Magazines

Txortan

Azkoiti,1984-1985

Puri-purian zeuden musika fanzineen ereduari segituz, Alberto Izagirre sustatzaile zutela, Felipe Juaristi, Diego Kruz, Pako Nogales eta Dabid Larrañaga azkoitiarrek, besteak beste, literatur fanzine bat argitaratzeko apustua egin zuten 1984an. Horretarako, hainbat gazte fitxatu zituzten, tartean Juan Luis Zabala eta Iñigo Aranbarri, 21 urte eskaseko ikasleak. Hainbatentzat euren lehengo plaza izan zen Txortan eta goitizenez baliatu ziren euren artikuluak sinatzeko.

1984ko udaberrian plazaratu zuten idazmakinaz idatzitako 24 orrialde grapatuen 1. zenbakia. Alberto Izagirre arduratu zen testuen konposizioaz. Azala eta barruko hainbat marrazki Diego Kruzek egin zituen; 2. eta 3. zenbakietakoak Pako Nogalesek egin zituen, hilabete batzuk beranduago Porrot (1984-90) aldizkarian egingo zuen bezala. Euren poltsikotik ordaindu zuten 200 bat aleko tirada. Azkoitian bertan banatu eta saldu zituzten 100 pezetatan. Azkoitiko lagunen eta euskara ikasten eta euskararen eta musikaren inguruan aritzen zirenen artean zabaldu zen gehienbat aldizkaria. Ez zuten bilgune jakinik eta erredakzioa tabernetan elkartu ohi zen.

Aldizkariaren izenburuak ere badu bere hitz-jolasa: narrua jotzeaz gain, abarketagileen herrian, Azkoitian, txortan egiteak abarketen zorua egitea ere esan nahi du.

Sorkuntza lanak izan ziren nagusi aldizkarian, baina musikari buruzkoak eta gai sozialak jasotzen zituztenak ere ugari ziren. Bertsolaritzak izan zuen bere tartea. Dabid Larrañaga arduratu zen Azkoitiko hainbat bertsolari zaharren bertsoak eskuratzen. 1. zenbakian Jose Manuel Lizarralde "Urkiolegi"ren (1872-1936) bertsoak izan ziren protagonista; 2.ean, Joxe Mari Arrizabalaga "Izkiturri"ren (1867-1912) bertsoak plazaratu zituzten; eta 3.ean, Lorentzo Garate Gabilondorenak (1866-1915).

Editorialak Felipe Juaristik idazten zituen; izenburuek eurek poeta salatzen zuten: "Aurreneko hitz asperra" (1. zenbakian), "Aurreneko hitz alperra" (2. zenbakian) eta "Aurreneko hitz tentela" (3. zenbakian).

2. zenbakiaren (1984ko uda) ostean taldea sakabanatu egin zen. Alberto Izagirre lanean hasi zen eta oposaketak prestatzen, Felipe Juaristi kanpora bizitzera joan zen eta Porrot aldizkaria sortu zuen Donostian, Iñigo Aranbarri ikasketekin hara eta hona eta Susa aldizkarian parte hartzen ari zen, Juan Luis Zabala, berriz, gaztetxearen inguruan murgilduta eta Susan kolaborazioak egiten, beste batzuk liburuak argitaratzeari ekin zioten,... Modu horretan, etenaldi luze baten ondoren 3. zenbakia 1985eko udan ateratzea lortu zuten. Kolaboratzaile gehiagok parte hartu zuten, tartean Jose Luis Otamendi azpeitiarrak.

Eragile taldearen sakabanaketaz gain, aldizkaria ateratzeak suposatzen zuen kostu handiak eta diru laguntzak lortzeko tramite amaigabeek aldizkaria argitaratzeari uztea eragin zuten. Hiru zenbakiren ostean, lagun artean sortu zena lagunartean amaitu zen.