Cultural Groups

Udaberri Dantzari Taldea

Udaberri Dantzari Taldea bi apaiz sakramentino gaztek sortu zuten 1957an, Tolosan, Xalbador Garmendiak eta Felix Galdonak, hain zuzen ere. Helburua Tolosan garai hartan baztertuta zegoen euskal giroa bultzatzea zen. 10 urteko mutikoek osatzen zuten lehenbiziko harrobi hura eta lehen irakasleak Juanjo Mendizabal eta Joxe Ramon Yarza izan ziren, urte batzuk lehenagoko Tolosako ARITZ dantza taldeko dantzari ohiak. Lehenbiziko emanaldia Sakramentinoetan egin zuten, "Padre Provincial"-en aurrean; bertako gela batean egiten zituzten entsaioak. Hilabete batzuk geroago egin zuten lehenbiziko irteera: Ormaiztegira joan ziren, "Congreso Eucarístico"a zela eta. ARITZekoek utzi ondoren, Donostiako GOIZALDI taldearengana jo zuten apaiz hauek irakasle berrien bila. Handik, Alfonso Gandiaga eta Iñaki Gordejuela etorri ziren eta beraien eskutik zenbait emanaldi eskaini zuten Donostian, nahiz eta gehienak Tolosan eta inguruan izan. Bitartean, Xalbador Garmendiak 1961ean erbesteratu behar izan zuenean (Galdonak lehenago utzi zuen), txistulariek hartu zuten taldeko ardura (Juan Inaxio Elosegi eta Ramon Urruzola). Geroago, OINKARI taldeko Elkanok hartu zuen irakaskuntzaren ardura, beste lokal batera aldatu ziren entsaioak eta irteera gehiago egin zituzten. Aipatzekoa da garai hartan Dantza berrien txapela lortu zutela Ion Oñatibiaren Donibane dantzarekin. Garai berean, herriz herri ibili ziren sortzaile beraren Euskal Show izeneko ikuskizunarekin. Urte hauetan guztietan dantzari, musikari eta laguntzaile mordo bat inguratu zen taldera. Bereziki aipatu behar da 1963an neska talde baten sarrera. Hauek "Corazonistak" elizan ari ziren Jose Ramon Artetaren gidaritzapean eta UDABERRIn sartu eta gero bera izan zen taldeko zuzendaria. Taldearen belaunaldi honek 1969ra arte iraun zuen.

60ko hamarkadan, beste neska - mutiko batzuk hasi ziren taldean dantzan. Beraiekin "txikien" taldea sortu zen eta 1966an izan zuten lehenbiziko emanaldia Izaskunen (geroago aktuazio mordo bat eman zuten). Hasiera baino ez zen izan; ondorengo urteetan, emanaldi ugari egin baitzuten Euskal Herrian zehar. Joxe Ramon Garikanok zuzentzen zuen taldea. "Txikien" talde honek 1970ean eman zien erreleboa nagusiei. Urte hartan, 25 aktuazio izan ziren. 1971n Aurreskua eta Bordon dantza egin zituzten Tolosako festetan, bai eta jaialdi arrakastatsuak burutu ere. Bertan, ikasi berriak ziren Nafarroako zenbait dantza eskaini zituzten, baita Zumarragako Ezpata dantza eta Laguardiako dantzak ere. Bereziki aipagarria da Bedaioko ingurutxoaren berreskurapena, eta horrekin batera, bertako Juan Antonio Sarasola txistulariari omenaldia. Garai hartan, dantza berri asko ikasi ziren: Arizkungo Sagar Dantza, Lizarrako Larrain dantza,Torralba del Rioko Balsa... 1973an, berriz, Berastegiko Dantzak berreskuratu ziren, bertako Faustino Jakari omenaldia eginez. Urte hartan, Garikanok taldea utzi zuen eta, geroztik, ardura hori beti taldeko dantzari batek hartu du. "Txikiak" ere hezitzen joan ziren, esate baterako, Oñatiko dantzak ikasten, eta musikari (eta soinu tresna berriak: dultzaina, txirula, txalaparta...) berriak ere sartu ziren. 1974an taldea Holandara atera zen, kanpora egindako lehen bidai garrantzitsua. 1976an oraindik egin zuten Sanjuanetako Aurreskua eta Bordon dantza, baina 77 eta 78an taldea ia desagertu zen (ikastaro batzuk soilik eman ziren) eta Sanjuanetako dantzak orduantxe sortutako HARKAITZ taldeak egin zituen.

Talde horretako batzuekin hasi zen, hain zuzen ere, taldearen birsortzea 1979an: Tolosako Bordon dantza gainbehera zihoala ikusi, eta berreskuratzeko asmoz abiatutako ikerketa oinarri. Hemen hasten da hirugarren "belaunaldia", gehienbat neska mutil berriekin osatua. Ikerketa eta dantzetan sakontzea da belaunaldi honen ikurra; horren adibide: Berastegiko dantzak, Neskatxen esku dantza, eta abar. Otsagikoak eta Lapurdiko dantzak ere ikasten dira.

"Txikien" taldea ere sortzen da 1981ean eta hori izango da gerorako harrobia. Ikastaroak antolatzen dira, ume eta helduentzat, oso arrakastatsuak, hasieratik (90eko hamarkadan, 200dik gora ikasle eta 15 bat irakasle izaten ziren ikasturte bakoitzean). Emanaldi ugari egiten dira hurrengo urteetan, eta kanporako bidaiak ere bai: Bretainia, Alemania, Hungaria, Irlanda, Austria, Okzitania, Normandia, Katalunia, Italia... Gorizian, hain zuzen ere, taldeak UNESCOren saria jasotzen du tradizioak zaintzen izandako arretarengatik. Urtean bidai bat, gutxienez, egin da Euskal Herritik kanpora, 1980tik gaur eguneraino. Musika aldetik ere taldea aberastu egiten da: txistua soka orkestra txikiaz laguntzea ez da arraroa, adibidez, edo bestelako soinu tresnaz osatutako fanfareak erabiltzea dantzetarako... edo, zergatik ez, musikarien kontzertu bereziak emateko (Lugon, adibidez, abeslari eta guzti) edo kolaborazioak (antzezlanak: Pantzart, Ubu Rey...).

Urte hauetan, bereziki 90eko hamarkadan, ikuskizun bereziak prestatzen dira, dantza "tradizionalaz" osatuak, baina musika, antzerki, soinu eta argi efektuekin, eta, orokorrean, elementu apaingarri bereziekin sortuak: Xirlikan eta Iruditan, esate baterako. Asmoa ikusle berriarengana hurbiltzea zen, gaurkotutako sistemaz. Honekin batera, herriko beste taldeekin (musika banda, txistulariak, abesbatzak, antzerki taldea eta dantza garaikideko taldea) egindako lankidetzak Sanjuanetako ikuskizun bereziak ekarri zituen urte batzuetan. Baita parte hartze puntualak ere beste ikuskizunetan (Baserria edo Leidor operak, adibidez).

Ikerkuntzak eta dantzen azterketek lan batzuk argitaratzea ekarri dute XX. mendearen bukaeran: Bordon dantza, Berastegiko dantzak eta Neskatxen esku dantzari buruzko lanak atera dira Dantzariak aldizkarian. Disko pare batean ere grabatu dira horien musikak, bestalde. Aldizkaritxo bat ere sortu da, "Arin arin" izenekoa, taldeko berriak eta folkontuak taldeko partaideen eta ingurukoen artean zabaltzeko. Horiez gain, 25. eta 50. urtemugak ospatzeko liburuxka batzuk ere ateratzen dira.

Azpimarratzekoa da Tolosako Iñauterietan izandako parte hartzea: batzuetan, Euskal Herriko ihauteri konpartsak ateraz (Altsasu, Lantz, Erriberri, Lizarra, Tutera, Unanua...) edo bestelakoak. Horretaz gain, iñauterietako Zaldunita bezperan (larunbata) ikastaroetako umeak ateratzen dira.

Eragiteko formula berrien bila urtero antolatzen dira erromeriak. Eskenatokitik kanpoko ekimen hauen helburua dantza zaletasuna daukan jende guztia hurbiltzea da.

Urte hauetan guztietan, 3. 4. eta 5. "belaunaldiak" txandakatzen joan dira eten nabarmenik gabe. 6. belaunaldia ere horrela sortzen da: 2010 inguruan hasten dela esan daiteke. Belaunaldi honek aurre egiten dio dantza taldeen munduan dagoen krisialdi latzari: dantzari eta aktuazioen falta dira arazo larrienak. Horretarako, kanporako bidaiak egiten dituzte, Bordon dantza duin mantendu, dantza berriak ikasi, ekimenak sortu... Baita aurretik hasitako web orrialdea hobetu edo bideo bat argitaratu ere: Egun batez 25 - bordondantzaria naiz.