Architecture

Basque Culinary Center. Donostia

Ver versión en euskera.

VAUMM, lantokia Donostian duen antolaketa malguko taldea da. Oinarrizko taldea Marta Álvarez Pastor, Iñigo García Odiaga, Jon Muniategiandikoetxea Markiegi, Javier Ubillos Pernaut eta Tomás Valenciano Tamayok osatzen badute ere, unean-uneko beharrei erantzuteko, kolaboratzaile ezberdinekin osatzen dute lantaldea. Euren hitzetan, euren lana "proiektuen kontzepzio erreflexiboa garatzean datza eraikin eta espazio ezberdinen elaborazio arduratsuan oinarritua, diseinu garaikide eta eraikuntzaren arteko elkargunea ikertuz".

BCC eraikina, Miramon parke teknologikoaren alboko orube maldatsu batean dago kokatua. Orubearen mugei dagokienez, ipar eta ekialdera gune ireki eta berdez inguratua badago ere, hegoalde eta mendebaldean dentsitate baxuko etxebizitza-multzoa du.

BBC

Proiektua diseinatzeko garaian, zenbait premisa hartu zituzten kontuan: batetik, funtzioari erantzunez, fakultatearen ikono izateaz gain, lidergo eta berrikuntzaren erakusle izan behar zuen eraikinak, eta bestetik, lekuaren beraren eta inguruen ezaugarrietara egokitu beharra zuen.

Ikono izaerari erantzunez, VAUMM taldekoak Robert Therrien (Chicago 1947) artista estatubatuarraren lanean oinarritu ziren eraikinaren irudia definitzeko. Therrienek sukaldeko eguneroko objektuak artelanak bailiran erakusten ditu, metaketa, akumulazio edota errepikapenaren bidez. Horrela, metaforikoki, "platera gastronomiaren oinarri" hartuta, eraikinaren bolumetriarekin pilatutako plateren irudia mimetizatzen da, era berean, inguruko topografia leuna gogoraraziaz eta eraikina bertan integratuaz. Halaber, materialen erabilpen moduek ere abangoardiako irudia indartzen laguntzen dute. Ohiko materialak erabiltzen badira ere, hauek modu berritzailean erabiltzen dira. Horrela, platerak irudikatzen dituzten karelen hormigoizko izaera gordinarekin kontrastean aluminio anodizatuzko txaparen sofistikazioa ageri da.

BBC

Bestalde, eta aurrez esan bezala, arkitektoen helburuetako bat eraikina tokira egokitzea zen. Zentzu horretan, eraikina orubearen topografiara moldatzen da, platera iradokitzen duen oin bakoitza sestra kurba bat bailitzan. Gainera, U formako bolumetria mailakatuarekin, inguruko errealitate ezberdinei erantzun egokia ematen die eraikuntzak. Iparralderantz -hiriko ikusmirara begira kokatuta- Miramongo Parke Teknologikoko gainerako eraikuntzen eskala hartzen du BCC-ek eta hegoaldera, aldiz, inguruko etxebizitzetatik urrundu egiten da, altuera minimizatuz eta estalki berdeen laguntzarekin, eraikinaren sarrera funtzioa hartzen duen plaza osatuta. Era berean, erdiko espazio irekiak goiko plaza iparraldeko berdegunearekin erlazionatzea ahalbidetzen du, oinezkoek bertatik igarotzeko aukera baitaukate.

BBC

Eraikinaren barne antolaketan ere modu nabarmenean eragiten du U formak. Barne-espazio guztiak erdialdeko gune irekiaren bueltan kokatzen dira eta, ondorioz, barnealde eta kanpoaldearen artean erlazio estua lortzen da. Gainera, zirkulazioari dagokionez, patioa erreferentziazko espazioa da eta oin guztietan patioaren perimetroa hartzen duen korridorea ageri da. Horrela, espazio zentral honen inguruan pertsonen joan-etorri fluxu jarraitua nabaria da.

BBC

Barne-espazioen erabilerari dagokionez, eraikina goitik beherantz antolatzen dela esan daiteke. Eraikinerako sarrera goiko aldetik, 0. solairutik, egiten da, eta horrela, bertan kokatzen dira gune publikoenak, nola harrera gunea eta idazkaritza, hala taberna-jatetxe edo erakusketa aretoa. Beheragoko oinetan garatzen dira gainerako funtzio akademiko zein ikerketarako espazioak. Lehen oinean -zero azpitik- arlo akademikoarekin erlazionatutako erabilera orokorrenez gain (administrazio, irakasle gelak, liburutegia...), auditoriorako sarrera bat eta goiko solairuko jatetxeari zerbitzu ematen dioten espazio osagarriak (ikerketa eta berrikuntza gastronomikoa helburu duen tailer eta ikasgela besteak beste) daude, goikoarekin modu bertikalean komunikatuta. Zero azpiko bigarren oinean ibilgailuentzako sarrera dago Intxaurdegi kaletik, eta ondorioz, merkantzien sarrera-irteerak bertatik egiten direnez, oin honetan kokatzen dira biltegi eta gainerako espazio osagarriak. Bestalde, maila honetan bertan aurki daiteke tailer praktikoen gunea. Hurrengo oinean, beherantz, garajeak eta zenbait ikasgela daude, gela sentsoriala eta dastatzeetarako gela horien artean. Eta azkenik, beheko oinean (-4.), Miramon Parkearekin kontaktuan dagoenez, berrikuntza eta ikerketarako guneak daude, hala laborategiak edota ikerlarien bulegoak nola guztien elkargunerako bi espazio handi.

BBCBBC

Azkenik, BCC-ren funtzionamenduarekin jarraituz, baina arlo espazialetik haratago, energia kontuak aipatzea komeni da. Eraikinaren premisetako bat berrikuntza eta lidergo teknologikoaren erakusle izatea zenez, gai energetikoak ere izan zuen bere lekua diseinu garaian. Horrela, energia aurrezteko neurri aktibo zein pasiboak aplikatu ziren, energia berriztagarrien erabilerarekin edota itxiturarako sistema aireztatua aukeratuaz besteak beste.

BBCBBC