Ikastolas

Andra Mari Ikastola. Etxarri-Aranatz

1969an hasi zen mamitzen gero Andra Mari ikastola izango zenaren proiektua. Bi guraso bultzatzaile zirela (Juan Mari Artieda eta Pello Lizarraga), eskola ordutegitik kanpo euskara eskolak eskaintzen ziren Etxarriko Mojen ikastetxean, "Principe de Viana"ren barruan zegoen Euskararen Aldeko Sailak ordainduta. Horko haurrak izan ziren ikastolari hasiera eman ziotenak. Etxarriko gurasoekin banan-banan hitz egin ondoren, lehen sei ikasle horiei seiko beste talde bat gehitu zitzaien. Urte horretan bertan Euskararen Aldeko Saileko kideekin hitz egin eta Udalari lekua eskatu zioten; honek Eskola zaharretan zeuden gelak utzi zizkien. Gurasoek auzolanean gela apaindu ondoren, J. Cortesen eskutik etorritako Arantxa Langara andereñoa jarri zen irakasle. Hasieran Aldundiaren babesa eduki zuen, baina haurrak hazi ahala OHOko etapari ekin behar izan ziotenean "Eskola kartila"rik gabe aritu behar izan zuten.

1970eko Legeak ezarritako baldintzak betetzeko asmoz, Sakana aldeko ikastolak bildu eta denen arteko kooperatiba sortzea erabaki zuten, San Miguel de Aralar izendatu zutena. Proiektua aurrera ateratzeko 1974ko azaroaren 15ean egindako bilerara Aldundiko partaideak ere gonbidatu zituzten (Soledad Erbiti, Karlos Garaikoetxea eta Jose Mª Oreja). Kooperatiba osatzen zuten herrien artean, Altsasu eta Etxarrikoak ziren ikastolarik indartsuenak. Ez zen erraza izan Altsasun eginen zela erabakitzea, baina une hartan egokiena zela-eta, azkenean han eraikitzea adostu zen. Ikastola berria 1979ko irailaren 15ean inauguratu zen. Herri hauetako haurrentzat pentsatua zegoen: Altsasu, Olatzagutia, Etxarri-Aranatz, Urdiain, Bakaiku, Arbizu, Lakuntza eta Uharte-Arakil.

Garaiko guraso horientzat bi gauza ziren garrantzitsuak: euskara eta hezkuntza eredua. Ez zuten nahi ohiko eskola "euskaratzea", balore ezberdinetan heziko zen hezkuntza proiektua nahi zuten. Hagitz arraroa zen ikastolan gertatzen zena herriko jende askorentzat: umeek ongi pasatzen zuten, kantatzen eta dantzatzen zuten, plastilinarekin jostatzen zuten eta andereñoek beraiek aurpegia margotzen zieten.

Sortu eta hamabi urtetara, 1981/82 ikasturtean jaso zituen Etxarriko ikastolak lehenengo aldiz "Eskola kartilak". Altsasuko ikastola txiki bihurtu zen: gero eta matrikula eskaera handiagoa jasotzen zuten eta kooperatiba desegin ez zen arren, Etxarrikoek, aldameneko herrietako ikastolekin batera, bere proiektuari ekitea erabaki zuten; beraz, 1985ean Altsasura joateari utzi zioten. Udalak utzitako eskoletako zortzi gelak txukundu, eta OHOko etapari heldu zioten bertan. Urte zailak pasatu behar izan zituzten ikastola-kideek, legeztapenaren bila Udalaren, Aldundiaren eta Ministerioaren atzetik: irakasleriaren soldata atzeratuak, finkotasunik gabeko lan hitzarmenak, gizarte segurantza atzeratuak, besteak beste. Festetako tabernak, herriz herri zebilen tonbola, kantaldiak, zozketak eta gurasoen kuotak beste diru iturri bat izan zen.

Sortu eta hogei urteren buruan, 1990eko abenduaren 26an, eskolaurreko eta falta zitzaien OHOko zortzi geletako legeztapena etorri zen. Gaur egun ongi finkatutako ikastola da, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapak eskaintzen dituena.

Ver versión en euskara.