Concept

Hilkortasuna

Heriotzak oinarrizko gertakari demografikoak dira. Heriotzak gertakari unibertsalak -pertsona oro hiltzen da- eta ez berriztagarriak dira -pertsona behin baino ez da hiltzen-. Erregistro Zibilean oinarritutako Heriotzen Estatistikak heriotzak eta horien arrazoiak eguneratzen ditu. Eustatek horrela definitzen du heriotza:

Heriotza.- "Bizirik jaio baten jaiotza ondoko edozein unetan bizi-zeinu oro behin-betiko desagertzea da."

Hilkortasunaren azterketak populazioak heriotzarekiko duen harremana ikertzen du, hau da, adin eta sexuaren araberako banaketa, bizi-itxaropena, haurren heriotza-tasa, heriotza-arrazoiak, hilkortasun bereizgarria eta guzti hauen bilakaera.

Hilkortasuna islatzeko adierazle anitz erabiltzen dira. Beste gertakizun demografikoak neurtzean bezala, zeharkako zein belaunaldiko adierazleak eraiki daitezke. Hauexek ditugu zabalduenak:

Heriotza-tasa.- Denbora tarte jakin batetan, heriotzen kopuruak hori gertatzen den biztanlerian zenbatekoa den islatzen du heriotza-tasak, hau da, mila biztanleko zenbat heriotz gertatu diren. Populazioaren adin-egitura kontuan hartzen ez duen uneko adierazle demografikoa dugu.

Haurren heriotza-tasa.- Denbora tarte jakin batetan, mila jaiotzeko urtebete baino gazteagoak direnen artean zenbat heriotz gertatu diren islatzen du.

Bizitzako lehenengo urtean hiltzeko aukerak hurrengo urteetan baino aski handiagoak dira eta, beraz, adierazle hau populazioaren osasun egoera eta garanpenaren isla kontzideratzen da. Izan ere, 2001. urtean Angolan mila jaiotako 200 ume hil zen eta Euskal Herrian, aldiz, ez zen 5era heldu. Alde batetik, herrialdeetako osasun egoerak eragin zuzena du haurren heriotza-tasan, bestetik, tasa hauek jeistean bizi-itxaropena nabarmenki luzatzen da.

Bizi-itxaropena.- Jaiotzako bizi-itxaropenak pertsona hipotetiko bat biziko litzatekeen batez besteko urte-kopurua adierazten du, baldin eta bizitzan zehar une horretako populazioak hiltzeko dituen probabilitateak izango balitu. Bizi-itxaropena heriotza-taula erabiliz kalkulatzen da eta une horretarako taulak deskribatzen duen hilkortasuna aplikatzen zaio pertsona hipotetiko horri. Jaiotzako bizi-itxaropena erabiliena bada ere, edozein adin zehatzeko bizi-itxaropena kalkula daiteke.

Billari eta Dalla Zuannaren arabera (2010), mundu moderno eta industriaurreko munduaren artean dagoen alderik nagusia hilkortasunarekiko harremana dugu, harreman horren bitartez bi munduen arteko ezberdintasun gehienak azaltzen baitira. Demografian, mundu zaharretik mundu modernorako trantsizioa deskribatzen duten teoria ezberdinak ditugu. Kronologikoki azalduko ditugu ondoren:

Orokorki, heriotza eta jaiotza-tasa altuetan oinarritutako oreka erlatibotik, antzinako erregemin demografikotik, bizi-tasa baxuetan funtsatutako egoera orekatsura, erregimen demografiko modernora, igaro dira mendebaldeko populazioak. Bilakera hau trantsizio demografikoa izendatutako modeloaren bitartez azaldu izan du zenbait demografok. Diziplinan erabilia bezain kritikatua izan den teoria da.

Trantsizio demografikoaren mugak gainditu nahian, Omranek trantsizio epidemiologikoaren modeloa plazaratu zuen 1971an. Modelo honetan hilkortasunaren azterketa eta bilakaera dugu osagai nagusia eta, mendebaldeko herrietan izandako aldaketak zein munduan dauden ezberdintasunak jaso ditzan, behin eta berriz birmoldatu dute azken urteetan.

Laburbilduz, trantsizio epidemiologikoak erikor-hilkortasun ereduetan izandako aldaketak eta hauen determinatzaile eta ondorio demografiko, sozioekonomiko eta biologikoak aztertzen ditu. Gaixotasun infekziosoekin lotutako hilkortasun eredutik gaixotasun kronikoen eredura gertatutako bilakaera deskribatzen du: bizitza-itxaropen laburrak eta umeetan konzentratutako hilkortasunean oinarritutako patroitik, adindunekoen artean kontzentratutako hilkortasuna eta gaixotasun kronikoen hedapena ezaugarritzat dituen patroirako jauzia, alegia.

Trantsizio sanitarioaren teoriak, bestalde, populazioen osasun egoeraren bilakaera ulertzeko esparrua izan nahi du, erikortasun-hilkortasun ereduen eboluzioaren deskribapen hutsa gaindituz. Lernerrek (1973) plazaratutako kontzeptua dugu hau eta osasun baldintzetan gertartzen diren aldaketez aritzeaz gain, hauei aurre egiteko sortzen diren erantzun kultural, sozial eta politikoak aztertzen ditu.

Edozein kasutan, hilkortasunaren jaitsierak ez du egutegi eta intentsitate berdina izan azpipopulazioen artean eta, XX. mendean zehar, hilkortasunarekiko ezberdintasun sozialak apaldu ez ezik, aregotu egin dira. Horrela, Blanesen arabera (2007), genero biziraupen-diferentzialak hazi eta arrazoi sozial zein ekonomikoetan oinarritutako heriotz-bereizgarriak mantendu dira.

Euskal Herriari dagokionez, XX. mendearen bukaeran jaiotako emakumeen bizi-itxaropena 85 urtekoa baino altuagoa da eta gizonezkoena 78,5 urte ingurukoa. Generoen arteko bizi-itxaropen diferentziala ia 7 urtetakoa da.

Heriotz-bereizgarri sozialei dagokienez, egindako zenbait ikerketen arabera, EAEn ezberdintasunak handiak dira. Maila sozioekonomikoak aztertuz gero, talde apalenen eta aberatsenen arteko aldea %11a (gizonak) eta %26a (emakumeak) da. Hau da, talderik behartsuenean kokatutako gizon-emakumeen hilkortasuna talderik aberatsenean kokatutakoena baino nabermenki altuagoa da (Esnaola et al., 2006). Pertsonen ezaugarriak kontutan hartuta, ikasketa maila eta lan egoera hilkortasunarekin zuzenki lotuta daude (Osasun sailak, 2005).

  • ARREGI, B.; LARRAÑAGA, I eta MARTÍN, U. "Demografia". EAEko Txosten Sozioekonomikoa 2006. Vitoria-Gasteiz: EUSTAT, 2006.
  • BILLARI, Francesco C. eta DALLA ZUANNA, Gianpiero. ¿Declive o revolcuión demográfica? Reflexiones a partir del caso italiano. Madrid: CIS, 2010.
  • BLANES, Amand. La mortalidad en la España del siglo xx. Análisis demográfico y territorial. () Ana Cabrék zuzendutako eta UABko Geografia Sailan aurkeztutako tesia, 2007. http://sociales.cchs.csic.es/jperez/PDFs/Blanes2007.pdf
  • EE.DD. "Euskal Herriko demografia eta ugalkortasuna". Lan koadernoa, 2. Donostia: Gaindegia, 2007. (http://www.gaindegia.org/files/LanKoadernoa02.pdf)
  • ESNAOLA S. ALDASORO E. RUIZ R. AUDICANA C. PÉREZ eta CALVO M. "Desigualdades socioeconómicas en la mortalidad en la Comunidad Autónoma del País Vasco". Gaceta Sanitaria, 20 (1), 2006, 16-24 orr.
  • LERNER, M. Modernization and health: a model of the health transition. American Public Health Associationen. Trabajo presentado en la reunión anual. San Francisco (California), 1973.
  • LUXÁN, Marta. "Evolución demográfica y movimientos migratorios". Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos. 6 tomo. Bilbo: Lur Argitaletxea, 2004, 3-28 orr.
  • OMRAN, A.R. "Epidemiologic Transition. Theory". International Encyclopedia of Population. Nueva York: Frec Press, 1982, 172-183 orr.
  • OSASUN SAILAK. Desigualdades sociales en la mortalidad: Mortalidad y posición socioeconómica en la CAPV, 1996-2001. Vitoria-Gasteiz: Servicio central de publicaciones del Gobierno Vasco, 2005.
  • PÉREZ DÍAZ, Julio. Apuntes de demografía. Blog [en línea]. [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011]. Disponible en Web: http://apuntesdedemografia.wordpress.com
  • Centre d'Estudis Demogràfics [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Euskal Herriko datuen Talaia [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Eustat [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Institut national de la statistique et des études économiques [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Instituto de estadística de Navarra [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Instituto Nacional de Estadística [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].