Lexicon

tobera

galarrots.

Bi muturretik zintzilik dagoen gutxi gorabehera metro eta erdiko altzairuzko palankako soinu-tresna da. Bi jotzaile dira eta jotzeko 30 zentimetro luzeko bina burdin ziri erabiltzen dituzte, bat esku banatan. Palanka joaldiarekin tartekatuz, bertsolariak koplak kantatzen ditu, bai toberaren bertso propio zaharrak, bai saio horretarako prestatutakoak edo bat-batekoak. Beraz, ez da soinu-tresna bakarrik, festa-giroan egiten den ekintza baizik. Toberak azken denboraldian izan zuen zeregin nagusia, bai Lesakan eta bai Oiartzun inguruan, ezteiei lotua dago. Gazte-taldea, gehienetan palanka bizkarrean harturik, andregaiaren edo ezteia ospatzen ari den etxera inguratzen dira. Han, atari aurrean palanka lurrera sartzen dute, askotan zinta eta lorez apaindurik, eta jotzeko garaian, lurretik atera eta alderik alde bi muturretatik zintzilikaturik jotzen dute. Joaldiekin tartekatuz, koplak kantatzen dira. Bukatzen dutenean, ezkongaiekin etxera sartu eta afaldu edo zerbait jan eta edan egiten da. Karobietako inguruan ere askotan agertzen dira halako ekintza edo ospakizunak. Karea egiteko elkartzen ziren eta gauez, karobien inguruan suak pizturik, “karobi ezteia” izeneko festa ospatzen zen. Gaur egun, txalapartarekin batera edo nahasturik erabiltzen da eta gero eta jole gehiago, iraunkorrago eta trebeagoak dira Euskal Herriko alde gehienetan.