Arquitectos

Rucoba y Octavio de Toledo, Joaquin

Arkitektoa. Laredo, Kantabria, 1844ko urtarrillaren 13a; Laredo, Kantabria, 1919ko apirilaren 18a.

Joaquin Rucoba arkitekto eklektikoa kantabriarra zen jaiotzez eta Kantabrian, Malagan eta Madriden egin zuen lan, baina Bilbon ere hamar urtez bizitzen egon zen eta bertan hainbat ekimen nabarmenetan parte hartu zuen, horregatik berekiko gure interesa.

Joaquin Rucoba Laredon jaio bazen ere, bere bizitzaren lehen mende laurdena Madrilen igaro zuen, bere aita Isabel II. erreginaren Corpseko guardia baitzen. 1863an Madrilgo Arkitektura Eskolan sartzea lortu zuen eta sei urteren buruan, 1869an, titulua lortu zuen, promozioko bigarrena izanik. Ikasle garai horretan Rucobak bi ezaugarri nabarmen zeuzkan: marrazkigintzan trebetasuna eta eraikuntza lanetan material berriekiko erakusten zuen interesa. Ikasketak amaitu bezain laster, nahiz eta Madrilgo Arkitektura Eskolan bertan irakasle gisa geratzeko proposamenak jaso, Rucobak nahiago izan zuen lanari ekitea eta urte betez Gipuzkoan, Bergaran alegia, irakasle bezala aritu zen bertako Lan Maisuen Eskolan. Baina hurrengo urtean, 1870ean, Malagako udal arkitekto plaza eskuratu zuen eta bertan hamahiru urtez (1870-1883) lanean aritu zen hirigintzako hainbat ekimen eta eraikinak burutzen. Eraikinen artean honako hauek nabarmendu daitezke: Malaguetako zezen plaza, Atarazanas merkatua eta Malagako parkea. Beste aldetik, urte hauetan ere Kantabriarekin harremana mantentzen saiatu zen eta bai Laredon bai inguruko beste herrietan hainbat etxe banakakoak diseinatu zituen.

Lehen eraikin horietan Rucobak Madrilgo Arkitektura Eskolan jasotako ikasketak praktikara eramaten saiatu zen. Horren ondorioz, bere estiloan nahiko argi adierazten du eklektizismoaren aldeko joera eta hainbat historizismoen nahasketa. Garai historikoen artean, Rucobak bai hasieran bai bere ibilbidean zehar, errenazimendua eta barrokoarekiko atxikimendu berezia erakutsi zuen. Baina bestetik tipologia eta funtzioaren arabera ere, Rucobak jakin bazekien bere eraikinak eta formak moldatzen eta osatzen eskariaren esanetara. Hala ere, bai bere lehen lan horietan bai ondorengoetan, Rucobaren eraikinek bi ezaugarri nagusi izango dituzte: batetik, historizista eta eklektikoa izanik, garai desberdinetako hainbat elementu konbinatzeko joera eta maisutasuna, sendotasuna eta batasuna aditzera emanez -arkitektura eklektikoan oso zaila zen ezaugarri hori lortzea-; bestalde, nahiz eta bere eraikinetan fatxadan ohiko materialak erabili, egituretan material berrien aldeko apustu ausarta egin zuen -burdina, adibidez-.

1883an Rucobak Bilbora etorri zen bizitzera. Lehenengo hiru urtetan udal arkitektoa izan zen eta hainbat proiektu eta lanen inguruko txostenak prestatu behar izan zituen, baina 1886an kargua utzi eta bere ibilbide osoko bi lan garrantzitsuenak burutu zituen, Bilboko udala eta Bilboko Arriaga antzokia alegia. Bi eraiki horietan Rucobak primeran erakusten ditu aipatutako ezaugarriak; oraingo honetan, jakinez bi eraikinak hirian izango duten garrantzia, funtzioaz gain sinbologia eta adierazkortasuna azpimarratzen ditu eta hainbat elementu historizisten artean barroko garaiko formei garrantzia berezia ematen die. Frantziako arkitektura eredutzat hartzen du. Funtzioari dagokionean, ez batean ez bestean berritasunik txertatzen ez badu ere, apaingarriei so egiterakoan, udaletxearen kasuan hartzen dituen erabaki bitxiak nabarmentzekoak dira, hainbat egongela Espainiako estilo arabiarrean -Granadako nazari estiloa- apaintzen baititu. Baina, orokorrean, bi kasutan, nabarmenena zera da, Rucobak erakusten duen maisutasuna, estilo eklektikoa erabiliz eta hainbat erreferentzi historiko desberdinak aintzat hartuz. Azkenean horrek guztiak bat egiten du eta garai hartako nagusiek behar zutena betetzea erdiesten du monumentaltasunari uko egin gabe.

1893an Bilbo utzi eta berriro hiru urtez Madrilera itzuliko da. Bertan egin zuen lana ia ezezaguna da baina baita interesgarriena ere eta gainera Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura du, horietako bat pilotan jolasteko frontoia izan baitzen, Beti Jai frontoia. Tamalez egun abandonatuta dago, baina bere garaian Madrilgo frontoirik garrantzitsuenetakoa izan zen. Bertan, Rucobak argi eta garbi erakutsi zuen frontoiaren tipologia ongi ezagutzen zuela. Alde batetik, material berrien aldeko apustua egin zuen eta bestetik, erabilera bera eta apainketak elkarrekin uztartzea erdietsi zuen. Eraikina egun abandonatuta badago ere, eta erortzeko puntuan, hainbat erakunde eta elkarte frontoiaren eraikina berreskuratzen eta zaharberritzen saiatzen ari dira.

1896an Rucoba beste lau urtez Malagara itzuli zen eta bereziki ekimen urbanistikoetan aritu zen, egun hain ezaguna den Larios kalearen diseinua azpimarratu behar dugularik. 1900an, azkenik Kantabriara bizitzera joaten da eta bertan geratuko da bere bizitzaren amaiera arte. Kantabrian, bertako Apezpikutzako arkitekto titulua lortuko du, eta apezpikuaren jauregi berria egingo du. Santanderreko katedralean ere zaharberritze erreformak burutuko ditu. Lan horiekin batera, beste batzuk ere egingo ditu etxeak diseinatuz bere jaioterrian, Laredon, eta inguruko beste herrietan Castro Urdiales eta Torrelavegan bezala.

1919an, 75 urte zituela, Joaquin Rucoba Laredon hil zen.

  • CENICACELAYA, J.; ROMAN, A.; SALOÑA, I. Bilbao. Guía de Arquitectura Metropolitana. Bilbao: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Ordezkaritza, 2002.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • HERNANDO, J. Arquitectura en España. 1770-1900. Madrid: Cátedra, 2004.
  • ORDIERES DIEZ, Isabel. Joaquin Rucoba. Arquitecto (1844-1919). Madrid: Ediciones Tantin, 1986.
  • URRUTIA, A. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.