Literary Figures

Bizia garratza da... (1950). Jon Andoni Irazusta

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Bizia garratza da... 1950ean plazaratu zen lehenengoz Ekin argitaletxean. 1991n "Euskal Klasikoak" deritzan sailean eman zen argitara bigarren aldiz Erein argitaletxearen eskutik.

Gerra ondorengo euskal nobela izaki, erbestean argitaratu zen, egilea bera ere erbesteratua baitzegoen, eta horixe da hain zuzen ere eleberri honen gaia: erbesteratzea. Eleberrian kontatzen denak kutsu autobiografiko handia du Iturraldek (2003) ematen dituen datuak aintzat hartuta, besteak beste: Euskal Herritik Ameriketara alde egin beharra, protagonistetako baten andregaia izandakoa lekaime doa (Irazustaren andregaiak egin zuen bezala), eta benetako andregaiaren abizena eta fikziozkoarena berbera da, Orreaga, hain zuzen ere. Gainera, erbesteratzea Irazustak idatzitako bi eleberrietan gertatzen da, bai Joañixion bai mintzagai dugun honetan, eta bietan Bordeletik abiatzen da Ameriketarantz Cuba izeneko itsasontzia Iturraldek oroitarazi duenez (2003: 22-23).

Eleberri hau hemezortzi atalez osaturik dago, eta Andoni Uriaurre eta Ander Zubiburu protagonistak Kolonbiarantz abiatzen dira Bordelen itsasontzia hartu ondoren. Narratzaile orojakile baten kontakizunaren ondoren, bi pertsonaia horien elkarrizketak eta gogoetak ditugun nobelaren abiaburu Bordelen itsasontzia hartzeko zain dauden bitartean. Laugarren atalaren amaieran jakiten dugu iritsi direla Kolonbiara eta handik aurrerako bizimoduaren eta gorabeheren berri ematen digu eleberriak hortik aurrera.

Bizimoduaren berri ematea oinarritzat harturik, eleberri errealistatzat edota ohiturazkotzat jo izan da behin baino gehiagotan, baina Iturraldek, interpretazio hori kritikatzeaz gain, eleberriaren balio sinbolikoa aldarrikatzen du (2003: 23).

Estiloaren ikuspegitik, Mitxelenak zioen Irazusta aski axolagabea zela, baina eleberrigile ona (1988). Aldiz, Villasantek dio Irazusta estilo aldetik, arina, laburra eta bizia dela Joañixio eleberriaz mintzatzerakoan, mintzagai dugun honetarako ere balio dezakeena (1979: 406).

Aipatzekoak dira Bizia garratza da... eleberrian ageri diren erreferentzia kultoak, izan ere, Irazusta oso kultura handiko idazlea zen, eta literatura eta mitologia klasikoa ez ezik, kultura modernoaren berri bazuela ere erakusten du eleberrian, Virgilio, Dante, Averno, Karonte eta Kanzerbero ez ezik, "Rodin-en oldozmen zalea" -Le Penseur- diruditela-eta, harekin erkatzen baititu narratzaileak bi protagonistak izen-deituren berri eman aurretik (32. or.).

  • ITURRALDE, Joxemari. Jon Andoni Irazusta. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003.
  • MITXELENA, Luis. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 1988.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Aranzazu: Ed. Franciscana, 1979.