Cultural Groups

The North American Basque Organizations, Inc. - NABO

Euskal Herritik kanpo, 200 pasa euskal elkarte daude 20 bat herri ezberdinetan banaturik. Elkarte horien inguruan euskaldunak eta haien ondorengoak biltzen dira euskal nortasuna bizirik mantendu nahian. Historian zehar immigranteek mekanismo ezberdinak sortu dituzte haien nortasuna bizitzeko eta elkar laguntzeko, instituzioen sorrera mekanismoetariko bat izan delarik. Instituzioak, denboran zehar, forma ezberdinekoak izan dira eta behar ezberdinei erantzun diete. Instituzioek immigranteen beharrei egokitu behar izan dute.

Estatu Batuetako egoerari interesa gaitezen orain eta instituzio berezi bati, the North American Basque Organizations, Inc. (NABO), 1973an sortu zena. NABOk, gaur egun, euskal kultura bizirik atxikitzearen alde lanean ari diren Ipar Ameriketako 46 euskal elkarte biltzen ditu. NABO sortu aurretik ez zegoen komunikazio edo kooperazio formalik Ipar Amerikako euskal elkarteen artean.

Gure garapenean honako galdera horiei erantzunen diegu : Zergatik 1970. hamarkada arte itxaron zuten euskaldunek federakuntza bat sortzeko? Zer egoerari eta behar bereziei erantzun zien eta erantzuten die NABOk? Zer lan egiten du NABOk euskal kultura eta nortasuna mantentzeko?

Beste immigrante komunitate guziekin gertatu den bezala, euskaldunek sortu zituzten lehen instituzioek immigrante etorri berriak laguntzeko funtzioa betetzen zuten. Fenomeno hori immigrazio masiboaren garaian (1850-1950 Estatu Batuetan) hasi eta 1950. hamarkadan gelditu zen, immigrazioaren apaltzearekin hots. Hara nola euskaldun komunitate bat instalatu zen leku guzietan euskal hotelak sortu ziren. Hotel horiek funtzio garrantzitsua betetzen zuten: euskaldun etorri berriek lo egiteko, lan bat aurkitzeko eta laguntza psikologikoa izateko leku bat bazuten; leku haietan euskaldunek eta haien ondorengoek elkar laguntzen zuten eta haien kultura bizitzeko espazio bat bazuten ere. Estatu Batuetako euskal elkarterik zaharrena, New Yorkeko Euzko Etxea, euskaldun etorri berriak laguntzeko helburuarekin sortu zen 1913an. "Centro Vasco Americano - Sociedad de Beneficiencia y Recreo" deitzen zen orduan. Instituzio honek bere kideak laguntzen zituen eritasunak edo hiltzeak ukitzen zituelarik.

Bigarren Mundu Gerraren biharamunean euskal immigrazioa Estatu Batuetara anitz apaldu zen. Euskal Herritik etorri berrien beharrak, herri berriari egokitu arau, aldatuz joan ziren: ez zuten gehiago lo egiteko edo lan bat aurkitzeko leku baten beharrik; euskaldunen artean biltzeko leku bat baizik. Estatu Batuetan sortutako belaunaldiei euskaldun izatea zer zen erakutsiko zien espazio bat sortzeko beharra agertu zen ere. Ondorioz, poliki poliki, euskal instituzio informalen (euskal hotelak) sarea desagertuz joan zen, euskal elkarteei lekua utziz. 1950. hamarkadatik goiti, Estatu Batuetako leku ezberdinetan, euskal elkarte formalak sortzen hasi ziren (gaur egun segitzen duen fenomenoa da).

Garai horretan, fenomeno berezi batek Estatu Batuak ukitu zituen: "Roots phenomenon" edo "Sustraien fenomenoa". Afrikar-Amerikarrekin hasirik, fenomeno hau Europar jatorriko komunitateetara ere hedatu zen, euskaldunak barne. Immigranteak eta ondorengoak haien erroez harro bilakatu ziren, sentimendu hori publikoki adierazteko beharra sortuz.

Euskaldunen kasuan harrotasun hori, kontzientzia hartze hori, molde berezi batez adierazia izan zen: euskal elkarteen sorrera testuinguru horretan sartu behar da; euskal elkarte zenbaitek euskal etxeak eraiki zituzten ere. Elkarte horiek guziek euskal jai bat antolatzen dute geroztik, uda garaian normalean, euskaldunen presentziaren eta haien harrotasunaren erakusle. Elkarte horiek euskaldunen artean sozializatzeko leku bat izan nahi dute eta Estatu Batuetan sortu belaunaldiei euskaldun izatea zer den irakatsi nahi die (euskara, mus karta jokoa, euskal dantzak, euskal pilota...).

Poliki poliki, komunikatzeko tresnen garapenak lagundurik, elkarte ezberdinak haien artean harremanak sortzen hasi ziren (bata bestearen jaietara joanez adibidez) eta elkarteen arteko sare formalizatu bat sortzeko beharra agertu zen, NABOren sorrerarekin gauzatu zena. Ondorioz, NABOren sorrerak euskal instituzioen fenomenoaren barruan etapa berri bat markatzen du.

Jon Bilbao eta William Douglass, Reno Nevada unibertsitatean zegoen Euskal Ikasketetako Zentroaren (Basque Studies Program) kide zirenak, 1971ko udaberrian Argentinara joan ziren, euskal emigrazio gaia ikertu nahiz (Amerikanuak: Basques in the New World, 1975). Han zirela, hango euskal elkarteak 1955az geroztik federakuntza baten babesean antolatuak zirela konturaturik (FEVA, edo Federacion de Entidades Vasco Argentinas), horrelako zerbait Estatu Batuetan antolatzea ongi litzatekela pentsatu zuten. Ondorioz, ideia hori jorratzeko lehen bilkurak Renoko unibertsitatean antolatu ziren, euskal liburutegian.

Aldi berean, 1971an, Idaho estatuko Hezkuntza departamenduak diru laguntza bat galdetu zion Estatu federalari euskal proiektu zenbait plantan jartzeko. Estatu federalak 52.285 $eko laguntza eman zuen eta The Idaho Basque Studies Center (Idahoko Euskal Ikasketa Zentroa) izeneko erakundea sortu zen lan hori antolatzeko eta dirua banatzeko. Besteak beste, erakundeak NABOren sorreran lan egin zuen, Renoko Euskal Ikasketa Zentroak ekindako lanari jarraituz.

1973ko martxoaren 9 eta 10an, Nevadako Sparks herrian (Reno ondoan), Estatu Batu mendebaldeko 8 euskal elkarteetako ordezkariak bildu ziren: Elko, Reno, Ely (Nevada) Boise, Emmett (Idaho), Los Banos, San Francisco (California) eta Ontario (Oregon). Hasiera batean mendebaldeko euskal elkarteak bilduko lituzkeen erakunde bat sortu nahi zen, araberako izenarekin: Western Basque Organizations. Baina laster erabaki zen irekitzea, geroan eremu geografiko horrez kanpoko elkarte batek sartu nahi balu eta honako izen hau eman zitzaion: The North American Basque Organizations, Inc. Jatorrizko ideia elkarteen arteko komunikazioa garatzea baldin bazen, NABOren eragina hori baino urrunago joan da.

NABOren kideak elkarteak dira. Elkarte bakoitzak bi ordezkari bidaltzen ditu urtean hiru aldiz antolatzen diren bileretara. NABO ez da gorputz erabakitzaile bat, zerbitzu erakunde bat baizik. NABOk antolatzen dituen aktibitateak bere kideen onerako dira baina kide bakoitzari dagokio aktibitate horiek plantan ezartzea edo ez.

NABO 1973an 8 elkarteekin hasi bazen, gaur egun bere baitan 46 elkarte biltzen ditu. Elkarte gehienak Estatu Batuetako mendebaldean kokatuak daude, baina ekialdeko batzuk ere aurki daitezke: New Yorkeko Euzko-Etxea 1993az geroztik, Washington Dcko elkartea 2007az geroztik eta Miami Floridakoa 2010az geroztik. Kanadako euskaldunak ordezkatuak dira ere, Vancouver eta Montreal-ko euskal elkarteekin (2008 eta 2009az geroztik).

NABOk euskal elkarteak batzen ditu eta euskal kulturaren alde lan egiten du. Urtero, elkarteen arteko pilota eta mus txapelketak antolatzen ditu, bai eta euskal kantari dedikatua zaion egun bat (The Day of the Singer). Elkarte bakoitzaren aktibitateak biltzen dituen egutegi bat argitaratzen da urtero. Euskara sustatzeko programa bat plantan ezartzen du eta Euskadiko HABE erakundearen laguntzarekin Estatu Batuetako gero eta leku gehiagotan irakasten da euskara. Elkarteen arteko jai bat antolatzen da, NABO Convention festival deitua, elkarte ezberdin batek antolatua urtero. Gazteentzako udako egonaldi bat (Uda Leku) proposatzen du ere.

Estatu Batuetako euskal elkarteak dinamika ezberdinekoak dira. Bederatzik haien euskal etxea eraiki dute : New York, San Francisco, Boise (Idaho), Elko (Nevada), Ontario (Oregon), Chino, Bakersfield (California), Gooding eta Homedale (Idaho). Bostek pelota plaza bat dute: San Francisco, Chino, Bakersfield, Elko eta Boise. Kide kopurua desorekatua da elkarteen artean: 800 eta 50 kide arteko elkarteak dira. Elkarte batzuk bizpahiru aktibitate hilabetean proposatzen dituzte haien kideei, beste batzuk bat bakarrik antolatzen dutelarik urtean (udako jaia). Euskal elkarteak bide gurutze batean dira etorkizunari begira eta erronka zonbaitei aurre egin behar diete. Euskal Herritik etorritako imigrazioa agortua den kontextu honetan (imigranteen azken belaunaldia agortzen ari den une honetan), euskal elkarteak belaunaldi aldaketa prozesu batean daude. Aldaketa hori elkarte batzuk xarmanki pasa dute, beste batzuk zailtasunak ezagutzen dituztelarik.

Euskaltasuna ez da errexki etortzen den sentimentua Estatu Batuetan sortu den haur batentzat. Nortasun hori eraiki behar da. 1970. hamarkadaz geroztik, NABOk euskal amerikar gazteentzako uda leku bat antolatzen du. Bi astez, 10-15 urte arteko ehun bat gazteek euskal dantza, euskal musika, euskara klaseak hartzen dituzte, bai eta joko eta ateraldi ezberdinetan parte hartu ere. Aktibitate hauek haien euskal nortasunaz harro sentitzen laguntzen die. Ekimen horiei esker, gazteak ohartzen dira euskal elkartea ez dela haien guraso edo aitatxi eta amatxirekin lotua den zerbait, baizik eta gogo onez parte hartzen duten leku bat, haien lagunekin, izan dadin aktibitate tradizionalen inguruan edo aktibitate "modernoago" batzuen inguruan.

  • BILBAO, Jon; DOUGLAS, William A. Amerikanuak: Basques in the New World. Reno (Nevada): University of Nevada Press, 1975.
  • CAMUS ETCHECOPAR, Argitxu. The North American Basque Organizations, Inc. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua, 2003. .
  • CAMUS ETCHECOPAR, Argitxu. A Comparative Historical Study of Basque Institutions in the United States. 2008. Tesia. Reno, Nevadako Unibertsitatean aurkeztua.
  • ECHEVERRIA, Jeronima. Home Away From Home: A History of Basque Boardinghouses. Reno (Nevada): University of Nevada Press, 1999.