Architecture

Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Iruña

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kanpusa Iruñea hegoaldean, Arrosadiako auzoan, kokatzen da (42°48'2" N 1°38'12.6" O). Paisaia ireki batean lekutzen da, Sadar ibaiaren inguruan. Francisco Javier Sáenz de Oiza (Kaseda, Nafarroa, 1918-Madril, 2000) arkitekto teoriko eta praktikoak diseinatu zuen kanpusa eta 1989-1993 urteen artean eraiki zen espainiako arkitektura modernoaren estilo pean.

Eraikin multzoak irakaskuntza espazio antolaketa berritzaile bat azaltzen du, non liburutegia eraikuntzarik nabarmenduena den. Guztiak estetika berritzaile eta banguardista batekin diseinatuak izan dira. Kanpus izaeraz gain, aire libreko eskultura museoa ere bada.

Halaber, kanpuseko berezitasunik bitxiena haren jardinak dira, non bost kontinentetako ehun zuhaitz-espezie baina gehiago biltzen diren.



Ver mapa más grande

Unibertsitate Publikoa (NUP, NAUP edo UPNA) Nafarroako bigarren unibertsitaterik handiena da ikasle kopuruari dagokionez. 1987an sortu zuen Nafarroako Parlamentuak, herrialde honetan unibertsitate publiko bat egon zedin eta bide batez orduko titulazioen eskaintza zabaltzeko.

Beste unibertsitate batzuen artean gailentzen da, ez bakarrik bere instalazioen berritasuna eta bikaintasunagatik, baizik eta zenbait irizpide dituelako irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren kalitatea ahal den guztian ziurtatzeko.

  • Egitura orokorra

Campuseko proiektua Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitekto nafarrak egin zuen. Eraikin xehetu bakoitzaren proiektua ordea arkitekto desberdinen eskutik etorri da.

Lana, ikasketa eta unibertsitate komunitateko kideen arteko harremanari bidea ematen dion eraikin-sistema batekin diseinatu zuen Oizak Iruñeko Campusa. Ikasleak zerbitzu guztiak eskura dituzte (ikasgelak, irakasleen tutoretzak, mintegiak, liburutegia, kirolak, kultura-jarduerak...) oso gutxi mugitu behar izanda. Horrela, instalazio guztiak eta irakaskuntzako ekipamendu bikaina balia ditzakete, eta beste edozein titulaziotako ikasleekin harremanetan egoteko aukera guztiak dauzkate.

Multzo arkitektoniko honek triangelu forma dauka eta 30 hektareako azalera. Liburutegiko eraikinak markatzen duen luzetarako ardatz baten inguruan dago antolatuta. Hau oso leku aproposa da harreman bizitzarako. Hau azpimarratu nahi izan zuen arkitektoak, izan ere, Nafarroako hiriburuko bihotzean dagoen Sarasate pasalekuaren neurriak erreproduzitu baitzituen Arrosadian: luzerako ardatzaren albo batean liburutegia kokatzen da, multzoko erakin garrantzitsu eta emblematikoena, Nafarroako Palazioaren papera hartzen duena. Errektoretzak, kontrako muturrean, Nafarroako Parlamentuarena. Ezkiak eta astigarrak dituen pasealeku batek elkartzen ditu Errektoretza eta Liburutegia.

Pasealekuaren aldeetan, elkarzut, sailak eta zerbitzuak biltzen dituzten eraikinak lerrokatzen dira. Sail bakoitza zuhaitz espezie batekin izendatuta azaltzen da: gurbitza eraikina, arte eraikina, hagin eraikina, pinu eraikina eta olibondo eraikina. Campuseko alde honetako iparreko muturra Ikasgelategiak ixten du unibertsitateko fatxada osatuz; hegoaldeko muturrean Errektoretza dago.

Campusaren arkitekturaren lerroak xumeak eta funtzionalak dira, eta bolumenek itxura arina eta beroa dute. Perimetro honetatik kanpo, campusa hegoaldetik inguratzen duen errepidetik beste aldera, Arrosadiko campus berean, Sario eraikina dago. Han du egoitza, beste hainbat zerbitzuren artean, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak, bere Enplegu Zerbitzua eta 0 Ikasgelak, 650 lagunentzako tokia duena eta ekitaldi instituzional eta akademikoetan erabiltzen denak.

Eraikin honen inguruan, Arrosadiko campusaren barruan, kirol instalazioak, Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldea eta Agrobioteknologia eta Natura Baliabideen Institutua daude.

  • Eraikinak

Liburutegia ezagutzaren gunea da, zientziaren gordailua. Hainbat unibertsitate diziplinetako ezagupenak jaso, eta, aldi berean, banatzen ditu. Horregatik, sailetako eraikinak bi aldetara kokatzen dira. Sinbolo da eta errealitate bat dira. Denak hornitzen dira liburutegitik eta denek hornitzen dute bera beren irakaskuntza eta ikerketa jardunarekin. 9.000 metro karratuko eraikinak oin laukizuzena eta estalki gisa 20 metroko diametroko kanoi ganga handi bat dauka. Ipar Hegoalde orientazioarekin diseinatuta dago. Kanpotik prisma sendo forma badauka ere, barruan izugarrizko habearte bihurtzen da. Estalkiko gangatik argia iragazten da, ikasketa giro atsegina sortzeko asmoz.

Ikasgelategia liburutegiaren parean kokatzen den oinplano angeluzuzeneko eraikina da. Hiritik gertuen dagoen eraikina da eta aparkaleku handiena du, ikasleak eta irakasleak euren ikasgeletara zuzenean sartu daitezen. Eraikin honek 128 ikasgela dauzka. Iparreko hormak, sarrera handiak ditu.

Errektoretza eraikina beiraz hornitutako linternak errematatutako prisma bat da. Prisma honek, inguruneko argia jaso nahi du, eta, aldi berean, barrutik datorrena irradiatu.

Eraikin guztien ezaugarri komunak honakoak dira: oin laukizuzena, hormigoi ikusiaren erabilera eta lehiatil zirkularren erabilera.

  • Lorategiak

Kanpuseko lorategiak kontinente guztietako ehun zuhaitz-espeziez hornituta daude. Aulariotik atera eta lehenik Amerikakoak aurkitzen dira, ondoren Afrika eta azkenik Ozeaniako eukaliptoak. Ardatzaren bestaldean zuhaitz asiatiko eta europeoak aurkitzen dira. Nafarroako zona klimatiko desberdinen floraren errepresentazioa ere badago.

Modu berean, aire libreko eskultura museo txiki bat ere osatu da artea eta landaredia batzeko asmoz. Zenbait eskultore nafarroen piezak erakusgai daude eraikinen arteko paseo eta jardinetan zehar. Edozein bisitarik admiratu ditzake besteak beste Faustino Aizkorberen "Esfera hautsia", Errektoretzako eremua apaintzen duena; "Partitura berezia diedroak batzeko", Jorge Oteizak Sáez de Oizaren omenez egina; eta "Azpilkuetako Martin doktorea", Nestor Basterretxearena.

Sáenz de Oizak Iruñean bere sormen-indarraren arrastoa utzi du, XXI. mendeko unibertsitatea, guztiontzat erabilgarria eta inondik inora topikorik ez duena diseinatu baitu. Milioi laurden metro karratu baino gehixeagoko azaleran, lana, ikasketa eta unibertsitate komunitateko kideen arteko harremana errazten dituen eraikin sistema eratu du.