Architecture

Mendoza dorretxea

Gotikoaren garaian, arkitektura zibilaren alorreari dagokionez, Arabako eraikinen kopuruak garrantzi handia izan zuen. Hiriburuan, Gasteizen, pilatzen dira eraikuntza zibil garai honetako adibiderik hoberenetako batzuk, baina, Arabako lurralde osoan eta, bereziki hiriburuaren inguruan, aurkitzen ditugu zutik dirauten jauregi eta dorretxe nagusiak.

Zenbait arrazoi eman daitezke eraikuntza mota honen agerpena adierazteko, besteak beste, azpimarratzekoak dira Arabako lurraldeak dituen kokapena eta orografia. Kokapenari dagokionez, Gaztelako mesetaren eta Ebro ibaiaren bailararen artean dago, Kantauriko kostalderantz eta Pirineotarantz, hau da, Frantziako helbiderantz. Bestalde, orografian arreta jarriz, probintzia honek daukana oso egokia da defentsarako. Adibidez, errekonkistaren garaian, Arabako mendiketak defentsa-lerro bihurtu ziren. Geroko garaietan, pasabide nagusiak eta merkataritzako komunikabideak sortu ziren.

Araban zehar aurkitzen dira adibide erakusgarriak, nabarmenduz, Aiarako, Zuiako eta Gobiarango bailaretan, Erriberabeitiako hegoaldean eta Arabako Lautadan kokatzen direnak. Adituen ustez, lurralde guzti honetan 130etik gora dorretxe altxatu ziren baina hauetako batzuk desagertu egin dira eta beste batzuen aztarnek baino ez dira heldu. Dena den, badaude eredu edo multzo oso garrantsitzuak eta esanguratsuak direnak, adibidez, Mendozan aurkitzen dena.

Arabako Lautadaren mendebaldean kokatzen da Mendoza, leku pribilejiatu batean. Gune hau aintzinetik ezaguna da, nahiz erromatarren garaian, nahiz Erdi Aroan. Izan ere, Arabako historian zehar Mendoza hiribildutik pasabide garrantzitsuak pasa ziren eta kontrolatzen ziren.

Mendoza abizen hutsak Arabako noblearen historiako familiarik garrantzitsuenetako bat gogora ekarri digu eta honekin batera lurralde honetako eta Espainia herrialdeko gertakaera politiko, sozial eta ekonomikoak. Mendozaren leinuak gune honetan dauka jatorrizko orubea eta Mendoza dorretxean, hain zuzen ere, leinu honen iraunkortasuna eta prestigioa gauzatu egiten dira.

Aipatutako dorretxea, Arratoko mendatetik gertu, Laña ibaiaren ertzean dago, zehazki, Mendoza auzotegiaren sarreran. Eraikuntza honen lehen berriak XIII. mende ingurukoak dira. Badirudi, XII. mendearen bukaeran hasi zela eraikia eta XIII. mendearen lehen hamarkadetan amaitu zutela. Iñigo de Mendoza jaunak agindu zuen dorretxe honen eraikuntza eta leinu honen eskutan iraun zuen haren jabetasunak 1856. urtera arte. Urte horretan Bruno Martínez de Aragón gasteiztarrak erosi zuen multzoa.

Multzo monumental honek, dorretxea izateaz gain, harresia dauka eta Araban geratzen diren gutxienetako eta zaharrenetako bat da. Landa eremuan kokatzen da eta militar edo defentsarako ezaugarriak betetzen ditu.

Harresiaren barrutiak oinplano karratua du eta angeluetan lau dorre kararrizkoak eta zirkularrak altxatzen dira. Gorputz zirkular hauek, hiru metroko barne diametroa dauzkatenak, sendoak eta trinkoak dira. Dituzten almenak, erantsi zizkioten berritze lanak egitean, baina, jatorrizko errematea laua izan zen. Harresia ere kararrizko harlangaitzez egina dago eta neurriei dagokienez, 25 metroko luzera alde bakoitzean, 1,70 metroko lodiera eta 5 metroko altuera dauzka. Gorputz honetako hego-mendebaldean irekitzen da bao zorrotz bat, sarbidea dena; gainerako aldeetan saeterak baino ez dira agertzen. Aztarna batzuen arabera harresiaren hiru aldetan pezoia urez betea zeukan eta ekialdean, hain zuzen ere, Laña ibaia dagoen lekuan, pezoi naturala zegoen errekak osatuta.

Barrutiaren barnearen erdian altxatzen da dorretxea, libre alde guztietatik, hortaz, eraikuntza exentoa da. Harresian bezala, kararria erabili zen eta harlangaitz-hormez egina dago. Oinplano karratua eta alde baikotzak 11 metroko luzera dauzka. Hormen zabalerak 1,70 metroko dauzka eta altuerari dagokionez, Araba probintziako altuenetakoa da, 21 metrora helduz.

Eraikuntzak beheko pisu, hiru solairu eta ganbara ditu. Lehen aipatu dugun bezala, XIII. mendeko eraikuntza izanik, defentsa-funtzioa lehenesten zen eta horregatik ez dauka irekidura asko.

Beheko pisuan irekitzen diren baoak oso gutxi dira; hego-mendebaldeko fatxadan kokatzen da sarrera, gaur egun dintelduna dena, eta saeterak, eta gainerako fatxadetan saeterak edo gezi-leihoak, besterik ez da agertzen.

Lehenengo pisuan solairu nagusia dago. Agertzen diren baoak, sarbide nagusia eta leihoak, handiagoak dira eta formari dagokionez, erdi puntuko arku beheratuak dira. Kasu honetan, hego-ekialdeko fatxadan agertzen da ate nagusia, albo batean, eta desnibela gainditzeko, lurzoruaren mailatik bi metrora baitago, hormara itsatsitako harrizko eskailera bat erabiltzen da.

Bigarren solairuan, erdi puntuko arku bat eta arku zorrotzak ageri daude, hormaren erdiko ardatz osatuz. Hirugarren pisuaren leihoak dinteldunak dira eta bigarren solairuaren eskemari jarrituz, hormen erdiko ardatzan daude.

Goiko atalean, ganbaran, lau saetera zabaltzen dira eta erantsitako matakanak, ez dira jatorrizkoak, dorretxea berritu ondoren gaineratu baitziren. Aipatutako eskema lau fatxadetan errepikatzen da. Gorputz hau lau isurialdeko teilatuez estalita dago eta geroko osagaia da.

Gaur egun ikusten dugun dorretxe honen itxura, 1963.ko zaharberritze lanen ondorioa da eta Arabako Heraldikaren museoa da.

Museoko bildumari dagokionez, Arabako leinuen oinetxeetako armarriak dira nagusi. Partikularren donazioak dira batzuk, baina, batez ere, hainbat instituziok egindako bilaketa-lan kontrolatu sistematikoaren bidezkoa da ondare handiena.

Armarri guztiak beheko solairuan eta barruti harresituaren barrualdean daude ikusgai. Bigarren eta hirugarren solairuetan, berriz, abizen leinargien gaineko erakusketa eta estudioak, heraldikarekin ikuskizun duten gaiak eta antzekoak daude aurrekoaren osagarri. Azkenik, lehen solairuko parte batean, Arabako zazpi koadrilak gogoratzeko eta omentzeko espaziotxo bat dago.

Multzo honen elementu deigarriena harresia da, izan ere, osagai hau ez da oso arrunta arkitektura zibil mota honetan eta adibide gutxi kontserbatzen dira euskal lurraldean. Hala ere, Guevaratarren jauregian, Guebaran, eta Varonatarren dorretxean, Villanañen, biak Araban, mota honetako elementuak ikusi daitezke.

  • ARECHAGA, S. y VIVES, F. Torres y fortificaciones en Álava. Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz. Vitoria-Gasteiz: 2004.
  • BEGOÑA, A. de. Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI-XVIII. Diputación Foral de Alava. Vitoria: 1986.
  • DE YRIZAR, J. Las casas vascas. Biblioteca Vascongada Villar. Librería Villar. Bilbao: 1929.
  • LLANOS, A. Defentsarako arkitektura-Una arquitectura defensiva. Euskal Herriko Gazteluak eta Dorre Gotorrak-Castillos y Torres Fuertes del País Vasco. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco. Vitoria-Gasteiz: 2006
  • PORTILLA, M. Torres y casas fuertes en Álava. Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal. Vitoria: 1978.