Euskal kastellologiaren analisia egiterakoan, sortzen zaigun lehengo arazoa, zalantzarik gabe, euskal gazteluen sailkapena burutzeko dauden zaitasunetatik dator, erabilitako irizpideen arabera oso sailkapen ezberdinak lor ditzakegulako.
Gazteluaren kokapenari berari dagokionez, adibidez, bereizi beharko genituzke gaztelu independente, aske eta isolatuak, eta hirietako defentsa-sisteman integraturik dauden gazteluak. Lehengo motakoen artean, batzuk mendi garaietan eraikitako talai zaharrak dira, gehienak birkonkistaren garaian eraikiak. Harkaitz-gazteluen tipologia honen barruan daude, adibidez, Nafarroako Deio, Peñaflor, Orzorrotz, Irurita, Orraregi, Irulegi, Gerga eta Aixita, Gipuzkoako Ataun, Aitzorrotz eta Mendikute, Arabako Buradon eta Astulez, Bizkaiko Astxiki, etabar. Itxuraz behintzat, gaztelu hauek era isolatuan kokatzen baziren ere, aitortu behar dugu lerro defentsiboak osatzen zituztela maiz, estrategia koordinatu bat eratuz. Honela gertatzen zen, adibidez, X. mendean Nafarroako Antso III.ak sortu zuen gazteluen lerroarekin Pirinio erdialdean, Ribagortzan adibidez, edota Nafarroako Bardeetan XIII. mendean Antso VII.ak eratu zuenarekin, Peñaflor, La Estaca, Aguilar, Sanchoabarca eta Mirapeix bezalako gazteluez osatua.
Beste batzuetan ibaietako ibilbideetan kokatu ziren, zaindu beharreko mugak ibaien ertzetan finkatzen zirelako maiz, edota zubi eta ibaiak babesteko. Arga, Ebro edota Aragon ibaietako ertzetan mota honetako gaztelu ugari zeuden, kasu gehienetan hiriguneen kokaguneekin egokituta. Horrela gertatzen da, adibidez, Larraga, Deikaztelu, Lerin eta Faltzeseko gazteluekin, Arga ibaiaren ibilbidean, Zangozako "El Castellón" eta Rocaforteko gazteluekin Aragon ibaian, eta Puentelarra, Mendavia, Viana edota Biasteriko gazteluekin Ebroren ibilbidean zehar.
Beste batzuetan bideen sarea behar bezala zaintzeko eraiki ziren gazteluak eta, zentzu honetan, ezin dugu ahaztu Donejakue Bidea neurri handi batetan erromatarren galtzadak aprobetxatuz finkatu zela, Horra hor, esaterako, galtzada zahar honetatik oso gertu eraiki ziren desagertutako Luzaideko dorrea eta Tiebas, Los Arcos, Deio edota Eloko gazteluak. Normala den bezala, kostaldeko badia eta ongi eratutako portu naturalak ere oso goiz babestu zituzten. Honela ikus daiteke, Gipuzkoan, Donostiako La Motan eta Hondarribian, eta Bizkaian Bermeoko Zarragoiti eta Mundakako Ereñozar bezalako gazteluetan.
Esan bezala, beste batzuetan gazteluak hiria inguratzen zuen harresiarekin lotuta zeuden, eta hiriaren beraren defentsa-osagairik garrantzitsuenak bilakatu ziren. Kasu hauetan gaztelua babes-mekanismo konplexu baten pieza bat zen, non harresiak, barbakanak, dorreak, ateak babesteko bastioi mota ezberdinak, lubanarroak, zubi altxagarriak eta bestelako osagaiak ere egon ahal ziren. Tipologia honetan sar daitezke Artaxoa eta Biasteriko babesak, oso ongi kontserbatuak, baita Erdi Aroko hiri eta herri garrantzitsuen gazteluak, hala nola Iruñea, Gasteiz, Tutera, Zangoza, Ilunberri, Lizarra, Donibane Garazikoa etab.
Beste sailkapen mota bat gazteluaren jabetza motatik dator. Honen arabera, gazteluak erregearenak, elizarenak eta nobleziarenak izan daitezke. Lehengoak estatuarenak kontsidera daitezke, beste bi gaztelu motak, zeintzu zabalean behintzat, jabego pribatukoak kontsidera daitezkeen bitartean. Erret gazteluen artean Euskal Herrian protagonismo berezia izan zuten Iruñeko-Nafarroako erresumaren iniziatibaz sortutako eraikinek. Une bakoitzeko gertaera politikoek eta mugen egoerak markatu zuten gaztelu hauen kokapen geografikoa, eta eraikin hauen disposizioa begi kritikoekin ikusita, berehala sumatzen dugu gaur egungo Nafarroako muga administratiboak erraz gainditzen dituela lau puntu kardinaletatik, Bizkaiko Enkarterrietaraino eta Kantabriaraino mendebaldetik, Moncayo mendiraino hegoaldetik, Ribagortza eta Pirinio erdialderaino ekialdetik eta Biarnoraino iparraldetik, gaur egungo euskal lurraldeak erraz gainditzen.
Nafarroako erresumaren mugak zaintzeko eraiki zuten gaztelu multzo honen gunerik garrantzitsuena 1512tik aurrera desagertu zen, Nafarroaren konkistaren prozesuaren hasierarekin. Suntsiketa handienak 1516tik aurrera gertatu ziren, Cisneros Kardinalaren aginduz, Nafarroako Joan III.ak burutu zuen erresuma berreskuratzeko bigarren saiakeraren porrotaren ondoren. Ordutik aurrera dozenaka gaztelu suntsitu zituzten Nafarroan, haien artean hiri garrantzitsuenetakoak. Adituek diotenez, hala ere, suntsiketa honen helburu sakona ez zen militarra izan. Nafarroako gazteluak une horretan konkistatzaileen eskuetan zeudela kontutan hartu behar dugu, eta ikuspuntu honetatik ez zuten arrisku bat suposatzen kanpainarako, alderantziz ere. Gainera, gaztelu gehien-gehienak zaharkituak zeuden, ez zeuden artilleriaren aurrerapenei aurre egiteko prestatuak. Helburu sakona nafarren borroka-nahiarekin bukatzea zen, ordurateko legitimitatearen eta agintearen sinboloekin, hots, nafar estatuaren sinboloekin, behin betiko amaituz.
Nobleziaren gazteluei dagokienez, panorama anitza aurki daiteke. Ez dira falta gaztelu puruak, non defentsa-osagaiak oso garatuak zeuden, eta zentzu honetan gogorazi behar dugu Martzilla, Gollano, Bidaxune, Gixune, Maule, Arteaga edota Butroiko gazteluak leinuen orubeak izan zirela jatorriz. Hala ere, ohikoena zen eraikin xumeagoak izatea, non babesak eta egoitza-baloreak orekatuagoak agertzen ziren, hala nola jauregi forteak eta dorretxeak. Euskal Herria osoan dozenaka dorretxe daude, horietako batzuk oso ongi kontserbatuak. Aipatuko ditugu Nafarroako Arazuri, Aiantz, Artieda eta Lesakako Zabaleta, Araban Mendotza eta Martioda, Gipuzkoan Zarautzeko Torre Luzea, Bizkaian Gordexolako Ibargoien eta Abadiñoko Muntxaraz, Nafarroa Beherean Latsaga, etabar. Leinu-dorre ugari eta garrantzitsu hauen jatorriaren kasuan ere, garai batetan Nafarroako erresumak jokatutako papera nabarmena da. Honela, Erdi Aroan leinu nafarren orubeen izenak eta armarriak zerrenda batetan bildu ziren, Nafarroako Armagintza Liburuan hain zuzen ere. Hantxe daude Euskal Herriko Erdi Aroko leinu garrantzitsuenetako batzuk, hala nola Uriz, Otazu, Azpilcueta, Jaureguízar, Ursúa, Aibar edota Vidaurre nafarrak, Guevara eta Mendoza arabarrak, Mauleón, Irigoyen eta Huarte zuberotarrak, Lapurdiko Urtubia, Ezpeleta eta Ozta, Behe Nafarroako Beaumont, Lasaga eta Lusa, Gipuzkoako Lazcano, Amézqueta, Oñaz eta Berástegui, edota Bizkaiko Múgica, Salazar eta Avendaño, besteak beste.
Hirugarren sailkapen honen bitartez, gazteluen bilakaera tipologikoa nabarmendu ahal dugu, historiaurreko oppida izenekoetatik XIX. mendeko forteetaraino. Kasu honetan, taldearen oinarrian egongo lirateke Burdin Aroko kastroak, hau da toki garaietan ezarritako herrixkak, oinarrizko defentsa xume batzuekin. Ongi ikerturik daude, esate baterako, Nafarroako Kortesekoa edota Biasteri ondoan dagoen beroien La Hoya izeneko herrixka. Bigarren urrats batetan egon daitezke erromatarrek ezarritako eraikin eta osagai kastellologikoak. Horietako batzuk berrerabili zituzten Erdi Aroan, Oliten eta Baionan adibidez, eta beste batzuetan indusketa arkeologikoetan ikertu ohi dira, hala nola Zangoza ondoan dagoen Los Cascajos izeneko kanpaleku militarraren kasuan. Zentzu honetan, erromatarren teknika poliotzetikoak berebiziko garrantzia duela aitortu behar dugu, batez ere geroko Erdi Aroko kastellologian eragin sakona izan zuelako.
Zalantzarik gabe, irizpide kronologiko honetan protagonismo berezia izango lukete Erdi Aroko gazteluek, garai honi dagokiolako kastellologiaren loraldirik handiena Europa osoan. Gazteluen garaia dela, esan dezakegu. Nafarroako Xabier, Olite, Tiebas, Amaiur edota Marcilla, Arabako Ocio, Astulez eta Portilla, Gipuzkoako Arrasate, Beloaga edota Aitzorrotz, Lapurdiko Gixune, Bizkaiko Malmasin eta Untzueta edota Nafarroa Behereko Bidaxune Erdi Aroko gazteluak izan ziren, eta Europako Erdi Aroko kastellologia aberatsaren isla izan ziren, zalantzarik gabe. Zentzu honetan, gaztelu hauen bilakaera tipologikoa kastellologia europearraren ikerketen helbururik behinena dela esan dezakegu, zalantzarik gabe.
Erdi Aroaren bukaeran, ohiko gazteluek eraginkortasun militarra galdu zuten neurri handi batetan, artilleriaren aurrerapenengatik. Poliortzetikaren nagusitasunaren aurrean eraikin defentsiboen bilakaera oso handia izan zen, eta Europa osoan Errenazimentuko baluartea zabaldu zen, Erdi Aroko gazteluen tipologiarekin amaituz. Garai honetako adibide bikaina da Iruñeko Gotorlekua, baita Hondarribiko Karlos V.aren gaztelua eta Urgull mendikoa ere.
- ALTADILL, J. Castillos medioevales de Nabarra. 3 tomo. Zarautz: Itxaropena, 1934-1936.
- BORJA, F. Gipuzkoako dorretxeak eta leinuak. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1997.
- ECHEVERRIA GOÑI, P.L.: "Casas señoriales y palacios del siglo XVI". El arte en Navarra, I. tomoa, 18. zk. Iruñea: Diario de Navarra, 1994.
- GONZÁLEZ CEMBELLÍN, J.M. Torres de las Encartaciones. 2 tomo. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 2004.
- GONZÁLEZ GATO, J.A. Guía de las torres de Vizcaya. Bilbo: Elkar, 1995.
- IBARRA, J.; GARMENDIA, P.: Torres de Vizcaya. 3 tomo. Madrid: Instituto Diego Velázquez, 1946.
- MARTINENA, J.J. Navarra, Castillos y Palacios. Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1980.
- MARTINENA, J.J. Castillos reales de Navarra, siglos XIII al XVI. Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1994.
- MARTINENA, J.J. "Palacios Cabo de Armería". Navarra, temas de cultura popular, 283-284 zk. Iruñea, datarik gabe.
- MARTINENA, J.J. "Palacios Cabo de Armería". Gran Atlas de Navarra, II. tomoa, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1986.
- MARTINENA, J.J. "Castillos de Navarra". Castillos de España, III. tomoa. León: Everest, 1997
- MARTÍNEZ DE AGUIRRE, J. "Castillos y Palacios góticos en Navarra". El Arte en Navarra, I. tomoa, Iruñea: Diario de Navarra, 1994.
- ORELLA, J.L.; ESTÉVEZ, X. Casas-Torre y Palacios de Gipuzkoa. Donostia: Colegio Oficial de Aparejadores y Arquitectos Técnicos de Guipúzcoa, 1996.
- PORTILLA, M. Torres y casas fuertes en Álava. II tomo. Gasteiz: Caja de Ahorros Municipal de Vitoria, 1978.
- RECONDO, J.M. "Castillos". Navarra, temas de cultura popular, 22 zk. Iruñea, 1969.
- SÁEZ, J.A. Gotorlekuak Gipuzkoan, XVI-XIX mendeak. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2002.
- SAGREDO, I. Navarra. Castillos que defendieron el reino. I. tomoa. De Laguardia a Foix y del Moncayo al Goierri. Iruñea: Pamiela, 2006.
- SAGREDO, I. Navarra. Castillos que defendieron el reino. II. tomoa. Los castillos de Sancho III el Mayor en Alto Aragón, Sobrarbe y Ribagorza. Iruñea: Pamiela, 2007.
- SAGREDO, I. Navarra. Castillos que defendieron el reino. III. Tomoa. La Navarra occidental, la frontera del mar. Álava, Vizcaya, el Duranguesado, Guipúzcoa. Iruñea: Pamiela, 2007.