Architecture

Gasolinera Goya. Vitoria

Ver versión en euskera.

Jose Luis Lopez de Uralde Elorza arkitektoa izan zen zerbitzugunearen proiektuaren egilea, Francisco Alonso Martos lagun zuela. Uralde 1897an jaio zen Gasteizen eta estilo historizista, akademizista edo eklektizistei aurre eginez garai berriak bizitzea egokitu zitzaion. Modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua egin eta arrazionalismoaren arkitekto eredugarrienetarikoa izan zen Araban. Madrilgo Arkitektura eskolan egin zituen ikasketak eta bertan arkitektura funtzionalago baten aldeko apustua egin zuen, 1925ko belaunaldia izenekoaren partaide izanaz. Bolumen geometrikoak, garbiak eta soilak erabiltzen zituzten, apainduren baztertzea bultzatuaz. Nahiz eta bere lehenengo lanak joera hauetatik aldendu, 30. hamarkadatik aurrera bere arkitektura aldatzen hasten da, gero eta forma garbiagoak erabiliaz eta funtzionaltasuna ardatz hartuaz. Testuinguru honetan sortu zuen Gasteizko Goya gasolindegia, bere lanik ospetsuena. Lan honekin gasolindegi eta tailerren estetika guztiz aldatzea lortu zuen eta Euskal Herrian eredugarri da gaur egun. Bere originaltasuna zerbitzu-eraikin bati erantzun arrazionalista ematean datza, forma soilen aldeko apustua eginez baina adierazkortasunari muzin egin gabe, eta horrela eraikina hirian nabarmenduaz.

Eraikina diseinatzeko garaian arrazionalismoaren irizpideetan oinarritu zen arkitektoa, garai hartan era honetako eraikinetan ohikoa zen bezala. Programa eta autoen beharretara egokitzea zen helburu, eta ondorioz, aurreko belaunaldien lanekin alderaezina zen puntako eraikina sortu zuen.

Autoaren behar eta espazio eskaeretara egokitzeko funtzionalitatean oinarritu zen arkitektoa. Kontuan hartu beharrekoak izango ziren eraikinaren sarrera, autoen barne zirkulazio, maniobra beharrak eta aparkalekuak, edota baita lan mota ezberdinen antolaketa ere. Honetarako egiturazko elementuek espazio ireki eta diafanoak sortzea ahalbidetu beharra zuten eta material berrietara joz, hormigoi armatua erabili zen zutabeen arteko argi handiak ahalbidetzeko. Horrela, honakoei erantzun behar zien programak: gasolina hornigailu, hobi, koipetze zubi, konponketa tailer, makina-gune, biltegi, bulego, komun, garbiketa gunea eta garajeak.

Behe oinean, kalera ematen duen 22m.ko irekiunea dago eta espazio ireki hau da, hain zuzen ere, barne antolaketaren zein fatxada nagusiaren oinarri izango dena. Solairu hau da altuera handienenekoa, zerbitzuguneko funtzio nagusiak bertan gertatzen baitira. Arrapala batek lehen oinerako lotura osatzen du eta bertan kokatzen dira aparkalekuak. Bigarren solairu honek altuera baxuagoa du, eraikinaren horizontaltasunari garrantzia emanez.

GoyaGoya

Fatxadaren ezaugarri nagusia behe oina alderik-alde hartzen duen irekiunea da, bertan kokatzen da sarrera hormigoizko markesina edo hegal batez estalia. Gainera, espazio honetan sortutako itzalen bidez behe oinaren altueren itxurazko txikitzea ahalbidetzen da. Goiko oina honekiko pixka bat atzeraemana dago, horizontaltasunari lagunduz. Goiko oinaren fatxadak itxura itxiagoa du. Bertako argizuloak luzetarakoak dira eta arotzi metalikoz osatutako modulazio erregularra dute. Orokorrean itxiak badira ere, atal irekigarriak tartekatzen dira.

Goya

Mota honetako eraikinek modernotasun kutsu nabarmena dute. Horren adierazgarri makinen munduko elementuen irudiak agertzen dituzte alde batetik, eta material eta teknika berriak erabiltzen dituzte bestetik.

Teknikari dagokionez, hormigoi armatuaren erabilerak markesinaren argi handiak, luzetarako leihoak, lodiera gutxiko hormak edota estalki lauak egitea ahalbidetzen du eraikin honetan. Gainera, goi oineko erdiko atalean, beirazko itxitura bailitzan, leiho jarraitu bakarra ageri da. Honela, jatorrizko proiektuan proposatzen ziren segidako hiru leihoetatik urrunduz, horizontaltasuna nabarmentzen da.

Goya

Bestalde, esan bezala, modernotasunaren adierazle eta arrazionalismoan ohikoak diren elementu ugari -tektonikoak zein bestelakoak- aurki daitezke Goya gasolindegian. Batetik, horizontaltasuna indartzeaz gain, geometria garbiak nabarmentzen laguntzen duten erlaitzak edota, eraikinaren perimetro osoan, estalkian ageri den ertz borobilduko eta izaera horizontaleko baranda arina. Eta bestetik, izaera plastiko nabarmeneko errotuluak. Hauek, kontraste kromatiko nabarmena egiten dute estilo internazionala gogorarazten duen eraikin zuriarekin eta, gainera, kartel-iragarle funtzioa betetzen dute. Proiektuan, errotulu ezberdinak proposatu ziren: horizontalean, "Goya" jartzen zuenekoa markesina azpian eta "Estación de Servicio" fatxadaren goialdean, bi lerrotan; bertikalean, aldiz, "Garage", oso deigarria fatxadako elementu bertikal bakarra izanik eta eraikinaren altuera gaindituaz. Lehena ez zen inoiz eraiki eta beste biak, tipografia guztiz berdina erabili ez bazen ere, errealitate bihurtu ziren. Egun, hirugarrena desagertua dago.

GoyaGoya

Denboran zehar mantentze eta konpontze lan batzuk egin baziren ere, 2011ean eraikinaren itxiera gertatu zen inguruko kaleen berrantolaketa eta tranbiaren etorrera zela eta. Erdigunean kokaturiko gasolindegi erabilia, irisgarritasun arazodun kokalekuan aurkitu zen bapatean. Eraikinaren berrerabilerarako hainbat proposamen izan badira ere, honen etorkizuna oraindik zalantzan dago.

Goya

Gaur egun, babestu beharreko ondare gisa onartua dago eraikina bere arkitektura kalitateari erantzuna emanaz. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondare gisa onartu zuen 1994an Monumentu izendapenaz (BOPV 27-01-1995), eta Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu horrela, eta bestetik, Gasteizko Udalak kalitate altuko eraikinen mailan kokatu zuen (B Kategoria), bere egituraren mantentzea bermatuaz.