Architecture

Palacio Ipeñarrieta. Urretxu

Voz en proceso de elaboración. Ver versión en euskara.

Eraikina ulertzeko, ezinbestekoa da jatorrizko familia ezagutzea. Jatorria "Villareal de Guipúzcoa"-n du, Urretxun hain zuzen ere. Bertan izan zituen familia honek lurrak, artaldeak eta baserriak, erdi aroko lekuko bizitza sozialean parte hartzeko aukera emanez 1473ean Ochoa de Ipeñarrietari "Fiel Regidor" denominazioa eman zioten arte. Handik aurrera familia garaiko beste familia garrantzitsu batzuekin elkartzen hasten da eta semeren batek karrera eklesiastikoa egin zuen, guzti honek familiari izen ona emanez. Estatuko administrazioan kargu ugari izan zituen familiak, hala nola, don Cristóbal, Juan de Ipeñarrieta eta honen emazte María de Leturiaren semea Felipe II.aren idazkari izan zen Madrilen.

Urretxun, don Cristóbal de Ipeñarrietak Irimo mendiaren magala aukeratu zuen jauregiaren eraikuntzarako, bere gurasoen orube eta etxebizitza kokatuta zegoen eremua, arbasoen bizi leku izandakoa, Ipeñarrieta deiturikoa. Irimo mendiak 896 metroko altuera dauka. Gailur honek, eta beste seiek, Urretxuko zazpi puntak osatzen dituzte, Meakara iritsi arte.

XVI eta XVII. mendeetan bizi izan zuen jauregiak goieneko unea. Ipeñarrieta familiako kide askok Madrilgo Gorteetan kargu garrantzitsuak zituzten garaian hain zuzen ere. Hori dela eta, Felipe III.a erregeak etxe honetan hartu zuten ostatu Bidasoara bere bi alabak ezkontzan ematera etorri zenean.

XVIII. mendetik Izagirre familia bizi izan da baserri bihurtutako etxe partikular honetan. Pribatua denez, ezin da bisitatu. Baserri izaera hartu du bere osotasunean. Bai erabilerari dagokionez eta baita bertan egiten den bizitza moduari begiratuz nabaria da izaera berri hau, inguruan dauden animaliak edo soroa ikustea besterik ez dago.

Jauregiaren ingurua aztertuz, ondoko errepidetik begiratuta, albo batean Irimo mendi magalean kokaturik aurkitzen den Ipeñarrieta Jauregia bera ikus dezakegu. Oin angeluzuzena duen eraikina da, bi solairu dituena, eta azken oin bat ageri zaio linterna modura bigarrenaren gainean.

Ondoan, alboko soroa eta baserri bat ageri dira. Baserri hau sendiaren jatorrizko etxea da, familiaren abizena hartzen zuen orubean kokatua mendeetan barrena. Soroak egurrezko hesiz itxiak aurkitzen dira eta zuhaitz nahiz landaretzaz inguraturik daude.

Ohikoa da jauregi-baserri inguruko larreak artaldez beteta ikustea. Inguru oso naturala eta lasaia da.

Bi eraikinen artean bide bat ikus daiteke, hau ere hesiz inguratu eta bertara iristeko beharrezkoa dena behin bide nagusia utzi ondoren.

Eraikinaren bolumetriari dagokionez, solairu errektangularra duen etxea da, gainaldetik eskailera kajari dagokion gorputz bat ateratzen zaiolarik. Honen inguruan gelak antolatzen dira. Bere egitura kubikotik ateratzen den azken gorputz honek linterna modura funtzionatzen du, bere funtzioa barnekaldea argiztatzea baita eta erdikaldeko egongela iluminatzen du zehazki.

Gainerako jauregietako zorroztasun-eskemak errepikatzen dira jauregi honek dituen bi solairuetan. Solairu nagusian, sarrerako atean zehazki, sendiaren armarriak aurkitzen ditugu Carrarako marmol txurian eta honako lema hau irakur daiteke bertan latinez, "Soli deo honor et gloria" (Jaungoikoari ohorea eta aintza bakarrik)

Zihurrenik bere jatorrizko egitura eta diseinu elegantea, Cristóbal de Ipeñarrieta mugitzen zen gorte giroko jendearekin loturiko arkitekto baten ideiari dagozkio, honen izen eta abizenak ez dakizkigun arren. Honen sinpletasuna, bere formatuaren erregulartasun perfektua, ordenazio orekatua, monumentaltasuna eta eraikuntza kalitateak errege-familiekin loturiko arkitekto batengan pentsatzera eramaten gaitu, Francisco de Morak garatutako errementari gustuak ezagutzen zituena.

1605.urtean eraikina altxata zegoela baieztatzen da, eta bertan Martin de Basagoitia obretako maisuak parte hartu zuela esaten da, ondoren Zumarragako parrokian lan egingo zuen hargin bizkaitarra. Obren gainbeiraketa Martin de Ipeñarrieta abadearen esku utzi zen.

Bere altuerarengatik Gipuzkoako dorretxeak gogorarazi ditzazkeen arren, ez du inongo zerikusirik landa eraikin tipologia honekin, bere diseinu orokorra eszenatoki urbanoago batekin lotuagoa baitago.

Fatxadadei dagokienez bi fatxadek hartzen dute monumentaltasun guztia eta beste biak bigarren plano batean gelditzen dira estetika mailan baina honen zergatia ez da intentzio edo estilo arkitektoniko zehatz bat jarraitzea. Hareharriarekin eraikita, ipar-ekialdeko eta hego-ekialdeko fatxadetako hargintza erregularra perfektua da. Beste biak aldiz harlanduz edo manposteriarekin eraiki ziren, azkarregi eraiki balira bezala edo interes gutxiagorekin bukatutako sentsazioa emanaz.

Familiak garaiko artistekin kontaktua izan zuen eta etxean tapizeria bereziak, margo-kolekzio ikusgarria eta zilarrezko elementu ugari zeuden kalitatezko altzariez gain.

Doña Antonia de Ipeñarrietak Velazquezi enkargatutako bost erretratu daude dokumentatuta, erregearena bat eta Olivareseko kondearena beste, bat besteak beste.

Azken hau eta Felipe IV.ri egindakoa dira gaur egun kontserbatzen diren bakarrak. Baina lehenengoa Sao Pauloko Arteen Museoan dago eta bigarrena New York-eko Museo Metropolitanoan. Doña Antoniaren lehen senarraren erretratua aldiz, desagertu egin zen.

Baserri bihurtutako Ipeñarrieta jauregia etxebizitza pribatua da egun. Duela gutxira arte Lenburrek, Urola Garaiko Turismo Garapenerako Erakundeak, bisitaldi gidatuak antolatzen zituen bertara laborantza modu tradizionala erakusteko. Egun zerbitzu hori ematen ez duten arren, ez dute baztertzen etorkizunean berriz eskaintzea.

Jauregia, edo gaur egungo erabilerari begiratuz baserria hobe esanda, mantentze lan on bat eginda dago eta egoera onean mantentzen da. Gainera bere jatorrizko izaera mantentzen du, urteen poderioz baliteke aldaketa txikiren bat egin izana baina esan liteke ez dela zaharberritze prozesu handiegirik egin eta bere horretan jarraitzen duela itxurari dagokionez. Herritarrek inguruko historiaren islada bezela ulertzen dute eraikina eta ezaguna da inguru hauetan.

  • Euskadi.net [web] Ipeñarrieta jauregia [Kontsulta data: 2012ko abuztuaren 28a]
  • Guregipuzkoa.net [web] Ipeñarrieta jauregia [Kontsulta data: 2012ko abuztuaren 28a]
  • IGIÑIZ, Felipe; ANDUAGA, Agustín; URREA, Jesús. El Palacio Corral-Ipeñarrieta Hirigintza eta arkitektura departamentua, 1993.