilustrazio gutxi tartekatuz). 2000 aleko tirada egin zuten. Elebiduna zen, euskaraz (%70a) eta gazteleraz (%30a), nahiz frantsesez idatzitakorik ere bazegoen; era horretan, Euskal Herritik kanpoko jendeari ere kolaboratzeko aukera eman nahi izan zioten.

Garziarena Berriko sailei dagokienez, honakoak nabarmenduko genituzke: "Umea, Eroa eta Moskorra" editorial modukoa, eurak omen direlako beti egia esaten dutenak; "Zerrendak", aldizkarien, filmen, liburuen, diskoen, eta bideoen erreferentziak jasotzen zituena; "Bisitariak", irakurleei eskainikako artikulu luzeagoak, sakontasun handiagoz gaia landu zezaten; eta "De jardines ajenos", besteek idatzitakoak jasotzen zituen atala. Artikuluak ziren nagusi, ipuin eta poema batzuk tartekatu zituzten arren.

Oraingo honetan norberak bere izen propioarekin edo "Garziarena" goitizenarekin sina zezakeen. Bere izenarekin sinatutakoen artean Javier Eder, Kirmen Uribe, Ramon Garmendia, Xabier Agirre edota Iban Zaldua aurki ditzakegu, besteak beste.

Garziarena Berriaren lema, aurrekoaren bidetik, "Ahal baduzu, idatzi, bestela kopiatu, eta besterik ezin baduzu, fotokopiatu" zen; batean edo bestean aurkitutako artikulu edo pasarte berezi hark ere bazuen kabida Garziarena Berrian. Ez zegoen zertan idazle izan beharrik aldizkarian parte hartzeko. Lerro gutxi batzuk bidaltzearekin nahikoa zen. Asmo estilistikorik gabe ideiak komunikatzeko espazio berri bat eraiki nahi izan zuten, ohiko egunkarietan ateratzen zenaz aspertuta zegoen jendeak bere gogoetak adierazteko leku bat. Askatasun osoa eskaini nahi zuten, beste inon agertzen ez ziren testuei plaza bat eskainiz.

Lau hilabete iraun zuen esperimentuak, 1997ko abendutik 1998ko apirilera arte, bost ale kaleratuz.