Tale

Ormazabal Berasategi, Joxean

Zegama, 1948- 2010.

Joxan Ormazabal Zegaman jaio zen eta hamabi urte zituela Saturrarango seminariora joan zen eta handik Donostiakora. Argia aldizkarian 2009ko irailaren 27an eginiko elkarrizketa batean hauxe zioen bere haurtzaroaz:

"Umetan irakurritako ipuinik ez dut akorduan. Egia da etxean amak ipuinak kontatzen zizkidala, Peru eta Mariren pertsonaiekin gogoratzen naiz. Baina ez nintzen liburu artean hazi".

Seminarioa utzi zuen, "gure garaian, sartu bezala, trumilka ateratzen ginen seminariotik. Irten, munduan esperientziak izan... Eta gero ia inor ez ginen berriro bueltatu", eta ondoren Irakasle Ikasketak egin zituen eta 23 urte zituela Zarauzko ikastolan hasi zen lanean. Garai hartan Salbatore Mitxelena ikastolan Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Juan Martin Elexpuru eta beste batzuekin aritu zen lanean eta Saioka metodoaren liburuak egiten. Ikasleen beharrei erantzun bat eman nahian eta taldeko lanak bultzatuta haurrentzako lehen ipuinak idazten hasi zen.

"Zarauzko ikastolan mundu bat deskubritu nuen. Konturatu nintzen haurrei ikaragarri gustatzen zitzaiela ipuinak entzutea. Liluratuta gelditzen zirela edozein istoriorekin. Eta orduan hasi nintzen probak egiten. Ipuin asko idazten nituen hurrengo egunean gelan irakurtzeko, erreproduzitu eta banatzeko...".

Imanol Urbietarekin ere hainbat kantu ezagunen letrak idatzi zituen garai hartan, hala nola Astoa ikusi nuen, Azokan, Tximeleta mendian, eta abar. 28 urterekin Tolosako ikastolara joan zen eta han beste bost urtez irakasle aritu ondoren Elkar argitaletxera pasatu zen 1980ko hamarkada hasieran haur eta gazte literaturaz arduratzeko.

1981etik 2009an jubilatu arte bera izan da haur eta gazte literaturan euskal editorerik garrantzitsuena; testuak orrazten lagundu idazleei, itzuli beharreko testuak erabaki (eta ehun bat liburu itzuli), kanpoko beste editore batzuekin elkarlanean ibili,... asko izan dira Joxan Ormazabalek eginiko editore lanak, eta hiru hamarkada horietan euskal haur eta gazte literaturak izandako garapenean zeresan handia izan du. Horretaz gain, Ormazabal idazle ere izan da.

Bere lehen ipuina Kaskarintxo (1982, Elkar) dugu, Mariasun Landarekin batera egin; eta urtebete beranduago berak sorturiko Margolin ipuin sinple baina era berean irakurketa anitza eskaintzen duen istorioa Manu Lopez eta Xabier Etxanizek aitortu bezala: "Margolin tximeleta bati buruzko istorioa izanik, askatasunaz, horren balioaz eta edertasunaz idatzitako ipuina dugu". Istorio horrekin ekin zion ipuin eta poesia sortzaile gisa kate luze bati, 30 liburutik gora argitaratu baitzituen Ormazabalek (denak Elkar argitaletxean azken uneko albumen bat kenduta). Bere prosan umorea eta fantasia dira nagusi, baina bi elementu horietan oinarritua era, tematika eta estilo askotako lanak plazaratu zituen Ormazabalek: pobrezia eta bazterketa (Kittano, 1995), zahartzaroa (Amona bizikletan, 2000; Aitona parapentean, 2004;...), adiskidetasuna (Gorritxo eta Beltxiko, 2000), ekologia (Txoria zenenaren adar gainean, 1999)... eta horien ondoan gure tradizioko istorioak gaur egunera ekarri ditu. Horixe egin zuen arrakasta handiz Pernando Amezketarra (1994) liburuarekin, Peru gezurtia (1986) moldaketarekin edo Lazkao Txiki (1995) bertsolari ezagunaren pasadizoekin; Joxe Migel Barandiaranek jasotako herri ipuin batzuk ere moldatu zituen "Mari" sailean; eta esaera zahar, igarkizun eta txiste liburuak ere argitaratu zituen: Esaera zaharrak (1990), Igarkizunak (1990), Txisteak (1990), Esaera zaharrak eta txiste berriak (1994).

Prosan, beraz, sorkuntza oparoa eskaini zigun, aurretik aipaturiko liburuez gain honako hauek ere Joxan Ormazabalek idatziak ditugu: Patxibusa (1985), Auto, asto, tren (1986), Honela bizi naiz (1986), Kiriko eta bere sendia (1989), Maripertxenta (1993), Azenario erraldoia (1998), Haizemari (1998), Nola ibili munduan, ohetik jaiki gabe (1998), Olentzeroren oparia (1998), Saturna (1999), Bi indar txiki inauterietan (2000), Ehunzango kaskarina (2000), Gorritxo eta Beltxiko (2000), Helikopteroa ikastolan (2000), Koxmeren gezurrak (2000), Irri eta barre (2001), Josebiñe (2001), Kotti (2001), Antonio Bolas (2002), Amaren titi-xorroak (2006), Hitz eta jolas (2009) eta, hil baino egun batzuk lehenago aurkeztu zuen Ehun ipuin hitz gutxitan (2010). Azken liburu horren inguruan honako komentario hau egin zuen Xabier Etxanizek Gara egunkarian:

"Joxanek pieza txikiz osaturiko menua eskaini digu, denetatik proba dezagun; bainuontziko ura nola hustu azkarren, nolakoa den loteria tokatzea, ikasle azkarrak nola erabil dezakeen burua lanik ez egiteko edo ipuin herrikoien aldaera dirudien "Oilarra eta eguzkia" kontakizun labur eta originala.

Esku artean dugun liburua oso arin irakurtzen da, nahiz eta zenbaitetan irakurritakoak gogoetarako -baita irribarrerako ere- tartea eskatu. Testu laburrak dira, orri erdi edo orri batekoak ia guztiak, eta alde horretatik tematika, estilo, narrazio mota, tonu... ezberdinek arestian aipaturiko pikatzen joateko sentsazioa uzten digute; pintxoak hartzen joango bagina bazkari orduan."

2011ko azaroan, Mitxel Muruak eta Joxan Ormazabalek idatzitako Haizelami ipuina argitaratu zen, Elena Odriozolaren irudi ederrekin.

Errealitatea eta fantasiaren arteko harremana prosan ageri den bezala, presente dugu 2008an Iraia Okina ilustratzailearekin batera argitaratutako album batean: Zirkua amets (Pamiela). Lan honek amona eta iloba bikote baten arteko bidaia kontatzen digu, ametsak eta errealitatea nahasiz.

Joxan Ormazabalen obran, alta, poesiak pisu handia izan du eta horren lekuko ditugu haren poema eta hitz jolasez beteriko liburuak. 1994an Hitzak jostailu argitaratu zuen, herri literaturaren eragin nabarmena duten poesiak ageri direlarik; ondoren, berriz, genero ezberdinak nahasiz plazaraturiko zenbait lan ditugu: Zipriztin (1996), Txoko txiki txukuna (1998) edo Bihotza zubi (2001) ipuinak eta poemak sartuz. 2002an, berriz, alfabetoa oinarri hartuta beste poema liburu bat plazaratu zuen: Hiztegi jolastia. Ormazabalek literatura, poesia, jolasteko, dibertitzeko, entretenitzeko tresnatzat hartzen baitzuen. 2007an, aldiz, Ilunorduak eta argilaurdenak argitaratu zuen. Manu Lopezen hitzetan "lehengo baliabide berak jokoan, poetaren heldutasuna nabaritzen da liburu honetan, eta gaiei tonu sakonago batean heltzeko beharra". Hona hemen horren adibide bat:

Ez duzu behar
ezpatarik
zeure burua defendatzeko
irribarre bat aski baituzu
erasotzailea
armagabetzeko. (37. or.)

baina tonu sakonagoa heriotza bezalako gaiekin ere aurki dezakegu gazte eta helduen literatura bitartean koka genezakeen obra honetan; Espainiako sari nazionalean finalista izan zen poema liburu honetan. Eta beranduago ere argitaratu zuen Ehun ipuin hitz gutxitan (2010) liburuan ageri den bezala, hemen ere heriotza presente dago:

Heriotza ikusi dut<
neure aurretik,
atzetik korrika.

"Geldi hor!
Ez, ez, horri ez!" esan diot.

"Baietz, ba, baietz",
erantzun dit.

Azkar harrapatu zaitu
mamu beltzak atzetik.

Ez dakusat geroztik
nire aurrean inor.

Atzetik datorkit Herio. (61. or.)

2009an erretiroa hartu ondoren Argia aldizkarian eginiko elkarrizketa batean zahartzaroaz eta heriotzaz galdetu zioten Ormazabali:

"Zahartu egin nahi dut gazte sentitzeko. Beldurrak beti daude: osasun aldetik, familia, umorea galtzea, sufrimendua. Neure zahartzaroak, bestela, ez nau gehiegi kezkatzen. Nik, orain nagoen mahai honetan, onartuta daukat, oso ondo onartuta, hemendik alde egin behar dela, bere garaia ezkero erretiratu egin behar dela".

2010eko maiatzaren 2an Joxan Ormazabal joan zen, idazlea gurekin geratu delarik.

  • ALBERDI, U. "Gaur egungo umeen fantasia-leku naturala ez da ipuina", Argia 2199. 2009
  • ETXANIZ ERLE, X. "Lagunekin pintxoak hartzen", Behinola 21, 55, 2010.
  • ETXANIZ, X. eta LOPEZ GASENI, M. XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2011.
  • ORMAZABAL, J. Ehun ipuin hitz gutxitan. Donostia: Elkar, 2010.