Architecture

Antzokiak. Arkitektura

Jatorrian antzokia espazio erlijiosoa zen eta Grezian du bere sorrera. Berez, lehen antzezlanak Dionisoren gurtzarekin lotu behar ditugu, haren omenez burutzen ziren kantu koralekin, dantza estatikoekin eta maskara-prozesioekin lotura zuzena baitzuten. Antzezlanen agertokia Dionisoren santutegia izaten zen. Atenasen kasuan, berau Akropoliaren hego-ekialdeko maldan zegoen. Hori dela eta, Greziako antzokiaren forma antzezlanak burutzearekin batera eratu zen.

Lehen antzoki horiek hiru elementuz osatuta zeuden: orkestra, eszena eta kabea. Agertokitzat orkestra erabiltzen zen, hau da, Dionisoren tenpluaren aurrean dantza erritualak egiten ziren lekua. Eszenak zurezko egitura arin batez osatuta zegoen eta orkestra eta atzeko alde irekia bereizten zituen. Azken gune hori, aktoreek eszenan agertzeko behar zuten tokia zen. Hasieran batean eszena antzezlan bakoitzean berritzen bazen ere, gero zurezko egitura iraunkorra jarri zen haren lekuan, eta azkenik, K.a. IV. mendearen bukaera aldera, harrizko eszenak nagusitu ziren. Azkenik, publikoarentzat uzten zen lekuak kabea izena zuen eta orkestraren inguruan zegoen. Egitura horrek hasieran poligono baten itxura bazuen ere -trapezioa, nagusiki-, gero harrizko hainbat mailatan eratu zuten. Ahal zen neurrian, kabeako tribunak mendien maldan kokatzen saiatzen ziren. Horrela, mendiaren magalean sakonune bat eginez, errazago egituratzen ziren esertzeko maila-eraztunak, behetik gora alegia; horri esker, eserleku guztietatik berdin ikusten zen ikuskizuna, eta akustika bikaina lortzen zen.

Azkenean, elementu guzti horiek bateratuz eta horien geometrizazioa bilatuz greziarrek antzokiaren forma ideala aurkitzea lortu zuten. Horren eredu argiena Epidauroko antzokia izan zen; K.a. III. mendean eraikia, antzoki hori ospetsua egin zen bere bete-beteko perfekzioagatik. Greziako antzokien inguruko alor honekin amaitzeko, nabarmentzekoa da tenpluak gauzatzeko orduan ageri zuten jarrera guztiz bestelakoa zela. Horiek burutzean naturaren aurrean erabateko autonomia bazuten ere, antzokiak bideratzerakoan greziarrak forma geometriko hutsa eta paisaia naturala bat egiten saiatzen ziren.

Aitzin Aroan tipologia horren bigarren fasea Erroman gertatu zen. Grezian ez bezala, ordea, Erroman ez zuen erlijioarekin inolako loturarik izan, antzezlanaren helburu bakarra jendea entretenitzea baitzen. Erromatarren lehenengo antzokiak zurezkoak ziren eta behin-behienekoak. Berez, harrizko lehenengo eraikinak ez ditugu K.a. I. mendea heldu arte aurkituko. Oro har, antzoki erromatarrak antzoki greziarraren elementu garrantzitsu guztiak hartu bazituen ere, alde nabarmenena naturarekiko jarreran ikus genezakeen, antzoki erromatarra erabat isolatuta baitzegoen, eraikin bereizia balitz bezala. Horren ondorioz, eredu greziarraren elementu nagusiei, hau da, ikusleentzako espazioa -kabea-, koroarentzako utzitako espazioa -orkestra- eta eszena, oinarrizko ordenazio geometriko berria eman zitzaien. Horrela, beste egokitzapenen artean, kabeak hemiziklo zentrokide moduan, doi-doi inguratzen du orkestra, eta hau zirkuluerdi batera murrizten da. Azkenik, espazioari eta eraikinari dagokionez, tradizio erromatarra argi eta garbi nagusitzen da eta horrela, hormaz eta arkuez egindako hainbat pisutako eraztun altu batez inguratzen du kabea.

Inperio erromatarraren amaierarekin eta kristautasunaren hedapen garrantzitsuarekin, Erdi Aroan itzali egin bazen ere antzinako antzoki klasikoaren tradizioa, Errenazimendu garaian berriro berritu egin zen eta ia mila urte igaro ostean, antzoki erromatarra izan zen Europako antzokien arkitektura berriaren abiapuntua. Horrela, testu klasikoen hedapenak ere antzokiaren indarberritzea ekarri zuen XV. mendearen azken herenean. Antzezlanak jauregietako aretoetan eta patioetako arkupeetan burutzen ziren heinean, antzerki forma berriak sortu ziren. Berez, XVI. mendearen amaieran hasi ziren antzerkiari egokitutako eraikin iraunkor berriak egiten, plazetan inprobisatutako agertokiak ordezkatuz alegia. Andrea Palladio arkitekto italiarra izango da eredu hori finkatzen duena, XVI. mendearen amaieran eraikitako Vicenza-ko Antzoki Olinpikoaren bitartez. Erromatarren antzoki irekia eta handiaren elementuak erabiliz, eta horien printzipioak aintzat hartuz, bertan burutu zuen eraikin itxi berria eredugarria bilakatu zen garaiko beste antzokiak bideratzerako orduan.

Barroko garaian, XVII. mendean alegia, jauregietako loggiak izeneko elementuak aretoetara egokitzerakoan, antzokietan palkoak sortu ziren. Horietan, elkarren jarraian ezarritako hainbat patio ilara hurrenez hurren jartzen dira eta eseraulkiak hartzen dituen patio nagusia beheko aldean hiru aldetatik inguratzen dute, laugarrenean agertokia dagoelarik. Palkoak dituen antzokiak oso hedapen handia izan zuen, ezin hobeto egokitzen baitzitzaion Barroko garaiko gizarte gortesauari. Gizarte horrek antzokira eginiko bisita gorteko festen luzapentzat hartzen zuen. Horregatik ere, antzoki asko dantza egiteko eta maskaradak eta beste zenbait gizarte jaialdi ospatzeko erabiltzen ziren.

XVIII. mendetik aurrera, joera nagusia zera zen: antzokiak publiko zabalagoari begira eratzea eta berauek funtzio bakarra betetzea. Ikusleen artean ere, palkoak zituen eredu berriak gero eta harrera hobea erdietsi zuen. Horrela, patioaren zati batean eserlekuak ere jartzen ziren. Formari dagokionean, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera neoklasizismoaren formek barrokoaren estetika eta apainduren aldeko gustua pixkanaka ordezkatu zituzten.

XVIII. mendearen amaieran nahasi egin ziren palkoak zeuzkaten antzoki barrokoak eta anfiteatrotan eratutako antzoki berriak. Bien artean palkoak hainbat mailatan eratutako antzokia sortu zen. Eredu berri honetan beheko mailak pixka bat inklinatuta egoten ziren. Bertan platea eta patioak gauzatzen ziren eta zirkuluaren edota elipsearen forma izaten zuten, adibidez, hiru zirkulu-laurdeneko, ferra baten edo kanpai baten forma. Horren gainetik beste zenbait maila egoten ziren -bitik bostera-, sakonera gutxi edo gehiagorekin gauzatuak, eta altuera erdian palkoz hornituta. Goialdean, amaiera gisa, galeria zegoen. Espazioaren antolamenduaren inguruan, Europako herrialde batzuetan -Italian, adibidez- bigarren mailako guneak ia estimatzen ez ziren bitartean, arkitekto frantsesek, esaterako, jauregi handietako multzo nagusiak bezalaxe tratatzen zituzten askotan, barruko zein kanpoko konfigurazioan. Atondo ikusgarriak eta eskailera-kaxa txundigarriak eraiki zituzten eta horien eredu bikainak Parisen edo Vienan aurkitu ditzakegu.

Kanpoaldetik ikusita, eraikinari so eginez gero, antzoki gehienek bloke errektangular itxi baten itxura zeukaten. Fatxadako sarrera nagusian, kolomaz eta arkuez osatutako arkupea zuten. Formari dagokionean, eklektizismoak neoklasizismo garaiko hizkuntza klasiko soila ordezkatu zuen. Ereduen arabera, forma oparoak errenazimendua eta barroko garaiko elementu anitzak eta desberdinak bateratzen zituzten. Espainiako testuinguruan, garai horretan antzokien tipologiaren garapenaren inguruan hitz egiteko orduan ezinbestekoa da Benito Bails aipatzea. XVIII. mendea bukatu baino lehen, metodo matematikoen bitartez zehaztuta zeukan Espainian antzokiek nolakoak izan behar zuten, antzezlanak modu egokian ikusi eta entzun ahal izateko. Hainbat erabaki hartu zituen, esterako: elipsea zen forma ideala, gehieneko distantziak neurtu zituen, ikus-angelu egokienak finkatu zituen eta akustikari begira material onena zura omen zen, azkenean hainbeste sute erraztu bazituen ere.

XX. mendean arkitektoen proiektu eta esperimentuak ugaritu egin ziren heinean, antzokiaren tipologian ere agertoki espazialak eta antzoki zentralak azaldu ziren. Eredu horretan ikusleak eta antzezleak leku berean biltzen ziren, guztiak lankide gisa hartuz. Ekintza eremu bakarra sortzea da helburua. Eredu horren adibide garrantzitsuena zera litzateke, Walter Gropius-ek 1926an diseinatu zuen Erabateko Antzokia izeneko proiektua. Hala ere, azken hamarkadetan burututako eraikin gehienetan -Sidneyko Operan adibidez, Jorn Utzon arkitekto daniarraren eraikin liluragarrian- oraindik ere agertoki sakona, palkoak eta ilarak zeuzkaten antzokiak nagusi izan dira, gorteko antzokiaren ondorengoak alegia. Aro garaikideak material berrien erabilera eta forma soilagoak ekarri baditu ere, tipologiaren ezaugarri nagusiak ez dira asko aldatu.

Euskal Herrian antzerkia eta antzokien inguruan lehen berriak Aro Modernoan aurki ditzakegu. Dakigunez, garai horretan antzezlanak eskaintzeko eraikin berezirik ez ziren gauzatu. Gehienetan hiri eta herrietako plaza nagusietan antolatzen ziren ikuskizun horiek, eta horren ondorioz, ikusleak inguruko eraikinetako balkoietan biltzen ziren. Gehienez jota, zurezko egiturak prestatzen ziren ikusle gehiago gerturatuko zirela antzematen zenean.

Baina XVIII. mendearen amaieran egoera hori aldatzen hasiko da. Hasiera batean Ilustrazioaren eskutik, eta gero Liberalismoaren printzipioen eraginez, antzerkigintzak arrakasta handia ezagutuko du. Gizarte berriak, batez ere burgesiak, antzezlan gehiago eskatuko ditu eta horren ondorioz antzokiak eraikiko dira. Joera hori XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran areagotu egingo da. Berez, Euskal Herriko antzoki gehienak eta garrantzitsuenak garai honetakoak dira.

Antzoki gehienak Euskal Herriko hiri garrantzitsuenetan eraikiko dira -Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea- eta lehenengoak, XIX. mendearen hasieran burutuko dira neoklasizismoa estiloaren eraginpean. Eraikin horien diseinuan parte hartuko duten arkitektoen artean Alexo de Miranda, Agustin de Humaran, Jose de Nagusia, Pedro Manuel Ugartemendia eta Silvestre Perez nabarmendu behar ditugu. Azken hori izango da 1817an Euskal Herrian antzokien inguruko eredua finkatuko duena Gasteizen eginiko Principal Antzokia proiektuaren bitartez. Oinplanoak ferra itxura dauka, perimetroa errektangularra da. Berez, fatxada leuna da baina joniar zutabeak dauzka eta basamenduaren gainean, altuera bikoitza duen apaingarririk gabeko gunea ageri da. Kanpoaldean barruan zer gertatzen den adierazten duen fatxada litzateke.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, antzokien eraikuntzari dagokionean, bigarren bolada bat gertatuko da eta eklektizismoaren eraginpean gure inguruko antzoki ikusgarrienak burutuko dira, adibidez, Bilboko Campos Eliseos eta Arriaga antzokiak, edota Donostiako Victoria Eugenia antzokia. Eraikin horietan forma eta funtzioaren alorrean berrikuntzarik finkatzen ez bada ere, estetika aldetik aipatutako burgesiaren nahiak bertan islatuko dira gehiegizko apainketaren bitartez.

  • CENICACELAYA, Javier; SALOÑA, Iñigo. Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Bilbo: Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Turismo Saila, 1990.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbo: Ibaizabal, 2004.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 1: Gai orokorrak. Mesopotamiatik Bizantziora. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2005.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 2: Erromanikotik Gaur egunera. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.