Concept

Renovación pedagógica en Euskal Herria

Informazio osagarria


· Hezkuntza
· Pedagogia
· Pedagogia Euskal Herrian

Berrikuntza pedagogikoaren edozein saiakera, egoera jakin bat aldatzeko beharraren ondorioz sortzen da. Euskal Herrian, XX. mendearen hasieran suertatutako hezkuntza aldaketarako planteamendu gehienak, Euskal Herriko hizkuntza eta kultur nortasuna aintzat hartuko zuen alternatiba pedagogikoa bilatzen zuten sektoreetatik etorri ziren. Moyano Espainiar Hezkuntza Legearen gaineko kritika etengabea izan zen XIX. mendearen bigarren erdi aldean, bai foruen urraketatzat jotzen zuten diputatu foralen aldetik, baita gazteleraren zabalpena eta euskararen zokoratzea kezkaz ikusten zuten kulturgile nahiz intelektual euskaltzaleen aldetik ere.

1918tik aurrera antolatutako Eusko Ikaskuntzaren jardunaldiak izan ziren aurreko hamarkadetan sortutako ekimen eta ideia ezberdinen nahiz hezkuntza berrikuntzarako desiren lehenengo bilgune aipagarria. Lehenengo saioa Oñatin burutu zen eta pedagogiaren gaineko gai ugari landu ziren bertan. Hezkuntza sistemaren inguruko aldaketa garrantzitsuak proposatu ziren jardunaldi haien ondorio gisa:

"haurren zein umeen eskubidea delako euskarak oinarrizko hizkuntza izan behar du; euskal hiztunak diren umeei euskarazko irakaskuntza eman behar zaie, gaztelera edo frantsesa bigarren urrats batetan irakatsiz; gaztelaniadunei gazteleraz, euskara bigarren urrats batean irakatsiz; udalerri bakoitzak bere irakasleria aukeratzeko eskumena izango du (...); ikastolen sorrera; eskolako eraztunaren salaketa; lehen hezkuntzako irakaskuntzaren autonomia..."(Estornés, 1983, 192 or.).

Planteamendu hauen oinarrian zegoen pentsamenduak, hezkuntza politika espainiarrak sortutako arazoei eta, Euskal Herriaren kasuan, gazteleraren eta frantsesaren alfabetatzeak zekarren euskararen galerari irtenbidea ematea zuen helburu. Maria de Maeztuk argiro azaltzen du euskaldun umeen egoera: "ulergaitzak diren irakaslearen hitzak entzuten, emozio izpi txiki bat edo bizitza intelektualari erreferentzia egingo dion atomo bati sarrera utziko dion zirrikiturik gabe. Eskola hauetan, irakasleak eta ikasleak ez diote elkarri jaramonik egiten; urte luzetan zehar elkarrekin bizi dira, baina ez dira elkarrekiko komunikazioan jarri oraindik". Eduardo Landeta edo Luis Eleizaldek ere bat egiten zuten Maria de Maezturen baieztapenekin, pedagogia garaikideari zegozkion ekarpenak gehituz. Eskola sistemaren ezaugarri behinenak kritikatu zituzten: buruz ikasi beharra, liburuetan oinarritzea eta haurraren garapenari zein inguruneari ez erreparatzea. Euskal eremuetan egoera okerragoa zela baieztatu zuten, euskal hiztunen egoera kontuan hartuz.

Eusko Ikaskuntzaren kongresuetan elebitasunaren afera, sustrai politiko argia duena, jorratu egin zen, baita pedagogia mugimenduan ere. Izan ere, beharrezkotzat ikusten zen haurra bere ama hizkuntzan heztea erdi maila batera arte eta hortik aurrera bigarren hizkuntza bat bereganatzea, ikaslearen garapen psikolinguistikoa hobetze bidean. Espero bezala, estatuko sistemak ez zuen hau guztia onartuko, zeren eta, hizkuntzaren homogeneizazioa tankera napoleonikoan gauzatuko zen estatu-nazio liberala eraikitzeko estrategikoa baitzen. Horregatik, Euskal Herriko irakasle eta agintari kulturalak, eskola eta pedagogi alternatibak bilatzen hasi ziren antzeko hizkuntza arazoak zituzten europar herrialdeetan.

Orain arte aipatutako ideiak eta kezkak eskola ekimenetan gauzatzen joan ziren, gerra zibila amaitu arte. Esperientzia hauen zabalera koantitaboa txikia izan zen baina kualititiboki esanguratsua eta izaera askotarikoa gainera: ekimen batzuk Aldundien eskutik jaio ziren (auzo zein herri eskolak), beste batzuk udalerrien ekimen bidez eta beste batzuk ekimen pribatuaren bidez. Norabide ezberdina hartu zuten arren, kontuan hartzekoa da guztiek kontrako indar berberak jasan zituztela (ekonomikoak, ideologikoak, politikoak...).

Hauen guztien gaineko irakurketa egitea nahiko luzea izan daitekeen arren, 1933an abian jarritako Euzko Ikastola Batza proiektuari erreferentzia egingo diogu, garaiko pentsamendu pedagogikoak eskola proiektu erreal batean izandako aplikazioa ikustea ahalbidetzen baitigu. EIBk metodo orokor eta metodologia aktiboaren alde egiten zuen apustua, ikaslea eta bere ingurunea aintzat hartuz, aurretik egondako formazio esperientzia eta bilaketa teorikoaren ondorio dira. Julia Fernandez Zabaleta, Julene Azpeitia eta Aita Alzok Montessoriren pedagogiaren gainean zuten jakituria eta Julenek berak Decrolyren gainean zuena erabakigarriak izan ziren. Korronte hauetan espazioaren antolaketak berebiziko garrantzia du eta umeari mugitzeko askatasuna eman behar dio. Ondorioz, ikasgela bakoitzaren erdian mahai borobil handi bat egon ohi zen (ikasleak honen inguruan esertzen zirelarik) eta ingurumenarekin sortzen zen lotura ere garrantzitsua zen oso; natura edo geografiarekin erlazionatutako kontzeptuak ikasteko egiten ziren irteerak ugariak ziren eta testuliburuak ez erabiltzea deliberatu zuten, hain justu ikaskuntza errealitate eta bizitasunetik ahalik eta gertuen mantentzeko.

XX. mendearen lehenengo herenean Euskal Herrian sortutako ekimen berritzaileek, gerra zibilaren eta erregimen frankistaren ondorio latzak jasan behar izan zituzten. Ondorioz, euskarazko edozein hezkuntza praktika erbesteratu (eskola komunitateak erbestean, euskal etxeak Europa eta Amerikan), ezkutatu edo besterik gabe desagertzea beste aukerarik ez zuen izan. Europako gerra ostean, baina, gerraurrean egindako lanaren agerpen.

Donostian aldi berean baina modu independentean garatutako bi esperientzia txiki izan ziren gerra-aurreko euskal eskoletan sustatutako teoria eta praktikaren eta 60. hamarkadan, ingurumari sozio-historiko guztiz berrian, sortu ziren ikastolen arteko zubi-lana egin zutenak. Etxe-eskola deritzogunak, gerra-aurretiko irakasle ziren Elbira Zipitria eta Mª Dolores Goiaren eskutik jaio ziren. Irakasle tituludun hauek, beraien etxeetan Haur Hezkuntzako eskola pribatuak jarri zituzten martxan. Eskola hauen garrantzia, aritu ahal izateko erabili zituzten formula legaletatik haratago, euskararen erabileran zetzan. Bertan eskainitako hezkuntza guztiz euskalduna izateaz gain pedagogia aktiboan oinarritzen zen: interesgune ezberdinen gaineko lanak egiten ziren; ingurumenarekin harremana sendotzeko astero irteera eta ibilaldiak antolatzen ziren; helburu didaktikoa izaten zuten eta eskuekin erabilerrazak ziren materialak erabiltzen ziren (txotxen erabilera hizkiak ikasteko, "pottoka" deituriko bolatxoen erabilera logika, kalkulu zein matematikaren garapenerako, irteeretan jasotako harriak...); ez zegoen ikasleentzako ikasmahairik, gelaren erdian mahai borobil handi bat soilik eta hau behar ez zenean alboratua izaten zen.

Era berean, eta batez ere Elbira Zipitriaren kasuan, frantses kultura pedagogikoarekin izandako harreman estua aipatu behar da; alde batetik Baionan eskuratzen zituen argitalpenak erabiliz eta bestalde irakasleen prestakuntzari ematen zion garrantzian. Azken hausnarketa hau Euzko Ikastola Batzaren 1932-1933ko txostenean ere jasotzen da: Irakasle eskola espainiarretan ikasi duten irakasleak gai izango al dira hemen eman beharreko heziketa emateko?. Elvira Zipitriak ere antzerako irakurketa egiten zuen. Izan ere, bere lan egiteko era ikasi nahi zutenei maistra tituluaz gain harekin urte beteko praktikaldia betetzea eskatzen zuen, gerraurreko euskal eskoletan erdietsitako irakas moduak ezagutu eta trebatzeko. Hortxe dugu, zalantzarik gabe, gerraurreko ondarea eta gerora etorriko ziren ikastolen arteko lotura.

EKINekin nahiz PNVrekin lotura zuten zenbait irakasle gazte Zipitriaren etxe-eskolaren oinarrian zegoen pedagogia berriarekin jarri ziren harremanetan, berarekin egin zituzten praktiken bidez. Irakasle hauek, ikasle kopuru altuagoa bildu zuten etxe-eskola propioak zabaldu zituzten eta, era berean, irakasle gehiago (tituludunak eta titulu gabeak) onartu zituzten beraiekin praktikak egiteko. Gerora, Donostiatik kanpo aurkitzen ziren ikastolen ardura hartu zuten. Poliki-poliki geroz eta irakasle gehiago trebatu ziren eta hauek guztiek, 1964an zabaldu zen Joanes Etxeberri Hezitzaileen Eskolan (Andereñoen Egoitza izenagatik ezagunagoa) aurkitu zuten aterpe. Bertan, Paki Arregiren zuzendaritzapean eta Jaxinto F. Setien, Carlos Santamaria eta Joxemi Zumalaberen laguntzarekin, Escuela Normal de Maestras-en irakasle-ikasketak burutzen zituzten gazteek, euskara eta literatura, ingurunearen ezaguera (geografia, historia, antropologia...) eta pedagogia eta metodologiaren gaineko heziketa espezifikoa jasotzeko aukera izan zuten hamar urtetan zehar (Elbira Zipitriaren eredu pedagogikoaren eragin nabarmenarekin).

Ikastolen sorreran parte hartze handia izan zuen Jaxinto F. Setien, ikastolen mugimenduarekiko paraleloki sortutako irakasle mugimendu baten inguruan mintzo zen. Mugimendu horrek, ikastola bakoitzaren baitan egondako lan esperientzia ezberdinak elkartrukatzea izan zuen helburu, baita irakasleen prestakuntzarako ikastaroak antolatzea ere. Mugimendu izaera egoztea egokia dela deritzogu, izan ere, nork bere lana eginez, indarrean zen eskola ereduaren aldaketarako ekintza anitz eraman baitzituzten aurrera. Horretarako, sistemaz kanpoko tresna, estrategia eta mekanismoak erabiltzeaz gain, status quo beraren kontra zihoazen planteamenduak burutu ziren. Esperientzien elkartrukearen bidez, espazio pedagogiko eta didaktiko propioa sortu nahi zen, eskola materialetan gauzatzen hasi zena. Era berean, elkartruke horiek andereñoen beraien etengabeko prestakuntzarako baliagarri izan ziren. Poliki-poliki, elkartrukerako gune hauek ugariago egin ziren, udalerrika, eskualdeka edota herrialdeka antolatuz.

Halere, irakasleen prestakuntzak eremu autogestionatu hauetatik kanpo ere garrantzia handia izan zuen. Honela, beste toki batzuetan garatutako esperientziak ere kontuan hartu ziren. Katalunia eta Frantzia izan ziren arlo honetan erreferentziazko puntu nagusienak. Katalunian, A. Gali eta Marta Matak abian jarritako ekimenek Escola d'estiu eta Rosa Sensat Institutuaren sorrera eragin zuten, eta hauek ikastolen proiektuan eragina izan zuten. Bartzelonara egindako bidai batean, Marta Mata eta M. Antonia Canalsekin jarri zen harremanetan Jaxinto Setien eta bertatik sortu zen urte luzeetan zehar jarraitu zuen esperientzien elkartrukatzea. Honen harira, Rosa Sensat eta euskal irakasleen arteko lehenengo harremana, 1966an Getarian gauzatu zen eta harreman hark, euskal irakasleek landu zituzten gaietan antzeman zitekeen bezala, dimentsio handia hartu zuen. Aipatu joeren artean, irakasleen sekularizaziori zegokiona azpimarratu behar da, orduan hasi baitzen euskal irakasleen artean erlijio irakasgaiarekiko jarrera kritikoa, bere ustetan, lan hau kristau komunitateari baitzegokion.

Esperientzia hauez gain, Freineten pedagogiaren eragina ere antzeman zitekeen irakasleen prestakuntza lanetan. Azken honek, sortzen ari ziren ikastolen teorizazio soziala egiteko baliagarriak ziren ikuspuntuak eskaini zituen, mugimendua sustatzen zuen ezaugarri kritiko eta herritarrarekin bat eginez. Freineten eskola esperientziekin izandako zuzeneko harremana nahiko goiztiarra izan zen, izan ere Andereñoen Egoitzan eskaintzen zen heziketan presente zegoen autoreetako bat zen. Gainera, 1968an irakasle talde bat Buzet Sur Biasera (Argen) joan zen, lerro horretan lan egiten zuen eskola publiko bat zuzenean ezagutzera. Ipar Euskal Herriko ikastolen sorrera 1968an izan zen, Frantziar estatuan 68ko Maiatzeko mugimendua pil-pilean zegoenean. Ondorioz, Freineten ideien barneratzea modu oso naturalean eman zen, eta bertako irakasleek pedagogo horren teknikak aurrera eraman zituzten. Horrez gain, iparraldeko ikasgelek "Iparraldea debalde" zeritzon elkartrukerako programa bat jarri zuten martxan, Frantziako eskola publikoetako eta hego Euskal Herriko irakasleengana ere heldu zena. Honela, irakasleek gehien lantzen zituzten gaien artean honakoak aurkitzen ziren: kooperatibismoa, eskola inprenta, eskolen arteko elkarrekikotasuna, herriaren hezkuntza beharrei aurre egingo dien eskola herritarra. Eragina hain nabaria izan zen, ezen 1972an, gaztelerazko itzulpenik egiteke zegoenean oraindik, Txillardegik C. Freineten idatzitako eta bere zuzendaritzapean argitaratutako bina liburu euskaratu eta Irakasle Elkarteak argitaratu baitzituzten.

Azkenik, P. Freireren teoria aipatu beharra dago, ikastolen mugimenduan baino, helduen alfabetatze eta euskalduntzearen harira sortutako mugimenduan (gau-eskolak) eragina izan zuena. Freiren teoriak erreferentzia izan ziren, bai eskolaren betebehar sozial eta politikoan sakontzeko orduan, baita hezkuntza tresna askatzaile gisa ulertzeko orduan ere. 1972an, Eusebio Osak idatzitako Pedagogia eta Gizartea liburuaren argitalpenarekin, aurrez aipatu autorearen pentsamendua irudikatu zen, nahiz eta honen eragina aurretik ere, ikastolek era klandestinoan argitaratzen zituzten aldizkarietako artikuluetan, agertu.

Ikastoletako irakasleen mugimenduaz aritu garenean, koordinaziorako eta lan komuna aurrera eramateko zuten joera aipatu dugu. Dena den, 60. hamarkadaren bukaeran ikastolen mugimenduak zuen hedapena kontuan hartzen bada (Euskal Herri luze zabalean 11.885 ikasle biltzen zituen), koordinazio soiletik haratago, antolakuntzarako beste molde baten beharra nabaria da. Horrela sortu zen Gordailu, ikastolen eraginez baina baita euskararen modernizazioak jendartean sortu zuen kezkaren eraginez ere (modernizazio horrek euskarazko alfabetatzea eta argitalpen ezberdinak behar zituen). 1969. urtea Gordailuren sorrera gerta zedin momentu klabea izan zen, orokorrean nabari zen giro sozialaren eta Arantzazun adostu berri zen euskara batuaren ondorioz. Izan ere, Euskal Herri moderno, laiko eta urbano baten beharrizanei aurre egiteko jaiotako hizkuntza bateratu batek, baliabideak behar zituen aurrera egiteko. Rikardo Arregik zioen bezala, euskara batuan idatzitako eta argitaratutako liburuen premia zuen alfabetizazio kanpaina bat abiatu behar zen.

Irakasleriaren formazioari erantzuteaz gain, eskolaratze prozesu orok eskatzen duen argitalpen lanari ere erantzuteko asmoa zuen Gordailuk. Hona hemen bere estatutuetan finkatzen den helburu nagusia: Euskal Herrian txertatuko hezkuntza garatzea, ikasleen askatasuna sustatuko duena, irakasleek beraien lana modu aberatsagoan garatzeko eskainitako prestakuntza bermatuko duena, irakasle hauek dituzten langile eskubide zein eskubide ekonomikoen alde egingo duena eta baliabide ezberdinen sorkuntza (liburu, fitxa,...) bultzatuko duena (Gordailu, 1978).

Donostian egoitza zuen Irakasle Elkarte gisa antolatu zen eta 1970ean 300 partaide biltzen zituen, hego Euskal Herriko 4 herrialdetarako liberatu banarekin. Guzti honek argi erakusten digu zer nolako garrantzia izan zuen.

Ikastolen mugimenduak 70. hamarkadaren erdialdean bizi duen tendentzia normalizatzaile eta instituzionalizatzailea nahiz ikastoletako irakasleriak "tentsio" berritzailea mantentzeko dituen zailtasunak gora-behera, Luis Otanoren hitzetan "oinarrizko mugimendu pedagogikoa" egituratuta zegoen ordurako, baina hori bai, ikastolen eremura mugatuta. Frankismoaren bukaerak, ordea, uholde mobilizatzailea eragin zuen eta horren ondorioz aldaketa-eragile berriak sortu ziren, baita hezkuntza alorrean ere. Euskal Herrian, eskolak jendartean jokatzen duen papera auzitan jartzen hasten diren talde eta ekimenak dira, modu isolatuan eta jatorri ezberdinetako eraginen ondorioz.

Gaur egun ekimen hauen inguruko lan sakon eta sistematikorik ez dagoen arren, Luis Otanok (Adarrako kide adierazgarriena Euskal Herrian) argitaratutako artikuluek berrikuntza pedagogikoaren fase berri honekiko lehenengo hurbilpena egiteko oinarria ematen digute. Bere biografiak berak eskola eredu alternatibo baterantz doan beste ibilbide bat erakusten digu, Asociación Católica de Maestros de Vizcaya (ACM) delakoarena, non 200 behin-behineko irakaslerentzako ikastaroa eman baitzuen oposaketak prestatzeko. Bere hitzetan, topaketa hauek "ACMaz jabetzeko" akuilu izan ziren, "irakasleriaren plataforma legal bakar gisa, honako hiru helburu hauekin: irakaskuntzarako sindikatu baten sortzea, Euskal Herrian eskola pedagogiko bati ekitea eta hezkuntzako arazoei kristautasun ikuspegi bat ematea. Beste irakasle elkarteekiko harremanen ondorioz, Irakasleen Mugimendua sortu zen, baita irakaskuntza pribatuko irakasleen erakunde sindikala eta elebitasunaren lehenengo batzorde herritarra.

Hamar urte lehenagoko ikastoletako irakasleen mugimendua bezala, ACMak arlo pedagogikoan ere eragin zuen, eta irakasleen prestakuntzaren gainean zeuden kezken inguruan aritzeko, Bizkaiko irakasleen udako eskolak antolatu zituzten. Horretarako Rosa Sensat Institututik irakasleak ekarri zituzten, beti ere zailtasunekin, izan ere Gotzaintzak institutu hau erakunde marxistatzat jotzen baitzuen.

1976. urtean, hezkuntzaren inguruan kezkatuta zeuden talde ezberdinak bilduko zituen talde autonomoa sortzea erabaki zen. Horrela, Gordailu, Irakasle Elkartea, Doktore eta Lizentziatuen Eskolak eta beste zenbait talde eta norbanakok bat egin eta Adarra kolektibo pedagogikoa sortu zuten, zeinak mugimendu pedagogikoaren koordinazio eta laguntza funtzioa beteko zuen. Erdigunean kokatu zen gaia eskola publikoarena izan bazen ere, honek beste pedagogia behar zuela azpimarratu eta honen harira bi lan nagusi definitu zituzten: pedagogia ikerkuntza eta Eskola Publikoak izan behar zuenaren sozializazio lana.

Leioako campusean Gordailu-Bide-Adarrak antolatutako Euskadiko lehenengo jardunaldi pedagogikoek erantzun paregabea izan zuten, 1.200 irakasle bilduz. Dena den, hurrengo urtean, 2.000 hezitzaile bildu ziren Gasteizen (euskal irakasleriaren %15a). Lehenengo jardunaldi hauetan eskolaz eskola eman beharreko funtsezko lau berrikuntza-ardatzak planteatu ziren: a) inguruaren beraren ikerketa; b) edozein motatako adierazpenari garrantzia ematea eta honekin batera c) hezkuntza edukiei baino hezkuntza helburuei garrantzia emango dien programazio berri bat egitea eta d) azterketa eta notak beste era bateko ebaluaketa sistemarekin ordezkatzea, zeinak ikaslea lagundu eta orientatuko duen bere garapenean.

1979an, Almagron inauguratutako estatu mailako Movimientos de Renovación Pedagógica (MRP) deitutakoen topaketetako partaide ere izan zen Adarra. Aipatu topaketa horiek, Perspectiva Escolar, Infancia y Aprendizaje, Cuix eta Cuadernos de Pedagogía bezalako aldizkariek jarri zituzten martxan. Gainera, topaketen IV. eta XI. edizioak (1982 eta 1990an, hurrenez hurren) Donostian ospatu ziren. Era honetan, Adarrak aurrera jarraitu zuen bere bidearekin, besteak beste, Euskadirentzat eskola publiko alternatiboa bultzatzeko asmoarekin argitalpen politika bizia garatuz.

  • ARANBURU, Xabier. "Hezkuntzaren historia Euskal Herrian: Ikastola. Maria Dolores Goya (Groseko ikastola)". Eusko Ikaskuntza. Cuadernos de Sección: Educación, 3. Donostia, 1990. 199-225 orr. [Kontsulta data: 2012ko otsailak 29].
  • ESTORNES, Idoia. La Sociedad de Estudios Vascos. Aportación de Eusko Ikaskuntza a la cultura vasca, 1918-1936. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1983.
  • FERNANDEZ, Idoia. Oroimenaren hitza. Ikastolen historia 1960-1975. Bilbo: UEU, 1994. [Kontsulta data: 2012ko otsailak 29].
  • FERNANDEZ, Idoia. "La renovación pedagógica en el País Vasco". DAVILA, Paulí (argit.) Enseñanza y educación en el País Vasco contemporáneo. Donostia: Erein, 2003, 79-96 orr.
  • GORDAILU-ARDURADUN-TALDEA. "Gordailu." Urrats, euskal pedagogia aldizkaria, 0. znbk, 1978.
  • "Luis Otano, un organizador nato al servicio de la renovación pedagógica." Cuadernos de pedagogía, nº 89, 1982/V.
  • OTANO, Luis. "La educación en Euskadi." Cuadernos de pedagogía, 65 zbk., 1980/V.