Historiadores

Arrieta Alberdi, Jon

Historialaria eta Zuzenbidean katedraduna, 1952an Eibarren jaioa.

1974an Zaragozako Unibertsitatean lizentziatu zen Filosofia eta Letretan (Historia), eta 1979an berriz, Zuzenbidean lizentziatu zen, Bartzelonako Unibertsitatean. Azken unibertsitate honetan erdietsi zuen Zuzenbide doktoregoa ere, 1987an. 1983az geroztik unibertsitateko irakasle lanetan jardun izan du, lehenik Bartzelonako Unibertsitatean, eta 1988tik aurrera EHUn; irakasle finkoa da bertako Zuzenbide Fakultatean, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia departamentuan. 1990-1996 bitartean Zuzenbide Fakultateko dekanordea izan zen, eta baita EHUko Euskara Komisioko partaidea ere. 2004an katedradun izendatu zuten, eta 2006az geroztik EHUko Zuzenbide Fakultateko Kanpo-harremanetarako Arduraduna da. 2007az geroztik, EHUko HISZUZEN ikerketa taldeko Ikertzaile Nagusia da. Irakasle bisitari lez nahiz bere kontura eginiko ikerketen zioz, egonaldiak egin izan ditu Italian (Erroma, Istituto di Storia del Diritto Italiano), Estatu Batuetan (Berkeley, Kaliforniako Unibertsitateko "Robins Collection" zentroa) eta Ingalaterran (London, British Library - Oxford, Bodleian Library eta St Antony's College, European Studies Centre).

Ibilbide luzea darama irakasle nahiz ikerlari lez, eta hainbat dira jorratu izan dituen ikerbideak. Bere ikerketen hasieratik presente dagoen gai bat, ondorengo garaietan ere behin eta berriz heldu izan diona, Erregimen Zaharreko kontseilu eta auzitegiena izan da; bereziki, Aragoiko Koroa zenaren kasuari jarraitu izan dio. Ikergai honen inguruan egin zuen bere doktorego tesia (El Consejo Supremo de la Corona de Aragón, 1494-1707. Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 1994), eta gaiaren alderdi ezberdinak beste hainbat argitalpenetan ere jorratu izan ditu; beste askoren artean, ondorengoak aipa litezke:

  • "La disputa en torno a la jurisdicción real en Cataluña (1585-1640): de la acumulación de la tensión a la explosión bélica". Pedralbes. Revista d'Historia Moderna; 15. Bartzelona: Universitat de Barcelona, 1995, 33-93 orr.
  • "Justicia, gobierno y legalidad en la Corona de Aragón del siglo XVII". Estudis. Revista de Historia Moderna; 22. Valentzia: Universidad de Valencia, 1996, 217-248 orr.
  • "El ejercicio de la jurisdicción real en las Cortes de la Corona de Aragón". Non: AGIRREAZKUENAGA, J.; URQUIJO, M. (arg.): Contribution to European Parliamentary History (Studies presented to the Internacional Comisión for the History of Representative and Parliamentary Institutions, vol. LXXIX). Bilbo: Bizkaiko Batzar Orokorrak, 1999; 229-260 orr.
  • "Las Cortes de Castilla y de la Corona de Aragón (siglos XIII-XVIII). Una visión de conjunto". Non: El parlamento en el tiempo. Instituciones de derecho parlamentario, IV. Gasteiz: Eusko Lege Biltzarra, 2003; 37-92 orr.

Bere beste ikergai nagusi bat Euskal Herriko instituzioek, eta hauei dagozkien konstituzioek eta foruek osatu izan dute, eskubide historikoekin bat. Gai hauei jarraiki, honako ikerketa proiektuetan parte hartu izan du eta parte hartzen du, ikertzaile nagusitzat: "La Monarquía Española del Antiguo Régimen y sus integrantes: formas de pertenencia y vinculación jurídico-política en los casos de Navarra, Aragón y Vizcaya" (MEC, 2005-2008) eta "Derecho y política en la configuración institucional de los territorios vascos y de Navarra (siglos XVI-XVIII)" (MEC, 2009-2011). Hainbat dira ikergai honi dagozkion argitalpenak ere, eta zenbait baino ezin aipatu, adierazgarritzat aukeratuak:

  • "'Kontzertu Ekonomikoen eboluzioa' (Bases metodológicas para un estudio de los Conciertos económicos y su función en la historia del País Vasco)". Gizarte Zientzien Urtekaria; 1. Bilbo: UEU, 1981, 173-212 orr.
  • "'Vascones' eta 'Vasconia' Accursioren 'Magna Glossa' delakoan". Eleria. Euskal Herriko Legelarien Aldizkaria; 1. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997, 18-27 orr.
  • "La idea de España entre los vascos de la Edad Moderna". Non: La idea de España en la Edad Moderna. Valentzia: Real Sociedad Económica de Amigos del País (Valencia), 1998; 39-61 orr.
  • "Las imágenes de los derechos históricos: un estado de la cuestión". Non: HERRERO DE MIÑÓN, M.; LLUCH, E. (arg.): Derechos históricos y constitucionalismo útil. Bilbo: Fundación BBV, 2000; 227-299 orr.
  • "Mitos, soberanía y territorio en la historia vasca". Non: ARBAIZA, M.; PÉREZ-FUENTES, P. (arg.): Historia e identidades nacionales. Hacia un pacto entre la ciudadanía vasca. Bilbo: Servicios Redaccionales Bilbainos, 2007; 59-77 orr.

Ondorengotza Gerrari eta Austrazismo deritzonari ere eskaini die atentzio berezia, eta Europako historian zeharreko lotura politiko forma ezberdinei ere egin die jarraipenik, besteak beste, ondorengo lanetan:

  • "Austracistas y borbónicos en las altas magistraturas de la Corona de Aragón (1700-1707)". Pedralbes. Revista d'Història Moderna; 18-II. Bartzelona: Universitat de Barcelona, 2000, 265-297 orr.
  • "Austracismo: ¿Qué hay detrás de ese nombre?". Non: FERNÁNDEZ ALBALADEJO, P. (arg.): Dinastía y memoria de nación en la España del siglo XVIII. Madrid: Marcial Pons, 2001; 177-216 orr.
  • "Las formas de vinculación a la Monarquía y de relación entre sus reinos y coronas en la España de los Austrias. Perspectivas de análisis". Non: ÁLVAREZ-OSSORIO, A.; GARCÍA GARCÍA, B.J.: La Monarquía de las naciones. Patria, nación y naturaleza en la Monarquía de España. Madrid: Fundación Carlos de Amberes, 2004; 303-326 orr.

Azkenik, ondorengo lan kolektiboaren argitaratzaile ere izan da, J. ASTIGARRAGArekin batera: Conciliar la diversidad. Pasado y presente de la vertebración de España. Bilbo: EHU, 2009. Era berean, hainbat gai eta pertsonaia historikori dagozkien bozak idatzi ditu, M. ARTOLAren gidaritzapeko Enciclopedia de Historia de España entziklopedian (IV. eta VI. aleak, Madrid: Alianza Editorial, 1991), eta Aragoiko Kontseiluko ministro eta ofizialei buruzko 75 boz ere idatziak ditu, Diccionario de la Real Academia de la Historia-n agertzeko direnak.

Nazio nahiz nazioarteko mailako hainbat seminario eta kurtso antolatu izan ditu, gehienak Euskal Herrian, baina baita bertatik kanpo ere (Zaragozan eta Oxforden kasu). Hauen artean, UEUko kurtsoen baitan 2001etik aurrera antolatzen dituen Ernest Lluch seminarioak ditugu aipagarri; bertan, zuzenbideari, historiari, etikari eta politikari buruzko gaiak jorratu izan ditu. Unibertsitateei loturiko lanez haratago, ikerketaren, jakintzaren hedapenaren eta politikaren alorretako beste hainbat aktibitatetan ere ibili izan da. Horrela, Gipuzkoako Hauteskunde Batzorde Probintzialeko partaidea izana da zenbait hauteskundetan (1991koak, 1995eko munizipalak eta 1996ko orokorrak), zuzenbidearen alorreko ordezkaritzat. 1997an Euskararen erabilerarako Normalizazio-planaren Batzorde Aholkulariko partaidea izan zen, eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan, Araudi-garapenerako Batzordeko partaidea da. 2002an, Eusko Legebiltzarrean, bertako Autogobernurako Batzordeak Euskadirentzako egindako Estatutu proposamenerako diktamen bat aurkeztu zuen, eta beste hainbeste egin zuen 2004an, Euskadirendako Estatutu Politikoaren Proposamenaren Ikerketarako Batzorde Txostengilearen aurrean. Ikerketarako instituzioei eta aldizkariei dagokienez, Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Institutuko partaidea da, eta baita Anuario de Historia del Derecho español aldizkariko Erredakzio Kontseiluko partaidea ere (2008az geroztik). Horrez gain, Alfredo Floristánek zuzenduriko "Navarra 1512-2012" kongresuko Komisio Antolatzaileko partaidea ere bada.