Concept

Museoak. Arkitektura

Museo "jeneralista" hauek zaharrak dira gehienetan, nahiz eta azken hamarkadetan birgaitze-prozesu ugari izan diren, eta izaera historikoa maiz duten arren, egia da askotan oso gai ezberdinak nahasten direla haien geletan. Aipa ditzakegu Nafarroako Museoa (Iruñea), San Telmo Museoa (Donostia), Gernikako Euskal Herria Museoa, Baionako Euskal Museoa edota Bilbon dagoen izen bereko museoa (Bilboko Euskal Museoa).

Jeneralisten alderantzizko izaera dute, museo "lokalista" hauek hiri, herri, haran edo eskualde konkretu baten inguruko gaiak soilik biltzen dituztelako. Horra hor, adibidez, Zalduondoko Museoa, Durangoko Historia eta Arteko Museoa, Orozkoko Museoa, Kexaako Museoa, Enkarterrietako Museoa, Plasentia de Butron Udal Museoa, Larrauleko Museoa, Zarautzeko Arte eta Historiako Museoa, Tuterako Museoa, Castejoneko Museoa, etab.

Esan bezala, museo jeneralistek eta tokikoek aspektu historikoak biltzen dituzte ia beti, baina, hala ere, badira historiaren ikuspuntu edota pasarte historiko konkretuak hartzen dituzten museo historikoak, hala nola Lizarrako Karlismoaren Museoa, Izabako Oroipenaren Etxea, Arteako Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Gernikako Bakearen Museoa, Zugarramurdiko Sorginen Museoa, Mendozako Arabako Heraldika Museoa, etab.

Museo arkeologikoak izatez historikoak ere badira baina, azken urteetan aztarnategi arkeologikoen musealizazioaren gorakadak maila berri hau irekitzera bultzatu gaitu. Arlo honetan sar daitezke honako hauek: Isturitzeko Haitzuloetako Museoa, Ekain-Berri Museoa (Zestoa), La Hoyako Herrixkako Museoa (Biasteri), Irungo Oiasso Museoa, Andelos Hiri Erromatarreko Museoa (Mendigorria), Berbintzanako "Las Eretas" Aztarnategiko Museoa, Iruñako Oppidumeko Museoa, Arradako Harresi Barrutiko Museoa eta Arellanoko Villa Erromatarreko Museoa.

Historia, zientzia, arte edota kulturaren beste edozein alorreko pertsonaiei dedikatutako museo monografikoak dira, gehienetan pertsonaiarekin berarekin erlazionaturik dagoen eraikin batetan instalaturik, adibidez bere sortetxean. Aipa ditzakegu Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoa, Ziortza-Bolibarko Simón Bolívar Museoa, Zumaiako Zuloaga Museoa eta Julio Beobide Museo-Tailerra, Erronkariko Julián Gayarre Museo-Etxea, Iruñeko Pablo Sarasate Museoa edota Petillako Ramón y Cajalen Etxea.

Hauetan ere bereizi ahalko genituzke Euskal Herri osoa edota herrialde oso bat hartzen dutenak eta hiri ala herri konkretu bati buruzkoak, azken hauek oso ugariak direlarik. Hona hemen museo etnologiko eta etnografiko batzuk: Lizarrako Julio Caro Baroja Museo Etnologikoa, Artetako Museo Etnografikoa, Oioneko Museo Etnografikoa, Artziniegako Museo Etnografikoa eta Pipaoneko Museo Etnografikoa.

Eta etnografiaren aspektu konkretu bat hartzen duten arren, honako maila honetan ere sartu beharko genituzke beste museo batzuk, hala nola Euskal Buztingintza Museoa (Elosu), Arteako Euskal Baserriaren Ekomuseoa, Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Astigarragako Sagardoaren Museoa, Zubietako Errotako Ekomuseoa, Igartubeiti baserri-museoa, Orisoaingo "Vivencias de Antaño" Ekomuseoa, Abaurreagainako "Hilarrien Lorategia" eta Burgiko Almadien Museoa.

Badira ere, azkenik, aspektu gastronomikoak hartzen dituzten museoak, hala nola Laudioko Euskal Gastronomi Museoa, Metautengo Boilurraren Museoa, Eltsoko Ezkurdi Erlezaintza Museoa edota Uztarrotzeko Gaztaren Museoa.

Era askotakoak daude, eta Euskal Herriko museo famatuenetakoak dira. Batzuetan arte ezberdinetako lanak biltzen dituzte, orokorrean, eta beste batzuetan eskulturgintzan edo margogintzan espezializaturik daude. Badira ere autore bakar baten lanak biltzen dituzten museo monografikoak. Aipatuko ditugu, adibidez, Arabako Arte Ederretako Museoa, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Bilboko Artelan Berreginen Museoa, Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoa, Baionako Bonnat Museoa, Tuterako Muñoz Sola Arte Modernoaren Museoa, Corellako Arrese Museoa edota Zarautzeko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoa.

Arte museoen artean, gainera, nabarmendu ditzakegu arestian sortutako arte garaikideko abangoardietako museoak, hala nola Bilboko Guggenheim Museoa, Gasteizko Artium Museoa, Hernaniko Chillida-Leku Museoa, Arizkungo Santxotena Museoa, Huarte Arte Garaikideko Zentroa (Uharte) edota Altzutzako Jorge Oteiza Fundazio Museoa.

Museo mota honen baitan, aipamen berezia merezi dute eliza katolikoaren arte-bildumak, hala nola Bilboko Aste Santuko Pasoen Museoa, Iruñeko Katedraleko eta Elizbarrutiko Museoa, Donostiako Elizbarrutiko Museoa, Arabako Elizbarrutiko Arte Sakratuko Museoa, Bilboko Elizbarrutiko Arte Sakratuko Museoa, Xabierko Gazteluko Museoa, Orreagako Monasterioko Museoa, Tulebrasaeko Monasterioaren Museoa eta Kaputxinoen Bizimoduaren Erakusketa-Museoa (Iruñea).

Natur Zientzien alorrean aipa ditzakegu Miarritzeko Itsasoaren Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Urretxuko Mineralen eta Fosilen Museoa, Donostiako Itsas Jauregia-Aquarium Museoa, Gasteizko Natur Zientzietako Museoa, Munduko Tximeletak Erakusketa Iraunkorra (Irun), Azpeitiko Ingurugiro Etxea edota Iruñeko San Pedroko Ingurumen Heziketarako Museoa.

Zientzia eta Teknologiako museoak arestian sortutako instalazioak dira gehienetan, eta aspaldiko bizimoduen isla jasotzen dute, baita Euskal Herriaren ekonomiaren garapenean garrantzia izan duten hainbat aspektu ere. Horra hor, adibidez, Atarrabiako Pilategia, Gallartako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa, Abanto eta Zierbenako Euskal Herriko Meagintzaren Museoa, Donostiako Untzien Museoa, Portugaleteko Rialia Industria Museoa, Eureka! Zientziaren Museoa (Donostia), Añorgako (Donostia) Museum Cemento Rezola Museoa, Agorregiko Burdinola eta Errotak (Aia), Beasaingo Igartza Multzoa, Azpeitiko Trenbidearen Euskal Museoa, Eibarko Armagintza Museoa, Gasteizko Arma Museoa, Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa, Legazpiko Burdin Haranako instalazioak (Mirandaola Burdinola, Euskal Burdinaren Museoa, Artzaintzaren Museoa eta Aikur Erle Museoa), Lesakako Burdinaren Etxea, Pasai San Pedroko Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroa, Leintz Gatzagako Gatzaren Ekomuseoa, José Luis Goti Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa (Leioa).

  • AA.BB. Euskadiko Museoak eta Bilduma Museografikoak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2005.
  • BOLAÑOS, M. La memoria del museo. Cien años de museología 1900-2000. Gijón: Trea, 2000.
  • HERNÁNDEZ, F. Manual de Museología. Madrid: Síntesis, 1984.
  • LEÓN, A. El museo. Teoría, práctica y utopía. Madrid: Cátedra, 1978.
  • MATEY, Pinar. Euskal Herriko Museoak. Bilbo: Ibaizabal, 2003.