Architects

Camiña, Mario

Arkitektoa. Bilbo, 1868; Bilbo, 1925.

Arkitekto bizkaitar hau XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Bizkaian arkitekto garrantzitsua izan zen. Batetik modernismoa izeneko estiloaren ordezkari nagusienetako izan zen, eta bestetik, garai hartako material berrien aldeko apustu nabarmenena egin zuen.

Mario Camiñaren inguruan ikertzaileek oraindik ez badituzte ere datu asko bildu, bere eraikin asko tamalez eraitsiak izan baitira. Dena den, aurkitutako datuekin eta bere lanaren zenbait aztarna aztertu ondoren zera esan dezakegu, XIX. eta XX. mendeen arteko aldaketa garrantzitsu horretan, Bizkaia aldean arkitekto esanguratsua izan zela, ezagunena ez bazen ere. Agian lan asko ez zituelako egin, baina bereziki, gure ustetan, bere apustu estilistikoa nahiko bitxia izan zelako. Historizismoa eta Eklektizismoa nagusi izan ziren garai hartan, Camiñak eta Bizkaiko beste arkitekto batzuek -besteak beste, Teodoro Anasagasti, Emiliano Calixto Amann, Ismael Gorostiza, Pedro Guimon edota Ricardo Bastida- ildo horretatik atera eta nahiago izan zuten Europan arrakasta izaten ari zen estilo berri baten aldeko apustua egitea, hau da, modernismoaren alde, gure artean jarraitzaile gehiegirik izan bazuen ere. Gainera garai hartan modernismoaren baitan hainbat korronte zeuden, batzuk organikoagoak, Belgika, Frantzia eta Katalunian garatu zirenak, eta beste batzuk, arrazionalagoak, Austrian edota Eskozian garatutakoak. Camiñak eta aipatu ditugun beste arkitekto bizkaitarrek azken horren alde egin zuten, hots, modernismo austriarra, vienarra edo sezesioa izeneko modernismoaren, bietatik, printzipioz sinpleena eta soilena. Estilo horretan marra zuzenaren nagusitasuna nabarmentzen zen, bolumen osoak eraikiz, hausturarik gabe, apaindura mugatuz eta egitura gardenak azpimarratuz. Estilo horretan Euskal Herrian eraikin asko egin ez baziren ere, zenbait eredu interesgarri geratu zaizkigu: Mundakan Erezuma panteoia (1908), Teodoro Anasagastiren lana, edota Miranda Babesetxea Barakaldon (1911), Ismael Gorotizak egina. Horien artean, zalantzarik gabe, Camiñaren hainbat eraikin interesgarri eta erakargarri aipa ditzakegu.

Madrilgo Arkitektura Eskolan 1895ean titulua jaso ondoren, 1902an Bizkaiko Foru Aldundian arkitekto plaza lortu zuen. Camiñaren lehen lanek hilerrien tipologiarekin lotura izan zuten. Horrela, dakigunez bere lehen hiru lanak Derioko hilerrian kokatuta dauden hiru panteoi izan ziren, Chavarri, Santisteban eta Camiña familientzat -azken hau berea-. Planok 1903an prestatu zituen, baina eraikuntza lanak 1906 arte luzatu ziren bere familiari dagokion ereduan behintzat, eta 1904ra arte Chavarri familiaren kasuan. Azken familia horrentzat ere, urte horietan Bilboko Chavarri familiaren jauregiaren handitze lanetan parte hatu zuen. Hiru panteoi horiek desberdinak badira ere, antzeko ezaugarri asko dituzte: oinplano angeluzuzena, mendoitz ormak, bertikaltasunaren nagusitasuna, estalki esferikoa, apainketa sarrera nagusian eta sabaian bakarrik, eta oro har, Otto Wagner arkitekto austriarraren eragina, bertan modernotasuna eta primitibismoa nahasten baitira, emaitza bitxia eta orijinala sortuz. Ikasle garaian, Madrilgo Arkitektura eskolan ikasi zuen heinean, Arkitekturaren Historia izeneko ikasgaian Wagnerren lanak Victor Horta, Otto Rieth edota Josep Puig i Cadfalchen lanekin batera aztertzen ziren. Lehen lan horietan eragin hori oso nabaria da. Lehen garai horretakoa da Galdakaoko hilerria (1904). Berau ez da panteoien ereduak bezain ausarta, baina interesgarria da zenbait apainketa bereziak dituelako sarreran eta barnealdean.

Hala ere, bi urte beranduago, 1906an azkenean Camiñak bere kalitatea erakusteko aukera aurkitu zuen. Arabako Artziniega herrian, garai hartako beste familia indianoen antzera, Zabalgoitia familiak, bere jatorrizko herrian eta Ameriketatik aberastuak itzuli ondoren, jauregia eraikitzea pentsatu zuen eta Camiñak jaso zuen enkargua. Eraikin horretan Camiñak panteoietan erabilitako formak eta estetika aplikatu zituen, etxebizitza batean alegia, baina tipologia horren funtzionaltasuna eta praktikotasuna ahaztu gabe. Horrela, kanpotik ikusita berriro ere bertikaltasuna eta estalkiaren garapena nabarmentzen badira ere, eraikina oinplanoaren beharren arabera gauzatu zuten eta bereziki argitasuna bilatzen du. Goitik behera leiho bertikal erraldoiak ditu eta apainketa guztia -oparoa eta oso zaindua, sezesionismoan ohikoa zen bezala- egitura horretara egokituz. Hainbat hamarkadetan eraikina galtzekotan egon ondoren, egun zaharberritze prozesuan dago.

Lau urte beranduago, 1910ean, Camiñak aukera berria izan zuen etxebizitzaren tipologia jorratzeko baina oraingoan hiriko etxebizitza landuz, Bernardino Hormaecheak Bilbon, Marques del Puerto kalean, eraikin baten diseinua eskatu baitzion. Etxe horretan Camiñak bere hizkuntza baretu egiten badu ere, hiri handi bateko baldintzetara egokituz, apainketetan modernismoaren eragina oraindik agerian geratzen da.

Bi lan horiek amaitu ondoren, 1911n Camiñak bere ibilbide profesionalean izan zuen enkargu zailena jaso zuen, baita erakargarriena ere, Gorlizeko erietxea alegia. Bizkaiko Foru Aldundiko arkitektoa izanik, garai hartako Felipe Llano ahaldun nagusiak eta Luis Larrinaga eta Enrique Areilza sendagileek Camiñarengana jo zuten. Kezkatuta zeuden haurrengan tuberkulosiak zuen eragina zela eta. Horrela, gaixotasun horri aurre egiteko erietxea eraikitzea pentsatu zuten. Camiñak Europako hainbat eredu aztertu ondoren, ezagutzen dugun eraikinaren aldeko apustua egin zuen eta zorionez oraindik funtzionamenduan dirau, Osakidetzako ospitalea baita. Itsasoaren aurrean dago, argitasuna, haizea eta gatzaren onurak bilatu nahian, eta guztia eraikin moderno batean gauzatu zuen. Hormigoia erabiliz eraiki zuten eta, dakigunez, guztiz berria zen material horrekin egindako Euskal Herriko bigarren eraikina izan zen, Bilboko Ceres lantegiaren ostean. Ordurako Camiñak ohikoak zituen apainketa modernistak gehitu zizkion, baina oraingoan ere lehentasuna beharrei eta funtzionaltasunari eskaini zien.

Gorlizeko eraikinaren lanak 1919ra arte luzatu ziren eta urte horietan zehar Camiñak beste hainbat eraikin egiteko aukera izan zuen, baina ez ziren asko izan. Eskuratu ditugun datuen arabera beste bi gauzatu zituen, Trueba antzokia Bilbon, 1912an eta egun eraitsia, eta urte berean, Markinako kartzela. Azken hori eraikin soila eta xumea da. Camiñak ziurrenik tipologiaren ezaugarriak aintzat hartuz apainketarik ez zuen jarri eta programa guztia funtzionaltasunez gauzatu zuen. Ziurrenik, Gorlizeko eraikuntza lanak zirela medio, eta Foru Aldundirako egin zituen lanen ondorioz -hainbat eraikinen ikuskapenak, azterketak eta txostenak-, Camiñak ez zuen bere ibilbide profesionala gehiago garatzeko aukera izan. Berez, bere heriotza data bitartean ez dugu beste eraikinik burutu zuenaren erreferentziarik aurkitu.

1925ean, 57 urterekin Mario Camiña Bilbon hil zen.

  • CENICACELAYA, J.; ROMAN, A.; SALOÑA, I. Bilbao. Guía de Arquitectura Metropolitana. Bilbao: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Ordezkaritza, 2002.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • HERNANDO, J. Arquitectura en España. 1770-1900. Madrid: Cátedra, 2004.
  • SOBRINO, J. Arquitectura industrial en España, 1830-1990. Madrid: Cuadernos de Arte Cátedra, 1996.
  • URRUTIA, A. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.