Architecture

Ayuntamiento de San Sebastián. Nuevo

Ver versión en euskera.

Donostia turismo gune handi eta garrantzitsua zen eta, bisitan joaten zirenei eskaintza hobea egin nahian, proiektu handi bat egin zuten; besteak beste, Kasinoa egitea erabaki zuten. Udalaren proposamena akzio bidezko elkarte bat sortzea izan zen, 1875. urtetik aurrera bereganatu zituen lur batzuetan. Hirurogei urtez elkarteak erabil zitzan, Udalak lur horiek elkarteari utzi zizkion, horiek igarota, berriro Udalak eskuratuko zituelarik lur horien eskumenak. Akzio bidezko elkarte horrek lehiaketa deialdia egin zuen 1880. urtean. Eraikina Luis Aladrén aragoiarrak eta Adolfo Morales de los Ríos sevillarrak diseinatua izan zen, haien proiektua lehiaketan parte hartutako hamabost proiektuen artean hautatua izan ondoren, aldaketa txiki batzuk egin behar izan bazizkioten ere.

1887an inauguratu zuten kasinoa, Kasino Handiaren izenarekin ezagutzen zelarik. Europako kasinorik onenetakotzat hartua, Donostiaren izena mundu osoan barrena hedatu zuen eta, aldi berean, Udalak bertan lortzen zituen irabaziekin herri-lan garrantzitsuak egin ahal izan ziren. 1891. urtean, Luis Aladrenek berak, terraza zabaldu zuen. 1903 urtean berriz handitu zuten terraza, eta Luis Elizalderen proiektu bati jarraituz barruko aldeko banaketa ere aldatu zuten.

Primo de Riverak boterea bereganatu zuenean, jokoa galarazi egin zuten, eta Kasinoa baztertuta geratu zen, nahiz eta noizbehinka erabiltzen zuten (ospitale gisa, jaietarako...). Kasino Handiak 1923ko udan itxi zituen ateak, Kursaaleko eraikuntzara aldatu ondoren. Hori dela eta, Udalak proiektu bat egin zezala eskatu zion Aldairi, ikusteko ea bideragarria zen kasino zaharra izandako eraikina udaletxe bihurtzea. 1941. urtean hasi ziren beharrezko ziren berrikuntzak egiten, horietan handiena Igentea kalera ematen zuen aldea handitzea izan zelarik: ataria, ezkaratza eta lorategiak egin zituzten, guztia 1943an, Arizmendik egindako proiektua aintzat hartuta. Dena dela, kasinoa izan zen garaiko areto ikusgarrienak eta altzari batzuk gorde ziren. Obra lanak 1947. urtera arte luzatu ziren eta urte horretako urtarrilaren 20ean udaletxe berria inauguratu zuten. 1951. urtean sotoko oinean aurkitzen diren gelen birmoldaketa egin zen erakusketa areto gisa erabilia izan zitezen. Gaur egun Donostiako udalaren egoitza izaten jarraitzen du.

Eraikin bakartua da, "T" formako oinplano bihurri samarrekoa. Oro har, eraikinaren osagaiak gorputz nagusi bat eta bi albo-gorputz dira, komunikazio galerien bidez elkarri lotuak daudenak. Kasino Handiaren egoitza izan zenean eraikinaren eskema ondorengoa zen: sotoko oinak programa honetako eraikin batek beharrezkoak dituen zerbitzurako egoitzak jasotzen zituen; behe oinak, aurreko aldeko harmaila batzuen gainean dagoen terraza handi baten bidezko sarrera duena, harrera handi bat, galeriak eta kafetegia ditu; goiko oinean jangela, boloentzako gelak, irakurketa egongelak eta jokorako gelak topatzen ziren bitartean. Aurretik aipatu bezala, eraikina udaletxearen egoitza izatera pasa aurretik hasierako banaketa honi hainbat eraldaketa egin behar izan zitzaizkion, gela esanguratsuenak mantendu zirelarik. Joko-gune izan zen garaian, aipatutako sarrera terrazaren erdian kiosko bitxi bat zegoen.

Bere aurpegi nagusiko fatxada, parketik hurbilen dagoena, ehun metroko zabaleradun Berpizkunde modernoko estiloko fatxada erakusgarria da. Hiru zatik edo gorputzek osatzen dute. Era berean, hauetatik erdian kokatzen dena ere hiru zati ezberdinetan banatzen da, bere gisako ukitua ematen dioten bi dorre garaien bitartez banatuak. Zati bakoitzak hiru hutsarte ardatz ditu, beheko solairuan sarbideak eta lehenengo solairuan balkoiak direnak. Erdiko zatia puntu erdiko hiru arkupek osatzen dute eta euskarri gisa balio diete beste hiru balkoiren mentsulei. Erdiko gune honen azken erlaitzaren gainean errematea dago, eta bertan ordularia. Eraikin simetrikoa da fatxadan, alboetan geratzen diren bi zatiak beheratutako sei arkuz osatuta daudelarik.

Atzealdeko fatxadak aurreko aldearen ezaugarri nagusi berdinak ditu. Gaur egun fatxada honetan dago udaletxerako sarrera nagusia, Igentea kaletik sarbidea duena. 1943. urtean eraikinak izandako eraldaketen artean atzealde honetan atxiki zioten gorputza dela eta hartzen du oinplanoak "T" forma hori. Eskuineko aldea, Hernani kalera eta Boulevardera ematen duena, Nautikoko eraikinera eta portura ematen duen ezkerreko aldearen berdin-berdina da ia. Lehen solairuan, alboetako balkoiak jarraituak dira, eta erdikoan, zirkuluerdi formako Pilatosena deitzen dutena dago, goian frontoi kurbaduna duela.

Eraikin honen eraikuntzarako, Donostiako hainbat eraikinen antzera, kareharria eta harearria izan ziren materialik erabilienak. Kareharria Mutrikuko harrobitik ateratakoa zen nagusiki, hareharria berriz Donostiako Ulia eta Igeldo mendietako harrobietatik etorria zen. Cartujan (Sevillan) eginiko pareta lauzek apaintzen dituzte lau aldeetako hormak. Eraikinaren goialdean azuleju xingola bat aurkitzen da fatxada osoan zehar.

Luis Aladrén eta Adolfo Morales de los Ríos-ek diseinatutako eraikinaren eskutik onura ekonomiko handia iritsi zen Donostiara, kasinoetan udalei ordaintzen zitzaien zergen bitartez. Garaiko arkitektura frantziar estiloko eraikin honen agerraldiarekin batera hiria kanpotarren kolonientzat nahitaezko erreferentzi gune bilakatu zen, Donostiako turismo jardueraren eragile nagusia bihurtuz. Kasino Handiak Donostiaren garpenerako laguntza handia suposatu zuen beraz.

  • ARSUAGA, Miguel. SESÉ, Luis. Donostia-San Sebastián Arkitekturako gida-liburua. Donostia: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1997
  • Gipuzkoa.net [web] "Casa Consistorial (Casino)". [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 18a].
  • GRANDIO, Yazmina. Urbanismo y arquitectura ecléctica en San Sebastián 1890-1910. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de ediciones y publicaciones, 1987
  • Hiru.com [web] "Ayuntamiento de Donostia". [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 18a]
  • LABORDA YNEVA, José. Arkitektoak Donostian. 1880-1930. Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro/ Gipuzkoa, 2008
  • RODRIGUEZ SORONDO, Maria del Carmen. Arquitectura pública en la ciudad de San Sebastián (1813-1922). Donostia: Sociedad guipuzcoana de ediciones y publicaciones, 1985
  • SADA, Javier. Donostia-San Sebastián. Editorial Txertoa, 1999
  • VICARI AVERSA, Clara Stella. San Sebastián: un continuo diálogo entre la ciudad y el mar. Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 2008