Concept

Jaiotzak eta ugalkortasuna

Jaiotzak oinarrizko gertakari demografikoak dira. Jaiotakoen ikuspuntutik, jaiotzak gertakari unibertsalak eta ez berriztagarriak dira, hots, pertsona oro jaio da eta pertsona behin baino ez da jaiotzen. Jaiotzen bilakaeraren azterketak (gazteleraz, natalidad) ez du populazioaren egitura kontutan hartzen, ezta ugalkortasunaren egutegia ere, emaitza orokorregiak eskeiniz.

Jaiotzak gurasoen ikuspuntutik aztertzen ditugunean gertakari ez unibertsalak eta berriztagarriak dira, hau da, pertsonak badu guraso ez bilakatzea eta pertsonak ume bat baino gehiago izan dezake. Pertsonek izandako ume kopuruari ugalkortasuna deitzen diogu eta gehienetan emakumeen ugalkortasuna aztertzen da. Demografikoki, ugalkortasuna -izandako ume kopurua- eta ernaltzeko gaitasuna -umeak izateko ahalmena- ezberdindu beharreko kontzeptuak dira.

Tamalez, euskal hiztegi gehienetan ez da kontzeptu hauen arteko ezberdintasuna jasotzen eta ugalkortasuna eta emankortasuna adierek aipatutako kontzeptu biei egiten diete erreferentzia, bereizketarik egin gabe. Beste hizkuntzetan egiten den erabilpenak ere ez du askorik laguntzen. Jaiotzak, ugalkortasuna eta ernaltzeko gaitasuna izendatzeko, gazteleraz natalidad, fecundidad eta fertilidad hitzak erabiltzen dira eta ingeleraz, aldiz, birthrate, fertility eta fecundability. Honek Amerikan gazteleraz sortutako testuetan zein itzulpenetan nahasketak eragin ohi ditu.

Iturriei dagokienez, jaiotzak Erregistro Zibilean oinarritutako jaiotzen estatistiketan jasotzen dira, eta populazioaren berezko mugimenduaren baitan kokatuta daude, heriotza eta ezkontzekin batera. Ugalkortasunaren inguruko informazioa, jaiotza estatistiketan izateaz gain, zentsu eta inkesta berezietan aurki daiteke.

Euskal Estatistika erankundeak, Eustatek, horrela definitu eta erabiltzen ditu jaiotza, bizirik jaioa eta hilik jaioa:

Jaiotza.- "Legezko kontzeptuak ez bezala (...), termino hau guk bere zentzu biologikoan erabiltzen dugu, hots, haurdunaldiko sorkuntza-produktu bizi edo hil oro amaren gorputzetik erabat iraiztea edo erauztea, betiere 500 gramo baino gehiago edo pisuaren berririk ez badugu, 22 aste baino gehiago baditu."

Bizirik jaioa.- "Amaren gorputzetik erabat iraitzi edo erauzi ondoren arnasa hartzen duen edo bestelako bizi-zeinuren bat azaltzen duen sorkuntza-emaitza da".

Hilik jaio.-: "Hilik jaiotzat jotzen dugu amaren gorputzetik erabat iraitzi edo erauzi aurretik heriotza etorri zaion sorkuntza-emaitza oro".

Jaiotza-lerruna.- "Ume bakoitza jaiotza-lerrunaren arabera sailkatzen da, hots, emakume berarengandik jaiotako ume-multzoaren barnean duen ordenaren arabera. Jaio eta berehala hildako umeak ere zenbatzen dira."

Jaiotzak eta ugalkortasuna islatzeko adierazle anitz erabiltzen da. Edozein gertakizun demografikoa neurtzerakoan gertatzen ohi denez, zeharkako eta belaunaldiko adierazleak eraiki daitezke. Hauexek ditugu adierazlerik zabalduenak:

Jaiotza-tasa.- Denbora tarte jakin batetan, jaiotzen kopuruak hori gertatzen den biztanlerian zenbatekoa islatzen du jaiotza-tasak, hau da, mila biztanleko zenbat jaiotza gertatu diren. Populazioaren adin-egitura kontutan hartzen ez duen uneko adierazle demografikoa dugu.

Jaiotze-tasen bilakaera. Álava-Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Navarra, 1940-2003.

Jaiotze-tasen bilakaera

Iturria: Luxán (2004).

Ugalkortasun-indize sintetikoa.- Emakume hipotetiko batek bere ugalkortasunaldia bukatzean izango lukeen ume-kopurua adierazten du, baldin eta aldi horretan zehar bere portaera bat baletor, adin bakoitzean, une horretako ugalkortasun-tasa espezifikoen serieak adierazten duenarekin.

Zeharkako adierazle hau oinarritzat harturik, ordezkatze maila 2,1 ume emakumeko zifran finkatu izan da. Teorikoki, emakume bakoitzeko 2,1 ume baino gutxiago balego, ordezkatze demografikoa ez legoke ziurtatuta eta populazioak behera egingo luke. Praktikan, koiunturako adierazlea etorkizunaren giltzarri bilakatzen da. Uneko neurketa honek ez ditu migrazioak ezta bizi-itxaropeneko irabaziak kontuan hartzen, populazioarekin gertatuko dena aurreikusteko aintzakotzat hartu beharreko gertakariak, alegia.

Lortutako ume saila.- Belaunaldi bateko emakumeek izandako ume kopuruaren batez bestekoa. Sarritan, ume kopurua ugalkortasunaldia bukatzen denean neurtzen da baina, berez, edozein adin jakin batetarako kalkula daiteke. Belaunaldikoa izanda, aurrekoak sortutako irudikeri estatistikoak sahiesten dituen adierazlea dugu.

Amatasuneko batez besteko adina.- Zeharkako zein belaunaldiko adierazlea izan daiteke. Zeharkakoa denean, denbora tarte jakin batetan ama/aita izan diren emakumeen/gizonen batez besteko adina islatzen du. Belaunaldien portaera aztertzerakoan, belaunaldi jakin batetako emakamumeak umeak izateko adinaren batez bestekoa islatzen du. Kasu bietan adin orokorra, hau da, izandako ume guztien batez bestekoa edota lerrunaka (lehenengo umea izateko adina, bigarren umea izateko adina eta abar) kalkulatu daiteke.

Lortutako ume saila eta amatasuneko batez besteko adina,
amaren belaunaldiaren arabera. EAE, 2002
Batez besteko adina
Lortutako
ume saila
GuztiraLehena
Iturria: Luxán (2004).
1960-19561,527,726,3
1955-19511,927,025,4
1950-19462,327,725,5
1945-19412,428,526,1
1940-19362,829,326,3
1935-19312,730,527,3
1930-19262,631,127,9
1925-19212,431,628,6
1920-19162,331,528,4

Jaiotzak, heriotzekin batera, populazioaren berezko mugimenduaren osagaiak dira. Orokorki, jaiotza eta heriotza-tasa altuetan oinarritutako oreka erlatibotik, antzinako erregemin demografikotik, bizi-tasa baxuetan funtsatutako egoera orekatsura, erregimen demografiko modernora, igaro dira mendebaldeko populazioak. Bilakaera hau transizio demografikoa izendatutako modeloaren bitartez azaldu izan dute, diziplinan erabilia bezain kritikatua izan den modeloa.

Europan XX. mendeko bigarren zatian familia-eraketa eta ugalkortasun portaerak deskribatzeko zenbait demografok bigarren trantsizio demografikoaren modeloa erabiltzen du. Euskal Herrian prozesu hau Europako beste herrialde batzuetan baino beranduago hasi bada ere, abiadura eta intentsitate biziak izan ditu. Horrela, 1975 eta 1995 urte bitartean ugalkortasun indize sintetikoa 2,8 ume emakumeko izatetik 0,9 izatera pasa da; hogei urtetan %65eko murrizketa. Gizonezkoen kasuan zifrak hauexek ditugu: 2,6 ume gizoneko 1975ean eta 0,9 1995ean, pareko bilakaera beraz.

Adinari dagokionez, 1975ean ama izan diren emakumeen batez besteko adina 29 urte da; hogei urte geroago 32. Aitatasunaren batez besteko adina 32 urte izatetik 34 izatera igaro da.

XX. mende bukaeran Euskal Herria low low fertility (oso ugalkortasun baxua) ereduaren ikurra dugu. Ugalkortasunaren bilakaera ulertzeko, jendartean izandako aldaketa soziopolitikoak kontuan hartzea ezinbestekoa dugu, hala nola, frankismoaren bukarea, 80. hamarkadako krisia, bikote eta familia-ereduen eraldaketa edota genero harremanen bilakaera.

Bestalde, XX. mendeko emakumeen portaera belaunaldika aztertuz gero (Luxán, 2005 eta 2006), ugalkortasuna murriztu dela baieztatzen bada ere, emakume hauek imaginarioko irudietan baino ume gutxiago eta helduagotan izan diztutela ondoriozta dezakegu. Era berean, nahiz eta motibazio oso ezberdinak izan, mende hasierako eta bukaerako emakumeen ugalketa-portaerek ezaugarri komunak dituzte.

Ugalkoratsunaren azterketa demografikoa emakumeen ugalkortasunera mugatu izan da gehienetan. Jaiotza-tasa izan ezik, beste adierazle guztiak emakumeentzat baino ez ohi dira kalkulatzen. Beste gertakari demografikoen azterketan sexua oinarrizko aldagaia izanik, gizonen ugalkortasunarekiko interes faltak ondorio garrantzitsuak ditu demografiarentzat.

Azterketa ezaren oinarrian bi arrazoi demografiko egon zitezkeen. Edo emakume eta gizonen ugaltze-portaeren artean ez dago alderik, edota gizonak ernaltzaile hutsak dira, desio, ardura eta erabakitzeko gaitasunik gabekoak. Lehenengoari dagokionez, beste arlo demografikoetan erabiltzen ditugun adierazleak kontrakoa pentsarazten digute; bigarrena, aldiz, sinesgaitza da. Gauzak horrela, demografikoki emakumeak dira ugaltze-portaeren eta haien ondorioetako arduradun bakarrak eta honek eragin sozial eta politikoak ditu.

Honetaz gain, hutsune hau herri garatuei buruzko azterketetan areagotu egiten da. Herrialde hauetan XX. mendearen azken hamarkadetan familia-eraketan izandako aldaketek gizonen ugaltze-portaeretan, emakumeenetan bezala, eragina izan dutela ondoriozta daiteke, baina hori islatuko duten adierazleak eraikitzeko zailtasun handiak daude. Zentzu honetan, gizonen ugaltze-portaera aztertzea eta garrantzitsutzat jotzea ezinbestekoa jotzen dugu familia-eraketa prozesuak, zehazki, eta bilakaera demografikoa, orokorki, sakonki ikertu eta uler dadin.