Schools

San Fermin ikastola

Iruñea

Gerra Ondoko Nafarroako Ikastolen hastapenetan 1963an porrot egin zuen saiakera baten ondoren, Iruñean 1965ean beste proiektu bat jarri zen martxan, Euskalerriaren Adiskideakeko elkartekideak sortzaile zirelarik. Oraingo honetan, nahiz eta bide ofizialak ere jorratu ziren, gauzatzea lortu zuen.

Iruñeko alde zaharrean lanean hasi zen "Nuestra Sra. de Uxue" izenarekin eta urtetik urtera gero eta haur gehiago jasotzen zituen. Bere barnean gatazka handiak sortzen hasi ziren ikastolak izan behar zuen hezkuntza proiektua dela eta (konfesionaltasuna eta autonomia ziren gairik eztabaidatuenak). 1970eko martxoan, biltzar korapilatsu baten ondoren, erdibitzea erabaki zuten. Elkartearen mendean egon nahi ez zuten gurasoek beste ikastola berri bat, "San Fermin" izena zuena, sortu zuten elkarte anonimotzat. Bestea "Paz Ziganda" ikastola bihurtu zen. Zatiketa gertatu zenean, ikasleek lehendik zuten andereñoarekin jarraitzeko aukera eman zitzaien gurasoei. Irakasleen artean andereñoen erdia gelditu zen, beste erdiak ikastola berrira joatea erabaki zuen bitartean. Zatitu zen egunean 308 ikasle ari ziren ikastolan, horietatik 270 abiatu ziren Zizur Txikira. Handik aurrera, ikastola bakoitzak bere martxa eraman zuen.

1970eko martxoaren 30ean F. Zibiriainek sinatutako eskutitz batekin eman zion hasiera San Fermin ikastolako batzordeak bere jardunari. San Fermin ikastola Zizurko Verbo Divino ikastetxeak zituen lokaletan hasi zen eskolak ematen apirilaren 2an.

1970/71 ikasturterako irakasle berri batzuk kontratatuak izan ziren eta horien artean Jesus Atxa Jauna, aretxabaletarra, zuzendari.

Hezkuntza Ministerioaren behin behineko baimena jaso zen ikastolan 1970eko abenduaren 3an. Hala ere, laster egin behar izan zuten 1970eko Legearen araberako erreklasifikazioa. Ministerioko ikuskatzaileen agerraldiak kezka-iturri ziren garai hartan lokalak zirela, gaztelania zela, haurrei egiten zitzaizkien galderak zirela etabar. Bestalde, une honetan ikastolak jaiotzen ari ziren leku askotan eta zaila zen orduan irakasle euskaldun tituludun aurkitzea. Gai honek ere buruhauste handia eman zien garaiko ikastola guztiei.

70. hamarkadako lehen urte horietan aitzin-pauso handiak eman ziren. Fraideekin zeukaten kontratua behin-betikoa bihurtzea lortu zen baita hitzarmena gela eremu gehiagotara hedatu ere. Aldiz, legeak eskatzen zituen liburutegi, laborategi, gela balio anitzekoa, soinketa leku, tutoretza, egongela, eta abarrek itxoin behar izan zuten oraindik.

San Ferminek 1977ko maiatzean egin zion Batxilergo Bateratu Balioanitza (BBB) eta Lanbide Heziketa (LH) lortzeko eskaera Ministerioari. Hilabete geroago eta pixka bat ustekabez iritsi zen BBBrako behin-behineko baimena. Une horretatik aurrera Nafarroan Batxileratoa izan duen ikastola bakarra izan da 2012 urtean Paz Zigandak eskaini arte.

Nafarroako beste ikastolentzat eredu bihurtu zen jaio bezain pronto baina ez zen horretan bakarrik gelditu aunitz izan baitira euskararen alde Iruñerrian egindako ekarpenak: Euskal Herria irratirako antena bere lursailetan jarri, KIDE jostailu denda sorreran parte hartu, kirol ezberdinen bultzatzaile izan, besteak beste.

Ver versión en euskara.