Architecture

Manufacturas Olaran. Beasain

Beasaingo Iturrioz kalean dago kokatua, Oria ibaiertzean, hain zuzen ere.

Beasainen, industria hiri garapenaren motor nagusia izan da. Burdinolen tradizioari jarraituz, trenaren inguruko garapenak eta herriaren kokaleku estrategikoak indartu egin zuten prozesua.

Azpimarratzekoa da, garapen horretan CAFek (Compañía Auxiliar de Ferrocarriles) izan zuen eragina, ez langile-etxe ugari eraikitzea eragiteagatik soilik, baizik eta, landa-herria beharrezko ekipamendu eta zerbitzudun hiri moderno bilakatzen laguntzeagatik. Halere, CAFekin batera, herriko beste hainbat industriak ere parte hartu zuen prozesu horretan: Aristrain, Estanda, Indar eta Manufacturas Olaranek, besteak beste.

Aztergai dugun eraikina, Aranatarren altzari-fabrika izandakoa, Antzuolan sortu eta larrua lantzen ziharduen Manufacturas Olaran S.A. enpresak, 1939an fabrika Beasaina eramateko berritutako eraikina da.

Eraberritze proiektua Florencio Mocoroak diseinatu zuen eta orain arte bestela uste bazen ere, azken ikerketen arabera, lehendik zegoen Aranatarren eraikinari irudi modernoagoa emateko asmoz, lehengo egitura mantenduta, eraikinaren iparraldeko atalaren fatxada berritzea planteatu zuen. Beraz, une hartan gailendu zen irudi arrazionalista, ezaugarri nagusitzat dekorazio soiltasuna eta oin karratuko dorre liraina dituena.

Florencio Mocoroa 1903an jaio zen Tolosan eta lehen ikasketak Donostian burutu zituen. Arkitektura ikasketak Madrilen eginda, 1929an Donostiara itzuli zen eta bertan garatu zituen 60. hamarkadara arteko bere proiektu gehienak. Era guztietako proiektuak egin zituen, etxe burgesetatik hasi eta langile-etxeetara, gehienak Cortazarren zabalgunean eta Grosen, baina baita Donostiako periferian ere. Bere azken urteak Bartzelonan igaro zituen.

Lehen arrazionalismoa XX. mendeko bigarren eta hirugarren hamarkadetan garatu zen. Eta nahiz eta sormen gune garrantzitsuenak Euskal Herritik kanpo zeuden, estilo berri hark, gure lurraldeetan oihartzun handia izan zuen, bereziki Gipuzkoan, arkitektura industrialaren bitartez nabarmendu zelarik.

Funtzionaltasuna eta soiltasun dekoratiboa, lerro horizontalen nabarmentzea eta eraikuntza material eta teknika arrazionalenak aplikatzea dira arrazionalismoaren ezaugarri nagusiak.

Eraikin bakarra bazen ere, bi atal ezberdin bana zitezkeen: batetik, jada 2011tik eraitsia dagoen eta jatorriz eraikitakotik, eraldaketa gutxi jasan zituen itxura dinamikoduna, eta bestetik, 1939an eraberritutako hormigoi armatuzko bolumen konpaktua. Bien arteko trantsizio elementu gisara, eta berritutako eremuaren mugarri modura fatxadako atal esanguratsuena den dorrea azaltzen zaigu.

Altxaera nagusia kalera begira dago, hego-ekialdera, eta behe oinaz gain, beste bi oin eta atzeraxeago, hirugarren bat ditu. Ornamentu gabeko fatxada soila da, behe eta lehen oinetako serie erregularreko irekidura luzatuekin horizontaltasuna gailentzen da. Gorantz doan heinean, ordea, bigarren oinean, plano itsu bihurtzen da. Bertan errotulua ageri da, erliebedun hizki handiekin: "Manufacturas Olaran".

Altxaeraren adierazgarritasun osoa, errotuluko grafismoaren eta dorrearen bidez islatzen da. Estalkira iristea ahalbidetzen duen dorre hau, prisma errektangeluar liraina da eta konposizio-era librean kokaturiko plano horizontalak ditu goialdean, erremate gisa. Errotuluaren neurri handiak, kaleari paralelo kokatutako trenbide eta errepideetatik pasatzen zirenentzako, publizitate elementu gisara funtzionatzea zuen helburu.

Alboetako altxaerak, itsuak eta lauak dira nagusiki. Hego-mendebaldekoa -dorreak mugatzen duena- eta hego-ekialdekoa -nagusia- dira arkitektoak proiektuan definitzen dituen bakarrak.

Barnealdea fabrikaren beharretara egokitzen da, espazio zabal eta argitsuak dira, bi patio simetrikoren inguruan antolatutakoak. Denboran zehar aldaketa batzuk jasan ditu, gune batzuetan eraiki den tarte-solairua adibide.

Eraikuntzari dagokionez, hormigoi armatuzko zutabeen modulazioa 5x5 metrokoa da eta argi dago, garaian erabiltzen ziren teknika eta patenteak hartu zituztela eredu: zutabe, habe eta nerbioez eutsitako losa meheak (15 cm inguru).

Solairuen arteko distantzia 3-4 metro ingurukoa da.

Itxitura bertikalak, Mocoroaren proiektuko memoriaren arabera, adreilu orri bikoitzekoak dira, aire ganbaradunak, eta garaian ohikoa zen bezala, ez zen isolatzailerik erabili. Estalkia, laua eta sistema konbentzionalekoa eraiki zuten.

Erabilitako material nagusiak, hormigoi armatua, beira eta kanpo zarpeatu zuria dira.

1995ean, Udalak, Arau Subsidiarioen bitartez, ordenazioz kanpo utzi zuen eraikina, inongo babes legalik ez zuelako, eta orubea etxebizitzak eraikitzeko erabiltzea proposatu.

Lau urte geroago, DOCOMOMO elkarteak, Mugimendu Modernoko arkitektura eta hirigintzaren dokumentazio eta kontserbazioan diharduenak, "Arquitecturas e Industrias Modernas 1900-1965" jardunaldiak antolatu zituen Sevillan eta eraikin hau izan zuten aztergai besteak beste.

Gertaera hau babeserako froga gisara erabilita eta Beasaingo zenbait hiritarrek burututako kanpainari esker, 2003an, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Kiroletako kontseilari ordeak, Manufacturas Olaran lantegia Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean txertatzeko espedientea hasi zuen.

Urte berean, Kultura Ondasun gisara, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Zerrenda Orokorrean sartzea ebatzi zen. Izendapena, 1939an berritutako bolumenari soilik eman zitzaion, handitze independente gisara ulertuta. Aurkitutako azken dokumentuek, ordea, izaera hau kolokan jartzen dute.

2007rako, orubearen hegoaldeko muturrean etxebizitza blokea eraiki zuten, eta bi urte geroago, 2009an, Udalak, Olaranen jabeekin eta erakunde sustatzaile batekin batera, fabrikaren atzealdean babes ofizialeko beste etxebizitza blokea eraikitzea adostu zuten.

2011an, dorretik ezker alderako eraikin atala, monumentu izendapenik gabea, eraitsi egin dute bloke arrazionalista bakarrik utziz. Azken honek, hormigoiari dagozkion ohiko patologiak eta mantenu faltagatik sortutako beste batzuk ageri baditu ere, orokorrean, eraikina egoera onean dago.

Enpresak jarduera eten zuenetik eraikina hutsik eta erabilerarik gabe dago, baina Udala, hark primerako aukerak eskaintzen dituela kontziente izanik, fabrika beste zeregin baterako berrerabiltzea aztertzen ari da.

  • Beasaingo arkitekto eta arkitektura ikasle taldea (BARANDIARAN, N. [et al.] ). "Manufacturas olaran: legado racionalista en Beasain", Beasain jaietan. 2002
  • FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier. "Arkitektura industriala modernoa Gipuzkoan (1928-1939): tipologiak eta iturriak". 1875-1939 bitarteko Euskal Artearen Berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. 2004, 23. zenb. 325-333. Orr.
  • GARCÍA ODIAGA, Iñigo. "Florencio Mocoroa Gastesi". Gipuzkoako Arkitektoak, 01. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (arg.). 2007.
  • AZPIRI, Ana [et al.] , "Manufacturas Olaran", Gipuzkoako Arkitektura Gida, 1850-1960, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (arg.). 2004
  • EUSKO JAURLARITZA. Kultura, eta Kiroletako saila, 2003ko urtarrilaren 22ko ebazpena. (2003ko Otsailak 24ko EHAA, 39. Zenb.)