Literary Figures

Diccionario Trilingüe (1745). Manuel de Larramendi

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Manuel de Larramendi, aitaren abizenez Garagorri (1690-1766), jesuitaren lan filologikoaren kasua oso adierazgarria da euskal literaturaren historian. Oso gutxi idatzi zuen euskaraz, sermoi bat edo beste, eta hala eta guzti ere, euskal literaturaren historian toki handia gorde zaio. Berez, bada, badirudi literaturaren oinarria hizkuntza dela esaten duen printzipioa (Erromantizismoarekin martxan jartzen dena, bere lana egin eta beranduago, eta literatura, hizkuntza eta nazioa biltzen dituena banaketa ezinean) saihesten duela, kinkan jartzen duela.

Bere kasua, beste alde batetik, aztertzeko modukoa da, hain zuzen ere diglosiak literaturan duen eragina dela eta.

Literatura hizkuntza diglosikoan idatzita dagoenean, literaturaren kontzeptua labana da, eta ez da beti egindako hizkuntzagatik edo hizkuntza horretan egindako lanagatik neurtzen. Garbi dago beste irizpide batzuk hartzen direla kontuan, adibidez egileak hizkuntzaren eta bere balio sinbolikoaren alde egindako lana. Diglosiaren menpe dagoen hizkuntzaren literaturaren historian irizpide nagusi bi izaten dira: lehena, ahal den guztia, ahal diren idazle guztiak sartzen direla katalogoan literatura horren irudia bermatze aldera, eta horrela, Manuel de Larramendiren lana ere hor sartzen da; bigarrenez, filologiaren pisua nahiko handia da hizkuntza jakin horretan, eta beraz, gramatika-egileak eta hiztegi-egileak onartzen dira historiaren barnean, filologia eta literaturaren arteko mugak ez baitira garbi azaltzen eta markatzen.

Manuel de Larramendiren kasuan horrela gertatzen da. Gaur eguneko irizpide estetiko handirik ez duten testuak idatzi zituen, baina beste alde batetik, lan eskerga egin zuen euskararen lehen gramatika, El Imposible vencido, argitaratu zuenean, horrek indarra eman zion euskal nortasun identitateari (irizpide hau ere garai hartakoa baino beranduagokoa da).

Jesuitek ardura handia erakutsi zuten gramatikarik gabe ziren hizkuntzez eta haien gramatikak idatzi zituzten (adibidez, guaraníarena) eta giro horretan argitaratu zen El Impossible Vencido, euskararen gramatika. Baina Larramendiren lanik garrantzitsuena Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín (1745) dugu, euskararen aldeko kultura lanetan bereziena, euskaldunei euskarak balioa zuela erakusteko egindako lana.

Larramendiren lanak ilustratuek Espainian argitaratutako erantzunez sortzen dira, batez ere Diccionario de Autoridades (1726) lanak zirrara handia eragin zion, eta bere gain hartu zuen euskal hizkuntzaren defentsa.

Bere gramatikan deskribapen lan berezia egin zuen, ez zelako euskalkietara mugatu, baizik eta ezeren aurretik ideia orokorra ematen saiatu. Eta hau baino lehenagokoak (gramatikari buruzkoak) oso gutxi izan ziren (Oihenartenak, Pierre d'Urterena argitaratu gabe edo galdutzat ditugun Silvain Prouveaurena eta D. Bidegarayrena), beraz, ia hutsetik hasita egin zuen lan Larramendik.

Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín bere lanik umotuena da. Blanca Urgelle ikerlariak (1996) egin du lan horren deskribapenik zehatzena.

Eragin handia izan zuen ondoren etorriko ziren hiztegietan, eta haren eragina Azkueren hiztegiraino heltzen da. 40.000 eta 45.000 sarrera artean dira bertakoak, eta lan ikaragarria da hori, euskaldunei euskararen kontzientzia sortzeko asmoz egina. Gorago aipaturiko Diccionario de Autoridades hartu zuen iturri gisa, haren hitz zerrenda hartu zuen berea egiteko, alegia.

Lehen hizkuntza gaztelera da, eta haren euskal ordezkoak ematen ditu Larramendik, noizbehinka euskal etimologiak (asmatuak gehienak) emanik.

Euskal arlorako hiru iturri desberdin hartu zituen kontuan: literatura idatzia, ahozkoa eta berak sorturiko hitz multzoa. Esan beharrekoa da, dena dela, aurretik euskaraz sorturiko ia guztia -batez ere Ipar aldean argitaraturikoa- izan zuela kontutan Larramendik lana osatzeko. Neologismoak izan dira Larramendiren Hiztegiko aipatuenak, baina berez hori kontua desbideratzea da. Egon badaude, baina Larramendiren lana ez zen neologismoak sortzera zuzendu, kanpotik euskararen irainez ari zirenak tronpatzeko baizik. Larramendi euskararen altxorra, bere ustetan euskalkietan barreiaturik zegoena, biltzen eta era egokian eskaintzen saiatu zen.

  • URGELL, B. "Larramendi o el despertar de la literatura vasca peninsular" in AULESTIA, G.: Los escritores. Hitos de la literatura clásica euskérica. Vitoria-Gasteiz: Fundación Sancho el Sanbio, 1996. 261-288 or.