Concept

Euskal literatur aldizkariei gainbegiratua: 1975-1999

Diktaduraren azken urteetan, errepresio politiko, sozial eta kulturala sufritutako gizartea irtenbide baten bila ahalegindu zen. Sortzeko beharra zegoen, euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna puri-purian zeuden. Bestalde, politikak berebiziko garrantzia zeukan, kultura bera ere politika egiteko modu bat zen. Aldizkariak eurak, neurri batean, ideiak eta ideologiak zabaltzeko tresnak ere baziren.

Kultura eta literaturaren munduan eragile batzuk nabarmentzen hasiko dira, euskararen baitan abangoardia sortzeko helburuarekin. Hala ere, oso jende gutxik irakurtzen zuen orduan, eta euskarazko liburu eta artikuluek balio sinbolikoa zuten batez ere. Hutsune bat zegoen eta euskal kultura modernoa zela edo izan zitekeela erakutsi nahi zen.

1975eko urtarrilean, Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak ordura artekoarekin haustura eta abangoardia ekarriko zituen Panpina Ustela literatur fanzinea plazaratu zuten Donostian. Literatura mespretxatuta zegoen garaian, fanzine hark underground literaturaren hasiera suposatu zuen Euskal Herrian.

Literatura ekintza autonomoa izatea nahi zuten, eta agerikoa, gainera. Orduko poesia panpina usteltzat zuten eta edertzeko ahalegina egin zuten, didaktismotik ihesi. Literatura monotematikoaren kontra zeuden eta esperimentazioaren alde; ezarrita zeuden literatura sozial eta konprometituaren zutabeen oinarriak betierekoak ez zirela frogatu nahi izan zuten. Gizarte, politika eta erlijioarekiko dogma guztien aurka agertu ziren. Batuaren lehen belaunaldia izan ziren; euskara ez zen arazo bat, ez zuten aztergaitzat edota eztabaidagai hartzen, erremintatzat baizik.

1976an plazaratu zuten bigarren alea, Zorion Ustela eta urte berean 3. alea eta azkena, Mermelada Ustela. Edizioen arduradunak Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria izan ziren. Atxaga urruntzen hasi zen, eta ez geografikoki soilik. Ikuspegi ezberdinak zeuzkaten. Bernardo Atxaga Bilbora joan zen eta, beste batzuekin batera, Pott banda eta aldizkaria (1978-80) sortu zituen. Donostian, berriz, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak Oh! Euzkadi (1978-83).

Manu Erzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera, Pott banda osatu zuen Bernardo Atxagak 1977ko irailean. Euskal kultura simulakro bat zela iritzita, izpiritu berri baten jabe ziren bandakideek literatura heterodoxoaren eta abangoardiaren abiapuntua ezarri zuten kulturalki hila zegoen hirian.

1978ko martxoan Pott bandaren fanzine edo panfloa kaleratu zuten: Pott bandaren berriemalea. 1980. urtera arte beste bost aldizkari atera zituzten, Pott bandaren blaga, Pott 3, Pott bandaren praga, Pott bandaren praka, eta, azkenik, marka guztiak hautsi zituena, Pott tropikala.

Euren hasierako helburua argitaletxe bat sortzea zen, baina burokraziak baimena ukatu zienez, huraxe lortu bitartean panfloa ateratzeari ekin behar izan zioten, alegalak izatera pasatuz, inongo diru-laguntzarik gabe eta publizitateari uko eginez. Kontsumoaren aurka, kreazioa aldarrikatzen zuten. Literatura ekintza autonomo bezala ulertzen zuten eta sorkuntzan aritzerakoan, ideologia politiko guztiak baztertu eta konpromiso politikorik gabeko literatura sortzen ahalegindu ziren. Aldizkariaz gain, utzi zuen herentziarik Pott bandak: "Pott liburutegiak" 1978an argitaratutako Bernardo Atxagaren Etiopia poema liburua.

Ustela aldizkariaren azken bi aleak gidatu zituzten Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria, berriz, literatur kazetaritza egiten aritu ziren Zeruko Argiako "Baietz astea gaizki bukatu" sailean. Oh! Euzkadi izango zenaren hazia erein ostean, bikote horrek bultzatuta, 1978ko azaroan manifestu-tankerako izenburu bereko orri handi bat kaleratu zuten Donostian (aldizkaria beraren 0. zenbakia). Izenburutik hasita, ironia, umorea, probokazioa eta ideologia nagusi ziren. Gerora idazle oso ezagun bilakatu ziren 24 lagunek sinatu zuten orria.

Diktaduraren garaitik ustezko askatasun egoera batera pasatzeak zapuztuta utzi zituen orduko idazleak, eskaini zitzaiena ez baitzen benetako askatasuna izan, inongo hausturarik gabeko jarraipen bat baizik. Oh! Euzkadi taldeak, erreakzio modura, aldizkari literatur-politiko-kulturala jarri zuen martxan. Ikonoklasta izatetik kontestatario izatera pasatzea eta errealitatea politiko bati erantzutea izan zen euren helburua. Borroka ideologikoa egin beharra zegoela iruditzen zitzaien baina estetika jakin bat bermatuz. Lur argitaletxea babesle zutela, Zeruko rgiako izen bereko sailarekin amaitu ostean, 1980eko maiatzean atera zuten Oh! Euzkadiren 1. zenbakia. Jokin Ansorena, Gotzon Egia, Ramon Etxezarreta, Koldo Izagirre, Josetxo Lizartza, Joxan Muñoz, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Anjel Lertxundi eta Mikel Hernandez aritu ziren ale gehienetan. 1983ko martxoan atera zuten16. zenbakia eta azkena.

Sasoi berean eta modu paraleloan, Donostiako EUTGn ikasten ari ziren hainbat lagun literaturaz berba egiteko tertulia informal batzuk egiten hasi ziren. 1978/79 ikasturtea zen eta noizbehinkako bilera haien ondorioz, Tertulia izeneko sasi-aldizkaria egin zuten. Orri marjinal haietatik aldizkari baterako pausua ematea erabaki eta 1979ko abenduaren 18an plazaratu zuten Susaren 1. zenbakia. Josu Landa, Mikel Hernandez, Pablo Sastre, Iñaki Uria, Mikel Antza, Itziar Gillenea, Kike Amonarriz, Xabier Aizpurua, Ana Oiarbide eta Tere Irastortza izan ziren 1. alean parte hartu zutenak.

Lehenengo bi aleei underground kutsua zerien, baina 3. zenbakitik aurrera Argian sartzeaz bat, eraldaketa nabarmena izan zen. Azpiegitura, inprenta, papera eta kudeaketan erraztasunak eskaini zizkien eta baldintza hauek aldizkariaren iraupena ziurtatu zuten azken zenbakira arte.

1983. urtea mugarria izan zen, orduantxe argitaratu baitzuten Susakoek euren lehenengo liburua: Xabier Montoiaren Anfetamiña. Halabeharrezko gertaera horrek aldizkaria eta aldizkariaren inguruan zegoen dinamika betirako baldintzatu zuen. Liburuen argitalpenak handitzen eta sendotzen zihoazen heinean, aldizkaria apur bat ahultzen joan zen, baina liburuek ez zuten dinamikotasuna aldizkariak eskaintzen zuen; liburura iritsi aurreko esperimentatzeko lekua izan zen urtetan Susa, dozenaka idazle berrientzat trebatzeko plataforma.

Aldizkariaren azken aroan, Lubaki Bandarekin iraultza eta erreleboa iritsi ziren. 1993ko 30. zenbakia prestatzen ari zirela, bultzaka zetorren 17/18 urteko literaturzale gazte talde bat ezagutu zuten eta euren eskuetan utzi zuten aldizkaria. Pott Banda idealizatu baten ereduari segituz, 1993ko azaroan kaleratu zuten Susaren 31.a. Idazlanak sinatu zituzten gaztetxoak Xabier Aldai, Garikoitz Berasaluze, Harkaitz Cano, Eluska Fernandez, Xabier Gantzarain, Josu Goikoetxea, Lierni Ibargutxi, Ibon Iribarren, Arantxa Irigoien, Ander Izagirre, Saioa Muguruza, Manex Mujika, Mikel Reparaz eta Asier Serrano izan ziren. Ezohiko oihartzuna izan zuten hedabideetan eta horrek berak, neurri handi batean, eragin zuen bandaren gainbehera azkarra.

Hiru ale eta urtebeteren buruan, Susa proiektua utzi zuten eta euren bideak jorratzeari ekin zioten, sona handiko idazle zein artista bilakatuz horietako batzuk gerora. Lubaki Bandarekin amaitu zen 1994an Susa aldizkariaren hamabost urteko ibilbidea oparoa.

Hein handi batean undergroundtasunaren bukaera ekarriko du 80ko hamarkadaren hasierak, baina idazle labealdi berri bat ekarri zuen, euskal literaturaren krisia oihukatzen zutenak isil araziz. Belaunaldi berri honek bide alternatiboak bilatu zituen. Kanal marjinaletatik ateratzen hasiko dira aldizkariak eta disidentziatik urruntzen. Literatur korronte nagusi baten falta nabarmena zen, ugaritasuna eta pluraltasuna izanik garai hartako ezaugarrietako bat. Esan dezakegu 1970etik 1979ra baino lau aldiz literatur aldizkari-ale gehiago argitaratu zirela Euskal Herrian 1980tik 1984ra, 80 bat inguru. Era berean, argitaldariak ere ugalduko egingo dira eta babesa eskainiko die batzuk aldizkariei. Beraz, zilegi da esatea literatur aldizkarien boomaren atarian gaudela.

Olertiren berragerpenaz gain, 80ko hamarkadako lehenengo aldizkaria Donostiako Hordago argitaletxearen babesean plazaratutako Xaguxarra dugu. 1980ko Durangoko Azokan aurkeztu zuten 1. zenbakia. Txema Larrea eta Joseba Sarrionandiari esker kaleratu zen. Aitzin solasa prestatzen ari zirela, Sarrionandia atxilotu egin zuten eta gertaera horrek hanka-motz utzi zuen erredakzioa. Hurrengo urtean beste ale bat atera zuten Josu Zabaletaren gidaritzapean.

Potteko eta Susako lagunek kolaboratu zuten nagusiki, baina ez zen talderik sortu. Susakoei proposatu zien aldizkariaz arduratzea, baina ezinezkoa egin zitzaien haiei ere, sasoi hartan Argiaren anparoan euren aldizkariaren egitasmoan gogor ekiteko prest baitzeuden.

Bilbon bestalde, Labayru Ikastegiaren ekimen modura, 1981eko abenduaren 3an kaleratu zuten Idatz & Mintz (1981-...). Euskal literatura indartzeko asmoarekin abiatu zuten aldizkaria, idazle zaharrak ahaztu gabe idazle gazteei plaza bat eskainiz eta Euskal Herritik kanpo egindako literatura kontutan harturik. Ahozkoa eta idatzia, lehengoa eta oraingoa eta bizkaiera eta batua uztartzen saiatu izan da beti Idatz & Mintz. Literaturaren alorrean aldizkari eklektikoa izan da.

1. zenbakiaren eragile nagusien artean Adolfo Arejita (aldizkariaren lehenengo zuzendaria), Jesus Antonio Etxezarraga, Jon Kortazar, Jesus Mari Agirre eta Leopoldo Zugaza aipatu beharko genituzke. Ondorengo zenbakietako erredakzioan, aipatutako eragileez gain, Miren Agur Meabe, Andres Urrutia, Lourdes Unzueta, Jabier Kaltzakorta, Asier Astigarraga eta Igone Etxeberria (1990tik aurrera berak hartu zuen gidaritza) aritu ziren sasoi ezberdinetan.

31 urteotako ibilbidean Idatz & Mintzek 53 aldizkari plazaratu ditu eta ia 200 idazleren lanak bildu ditu; hortaz gain, lehenengo 18 urtetan literatur lehiaketak antolatu zituzten, 1982tik aurrera 15 gehigarri kaleratu zituzten eta 1986tik 2006ra bultzatutako "Galburua" liburu-bilduman 16 liburu.

Donostiak eta Bilbok beste gainontzeko hiriburuei eta hainbat herriri utzi zien protagonismoa hurrengo urteetan. Datuei begiratzea besterik ez dago: 1982. urtetik 2000.era, bi aldizkari sortu ziren soilik Bilbon eta hiru Donostian.

Iparraldeko François Mitterrand Frantziako lehendakari hautatu zuten igande berean, 1981eko maiatzaren 10ean, Lucien Etxezaharretak eta Itxaro Bordak egindako bilkura batean hartu zuten Maiatz sortzeko erabakia, Frantziako aldaketa aire berriek eta Iparraldeko euskal literaturari bultzada bat emateko grinak eraginda.

Urte hartako udan Iparraldeko berrogei bat lagunek "Maiatz Batasuna" eratu ondoren, abenduan legeztatu egin zuten Baionako suprefeturan. Iparraldeko idazleei euren lanak argitaratzeko espazio bat eskaintzea, beraien artean elkarlaguntza sustatzea eta Iparraldeko literatura eta euskarari buruz gogoeta egiteko aukera izatea zuen helburu. 1982ko otsailean aldizkariaren 1. zenbakia plazaratu zuten.

Iparraldea gainbehera zetorrela eta, euskara baztertuz, euskal kultura frantsesten ari zela sumatzen zuten. Era berean, kultura eta literatura unibertsala deskubritu eta euskal munduari beste begirada batekin begiratzen hasi zitzaion belaunaldi berri bat ernetzen ari zen. Oso talde heterogeneoa osatu zuten Maiatz batasunean, bai gaien tratamenduaren aldetik, norabide estetiko eta estiloagatik, bai jatorri geografikoagatik, bai belaunaldi ezberdinengatik eta baita erabilitako Iparraldeko euskalkiengatik.

54 ale plazaratu ditu dagoeneko, 65 liburu argitaratu eta hainbat eta hainbat solasaldi, errezitaldi eta mahai-inguru antolatu. Hegoaldekoei ateak itxi gabe, Iparraldeko idazleentzat literaturgintzarako espazio irekia da Maiatz (1982-...) gaur egun ere.

Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultatetik bi aldizkari atera ziren sasoi berean: Stultifera Navis (1982-83) eta Kandela (1983-84).

Stultifera Navisen 1. zenbakia 1982ko urtarrilean kaleratu zuten 1980/81. ikasturteko literaturtegian sortutako aukeraketa batekin. Kolaboratzaileen artean Filologia desberdinetako eta Historiako ikasle zein irakasleak zeuden: Itziar Laka, Iñaki López de Aberasturi, Jon Juaristi, Carlos Blanco, Eli Tolaretxipi, Jose A. Blanco eta Xabier Etxaniz Erle. 2. zenbakia, eta azkena, urtebetera kaleratu zuten, 1983ko martxoan. Aurreko kolaboratzaileei Blanca Urgell, Koldo Biguri, Joseba Lakarra eta María Busto gehitu zitzaizkien.

Aldizkariaren eragile nagusienek bide desberdinak hartu zituzten: Xabier Etxanizek, esaterako, Manu Lopez, Jon Iñaki Lasa, Julen Arriolabengoa eta Tere Irastortzarekin batera Kandela taldea eta aldizkaria sortu zuen 1983an bertan.

Auto-trebakuntza prozesu bat izan zen. Horrela atera ziren aldizkariaren bi aleak (1983-84) eta 1985eko otsailean plazaratu zuten Euskal letren dantza 1983an, urte hartako literatur produkzioaren azterketa kritikoa. Bost lagunok hasi zuten proiektua eta bostok amaitu zuten. Ez zen idazle berrientzat plataforma izateko bokazioarekin sortu, ez zuten jendea aldizkarian parte hartzera animatu. Laborategi bat izan zen, esperimentatzeko plataforma. Azken finean, lagun koadrila bat ziren eta literaturaz trebatu eta elkarrekin ezagutzak trukatu nahi izan zituzten.

Iruñeko Alde Zaharreko Auzolan liburu-dendaren inguruan sortu zen Pamiela aldizkaria (1983-86/1991-93). 1983ko ekainaren 1ean aurkeztu zuten 1. zenbakia honako partaideekin: Miguel Sánchez Ostiz, Ana Iribar, Mikel Taberna, Jon Alonso, Josetxo Azkona, Ignacio Aranaz, Xabier Eder, Pello Lizarralde, Santiago Echandi, Jordi Mateu, Jose Maria Romera, Vicente Huici, Víctor Moreno, Carlos Bidegain eta Xabier Martinez.

1984ko otsaileko 4. zenbakian Pablo Antoñanari omenaldia egin zioten eta ale hartan idazle nafarrari buruz gehigarri berezi bat atera zuten. Aitzakia horrekin batera, egile horren literatura lanen bilduma bat argitaratzeari ekin zioten. Ez zuten argitaletxe izateko inongo asmorik, baina huraxe izan zen Pamiela argitaletxearen abiapuntua. Ondorioz, argitaletxearen kudeaketak aldizkariaren erritmoa moteldu eta zaildu zuen. Hamabost urteko ibilbidearen ondoren, 1993ko neguan atera zuen Pamielak bere azken zenbakia, 15.a., euskararen egoera aztertzen zuen ale monografikoa.

Euskararen presentziari mugarik edo portzentairik inoiz jarri ez zioten arren, gaztelerazko idazlanen kopurua nabaria izan zen lehenengo momentutik. Horren aurrean, euskaraz bere osotasunean egiteko beharra sentitu zuten 2. zenbakirako Pamielako hainbat kidek eta Korrok (1984-89) aldizkaria sortu zuten hurrengo urtean. Pamielaren itzalak luzaroan segitu zuen euskal aldizkarigintzan, bere eskutik edo bere laguntzaz sortu baitziren Mazantini (1991-93), Garziarena berria (1997-98) eta Erlea (2009-...).

Erdal nahiz euskal idazkien pasarte hautatuak, elkarrizketa bat, fikziozko lanak, poesia eta artikuluak osatuko zuten nagusiki Mazantini. Eduardo Gil Bera buru zutela, idazle nafarrek, bizkaitarrek eta Iparraldekoek osatzen zuten erredakzioa, hala nola Aingeru Epaltzak, Txema Larreak, Aurelia Arkotxak, Jose Enrike Urrutia Kapok, Luigi Anselmik, Jesus A. Etxezarragak eta Dario de Zaurietak. Arreta berezia eskaini zien euskalkiei. Ia galduta zeuden hainbat erregistro marjinal berreskuratzeko ahalegina egin nahi izan zuten.

Garziarena Berrian asmo estilistikorik gabe ideiak komunikatzeko espazio berri bat eraiki nahi izan zuten, ohiko egunkarietan ateratzen zenaz aspertuta zegoen jendeak bere gogoetak adierazteko leku bat. Askatasun osoa eskaini nahi zuten, beste inon agertzen ez ziren testuei plaza bat eskainiz. Txema Aranaz, Bernardo Atxaga, Lourdes Auzmendi, Koldo Biguri, Joxemi Goiena, Joxemari Iturralde eta Luis Mendoza izan ziren hasierako bultzatzaile nagusiak.

1992tik 1994ra Gasteizen kaleratu zen Garziarena orrian du oinarria Garziarena Berriak. Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek, Maria Garikanok, Ruper Ordorikak eta Jabier Muguruzak "Emak bakia baita" izeneko kluba sortu eta ortodoxiatik aldenduz, "poloniar" erara egina zegoen orrian lortu zuten gogoetarako eta eztabaidarako leku bat egituratzea.

Baina itzul gaitezen Pamielaren lehenengo adarrera. Fanzineen moldeak jarraituz, 1984ko urtarrilaren 5ean plazaratu zuten Korroken 1. zenbakia, euskara hutsean Iruñean argitaratutako lehenengo literatur aldizkaria. Aipatutako Mikel Taberna, Jon Alonso, Ana Iribar eta Josetxo Azkonaz gain, Xabier Diazek, Josune Aranburuk eta Patxi Huartek bideratu zuten aldizkaria.

Korrokek harrobia zaindu eta sortu nahi izan zuen eta Iruñea aldean euskaraz idazteko tresna bat eratu zuen. Trebatzeko eta lotsagabetzeko bide bat izan zen. Kultur eta literatur gaiak jorratu zituzten, baina marrazkilari eta komikilarientzat ere plataforma izan zen. 12.arekin (1989ko maiatza) amaitutzat eman zuten Korrok literatur aldizkariaren ibilbidea.

Ttu Ttuá aldizkaria, berriz, ekimen pertsonal modura sortu zuten Joanes Urkixok eta Laura Mintegik. 1984ko udaberrian plazaratu zuten lehenengo alea. Helburua ez zen izan euren lanak argitaratzeko aldizkari bat sortzea, bazuten biek horretarako batean eta bestean aukerarik. Pott desagertuta zegoenez, idazle berrientzat literaturgintzarako plataforma ireki bat Bilbon sortu nahi izan zuten, probaleku horren bidez idazle eta literaturzale ezezagunak azalarazten laguntzeko. Sei zenbaki atera zituzten urtebetean (1984ko udaberritik 1985eko udazkenera).

Bizkaitik aldendu gabe, Durango eta Iurretako gazte talde biren batuketak sortu zuen Txistu y Tamboliñ literatur aldizkaria (1984-93/2002-06/2007-...). 1984ko maiatzean plazaratu zuten, "Y otras cosas de las Vascongadas" leloarekin, 1. zenbakia, modu horretan euskararen eta literaturaren aldetik Durangaldean zegoen hutsunea betez.

Ale bakoitzean asmo probokatzaile batekin egindako lelo ezberdin bana erabili zuten eta, bi aletan izan ezik, beti gazteleraz. Gaztelerazko izenburu horrekin maite ez zuten folklorearen kontra lerratzen zirela adierazi nahi izan zuten. Goitizenen atzean mozorrotuta, poemak eta narrazioak ziren nagusi aldizkarian, nahiz eta elkarrizketentzat eta albiste bitxientzat tarterik bazegoen. Erabilitako gaiei dagokionez, umorea eta sexua konstante bat izan ziren. Itzulpenari garrantzi handia eman zioten eta autore askoren pasarteak eta poemak euskaratu zituzten. 1993an amaitu zuten paperezko edizioa eta handik ia hamar urtera, 2002an, aldizkari digitala sareratu zuten. 2007tik gaur arte Txistukariak hirugarren epealdiko abenturan murgilduta daude blogarekin.

Puri-purian zeuden musika fanzineen ereduari segituz, Alberto Izagirre sustatzaile zutela, Felipe Juaristi, Diego Kruz, Pako Nogales eta Dabid Larrañaga azkoitiarrek, besteak beste, literatur fanzine bat argitaratu zuten Azkoitian 1984an. Horretarako, hainbat gazte fitxatu zituzten, tartean Juan Luis Zabala eta Iñigo Aranbarri. Hainbatentzat euren lehengo plaza izan zen Txortan (1984-85) eta goitizenez baliatu ziren euren artikuluak sinatzeko. Sorkuntza lanak izan ziren nagusi aldizkarian, baina musikari buruzkoak eta gai sozialak jasotzen zituztenak ere ugari ziren. Hiru zenbaki atera zituzten. Fanzineko editorialgileak eta marrazkilariak, Felipe Juaristik eta Pako Nogalesek alegia, Donostiako Porroten segitu zuten aldizkarigintzan eta Iñigo Aranbarri Susara hurbildu zen, geroago aldizkariaren koordinatzaileetako bat izango zelarik.

Donostiako La Voz de Euskadi (1983-85) egunkariak 16 orrialdeko euskarazko gehigarri bat ateratzeko zeukan egitasmoak huts egin zuenean, Koldo Etxabek eta Felipe Juaristik Porrot aldizkaria (1984-90) argitaratzea erabaki zuten.

Inork lantzen ez zituen gaiak plazaratzea izan zen euren asmo nagusia. Mundu guztiari inoiz burutik pasatu zitzaizkionak, baina onarpen sozial handiegirik ez zuten gaiak jorratzeko apustua egin zuten, asmo probokatzaile batekin. Plazaratu zituzten lau zenbakietan hautatutako gai monografikoei erreparatzea besterik ez dago: "suizidioa", "pereza", "haur gozo horiek" eta "kontra".

Lehenengo zenbakia ateratzeko prozesuan murgilduta, maiztasun handiagoarekin eskuratu zitezkeen literatur lanekin beste aldizkari bat eratu zezaketela pentsatu zuten kolaboratzaileekin egindako bilera batean. Pentsatu eta egin, biurtekari monografikoaz gain, bihilabetekari literario eta kritiko bat argitaratzea erabaki zuten. 1985eko otsailean hasi ziren batzarrak egiten eta uztailean kalean zen aldizkaria. Horrelaxe sortu zen Porrotetik Literatur Gazeta (1985-89).

1985eko uztailaren 18an plazaratu zuten 1 zenbakia. Literatura eta bereziki literatur kritika normalizatzeko asmoarekin jaio zen Literatur Gazeta. Literatur munduko eta munduko literatura ezberdinetako berriak eta kritikak jasotzen zituzten bertan. Euskal liburuei arreta berezia eskaini zioten, euskal literaturaren kritika zorrotza eginez. Informazio kritikoa eskaini zuten, eurentzat kritika informazioa baitzen. Liburu iruzkin soilak eta liburu kritikak desberdindu nahi izan zituzten, azken hauek sormen lantzat jotzen zituzten, argumentuak eskaintzen zituztelako.

La Primitiva Casa Baroja argitaletxea arduratu zen Literatur Gazeta-ren edizioaz. Erredakzio Kontseiluan, besteak beste, Mikel Lasa, Mikel Azurmendi, Patxi Apalategi, Esteban Antxustegi, Koldo Etxabe eta Felipe Juaristi aritu ziren. 1989ko apirilean kaleratu zuten lau urtez literatur kritikaren plaza eta erreferentzia izan zenaren azken alea.

Litertur Gazeta plazaratu zuten urte berean, argitaratu zuten Irungo udalaren euskara zerbitzuaren babesarekin Plazara (1985-1992). Jorge Gimenezek eta Joxan Elosegin gidatzen zuten aldizkaria Bidasoaldeko literaturzaleen plaza bihurtu zen; hala ere, plazaratu zituen 20 aleetan Euskal Herri guztiko idazleen lanak agertu ziren.

1986an unibertsitateetako aldizkariek hartu zuten protagonismoa: Bilboko Deustuko Unibertsitatean Enseiucarrean (1986-2002), Donostiakoan Kezkak elebiduna (1986-89) eta Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatean Zintzhilik (1986-96). Hurrengo bost urtetan aldizkari bakarra sortu zen, Hegats (1989-...).

1980tik 1986ra pisuzko ia hogei literatur aldizkari sortu ziren Euskal Herrian eta hurrengo zortzi urtetan sortutakoak ez ziren dozena erdira iritsi. Idazteko zaletasuna zuten gazteek beste espresagune bat topatu zuten: euskarazko komunikabideak, bereziki herrietakoak. Literatur aldizkaritan zebiltzanak, bestalde, euren medioa birmoldatu eta prentsa lokalaren moldeetara errenditu ziren. 1988an hasi ziren herri aldizkari nagusienak eta horietara bideratu ziren idazle asko eta asko. Kazetaritzako euskarazko lehenengo promozioa orduantxe atera zen eta gogo biziz igo ziren olatura, azpian euskal filologia egindako pilo bat harrapatuz. Egunak (1986-90) eta Hemenek (1986-90) ere bildu zituzten hainbat idazle eta, zer esanik ez, Euskaldunon Egunkariak (1990-2003). Bestalde, literatur aldizkariak egiteak zuen kostu altuak eta ganorazko banaketa eta zabalkundea lortzeko zailtasunek beste bide batzuk hartu arazi zien. 1985ean lehertutako Euskal Rock Erradikala delako mugimenduak sormena garatzeko beste bide batzuk eskaini zien gazteei. Musika fanzineak ere orduantxe jarri ziren modan.

Literatur aldizkarien artean salbuespena 1989ko Hegats izan zen. Inongo korrontetara lotuta egongo ez zen literatur aldizkari normalizatu bat sortzea zuen helburu Euskal Idazleen Elkarteak. 23 urteotan 49 zenbaki atera dituzte.

1993tik aurrera aniztasuna izan zen nagusi: herrietako hainbat hedabidek literatur gehigarriak kaleratzeko saiakerak egin zituzten; era berean, prentsa lokaletik zetozen literaturzale batzuk literatur/kultur aldizkari probokatzaileak ateratzen hasi ziren, Ostiela (1995-2005) eta Putz (1999-2003); sasoi berekoa da Zuku Festa (1991-97) aldizkari pornoa; Urruzuno taldeko partaideek Hamaika Litera (1998-2001) atera zuten Elgoibarren eta Zarauzko Olerti Etxeak Zubizabal (1999-2003); eta bestetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait gazte literatura heterodoxoaren moldeetara eta fotokopietara bueltatu ziren, estetika eta ideologia jakin bateko literatur mugimendu berri baten etorrera lau haizeetara zabalduz eta erresistentziako literatura gorria aldarrikatuz. Horien adibide dira Arratiako Zantzoa (1996-98) eta Zarauzko Vladimir (1997-2000) literatur fanzineak.