Arquitectura

San Pelaio baseliza. Bakio

Bere ezaugarri arkitektonikoengatik eta bere kokapenarengatik, mendixka baten gainean eta itsasora begira, Matxitxako lurmuturretik gertu, Bizkaiko baseliza ezagunenetako bat dela esan dezakegu. XI. mende bukaeran edo hurrengo mende hasieran eraiki zuten, estilo erromanikoan, eta Zumetxagako baselizarekiko antzekotasunak nabariak dira, oinplanoaren disposizioan eta burualdean batez ere.

Oinplanoan nabe bakarra erakusten du, gehi zertxobait estuagoa den eta horma zuzenean bukatzen den burualdea. Sarrera oinetako horman dago, eta burualdetik sar daiteke sakristia moduko gela luze batetan, Epistolaren aldeko murruari itsatsita eta beranduago egina. Sarreraren ondoan, Ebanjelioaren aldeko murruan, elizaren oinen gainean dagoen dorrera igotzeko eskailera dago. Fabrika guztiaren inguruan zutoinen gaineko aterpe arin bat ikus daiteke, oinplano errektangeluar irregularrarekin.

Altxaeran, murruak harlangaitzez egina daude, entokadurarik gabe, izkinetan tamaina handiagoko eta nabarmenki hobeto landuta dauden harlanduak erabili zituzten arren. Ateaz gain, jatorrizko beste leiho batekin irekita doaz, testeroan eta fabrikaren ardatzean kokatua. Txaranbeldua dago, eta zutabetxoen gainean doan euri-babesa darama, fusteek eta kapitelek sare-itxurako apaindura lineala erakusten dutelarik.

Estalkiari dagokionez, nabea zurezko egitura duen sabai laua du, burualdeak profil zorrotza duen kanoi ganga bat jaso zuen bitartean. Burualdearen sarreran arku fajoi zorrotz bikoitzak eratzen du garaitza-arkua. Kanpokoa apaindurarik gabeko kapitela eta zimazioa daramaten pilareen gainean, eta barrukoa harroina, fuste motza, kapitela eta zimazioa daramaten zutabeen gainean. Kapitelek apaindura ebakidun lineala dute, eta bakoitza sagar edo bola batekin erremataturik doa. Sakristiari dagokionez, beranduago eginiko lana da, esan bezala, eta kanpoko atariaren sabaia aprobetxatzen du estalki gisan.

Kanpotik, eliza erabat inguraturik agertzen da elizpearekin, Bizkaian beste hainbat baselizetan gertatzen den bezalaxe. Lehen esan dugun moduan, osagai arina da, harrizko oinalde baxu baten gainean dauden zurezko zutoinekin. Zutoin hauek harrizko harroin kubikoak dituzte behean, eta zurezko zapatak daramatzate gapirioei eusteko, egitura ikusgarria sortuz. Isurialde bakarreko teilatu arrunta jaso zuen estalki bezala. Elizpearen barruan bi banku luze daude, eraikinaren perimetro osoan, bat elizaren murruari itsatsita eta bestea, aurrez aurre, lehen aipaturiko harrizko oinaldeari itsatsita. Inguru ederra eta oroitarazlea da. Elizaren oinetan dorrea dago. Fuste motza eta itsua du, eta gainean tamaina txikiko erdi puntuko arkuak daude, kanpaien zerbitzurako. Lau isurialdeko teilatu arruntarekin estalita dago.

Sarrera elizako oinetako murruan dago, lehen aipatu dugun bezala, eta arku zorrotzarekin doa irekita. Tinpanorik gabe doa, eta apaindurarik gabeko bi arkibolta ditu, gehi bola batzuekin apainduriko euri-babesa, kanpotik. Arkiboltak harroina, fuste, piramide-enbor formako kapitelak eta zimazioa duten zutabeekin doaz. Kapitelek landare-dekorazioa dute, era eskematiko eta linealean egina, tipula baten geruzak balira bezala.

Gauzak honela, Bakioko San Pelaio (edo Doneperaie) izeneko baseliza eraikin benetan orijinala dela esan dezakegu, oso arkitektura erromaniko gutxi duen Bizkaia bezalako lurralde batetan kokatua. Aipatu bezala, Bizkaian bertan dagoen Zumetxagako Baselizarekin antzekotasun handiak ditu, baita Araban dauden beste batzuekin ere, hala nola Arespalditza, Estibalitz eta Argomanitz, edota Nafarroako Leartzakoarekin. Bukatzeko, baseliza honek 1957an izandako errestaurazio sakona jasan zuela aipatu behar dugu.

  • ARREGI AZPEITIA, G. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Labayru Ikastegia, 1987.
  • ARREGI AZPEITIA, G. Las ermitas de Bizkaia, Bilbo: Labayru Ikastegia, 1999.
  • ARREGI AZPEITIA, G. "Origen y significación de las ermitas de Bizkaia", Munibe aldizkaria, 42 zk., Donostia 1990, 473-477 orr.