Architecture

San Joan Bataiatzailearen eliza. Guardia

San Joan Bataiatzailearen eliza Guardiako hegoaldean dago kokatua eta Erregeen Santa Maria elizarekin bat egiten du hiribildua osatzen duten luzera-kaleeen bitartez.



Ver mapa más grande

Erdi Aroko urbanismoa mantentzen du Guardiak, eta aipatutako bi eliza hauek osatzen dute harresidun egitura urbanistiko honen ardatz nagusia. Harresitutako herria denez bi elizak defentsarako sistemaren parte dira, horrelako beste hirietan gertatu bezala. Gainera San Joanen elizak Guardiako sarrera nagusi bat babesten duenez, herriaren atea bere kanpaidorrea ere bada, tenplu hauen funtzio bikoitza (erlijiosoa eta defentsiboa) agerian utziz. Arrazoi berezi honengatik eta dituen elementu artistikoengatik, Euskadiko Monumentu Nazionala da.

1164. urtean Antso Jakituna erregeak Guardiari forua eman bezain laister hasi ziren eliza hau eraikitzen. San Martini dedikatutako eliza nagusi baten oinordekoa izanik, bertan ospatzen diren kontzejuko batzarrak Erdi Aroan zehar. Harresiaren gainetik eraikitako tenplua dugu eta bere egitura herriko sistema defentsiboak baldintzatzen du; horregatik ekialdeari begira izan behar duen orientazioa ez da zehatza, ez eta guztiz erregularra duen gurutze latinoko oinplanta ere. Bi tramu eskaseko hiru nabe ditu, gurutzadura zabal bat, eta beste bi tramuko burualdea, harresiaren parte dena.

XII. mendean eraikitzen hasi zen baina gaur egunera arte iritsi den tenpluak ez du garai honetako elementurik. Eliza honetako parterik zaharrena hegoaldeko portada da, herriko ate aldera ematen duena, erromaniko berantiarra eta XIII. mendearen bigarren herenekoa. Arku zorrotzeko sarrera du eta dekoraziorik gabeko arkiboltak. Kontserbazio egoera kaxkar xamarra du eta hainbat elementu falta zaizkio, baina kapitel interesgarri batzuk bertan diraute oraindik, landarezko gaiak eta Ama Birjinaren bizitzaren pasarteak dituztenak. Atezangoetako fusteak ere falta zaizkion arren, alde batetako bi fuste figuratuak dira eta Deikundearen bi irudiak dituzte, alegia, San Gabriel Goiangerua eta Ama Birjina. Ate honen goikaldean okulo erromaniko bat ere dago, landarezko gaiak eta giza irudi bitxi batzuk dituena.

Tenpluaren eraikuntza gehienbat XIII. eta batez ere XIV. mendean egin zen eta horrexegatik gotikoa da eliza honetan gehien dastatu dezakegun estilo artistikoa. Bere funtzio defentsiboa dela eta itxura sendoa dauka eta dekorazio aldetik eraikuntza oso soila da. Harlanduzko hormak ditu eta leiho gutxi. Kanpokaldetik, burualde nagusiak -albokoak baino zabalagoa eta altuagoa denak-, kontrahorma sendo batzuk ditu harresiaren perimetroaren parte delako. Kontrahorma tartean hormak leiho luzanga batzuek urratzen dute, arku zorrotzekoak, geminatuak eta errosetoi polilobulatu bat buru dutenak. Leiho hauek XIV. mendean barrukaldea argitzen zuten baina XVII. mendean erretaula nagusia jartzeko itsutu zituzten, gotikoaren argiaren mistizismoa betirako itzaliz.

Barruko espazialtasun gotikoa ez zen guztiz deuseztu ordea. Altuera ezberdinetako nabeak zutabe luze eta soil batzuen bitartez tokibanatuak daude. Zutabe hauek atxikitutako kolomak dituzte, kapitel lisoekin, baina luzeak direnez gotikoak bilatzen zuen bertikaltasuna ematen diote barruko espazioari. Alboko nabeak erdikoa baino baxuagoak dira eta bien arteko diferentziatik sortutako horman leihoak ditu, argia sartzen uzteko. Eliza honetan nonnahi ikusi daitezke leiho gotikoak, borobilak nahiz arku zorrotzekoak, bai eta errosetoi pare bat ere. Hauetatik ederrena elizaren oinetan kokatua dago baina XVIII. mendean atxiki zioten kapera haundi bat dela eta hormartekatua gelditu zen. Diametro zabala dauka eta borobilaren barrua tetralobulatuz beteta dago.

Eliza honen estalkia gurutze ganga bakunez osatua dago, tertzeletezko ganga bat izan ezik. Ganga hauen giltzarrietan izarrak ikusi daitezke, elizaren sapaiak zerua irudikatzen duelako, baina baita Agnus Dei-a, aingeruak, loreak eta giza irudiak ere.

Korua ere garai ezberdinetan eraikitakoa da eta horregatik hiru estiloen ezaugarriak ditu. Zatirik zaharrena erdikoa da eta XV. mendean egin zen, gotiko berantiarrean. XVIII. mendean eraldaketa sakon bat jasan zuen eta ia guztiz deuseztatu zuten, bere ondoan zegoen portada monumentalarekin batera. Hala ere oraindik zutik dirauten elementu bakan batzuk ditu: itsaslami bat irudikatzen duen erliebe bat, bai eta dragoi bat eta danborra jotzen duen tximino bat ere. Koruaren bigarren zatia XVI. mende hasierakoa da. Arku beheratu bat eta karel eder bat ditu, aingeru buruekin, landare gaiekin eta medailoi batzuekin. Azken zatia XVI. mende bukaeran eta XVII.aren hasieran egindakoa da, balaustrada bat dauka eta dekorazio aldetik oso soila da.

Gotikoaren eta Errenazimenduko estiloen tartean egin zituzten burualdeari atxikituta dagoen sakristia, bai eta elizaren iparraldeko zati haundi bat ere, kapera bat gehitu ziotenean. Zati honetako portada xumean aurreko eraikuntza gotikoaren elementu batzuk berrerabili zituzten, hala nola emakume itxura duen gargola txiki bat, herritarrek "Maripena" izena jarri ziotena.

Eliza honek oinean portada monumental gotiko bat izan zuen Guardiako beste elizak bezala, baina 1732 eta 1740 bitartean Juan Bautista Arbaizak egindako Pilarreko Ama Birjinaren kapera egiteko guztiz deuseztatu zuten. Kapera hau oso ikusgarria da. Oinplanta oktonogalekoa, gutxik daukaten bezala, eta izar ganga eder batekin estalia. Barroko garaian eraikia dagoenez estilo klasikoaren ezaugarriak ditu, adibidez korintiar ordeneko kapitelak dituzten koloma haundiak. Arkuteri zabal batean irekitzen diren bi pisuk osatzen dute bere barrua, tribuna baten moduan. Kapera honen tramurik garrantzitsuenean dago kokatua XIV. mendeko Pilarreko Ama Birjinaren irudi debozionala, ateaurre gotikoaren aztarna ia bakarra, eta berau babesten eta edertzen, esfera erdiko kupulatxo bat, Zaragozako Andra Mari honen historia kontatzen duten erliebe batzuekin apaindua. Kapera honek bere sarrera dauka kanpokaldetik, bi gorputzekoa eta erretaula baten itxurakoa.

Dorrea da eliza honi berezitasuna ematen dion elementu nagusia. Guardiako ate nagusi bat izanik eraikuntza militar bat da, XIV. mendean eraikia, bere almena, adarbe eta guzti. Oinplanta laukizuzena du eta hiru solairu. Arku zorrotzak ditu bi aldetatik eta bere sendotasuna goraipatzen duten saetera estu batzuk ere bai. Babeserako sortu zen dorre honi kanpai-horma bat erantsi zioten eta elizaren funtzio bikoitzarekin bat egin zuen horrela.

Historiak utzi dizkigun eraikuntza gehienak bezala, Guardiako San Joanen elizak ere estilo ezberdinetako egiturak ditu, eraikuntza denboran zehar luzatu zelako eta eraldaketa asko jasan dituelako. Hala ere, gotikoa da eliza honen estilorik nabarmenena. Soila izan arren XIII. eta XIV. mendeetako estiloaren barruan goraipatzekoa den arkitektura obra baten aurrean gaude.

  • ENCISO VIANA, Emilio (koord.). Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria. Tomo I: Rioja Alavesa. Vitoria-Gasteiz: Obra cultural de la Caja de Ahorros Municipal de Vitoria, 1967, 1. liburukia, 69-83. orr.
  • LAHOZ GUTIERREZ, Lucia. "La primitiva portada occidental de San Juan de Laguardia". Anales de Historia del Arte, 1993-1994, 4. zbkia, 431-439. orr.
  • LAHOZ GUTIERREZ, Lucia. Gotikoko artea Araban = El arte del Gótico en Álava. Vitoria-Gasteiz: Arabako Foru Aldundia = Diputación Foral de Álava, 1999
  • LAHOZ GUTIERREZ, Lucia. "El gótico clásico: el foco de Laguardia". MARTÍNEZ DE SALINAS OCIO, Felicitas (koord.). Actas de las Segundas Jornadas de Estudios Históricos de la Rioja Alavesa: Cultura, Arte y Patrimonio. Vitoria-Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, Kultura, Gazteria eta Kirol Saila = Diputación Foral de Álava, Departamente de Cultura, Juventud y Deportes, 2004, 113-143. orr.
  • UGALDE GOROSTIZA, Ana Isabel. Una mirada al cielo. Iconografía de las claves de bóveda de la Diócesis de Vitoria. Vitoria-Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, Kultura, Gazteria eta Kirol Saila = Diputación Foral de Álava, Departamento de Cultura, Juventud y Deportes, 2007, 399-402. orr.